H2000E.- Zenbat urte egin zenituen kartzela barruan, zein urtetan, eta non?
J.E.Z.- 1983. urtean atxilotu ninduten eta 2001eko udan askatu. Beraz, 18 urte egin dut preso eta tarte horretan Espainiako geografia penitentziario osoa ezagutzeko parada izan dut, Melilla eta Kanariar irlak barne.

H2000E.-Nola, non eta zergatik hasi zinen idazten?

J.E.Z.- Betidanik idatzi izan dut, eskola eta institutu garaitik. Gero, espetxeko urteetan euskara hobetzea zela, edo denbora gehiago bagenuela -eternitate oso bat aurretik- hasi nintzen serioago idazten. Kazetaritza ere ikasi nuen eta hortik hasi zen kontua.

H2000E.-Zerk bultzatu zintuen idaztera: bakardadeak, idazteko gogoak, zure esperientzia kontatu beharrak, betiko zaletasunak, zerbait bereziagok…?
J.E.Z.- Sentimenduak adierazteko batzutan, eta bestetan kartzelako errealitatearen berri emateko, batez ere kalera begira, izan ziren idazten hastearen arrazoietako batzuk.

H2000E.-Zer gai erabili dituzu gaitzat eta zergatik?

J.E.Z.- Borroka, kartzela eta maitasuna, horiek izan dira jorratu ditudan gaiak, bizitza ere halakoa suertatu zait eta.

H2000E.-Behin kartzelatik kanpora, segitzen duzu idazten? Zergatik, kaleak ez al du inspirazio-iturririk?
J.E.Z.- Bai, idazten segitzen dut, baina gauza laburrak. Artikuluak batez ere, eta lehengo gaien inguruan. Kalea espetxe handi bat da eta oraindik oso bizia dut zauri hori zeren eta, poeta batek esan zuen moduan, “preso egon denaren gogoa kartzelara itzultzen da beti.”

H2000E.-Poesia edo prosa, zergatik?
J.E.Z.- Prosa poetikoa, jitea edo izaera halakoa dut eta.

H2000E.-Zer argitaratu duzu?, zein argitaletxetan?, idatzitako guztia argitaratu al duzu?
J.E.Z.- Askatu ostean, eta Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren eskutik, “Kartzelako lanak “ izeneko liburua plazaratu nuen, bertan kartzelaldi luze baten emaitza txukunenak azaltzen direlarik, berdin poemak, bertsoak, zein egunerokoak, e.a.

H2000E.-Zure iritziz, oro har, ezagutzen duzun neurrian, zergatik idazten dute euskal preso politikoek?
J.E.Z.- Bizirik daudela esateko, sentimenduak dituztela adierazteko, eta irmotasun eta dignitate osoarekin bizirik jarraituko dutela erakusteko.

H2000E.-Euskarak ba al du zerikusirik preso baten idazteko prozesuan? Zurean?
J.E.Z.- Bai, nire kasuan holako zerbait gertatu da, eta hori izan da lagun askoren kasua. Dena dela nik zera esango nuke, nork bere barrenean baduela literaturarako joera bat, zerbait esateko desio eta beharra. Zelan eta zergatik loratzen den hori bakoitzaren arabera doa, eta euskararekiko konpromisoak ere badu horretan zerikusirik, zalantzarik ez.

H2000E.-Zer nolako ekarpena da Ataramiñe preso idazleentzat?
J.E.Z.- Ataramiñe presoen erabilpenerako tribuna bat da, erakusleiho bat, oraindik bere hastapenetan dagoen proiektu bat. Eta galderaz harago joanda, oraindik baloratzeko dago zer eman eta emango dioten presoek, Ataramiñe medio, euskal kulturari. Gure asmoa Ataramiñe gehiago ez egitea litzateke baina, zoritxarrez, oraindik euskal literaturaren makina bat orri kartzeletan idatziko da.
(Herria 2000 Eliza aldizkaria, 198. alea)