Urko Labeaga euskal preso politikoak “Eskularruak erostera” haurrentzako ipuina euskaratu du. Jatorrizko ipuina japonieraz dago eta Kitzune azerikumeak bere lehenbiziko neguaren gordinean bizitzen dituen abenturak kontatzen dizkigu. Liburua argitaratzeke dago baina, bitartean, Hondarribiko Amnistiaren Aldeko Mugimenduak ehunka ale txukun kaleratu ditu koloretan eta liburu formatuarekin.

Liburuan jatorrizko japonierazko karaktereak mantendu eta euskarazko itzulpenaren ondoan aurkezten dira. Izan ere, “Eskularruak erostera” ipuina jatorrizko hizkuntzatik itzuli baitu Urkok. Japoniera, espetxean ikasi du, bere kabuz. Espetxeratu zutenean arkitektura ikasi nahi zuen arren, espainiar administrazioak euskal presoei ikasteko jartzen dizkien trabak medio, ezinezkoa izan zitzaion ikasketa horiek egitea. Traba guzti horiei aurre egin eta, hala ere, hizkuntzak ikasteari ekin zion Urkok. Espetxeratu baino lehenagotik euskaraz eta gaztelaniaz bazekien, eta ingelesez eta alemanez apur bat ere bai. Azken bi hizkuntza hauetan sakondu eta italiera, frantsesa eta japoniera ikasten hasi zen bere kabuz.

“Eskularruak erostera” liburua itzultzen bi urte inguru eman ditu. Espetxeko baldintzak idazteko zein itzultzeko onenak ez izaki, diziplina eta esfortzu handia eskatu dio Labeagari ipuin hau euskaratzeak. Emaitzak, ordea, merezi izan du eta hurrengo liburua itzultzean pentsatzen ari da jadanik Algortako presoa.