CLAUDE GUEUX. VICTOR HUGO (Zorion Zamakolaren Itzulpena)

Ataramiñeren eskutik, Victor Hugoren Claude Gueux liburuaren itzulpena dakarkigu. Claude Gueux kondenatua protagonistatzat harturik, eta Clairvaux-ko espetxe frantziarrean kokaturik, bere garaiko sistema sozial, judizial eta penalaren kritika zorrotza luzatzen digu Victor Hugok liburu honetan. Idazle erromantikoak, hemen ere, baztertuen eta maila sozial baxuenen defentsa sutsua egiten digu, bizitza osoa zehar egin zuen legez. Frantzian artean indarrean zegoen heriotza zigorraren aurkako manifestu bilakaturik, Claude Gueux-en gaurkotasuna adierazgarria bezain izugarria da. XIX. mendearen hasieran Claude Gueux-ek ezagututako Clairvaux-ko espetxe zentraletik, bi menderen buruan, gaur egun segurtasun bereziko kartzela bihurturik, Zorion Zamakolak, Victor Hugok deskribatutako korridore berak zapalduz, ziega berberen hezetasuna pairatzen duen bitartean, Claude Gueux zaharraren oihartzuna dakarkigu liburu honen bidez.

Angel Zelaietaren hitzaurrea
:

Claude Gueux Beñaten abadian euskaratua
Lehen aldiz (2004an?) Clairvaux-ko (Champagne-Frantzia) gartzelara Zorion Zamakolagana joan ginenean, bertora hurbildu ahala, Forges de Saint Bernard, Ancienne Abbaye de Saint Bernard, Fraternité Saint Bernard… bezalako deiak irakurtzen genituen. Serore-etxean ostatu hartzean, bai galdetu ere ea zein zen Saint Bernard hori. Hauek Abayye de Clairvaux et ses granges Cisterciennes erakustean, Virginie Bianchi, “Directeur adjoint du centre pénitentiaire de Clairvaux” andereak idatziriko “D´une cellule à l´autre: naissance de la prison de Clairvaux” honek adierazi zidan Clairvaux gaztelaniaz Claraval dela (euskaraz Haraneder?), Frantziako Iraultzak, abadia zahar honez jabetu eta, gartzela bihurtu zuela, Victor Hugoren Claude Gueux (1834) izenburuko narrazioa gehien bat berton gertatzen dela…
Virginie honen lantxoaren buruan, ezezagun zitzaidan Claude Gueux honetako esaldi hauxe dakar: “Clairvaux, abbaye dont on a fait un bastille, cellulle don a fait un cabanon, autel don a fait un pilori”. (Zorionen itzulpena: “Clairvaux, gotorleku bihurtu dugun abadia, leotz bihurtu dugun gela, urkamendi bihurtu dugun aldarea”).
Eskuratu Hugoren testua eta Zorioni helarazi nahi izan nion diskete bidez. Gartzelakoek, baina, errekisatu egin zioten Victor Hugo frantses “loria nazionalaren” sormen literarioa! Bialdu paperezkoa, Zorionek atoan euskaraz jarri eta orain Ataramiñek argitaratzen dizu: atsegin izango zaizu!