Jexuxmari Zalakain, “Kartzelako kronikak XI”

2015, 27 urtarrila

Jexuxmari Zalakain euskal preso politikoak Espetxeko Kronikak argitaratzen ohi ditu Herria 2000 Eliza aldizkarian espetxeratu zutenetik hona. XI. kronika hau 252. zenbakian argitaratu zuen. Argazkia: Wikipedia

→ Kartzelako kronikak (XI)
Jexuxmari Zalakain Garaikoetxea
Euskal preso politikoa. Dueñas
Herria 2000 Eliza 252. zk. 2014

Irakurle hori, agur t’erdi

Askotan galdetzen didate adiskideek noiz aterako naizen, zulo hau behingoz utzita. Bada, zehazki ez dakit. Zortzi urteko kondena ipini zidan Auzitegi Gorenak, Angela Murillo buru zuen Epaimahiari bat kenduta, eta aritmetikaren arabera 2015eko azaroan atera beharko nuke (26an uste dut), baina, antza, pixka bat lehenago izango da. Izan ere, dirudienez, espetxera sartu aurretik A.N.k jarri zizkigun neurri kautelarrak kontuan hartzen ari omen dira. Gure kasuan astero sinatzea izan zen neurria. Eta adierazi zaigunez hamar sinadura bakoitzeko kartzela-egun bana kenduko digute. Zenbat kenduko didaten ez dakit zehazki. Dakidana da (ia) zortzi urte joan zirela EGIN itxi zutenetik epaiketa hasi zenera arte. Beraz, litekeena da 2015eko urrian kalean egotea. Besterik ezin dut esan. Idatzi diet abokatuei nire egoera aztertzen hasteko. Hortik aurrera, itxaron. Nolanahi ere den, hurrengo kronika azkena izango da.

Nonbait ez naiz oso preso txukuna izan. Sei hilabetean behin egiten diguten azterketaren (!) arabera ez naiz kartzelako bizitzara egokitu eta, beraz, nire kalifikazioa da “deficiente adaptación penitenciaria“. Lehen begiratura, gogora dirudi kalifikazioa. Barruko araudia ezagutzen ez duen edonork esango luke portaera bihurria daukadala kideekin, kartzelazainekin eta araudiarekin oro har. Ez zaude, bada, horretarako adinean, esango didate; ez da, irakurle? Beharbada ez zaizu arrazoirik faltako. Aurreko kronikan “zigortuta” nengoela idatzi nizun. Beharbada harrituko zinen. Behin baino gehiagotan idatzi dut desobedientziaz; praktikatu ere bai, zertxobait.

Galdetzera sartu nai Hezitzailearen bulegora, paperen bat eman behar zidala eta haren deia aprobetxatuz.

• Mesedez, andrea, zer esan nahi du “deficiente adaptación penitenciaria“?
• ?
• Ez da zure kontrako ezer, baina kuriositatea daukat, kalifikazioa gogor samarra iruditu baitzait.
• Ez dakit, testuingurua ikusi beharko litzateke.
• Zerorrek jakin beharko zenuke. Zuk ekarri didazu papera. Zure egitekoa da.
• Begiratuko dut testuingurua … Halere aurreratuko dizut guk ezin dugula zure merituak baloratu.
• Bada, ez baloratu. “Deficiente adaptación” ipini didazue. Hori balorazio borobila eta negatiboa da.
• Kontua da zuk ez daukazula punturik gure taulan.
• Zein taulan?
• Araudizko taulan. Kartzelak eskaintzen dizun ezertan ez duzu parte hartzen (garbiketan, taillerretan, ikasketa-programetan), beraz ezin zaitugu baloratu.
• Ados, baina orduan ez baloratu. Edozein moduz ni ez nago ezer egin gabe. Horri buruzko informerik baduzue.
• Ze informe?
• Moduluko funtzionarioek egunero osatzen dute txosena nire mugimenduekin. Ondotxo dakite non nagoen, zer ikasten dudan, zenbat ordu egiten ditudan eskolan, norekin nabilen, eserita nagoen ala patioari itzuliak kentzen…
• Horri buruz nik ez dakit ezer.
• Zu zara hezitzailea, eta emaitzak ekartzen dizkidazu.
• Begiratuko dut testuingurua.

Elkarrizketa dirudien baino lasaiagoa izan zen, patxadatsua. Ez nuen “parteri” jaso atrebentziagatik. Hurrengo egunean eman zidan azalpena. Nonbait kezkatuta joan zen andrea.

• Zure txostenean dio zure parteak kitatu gabe daudela (parte bat bete ondoren 6 hilabete joaten dira haren efektuak kitatzeko), abendura arte.
• Mila esker zure arduragatik, andrea.

Edozein moduz beharbada nire izen onerako itsusiegia zateke ipintzea: “muy buena adaptación penitenciaria“. Utikan.

Zaballarako ezgai

Dakizuenez, Zaballara lekualdatuak izateko gogoa adierazi dugu EPPKko kideok. Eta (orain bai) legezko araudia betez egin dugu eskaria, kartzela bakoitzeko Tratamedu Batzordean. Azken egunotan (azaroan idazten ari naiz) iritsi zait erantzuna:

“Valorada la carta presentada de petición de traslado se informa desfavorable por cumplir dondena por delitos relacionados con organización terrorista no disuelta y de la qaue no consta que Ud. se haya desvinculado ni haya dado muestras en ese sentido”.

Bingo! Demagun egia dela hor esandakoa. Kartzelako araudian ez dago inon baldintza hori lekualdaketak eskatzeko (ez eta emateko). Sakabanaketak ez ditu Europako estandarrak betetzen, eta eskubidea daukat / daukagu etxetik hurbilago egoteko, edozein izanda nire / gure delitua. Irakurle zorrotz hori: testuinguruari erreparatu eta garbi edukiko duzu erantzuna. Epaitegietara joteko erabakia hartu dugu, Estrasburgoraino iristeko prest. Bide luzea inondik ere. Baina bidea. Ari gara eskaria osatzen.

Ezustean, beste zerbait iritsi zait, nik eskatu ez dudana: “HITZ-EMAN, legezko bidea” deritzon Jaurlaritzako proposamena. Azpititulu gisara dio: “Presoak birgizarteratzeko legezko prozesuak laguntzeko programa“. Abisatzen du zirriborroa dela, eta dokumentua proposamen -eta kontsulta- fasean dagoela. Autorea: Bake eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusia. 2014ko irailean sinatuta dator. Euskaraz eta gaztelaniaz. Txukun editatuta.

Ni ez noa dokumentua aztertzera. Irakurri ditut bizpahiru artikulu, alde eta kontra. Baina, zer nahi duzu, lotsa sentitu dut mamira jota. Benetan uste al dute Jonan Fernandezek eta enparauek birgizarteratzeko premia dudala/dugula? Zer da birgizarteratzea? E.H.ko gizartera itzultzea? Fisikoki 2015ean itzuliko naiz, eta arlo sozio-psikologikoari dagokionez, ez naiz sekula urrundu. Nire ueskal gizarteko balore asko eta asko konpartitzen ditut, eta beste asko ez. Horiek aldatzen saiatzen naiz, ahalik eta zintzoen. Ni ez naiz inor beste inoren borondatea epaitzeko, baina zer konfiantza izan dezaketa kartzelaldi osoan niregana hurbildu ez den norbait(zu)engan?; presoon egoera ezkutuan aztertzen dabilen erakunde batengan? “Konponketa moralak”, “iragana kritikoki berrikustea”, “hausnarketa autokritikoak”, “prozesu etikoak”, etab. hitz potolegiak dira era horretara lantzeko. Prozesu kolektiboak ezin dira maila pertsonalean ebatzi. Hain zaila al da hau ulertzea? Zaila izango da, zaila izango denez! Barkamena eskatzea bada helburua, batek baino gehiagok eskatu beharko lidake niri ere…

Eguneroko zertzeladak

Kartzelan ezin da egonkortasunarekin amestu: gutxien uste duzunean, aldaketa. Ederki asko geunden Lander, Oier eta hirurok 11. jmoduluan. Uda bukatu baino lehen bukatu zen gure poza. Landerrekin utzi naute Oier 7. modulura bidaliz. Han Asier topatu du eta, udazkenean sartuta, hirugarren kdiea heldu zaie: Joanmari Mariezkurrena, Hernaniarra, baserritarra. Marturtenetik ekarridute bere kondena betetzera, etxetik “hurbilago”, 60 urteko artzain bati dagokionez. Guk biok ziega berberetan jarraitzen dugu aspaldiko partez, ea noiz arte.

Moduluko bizitza asko aldatu da, txarrera. Lasai geunden, 70 bat lagun eskaz, 140 sartzen diren espazio batean: zarata gutxiago, jende legala(goa), etab. Bat-batean, egoliarron zenbakia apenas aldatu gabe, jendea aldatu dute: batzuk eraman, beste batzuk ekarri. Egonkorrenak atera, txoriburuenak sartu. Ostera zarata, liskarrak, portaera eskasak, trapitxeo konpultsiboa, begirada okerrak. Gure aurrekoek erakutsitako bideari jarraikiz, ederto eusten diogu egoerari, justuak izaten saiatuz -laguntza behar duenari eman, eta aurpegi gogorra dutenei, stop-, baina nabermen hondatu da giroa udaz geroztik… berriro aldatu arte, noski, hemen etengabea baita giza trafikoa, batetik bestera.

Niri neuri dagokidanez ederra egin didate, aspaldiko laguna kendu baitidate: Abu Bakr, albaniar musulman petoa. Zehazki zer gertatu zaion ez dakit. Kristuei ez bezala, Jehovaren lekukoei ez bezala, musulmanei ez diete elkarrekin otoitz egiten zuzten, ez patioan, ez bereberegi egokitutako lokal batean. Hori ilegala izateaz gain, iraingarria da erlijioa zintzo bete nahi duenarentzat. Bildotsaren Egunean (Abrahamek bere seme Isaak sakrifikatu nahi zuen eguna gogoratuz) elkarrekin otoitz egin zuten patioan, egun handia ospatzeko. Eta arazoak etorri zitzaizkien. Aurpegia eman zuten biak atera zituzten modulutik: Abu Bakr eta Ahmed Sahararra. Auskalo zer gertatu zen zehazki, ezkutuan atera baitzituzten handik pare bat egunera, siesta orduko isiltausna baliatuz. Ohitura hartzen ari zen nire adiskidea edozeini esateko: Allahren lege gizonenaren aurretik dago. eta… batek daki! Hilabete bat isolamenduan eduki ondore, haren portaera zelatatuz Bonxera (Lugo) eraman edute. Idatzi xume batean gaztigatu dit berria, bere puskak batu eta “kundan” joateko prestatzen ari zela.

Detailerik ez dit eman ni jabetu nadin nolakoa izan den isolamenduko bizitza. Aldiz, Muhammad profetaren hitz batzuk sartu dizkit:

“Zintzotasunak egiaranta eramango zaitu, eta egiak Paradisura. Hartara, Allah-k zintzotzat hartuko zaitu. Gezurrak, ordea, okerrera eramango zaitu, eta okerrak Infernura. Allh Goi-goikoak gezurtitzat hartuko zaitu”

Ez dakit “egiatia” ala “gezurtia” esan didan, nik baitakit okerren nagoela uste duela, musulmana ez naizelako…

Kontua da ingelesa ikasteko kiderik gabe utzi nautela, nire ikasketa-prozesua geldotuz. Lehen irakaslerik gabe ari bainintzen, orain bakar-bakarrik.

Faltan hartuko dut Abu Bakr laguna. Landerrek eta biok faltan hartuko dugu hark egiten zizkigun arroz gozoak, Kosovako erara. Nolako arroz-janak gureak, taperra goraino eta bero jaisten zigunean! Zoriona laster bukatzen omen da, eta hara, horixe gertatu. Lau urte egin ditut harekin, modulu berean. Eztabaida luzeak izan ditugu, erlijioari buruz gehieneak. Egia esan, eztabaidak ez zuen gehiagorako ematen. Agortuta zegoen, ez gai faltagatik, baizik ezinezkoa suertatzen delako bizitza, unibertso osoa, erlijiozko dogma bakar baten argitan epaitzea, erlijioa bera liburu bakarreko testu literalean oinarritzen denean; zientziak, historiak, ideologiek, gizakien erabaki libreek, psikologiak… lekurik ez daukatenean; gaixotasunak, psikiko sakonak barne, Korana irakurriz sendatzen omen direnean, herriak eta beren askatasuna Allhren ustezko esanetara makurtu behar direnean, erlijiozko komunitate unibertsala amets. Instintiboki, eztabaida utzi eta launtasuna gordetzea hobetsi dugu. Zer erremedio!

Halere asko ikasi dut harreman horretatik, besteak beste, bizitzak arauak oro gainditzen dituela, ez dela haietan kabitzen; nola izan daitekeen pertsona inteligente batek berea besterik ez ikustea, besteona akats hutsa dela sinisteraino. Prozesu horiek beste garaian barru-barrutik bizi izanak asko lagundu dit adiskidearen pentsakera ulertzeko. Eta pena sakona senitut dut, haren koherentzia pertsonala miretsiz edozein moduz. Allahk lagundi diezaiola, beraz. Dakizen hizkuntzatan esan dit Agur.

→ Kartzelako kronikak (X)
Jexuxmari Zalakain Garaikoetxea Euskal preso politikoa. Dueñas
Herria 2000 Eliza 249. zk. 2014

→ Kartzelako kronikak (IX)
Jexuxmari Zalakain Garaikoetxea. Euskal preso politikoa. Dueñas
Herria 2000 Eliza 246. zk. 2013

→ Kartzelako kronikak (VIII)
Jexuxmari Zalakain Garaikoetxea. Euskal preso politikoa. Dueñas
Herria 2000 Eliza 244. zk. 2013

→ Kartzelako kronikak (VII)
Jexuxmari Zalakain Garaikoetxea. Euskal preso politikoa. Dueñas
Herria 2000 Eliza 240. zk. 2012

→ Kartzelako kronikak (VI)
Jexuxmari Zalakain Garaikoetxea. Euskal preso politikoa. Dueñas
Herria 2000 Eliza 237. zk. 2012

→ Kartzelako kronikak (V)
Jexuxmari Zalakain Garaikoetxea. Euskal preso politikoa. Dueñas
Herria 2000 Eliza 233. zk. 2011

→ Kartzelako kronikak (IV)
Jexuxmari Zalakain Garaikoetxea. Euskal preso politikoa. Dueñas
Herria 2000 Eliza 227. zk. 2010

→ Kartzelako kronikak (III)
Jexuxmari Zalakain Garaikoetxea. Euskal preso politikoa. Dueñas
Herria 2000 Eliza 224. zk. 2010

→ Gutuna
Jexuxmari Zalakain Garaikoetxea. Euskal preso politikoa. Dueñas
Herria 2000 Eliza 219. zk. 2009

→ Kartzelako kronikak (II)
Jexuxmari Zalakain Garaikoetxea. Euskal preso politikoa. Dueñas
Herria 2000 Eliza 218. zk. 2009

→ Kartzelako kronikak
Jexuxmari Zalakain Garaikoetxea. Euskal preso politikoa. Dueñas
Herria 2000 Eliza 215. zk. 2008

Herria 2000 Eliza. Espetxearen inguruko ale bereziak

→ Espetxe suntsitzailea
Herria 2000 Eliza 233. zk. 2011

→ Biktima isilduak
Herria 2000 Eliza 220. zk. 2009

/ literatura koadernoak / ataramiñe / literaturakoadernoak.org /

Share

Iruzkinak