Ataramiñe’16

2016, azaroa 16

Ataramiñe’16
Euskal errepresaliatu politikoen literatura koadernoak
2016
Neurriak: 15 x 21 zm.
178 orrialde.

Azaleko irudia: BARRUTIK aldizkaria

>> PDF formatuan
>> ON LINE irakurtzeko
>> e-book eta beste formatu batzuk

Ataramiñe’16

Aurkibidea

Fernando Alonso Abad Esperaremos a que vuelva
Mikel Antza Sorkuntza minak
Alfontso Etxegarai Atxirika La guerra del 58 eta ZZB…
Ibon Muñoa Arizmendiarrieta Bertsoak
Patxi Uranga Salbide Bertsoak
Aitor Fresnedo Gerrikagoitia Hirugarrentxua
Gorka Lupiañez Mintegi Marrazkiak
Ekhiñe Eizagirre Zubiaurre Olerkiak
Itziar Moreno Martinez Marrazkiak
Aletxu Zobaran Arriola Poemak eta marrazkiak
Mikel Orbegozo Etxarri Marrazkiak
Oier Andueza Antxia Marrazkiak
Joseba Galarraga Arrona Marrazkiak
Barrutik aldizkaria Monografikoa

Hitzaurrea

Espetxeaz, sorkuntzaz eta artefaktu afektiboez…

Zein da sorkuntzaren balioa espetxean? Zer suposatzen du espetxean sortzeak? Zenbat min? Zenbat irri? Nola eragiten dio itxituraren baitan dagoenari? Ataramiñekook sarri asko entzun ditugun galderak, eta erantzun borobilik atontzea zaila da, zinez zorrotza den espetxe errealitateari erreparatzen diogularik. Preso haina espetxe dago, burnizko instituzioak bere baitan harrapatua daukana, oso manera intimoan urratzen duenez.

Zertarako sortu beraz? Sentimendu, emozio, estimuluen eremulaua den ez-lekuak, gorputz otzan eta ideia propiorik gabeko norbanako bilakatu nahi ditu bere baitaratuak. Helburua erdiesteko, instituzioak darabilen estrategiak hamaika ertz ditu, baina bada bat bereziki zorrotza, norbanakoa manera apartekoan urratzen duena: bakardadea.

Bakarlekua, bakarmortua…eta beste hainbat izendapen espetxe instituzioaren erraietan ematen den indibiduazio prozesua adierazteko. Bakardadea sortzeko makina erabatekoa, totala, izan badenez instituzioa. Bakardade fisikoa, agerikoena, baita intelektuala, afektiboa,…Kanpoan dagoenarekiko erlazioa errazten duen zubi/hari bakoitza moztua, filtratua, sistematikoki eraitsia da bertan. Halaz, espetxeratua eta kanpoaren arteko erlazioan, espetxe-instituzioa bitartekari ekidinezina bilakatzen da. Kanpo errealitatea antzemateko interface-a, norekin, noiz, non, zenbat denboraz, zer, zertarako, nora,… Espetxeak antolatua, neurtua, ebaluatua, diagnostikatua dauka presoak, egunerokoa. Diagnostikatua, ezen bakardadea eta honek eragiten dituen aje, ezinegon eta keriak, erantzun terapeutiko baten aurrebaldintza baitira. Bakardadea sortu, beroni aurre egiteko bitarteko terapeutikoak eskaintzeko (ze pildorita nahi duzu? Gorria, urdina, txuria…).

Nola irudikatu izugarrikeria guzti hau? Zeintzuk lirateke bitartekoak? Nola biziraun?

Sorkuntzaren nozioari helduta, akaso, erantzun baten lehen trazuak marraztu ditzakegu. Izan ere, sortzearen ariketak berak plano ezberdin batean, plano berri batean kokatzeko aukera ematen dio sortzaileari berari. Inguratzen duen errealitate zurrunetik jauzi bat eginez, aparteko espazio horretan aukera posibleen zabaltasunean saiatzeko parada.

Paretan zulo bat egitetik, fisikoa, presoa, literalki, kalera aterako duen zirrikitua, irekitzetik. Literalki ere, letra bidezko zubiak eraikitzera eraman gaitzake sorkuntzak espetxean. Den denak, manera abstraktu zein konkretuan bizirauteko estrategiak. Esku artean duzun liburutxo hau, estrategia horien bilduma txiki bat dela esan liteke. Espetxean dirauten lagun zenbaitek, burdin arteko esperientziak suposa lezakeen suntsipen erabatekoari aurre egiteko darabiltzaten taktikak, prosa zein iruditan.

Deserriak ere izan badu espaziorik orriotan, urruntasuna bera distantzia-espetxe bilakatzen den egoera. Cabo Verdetik iritsitako letrak beraz, distantzia laburtuz, burnizko urruntasun hori zerratuz, luma kolpez zerratu ere. Deportazioa, nazio gatazka garaikidearen aurre-historian kokatzen den figurak, gaurdaino dakartza bere kateak arrastaka.

Ataramiñen beraren aurre-historiara ere jo dugu ale honetan, 1989-1993 urteetan, euskal presoek argitaratu BARRUTIK aldizkariaren zenbait idazki berrargitaratuz. Orduko letrak egungo idatziak izan badirenez, denbora, lau pareta artean bilakatzen den bataila guztien ama, gaindituz. “Urteak menpean hartu”, sarri patioetan entzun litekeen adiera kartzelarioa. Denbora meneratu ote daitekeen zalantzaz egiten den baitezpadako baieztapena.

Esku artean beraz, porlanezko paretak, nolabait, birrin ditzakeen bitartekoa. Kolpetik bezainbat laztanetik ere baduen artefaktua. Gure lagun, senide, kideen bizipenez ongi kargatua dagoena. Gure lagun, senide, kideak harrapatuak dituzten hormak lehertzeraino.

Ongi etorri…

Ataramiñe’2016



BARRUTIK aldizkaria
1989-1993

Euskal Preso Politikoen Kolektiboak Barrutik aldizkaria kaleratu zuen 1989-1993. urteen artean. Sakabanaketa garaia zen, sakabanaketa orokorra, sakabanaketa garai gordinena. “Ixilkeria eta isolamendua gainditu nahi ditugu”, zioen aurkezpenak. Eta, hala, salaketak, kartzelako kronikak, hausnarketak, agiriak eta bestelako idatziak zabaldu zituzten bost ale marduletan. Guztiak, batekoak eta bestelakoak, sinadura pertsonalik gabe, kolektiboak izenpetuak.

Haietako testu batzuk ekarri ditugu Ataramiñe ale honetara, oroigarri baino, orduko letra horiek oraingo idatziak ere direlako. Kartzelan idatziak baitira. Kartzelan, non harresien itzalpean denbora gelditu eta zigorra luzatu egiten den. Non bertan idatzitakoa inoiz ez den iragana izango, presoak bertan diren bitartean.

Barrutik aldizkariak PDF formatuan eskuragarri daude Ataramiñeren webgunean: www.literaturakoadernoak.org/?p=2620

Iruzkinak