Ibon Muñoa, “BIDEAN GAUDE, AURRERA GOAZ, JOAN ZIRENEKIN”

2016, uztaila 12

Bidean gaude, aurrera goaz, joan zirenekin
Ibon Muñoa Arizmendiarrieta
Ataramiñe, 2016
Bertsoak
Neurriak: 10,5 x 15 zm.
319 orrialde.

Azaleko irudia:
Mitxel Zarrabe
Hitzaurrea: Jon Etxabe

>> PDF formatuan
>> ON LINE irakurtzeko
>> e-book eta beste formatu batzuk

SOLASEAN
Jon Etxabe

Kaixo Ibon:

Hirugarren bertso-poemen libururako atarikoa idaztea proposatu zidatean. Pozarren. Kirioak berehala hituen abian burmuin-zokoren batean zer eta ze moldez idatziko. Eta hara non hurrengo egunean bertan hire gutun bat. Nire berehalako erabakia: “gutun bat idatziko jetzat”. Eta hemen natorkik.

Gutunean gogoratzen duk 45 urte bete direla Frankismoaren aurkako Burgosko epaiketa burutu genuenetik: 12 urte hituen hik, ez omen huen ulertzen zer gertatzen zen, baina abenduko 3an etxera hindoala manifestazioaren atzealdean joan hintzen etxeko atarira iritzi arte, eta tiroak entzunda, Guardia Zibilaren eta Polizia Nazionalaren mugimendua ikusita, zerbait larria gertatzen zela konturatu hintzen, baita ere diok ate ostetik Radio Paris entzun huela, bertan Marion aldarrikapena eta besteok Eusko Gudariak abesten. Hire militantziaren hastapenak izan zirelakoan nagok. Militanteak ez dituk berez sortzen. Bizitzak jartzen gaitik egoera eta ataka ezberdinen aurrean. Hartzen dugun jarreran zagok gakoa. Lehen pauso hori duk erabakigarria, mugarria, paso eman edo bizitzak botatzen digun enbidoa, sarri hordagoa, jaso, “euki” hori duk funtsezkoa. Beste dena pausoka-pausoka zetorrek, azkarrago edo mantsoago, baina etorri etortzen duk. Hori duk denon historia, hirea eta nirea ere. Enbido edo hordago harez gero ametsaren itzalpean bizi izan haiz, albo-bidetan galdu gabe, azalean tatuatuta daramak ordutik lorpenaren konpromisoa. Eta haukaten mendeku-esparru hori eta bertan emaniko bertso sorta oparoa duk hire jarrera eta norabidearen lekuko. Merezi izan diate hainbeste kartzela, hainbeste sufrimendu, ezinbesteko beldurraren eta etsipenaren hobetan galdutako hainbeste lagun, trukean askatasuna dagoelako, bizipen, sentipen eta helburu hautsezina den askatasuna, oraindik ez datorrelako ez dela dirudiena, baina dena, eta datorrena. Orain arte. Eta orain. Baina bihar? Bihar ere. Hori duk ameslarien itxaropena, borrokalarien segurantza, hire bertsoei darien bizipena.

Iragan udaran herri txiki galdu ezberdinen erakusketa bat ikusi nian: burujabe izandako estatu, nazio, monarkia, errepublika, sultanerri… 30 bat izango hituen, mundu zabal osokoak, beraietako askoren bandera, uniforme, pasaporte, moneta, seilu… Perejil irla ere agertzen huen, izana duk nonbait tarte batez independente edo gutxienez autonomo. Hau dena aipatzen diat bazelako bitxikeria bat: Kanadako neska batek, bere etxeko gela bilakatu zian estatu independente, 12 metro karratukoa luze-zabal, estatu bati zetxezkion osagai eta baldintza guztiekin, 12 pertsona omen zizkian herrikide. Hire liburuki berrirako bertso-poema sorta irakurtzen ari naizela garunetako kiribilen batean zereko zera zerabileat: hik ere heure nazio estatu edo errepublika propioa eraiki duk, ziega hori zaik Nazio Estatu edo Errepublika, hire-hire propioa, metro karratu ezin murritzagokoa, isolamendua dela-eta biztanle bakarrekoa eta bisitaririk jaso ezinezkoa, aldikako inbasoreena ezik. Baina hire Nazio, Estatu edo Errepublika duk. Euskara bertako hizkuntza nazionala. Hire poema eta bertsoak dituk mugarri, bandera, pasaporte, moneta, seilu, uniforme eta ezaugarri. Eta haramaten tokira haramatela, hagoen tokian hagoela, ziega biluzienean ere, biluzten bahaute ere, hire Nazio Estatu Errepublika propioa izanen duk hagoen zokoa. Aldi berean, aske izan nahi duen herri baten zati haizelako. Ezin hautelako ideia, oroitzapen, sentimendu, bizipen eta deliberamendu irmoaz biluztu. Inon ez haiz atzerritar. Ziega berri batera ekarri haute bertsoon urtean, Puertotik Cordobara, eramanen haute ere auskalo nora, baina hi ez haiz horkoa edo hangoa, hor nahiz han bahaute ere, edonora haramatela ere. Burdina goriz zigilatuta daukak herri honen ikurra eta ezin diate ezabatu. Publikatutako 450 bertso eta poemok irakurtzea besterik ez zagok.

Kartzelan gatibu 15 urteak gogoratzen dizkidak. Bertsootan ere hizki kolpez zizelatuta zeudek 15 urteok. Herri aske batez egin huen amets eta orain ametsen atzerrian, gorroto hauten morroi artean haukate, etsaiaren erpekada zaurtzaile mingarriak jasoz, debekuen labirintoan bidea ez galtzeko eginahaletan. Kartzela inguruko bertso sorta luzean, marrazten duk kartzela, sakabanaketa, isolamendua, bakardadea, sentipenak, bizipenak, gogapenak, oroitzapena… Bertso eta poemotan zeudek hire lagunak. Hausnartuak urteko gertakizun nabarmenenak. Gogoan presokide auzoak, askeak, nola ez gaixoak. Horma horien haraindi eta honaindiko pertsona ospetsu, ezagun edo apal eta ia ezezagunen gomuta. Hire barnean ez beste inon gorde ezin haizen zirrikituz betetako atzerria arren kartzela. Luzea duk etsaiaren itzala, argirik ez dagoen ziegan ere. Agian bertan luzeena. Baina ez duk begirik ixten, aldaketa egarriz begiratzen diok gizarte zabalari ziega murritzeko bakardadean: ez haute itsutu, ez haute mututu, ez haute etsipendu… Hire ziegako bidaiak dituk bertso eta poemok. Hormez haraindiko eta hire barrendiko bidaiak. Hire egutegiko egun bakoitzeko laukiak izen bat, oroitzapen bat, salaketa bat, bizinahi bat, esperantza bat zekarrek. Bakardadean, isiltasunean… berrituz berpizten hautenak. Ontza eta saguzarrak azaltzen dituk zenbait bertsotan, baina herrira jauzia egiteko tranpolina besterik ez dituk, inola ere ez gaueko amesgaiztoak. Hemen habil gurekin Urko, Kalamua, Ixua, Arrate… baita Pirinioetako ibilbideetan ere: Irati, Orhi… Gizarte honetako arazo nagusien kronika ere badituk hire bertsook: feminismoa, ebola, etorkina, zergak, gerra eta indarkeria ezberdinak, Nigeriako neska bahituak… Hire altxor preziatuen gordailu oparoa irekitzen diguk.

Hitza, hire bizitza eta arma bilakatuta. Denbora, astia, ematen omen dik kartzelak, baina kuraia duk batez ere kartzelan behar dena. Idazteko ere. Agian batez ere. Heurekin aurrez-aurre jartzen hau kartzelak, izugarrizko erronka duk haizenari erantzun behar hori: hor bai dagoela garaile edo garaituaren alternatiba bakarra. Kartzelak bere erritmo propioak markatzen dizkik, kartzelak bere bizitza propiora behartzen. Presoak berak ere, baina, bere kadentzia bere-berea dik. Zementuzko itsaso baten erdian igeri egitea duk kartzelan idaztea, edo nabigatzea, hitza txalupa eta arraun. Hire bertsoon eta poemon egutegiak ere erritmo propioa dik, ez duk kanpokoon kontaketan oinarritzen. Kartzelak mila baldintza ezberdinez zedarritzen dik bizitza: Puerton hasten duk bertsoon sail bat, 213ko irailaren 13an, eta 14ko otsailaren 23an bukatzen, aldatu hinduen arte. Kordobakoen aldia 2014ko matxoaren 2an hasten duk 2015eko martxoaren 31an bukatzeko. 39 bertso dituk Puertokoak, 102 Kordobakoak, Liburukoak orotara 141. Mendiburu eskultoreak esaten zian: datorrenean tailerrean harrapatu behar duela artista inspirazioak, lanean alajaina, geltokian zain ez dagoenak trena gal tzen duela, alegia. Norbaitek esanen dik ezinezkoa zaiola presoari tailerretik alde egitea. Kartzelan ere norberari eskapo egiteko mila zirrikitu, estakuru eta aitzakia zeudek. Idaztea, artea delarik, edozein dela generoa, lanaren ondorioa duk. Hi beti geltokian hagoela zirudik, langile nekaezin. Horrek garatu dik hire bertsogintzarako sena, ahalmen literarioa. Borondatea behar duk idazteko eta ikasteko. Kartzelan, edonon adina, edo gehiago. Agian defentsa mekanismo bat jarri huen abian idazten hasi hintzanean, baina jada harago joan duk hire idazte-jarduera. Idazle egin hau kartzelak.

Ez nauk hasiko hemen begirada kritikoz hire bertso eta poemak miatzen. Hain duk erlatiboa bakoitzaren iritzia. Bakoitz horren izaera, osagai, baldintzen, eta, nola ez, modaren araberakoa duk gehienetan idazlearena ez ezik, poema eta bertso bakoitzaren xendra, kritikoarena ere. Ez darabilk beste zenbaitzuk adina irudi eta metafora, ez diek ematen filosofoago edo pentsalariago diruditenen gain-hegazkadako goi-begirada. Agian bai. Niretzat bai. “Ni ez naiz hemengoa” izenburutu zian Sarrik kartzelan idatzitako liburu bat. Hi ez haiz horkoa hor bahaute ere, ez haiz hangoa edonora haramatela ere. Hemengoa haiz hi, hire herrikoa, Eibarkoa, Euskal Herrikoa, mundu zabalekoa. Agerikoa duk hori poema eta bertsootan. Pultsua hartzen saiatzen haiz gizarteari. Hire baldintza eta ahalekin. Herri honi atxikita jarraitzen duk, -“hain urruti eta hain hurbil” zioan aspaldiko kantu hark-, zuzen eta hertsiki herriari lotuta, basatzan gabiltzanon pena eta pozak ehoz. Bertso eta poemok irakurriz azken urteko herri honen gorabeherak aurkitzen dizkiagu. Herri honen arazoei buruzko hausnarketa dituk. “Parisen bizi naiz” duk Koldo Izagirreren azken poema liburua, Euskal Herria bada ere bere poemon muina.

Hala dituk hireak ere, Puerton edo Cordoban arren. Agian ez darabilk egitura ponposoegirik edo sinonimoen hiztegian bildutako hitz agian aproposagorik, edo errima bihurriagorik. Zenbaitzuk, aldiz, bere irudi distiratsu, esamolde bikain, hitz eder eta perpausa potoloekin izartegian bezala zebiltzak lurraren biran, espazio-ontzi batean bezala, gainbegiratuaz so eginaz gure lur arrakalatu honi, lurreratu gabe. Herri honen eta herritarron poz, amets, ahalegin, ahal eta ezinez ari haiz. Gizarte honi hertsiki lotutakoak dituk hire bertso eta poemak. Gu bakoitzaren hausnarke- tarako ataka zabaltzen diguk, baikortasunari leihoa. Hori duk garrantzitsua, hire bertsoei darien ekarpen nagusietako bat.

Kanpora atera denak baino barruan dagoenak behar omen dizkik hurbiltasuna, animoak, txera, eskerrona, besarkadak, aurreskuak, lore-eskaintzak, irakurri diat: hik heuk eskaintzen diguk hori dena eta gehiago bertso, poema, eta batez ere hire jarrerarekin, barrutik kanpokooi. Joxe Austin Arrietari irakurri zioat: “Han izanik hemen haiz”, eta “Gugan dirakik, gugan diraukek”. Eskerrak guztiagatik. Hirekiko eskerrona eta aldi berean omenaldia duk hirugarren liburuki hau. Segi ezak idazten, poeten uharan, bertsolarien abaroan, bizirik hagoela esaten diguk, arnasa betean, inola ere ez arnasbeteta, arnas luzekoa baihaiz. Itxaropena eta bizipoza oparitzen dizkiguk. Nire lan mahaiko ertz batetan zagok iazko liburukia, liburuen apalera pasako duk hirugarrena eskuratzen dudan unean. Gogoko diat poesia eta badiat poema liburu sorta xume bat: abizenen ordenak hala aginduta, Miranderen ondoan tokatu zaik egotea.

Nonbaiteko toles-gune batetan zimiko egiten zidaan galdera nian bertsook irakurtzean: eguzki faltarik ez dik izango patioan, baina ikusi ote dik aspaldi ilargi betea? Azken-aurreko bertsoan eman didak erantzuna. Hire gordailua zabaldu diguk, hire altxorrik barneenak erakutsi, denok aberastu gaituk, batez ere hireganatu.

Eutsi goiari, Ibon.



IBON MUÑOAREKIN, “BIDEAN GAUDE, AURRERA GOAZ, JOAN ZIRENEKIN” LIBURUAREN AURKEZPENEAN
MAIATZAREN 18AN AURKEZTUKO DUGU IBON MUÑOAREN “BIDEAN GAUDE, AURRERA GOAZ, JOAN ZIRENEKIN” LIBURUA
AUZOLANEAN MUNTATUKO DUGU IBON MUÑOAREN HIRUGARREN LIBURUA

Ametsen txokoan bizi naiz
Ainarak herrira itzuliko dira

/ literatura koadernoak / ataramiñe / literaturakoadernoak.org /

Iruzkinak