Jexuxmari Zalakain, “Errezel berdeak”

2017, 20 azaroa

Errezel berdeak
Jexuxmari Zalakain Garaikoetxea
Ataramiñe, 2017
219 orrialde.
Azaleko irudia:
Mikel Zarrabe

>> PDF formatuan
>> ON LINE irakurtzeko
>> e-book eta beste formatu batzuk

Kartzelako denbora estuan, ziegan sartuta, Jexuxmari Zalakain leihoaren aurrean jarri eta barroteetatik barrena joan da, leihoko errezel berdeen laukian ageri zaion munduari begira. Une horretan erlojua gelditu da; denboraren baitan murgildu eta bere bizitza ikusi du: baserria, familia, seminarioa, klaretiarren anaidia, irakaskuntza, kazetaritza, kartzela… Orratzak berriro martxan hasi direnean, Errezel berdeak liburuan bildu ditu oroimenak. Kartzelako sekuentzia batzuek tartekatu ditu hala ere, irakurlea ere leihoaren alde horretan jartzeko. Eta amaitzeko, kartzelatik irten eta bi urtera egindako hausnarketa, beti ere bizitzaren jarioa herrian eta konpromisoan kokaturik.

Jexuxmari Zalakain 18/98 auzian epaitu zuten Egin egunkariko administrazio-kontseiluko kide izateagatik. 2007ko azaroaren 30ean espetxeratu zuten 8 urteko espetxe zigorra betetzeko. Espetxealdia, ia osorik, Palentziako Dueñas espetxean egin zuen. 2015eko irailaren 27an irten zen kalera.

Hitzaurrea

Liburu hau ez da biografia bat. Halaxe dirudien arren, datu biografikoak ere badituelarik eta batzuk oso xeheak, ez da zehatz-mehatz biografia bat. Horretarako beste hainbat datutan luzatu beharko nintzatekeen. Eta gainera ez dut uste biografia oso bat idazteko adina meritu dudanik (are gutxiago nik neuk nire buruaz idatzita), ez bainaiz ezertan bereziki nabarmendu Euskal Herriko historia gauza askotan buru-belarri ibili arren.

Liburu hau inmersio bat da, nire bizitzako itsasoan unerik zakarrenean egindako inmersio zintzoaren emaitza. Kartzelan nengoela (2007-2015) zurrunbiloaren begian murgilduta, nire baitarako bidaia askatzailea egiteko premia sentitu nuen erraietan, eta idatziz leundu nituen bidaia horren unerik garratzenak, min zorrotz eta erabakitzailea. Krisia esaten zaio gure kulturan antzeko une bati, eta halaxe da; bere adiera zuzenean krisia erabakitzeko unea baita.

Bizitzako astinaldi batzuen eraginez ahul samar iritsi nintzen Soto del Realera, gau malapartatu batean. Hamabost urteko borroka luzea egin ondoren UPVko atarian pankarta erreibindikatzaile bati eutsiz Irakasle Propioa erdietsi nahirik, geletara itzuli nintzen, baina ordurako Damoklesen ezpata buru gainean ez, bihotzean sartuta neukan zorrotz asko, eta gelatan egon gabe hainbeste denbora pasata, nire aldarteak jokaldi itsusia egin zidan, eta hasi orduko utzi egin behar izan nituen eskolak. Hain urte luze eta zalapartsuetan amestutako itzulera korapilo bihurtu zitzaidan ezustean: nik banekien kondenatuta nengoela, bederatzi urteko kartzelaldia nuela zain, baina eguna heldu bitartean eskolak prestatu beharra neukan, asignatura berri bati ekin behar nion zerotik hasita eta ez nekien garbi zein zen nire zeregina, pare bat hilabeterako zerbait arin prestatu edota, kartzelara joateko eguna noiz iritsi zain egon ordez, eskuartean neukan lanari ekitea. Kontuak kontu, ez nuen eustea asmatu eta psikiatrarenean amaitu nuen. Zainketa amaitu baino lehen geratu ninduten maderoek nire Santutxuko kalean bertan, eta gauez iritsi ginen kartzelaldiaren hasierako bizitoki izango nuen Soto del Realera. Forro polarreko patriketan ondo lo egiten saiatzeko pilulak neramatzan, ordea.

Behin barruan instalatuta, eta bigarren graduan sailkatua, nire kartzelaldi osoko unibertsoa izango zen Palentziako Dueñasera destinatuta, aise lortu nuen arren egoerari buelta ematea, barrura begirako bidaia egitea erabaki nuen, ez dakit denbora hobeto baliatzeko terapia modura, behingoz nire burua hobeto ezagutzeko asmoz, edo bietarako. Bidaia horren emaitza duzu liburu hau.

Pudore handiarekin egindako strip-teasea da, irakurtzeko pazientzia hartzen baduzu konturatuko zarenez. Behar bada liburu hau niretzat gorde beharko nukeen, baina zer arraio, unerik txarrenean krisiak nola gainditzen diren (nik nola gainditu nuen, bederen) azaldu beharra sentitu dut eta, hemen dago atrebentzia ez bada, Txalaparta argitaletxeak argitaratuta.

Bi zatitan ebaki dut liburua. Lehenengoan, Matazaren hari ezkutuen peskizan izenekoan, umetatik hasi eta hogeita lau urte bitartean bizi izandako bizikizunen errepasoa egin dut, gerora korapilo bihurtuta, nola askatu ez nekiela desesperaturik, gertakarien hari-muturrak non demontre ote zeuden bila ibili bainintzen errukirik gabe, ahalik eta argirik zorrotzena proiektatuz bizitzaren zoko-mokoetan. Horrek azaltzen du zergatik den bigarrena baino aise luzeagoa.

Bigarrenean, Zurrunbiloaren begian izenekoan hain juxtu, nire bizitza publikoan nik neuk izandako sentsazio transferiezinak eman ditut; ez ditut Egineko urteak zehatz-mehatz arakatu, ez Euskaldunon Egunkaria sortu aurreko lanaldiak edota Irakaslego Propioaren borrokaldian bizi izandakoak UPV-EHUn. Gauza horiek denak, ia denak, kontatuta daude, eta ez dut ezer errepikatzeko premiarik ikusi, ez eta nire begietatik begiratuta ere; beraz, alor horietan denetan nik neuk, eta nik neuk soilik, pentsatu eta esperimentatutakoa ekarri dut orriotara. Eta hori, ez historiaren hutsuneak betetzen laguntzeko, baizik kartzela-garaian bizi izandako krisia esplikatzeko egoki iritzi diodan neurrian soilik. Badira gainera espresuki kontatu nahi izan ez ditudan gauzak, inori kalterik ez egiteko edota euren bizipenak agerian ez jartzeko, ez baitaukat eskubiderik inorenean baimenik gabe sartzeko.

Barka bezate, beraz, hainbat kontu ilunpean utzi ditudala uste dutenek edo, aukera-aukeran, nahi baino laburrago idatzi dudala irizten diotenek.

Errezel berdeak liburu honek badu beste maila bat, niretzat oso kuttuna eta testu osoa zeharkatzen duena, kartzelako bizipenak hain zuzen. Testu-zati horretan zortzi urtetan nik neuk neuretzako idatzi nuen egutegi bateko zatiak eman ditut, mamitsuenak iruditu zaizkidanak, besteak bazterrean utziz testua gehiegi ez luzatzearren batzuetan, gaiarekin zerikusirik ez dutela iritzita beste batzuetan. Ataraminek argitaratu zidan Kartzelako kronikak deritzan liburuxkan jasota daude gehiago.

Kartzela espektakulu bat da, ikuskizun hitsa, tristea, gordina, literatura gustukoa dugunontzat gai agorrezina. Preso arruntak edo sozialak deritzogunekin harreman zintzoa edukitzen saiatu izan naiz barruko urteetan, gauza asko gordetzen ditut, beraz, nire golkorako. Edozein moduz han ezagututako hainbat lagun, adiskide ez baina oso hurbileko izan ditut, eta ahantzezinak zaizkit. Zoritxarrez euren bizitzak isilean gordeta daude kontzertinez hesitutako harresien barruko aldean, eta han bidegabekeria handiak gertatzen dira testigurik gabe. Niri dagokidanez ere beude oraingoz isilean.

Santutxu, 2017ko udan
Jexuxmari Zalakain

Kartzelan egindako beste lan batzuk ere argitaratu ditu Jexuxmari Zalakainek:
Kartzelako Kronikak (Ataramiñe, 2016)
– Katalanetik euskaratua, Azken Patriarka Najat El Hachmi (Txalaparta, 2016).
– Katalanetik euskaratua, Kale estua, Josep Pla (Igela, 2017). Katalanetik euskaratua.

Share

Iruzkinak