Ataramiñe’14

2015, 29 uztaila

Ataramiñe’14
Euskal errepresaliatu politikoen literatura koadernoak
2014
Neurriak: 15 x 21 zm.
193 orrialde.

Azaleko irudia: Joseba Arregi Erostarbe

>> PDF formatuan
>> ON LINE irakurtzeko
>> e-book eta beste formatu batzuk

Ataramiñe’14an parte hartu dute

Jesus Mari Zalakain Garaikoetxea Hitzaurrea
Ibon Muñoa Arizmendiarrieta Bertsoak
Aitzol Iriondo Yarza Poemak
Patxi Zubikarai Poemak
Mikel Antza Invictus eta Samuel Beckett-en poema bat
Marixol Iparragirre Guenetxea Souvenirs d’enfance
Ernesto Prat Urzainki Errutina eta besteak
Alfontso Etxegarai Atxirika Las victorias que no soñamos
Fernando Alonso Abad Malditos sean tus sueños
Saul Curto Lopez Testuak
Gorka Lupiañez Mintegi Marrazkiak
Itziar Alberdi Uranga Marrazkia
Mikel Orbegozo Etxarri Marrazkiak
Josu Bravo Maestrojuan Arte-lanak
Aletxu Zobaran Arrieta Marrazkia
Itziar Moreno Martinez Marrazkiak
Joseba Galarraga Arrona Marrazkiak
Carabanchelgo motina bertsotan. Joseba Eizagirre Mariskal – Joseba Sarrionandia Uribelarrea. Bertsoak

Arkaitz Bellon Blanco
1978, Elorrio
2003ko urriaren 8an espetxeratua
2014ko otsailaren 5ean espetxeak eraila

Arkaitz, zurekin bizi gara

Saminak uzkurtu gaitu
otsailaren bostean
arratsaldeko bostetan
jo du gure atean,
ametsetan zaude ziegan
zeure nahien urtean,
Elorrio da maitea
ilundu bat batean.

Anboton ta Udalaitzen
zu zaude harkaitzetan,
txapela txukun jantzita
nare goiz-argietan,
Euskal Herrian geroa
ez dago zalantzetan,
gurekin biziko duzu
pizkundea plazetan.

Ibon Muñoa Arizmendiarrieta

Hitzaurrea

Nola esaten zaio ezetz lagun bati laguntza eskatzen dizunean? Nola ukatu zure kolaborazioa bi hamarkada kartzelan egondako kideari? Areago, mesedez, arren, otoi eskatzen dizunean. Egia esan, inolaz ere ez. Soilik arrazoi horrek azaltzen du nire presentzia ATARAMIÑEko orriotan. Eta ohore bat da, oroz gain. Orriotan, hain zuzen. “Orriok” hitzaurrekoak baitira. Beti iruditu zait presoari bere gogoetak, irudimenezko lerroak, fikziorako gaitasuna, pentsakizunak edota barne-isuriak adierazteko plataforma bat eskaintzea. Jon Etxeandia zenak zuzenean azaldu zidanetik oso argi daukat. Asko ez dut jarraitu. Ez dut orain arte sekula parte hartu, dela pudoreagatik, dela badaukadalako beste plataforma iraunkor bat nire kontuak askatasunez plazaratzeko. Herria 2000 Elizan argitaratu ditut aldika nire gogoetak “kartzelako kronikak” delako espazioan. Abusatzea iruditu zait beste espazio bat ere betetzea.

“Hitzaurrea zuk egitea pentsatu dugu” jakinarazi dit adiskideak. Pentsatzen jarrita, hitzaurrea bat zer demontre den aztertu dut. Era askotakoak daude: aldizkari barruan dagoen mamia laburbiltzen dutenak, ideia nagusiren bat jorratzen dutenak, edukia perspektiba orokorrean kokatzen dutenak. Zoritxarrez nik ezin dut holako ezer egin: ez dut ezagutzen zer idatziko den, autoreak zeintzuk diren, gai nagusirik dagoen, fikzioa gailentzen den, poesia, errelato alegorikoak edo beste zerbait. Beraz “nire esku” dagoena egingo dut, nire esperientzia eta eskarmentua eskainiz, gai librean saiatu. Gutxi-asko konpartitua izango den ez jakinik, nire-nirea da, nire baitako errotarriak zazpi urteotan ehotu duena eta nire antena pertsonalek hauteman dutena. Ez naiz inoren izenean ari, beraz. Nire gauzak dira: nire mina eta nire mihia.

18/98 sumarioa burututa hona ekarri nindutenean, Konfuzioren bidetik barne-bidaian murgiltzera nindoala jakinarazi nuen, beste kide presoen bizitza konpartitzen nuen bitartean. Halaxe egin dut. Bidaiaren abiapuntua “barrura begiratzeko leihoak” filmeko testu grabatuan dago. 15 hilabete geratzen zaizkidanean berriro Euskal Herrian lur hartzeko, aukera aproposa izan daiteke hau behin-behineko balantzea egiteko. Ondoko hau:

Kartzelaldia ez da denbora galdua

Esaldi heterodoxoa ematen du. Eta bada, kartzelaldia parentesi gisa hartuz gero. Egitasmo asko desegiten ditu kartzelaldiak, baina ez da parentesia. Bizitzaren joanean batzuoi egokitu zaigun atala baizik, bizitzaren zati bat edonola ere, aurrekoak azaltzen duena eta ondorengoa baldintzatuko duena. Inork ez du kartzelara sartzea eskatu, Koldo Izagirreren Agirre zaharrak izan ezik. Ez da igurikatutako egoera bat, baina zozketa itsuko emaitza ere ez. Maila batean edo bestean Euskal Herriko askapen-prozesuan parte hartu dugunontzat gerta zitekeen aukera zen hemen amaitzea. Horren jakitun bizi izan gara, arriskuak arrisku. Besterik da prozesu justu baten ondorioz gauden hemen…

Sartu orduko konturatu nintzen denbora dela kartzelak debalde eskaintzen duen bakarra, mendean hartu ezin duena. Presoarentzat bere salbabidea ere bada, txaboloaren estutasunak, harresien astunak eta barroteen burdinazko lerroek zein 7norberaren grina txarrek burua jatea nahi ezean. Norberak taxutu behar du denbora ahalen eta zaletasunen arabera: esku lanetan, ikastetetan, idazketan, kirolean, etab. Kartzela lasaia egokitu zait niri. Ez galdetu zergatik. Beteranoei entzunda, ez daukat kexatzerik: ez naute zigor ziegetan isolatuta eduki, ez naute jazarri eta jipoitu, ez dut tira-bira gordinik ezagutu, ez naiz bereziki xaxatua sentitu. Errepideko loterian ez dut seniderik galdu. Txikikeriak nozitu ditut nik.

Nire zaletasunei atxiki natzaie, bizirauteko: irakurri-idatzi binomioari, eta azken boladan aurkitutako zeregin kuttunenari, itzulpengintzari hain juxtu. Ez da meritu handia. Besterik egiten ez dakit! Hala, 3 urtez katalana ikasten jardun ondoren 4 liburu itzuli ditut: Rodoreda-ren “Diamantearen plaza”, Pedrolo-ren “Makina izkribua”, El Hachmi-ren “Azken patriarka” eta Pla-ren “Kale estua”. Ordenagailua erabiltzea debekatuta daukadanez Joserra Etxebarria eta Joseba Azpeitia adiskideei ezker lortu dut nire eskuizkribuak pikatu eta orraztea. Ingelesez hizkuntzan “intermediate, B1+” mailara iritsi naiz zerotik hasita. Gaztelaniaz idazten eta irakurtzen irakatsi diot Extremadurako analfabeto bati… eta sekula baino kirol gehiago egin dut, nire adinean (66) egokiena dena eginez: patioan itzuliak kendu. Hori orain arte. “Hemendik sano atera behar da” errepikatu dut eskutitzetan. Ez dakit bada! Urtebetez geroztik inflamatuta daukat eskuineko aldaka eta txikituta meniskoa. Ordu erdi jarraian ibiltzeko gauza ez naiz; beraz, ederra panorama!

Aurreko guztia egiten nuen bitartean nire nortasunaren eta ibilbidearen zoko-mokoak miatzen ibili naiz, errukirik gabe: deskubritu dudan guztia ez zait gustatu. Gauza batzuk batere ez. Norbaiti interesatzen ba zaio eskuz atonduta daukat nire bizitza osoa hartzen duen “biografia kritikoa”. UPVko pankartaldi luzean (16 urte) nire/gure ahalmenen jabe izan nintzen; kartzelaldiak nire mugak erakutsi dizkit. Zein ona naizen arazo kolektiboetarako eta zein kaxkarra nire-neureak diren gauzak kudeatzeko. Zer gogorra den zure buruari aitortzea: “honekin ezin diat”. Nork esan zuen inoiz ez dela berandu? Bizitzak gordeta zeuzkan faktura batzuk ordaindu behar izan ditut. Nik eskatu gabe argitu den dizdiraz azaldu zaizkit bizitzako pasarte, erabaki, hankasartze, hutsegite eta urratsak. Aurrerantzean nola kudeatuko dudan ez dakit. Gauzak pazientziaz hartzen ikasi dut. Bakardadea izaten ere bai. Baina nire buruaz irri egiten ez. Nolanahi ere den helduago, xumeago, apalago eta orekatuago aterako naiz zulo honetatik.

Zenbat adiskide ditudan dastatzeko atsegina eman dit kartzelaldiak. Lastima lokutorioko kristal madarikatuak lapurtu dizkidan besarkada, muxu eta laztanak. Begi batzuetan malkoak antzeman ditut, beste batzuetan irrigoxoa, izarniadura berezia; bostekoa zabalik leiharrean nirearen bila. Kalaka, berriketa, konpromisoa, haserretxoaren bat edo beste. Zenbat jende solidario! Harreman oso maiztua geneukan familiako kide batzuekiko lotura sendotu da. Noiz erakutsiko diegu zor zaien ohorea presoaren senar, emazte, bikotekide eta maiteñoei? Soilik galdu duzunean sentitzen duzu ausikia. Nola izango da denbora galdua kartzelaldia!

Gauzak ez dira beti amestu bezala amaitzen

Kartzela gogoeta politikorako unea ere bada. Sartu eta gutxira ezker abertzalearen ziaboga edo egokitzapen orokorra suertatu zen. Zerbait banekielakoan, ezustean harrapatu ninduen. Durduzaturik bizi izan dut. Batik bat gauzak zein azkar aldatzen ari ziren (edo zein egosirik zeuden) ezin ulerturik; eta halabeharrez, modu pasiboan. Etxe honetan izandako eztabaida hutsaren hurrengoa izan zen, auskalo zergatik. Gerora, aparteko arazorik gabe sartu gara korronte nagusian. Gogoan daukat nola esan nion une hartan lokutoriora etorritako adiskide min bati: “akabo epika eta lirika”. Eta esan nahi nuen, alegia, hemendik aurrera gure politika egiteko modua hitz lauz egingo dela. Ulertarazi nahi nion hartutako bidea prosazkoa izango dela. Ez nuke okertu nahi baina gure bide honek ez ditu poeten bertsoak zorroztuko, bardoen mihiak askatuko, poema kolektiboak sortuko. Musikariek ez dituzte euren sokak tenkatuko, ez eta ipuinlariek pertsonaia eredugarririk topatuko, gazteen bihotzak ez dira hor sutuko. Prosa xumeak, gauzak azaltzeko; ez literatura magikoa. Intuizio bat izan zen, baina horri atxikita jarraitzen dut. Zergatik? Bada gauzak ez direlako gehienetan guk amestu bezala gertatzen. Bizpahiru aldiz ezagutu dut hau bizitzan: zuk borroka egiten duzu helburu baten xerkan, eta amesten duzu nola izango den amaiera, Xabier Letek abestutako “askatasun-eguna”, eta gero, bide erdian, xedera hobeto iristeko, egiten duzun birajean, konturatzen zara ustez printzipio ziren gauzak tresna huts zirela; eta kasurik onenean amaiera erdietsirik, ohartzen zara eskuartean daukazuna uste baino arruntagoa dela, lore-jokorik gabea, ereinotz-koroarik gabe: hitz lauzkoa. Hala ere, etzazu borroka egin, eta hutsean geratuko da ahalegin guztia.

Badago bestelako euskal herritar sakabanaturik

Orain arteko kartzelaldian 32 kide ezagutu ditut Dueñasen. Dozena batekin konpartitu ditut bizipenak. Orain lau gaude, binaka banatuta. Pena bat badut, gure kolektiboa hain zabala izanik, beste askorekin ezin konpartituagatik. Sakabanaketa da arau, eta aberastasun hori ezagutu gabe aterako naiz, itxura guztien arabera. Arrazoi izango du Juan Mari Olanok dionean: “kartzelakoa da estatuei geratzen zaien giltza bakarrenetarikoa”. Sakabanatuta gaude, eta beste euskal herritar mordoa ere bai. Inozo ni, ez nekien hori gertatzen zenik! Badago aldea: gu sistematikoki sakabanatzen gaituzte; besteak, portaeraren arabera. Euskal gazte asko ezagutzeko parada izan dut; ez oso sakon, egia esan. Batzuk euskaldunak, beste batzuk asilbeestratuak, eta beste asko euskaldun hutsak. Nire auzo Santutxukoak ere bai, batzuk. Badira beste hainbat, jatorriz Magrebekoak, Latinoamerika edo Errumaniakoak, Euskal Herrian kokatu direnak edo bertara joateko asmoa dutenak: “diru gehiago dagoelako”. Ospe ona daukagu euskaldunok patioetan -preso belaunaldien zuzentasunaren seinale-. “Gehiago errespetatzen zaituzte” diote. Poztekoa, daukaten perspektiba. Gehienak lapurretan ibiliak dira, bertokoen antzera drogaren eraginez sarri. Aldatzeko asmorik ez zaie ikusten. Askotan pentsatzen jarri naiz: da al daukagu horiei buruzko politika zehatzik? Nola guretuko ditugu kanpotarrak euren izaera errespetatuz?; aldi berean nola askatuko ditugu -eurak zein bertokoak- xede txukunik gabeko bizimodutik? Musulmanen kasuan ez ditugu ezagutuko euren erligioa aztertu gabe. Adi! Kide dezente ikusi dut gizarte-gaietan trebatzen, animatzaile sozio-kultural, integratzaile, etab. izateko. Soldatarik ez dakit, non saiatu behintzat izango dute.

Legea, zein lege?

2013ko abenduan idatzi zuen EPPK-k azken aldiko agiri funtsezkoena. Ez dut esan beharrik ados nagoela. Baina amorruz hartzen dut hau, legeari buruz esaten diren pasarteei buruz bolo-bolo dabilen interpretazioa: “legea betetzea erabaki dute”. Nahasgarria baita. Legea betetzeko prest omen gaude, eta ez omen gara betetzen ari. Sofisma bat dago hor. Legea aipatu dugu agiri horretan, edozeinek dakielako ze garrantzia daukan legeak gizartean. “Ados gaude aurrera begira legeek eta beren aplikazioek berebiziko papera dutela, eman behar diren urratsak sendotzeko izan behar baitute”. Baina gu lege berriari buruz ari gara, justiziara hurbiltzen den legeaz. Oraingoaz ez, alegia.

“Premiazkoa” da salbuespen neurri eta egoerak bertan behera uztea. Tresneria judizial-juridikoa egoera politikora egokitzea, kartzela politika errotik aldatzea eta sakabanaketari lehentasunez amaiera ematea”. Soilik testuinguru horretan, lege-aldaketa egiten bada: “Horiek horrela, ontzat eman dezakegu gure etxeratze prozesua (…) lege-baliabideak gauzatzea”. Hala ere, sakabanaketari amaiera emateko prozedura legalari jarraituz eskariak egitea erabaki dugu, besteak beste horretarako legea aldatu beharrik ez dagoelako. Baina bi gauza desberdin dira, nahastu beharko ez liratekeenak, egiari zor. Nik biziki eskertuko nuke, gutxienez gure jendea, zehaztasun handiagoz mintzatzea.

Jexuxmari Zalakain Garaikoetxea
Dueñas, 2014ko abuztuan

/ literatura koadernoak / ataramiñe / literaturakoadernoak.org /

Share

Iruzkinak