Ibon Muñoa: “Gure memoria, gure historia”

2019, azaroa 30

Gure memoria, gure historia
Bertsoak.
Ibon Muñoa Arizmendiarrieta
Irudiak: Mikel Zarrabe.
Hitzaurrea: Jokin Urain Larrañaga.
10,5 x 15 cm.
441 orrialde.

Ibon Muñoa Arizmendiarrieta / 1958 / Eibar. 2000ko urrian atxilotu zuten. Harrez gero preso daukate: Valdermoro, Kordoba, Burgos, Langraitz, Puerto I eta, 2014ko martxotik hona, Kordoban.

Gure memoria, gure historia Ibon Muñoaren seigarren liburua dugu. Aurretik argitaratuak ditu: Ametsen txokoan bizi naiz (2011), Ainarak herrira itzuliko dira (2014), Bidean gaude, aurrera goaz, joan zirenekin (2016), Udaberrian biziko gara (2017) eta Hamaika desio utopiarako (2018). Haien ildoari eta orden kronologikoari jarraitzen diete liburu honetako bertsoek ere. Hartara, lehen bertsoak 722. zenbakia darama; azkenak, 862.a. Guztira, 141 bertso berri, 2018ko apirilaren 1etik 2019ko ekainaren 23ra artean Kordobako espetxean idatziak.

HITZAURREA

Espetxean idazten duen presoa, kaiolan kantari ari den txoriarekin parekatu izan du batek baino gehiagok. Arrazonamendu horri jarraituz gero, paretsuago litzateke preso dagoenak idazten duena bertsoa edo poesia denean, bai bata eta bai bestea direlako kantura molda daitezkeenak. Bertsoa kantatuz errezitatzen delako eta asmo horretarako egiten delako. Kantuz egiten den narrazioa da, nolabait esateko. Eta kaiolako txoriak zergatik kantatzen ote duen ez digu berak esango, baina haren balizko interpreteek esango dute txoria tristurak daramala kantura… Eta presoa, zerk eramaten du idaztera, doinu baten neurrirako idatziak egitera?

Batzuek, ez dakit erdi txantxetan edo benetan, esango dute espetxean artista, idazle… bihurtzen direla euskal presoak. Beste batzuek esan dezakete aurretik zirela artista edo idazle eta kartzelan dohain hori garatu baizik ez dutela egin. Korapilo nahasi samarra iruditzen zait eta ez naiz ausartuko hori askatzen hastera. Esperientziaz dakidana da presoak espetxeko hormetatik harago begiratu nahi duela beti, irudimenarekin eta itxaropenarekin; egon nahi ez duen lekuan dago presoa, eta ez dagoen lekuan egon nahi du. Irudimenarekin soilik lor dezake nahi duen lekuan egotea, nahi duen lekuan atsedena bilatzea, bere espiritua sendatzea eta sendotzea.

Espetxean asko idatzi izan da, bertsotan eta prosan. Hau ez da espetxeko literaturaren tradizioa eta ibili osoa aztertzeko lekua, jakina. Baina, Ibon Muñoaren jarduna espetxeko literaturaren tradizioan tradizionala izan den generoan kokatzen da, bertsogintzan alegia, eta poesian. Horretan erreparatzea merezi duela iruditzen zait.

Espetxeko literatura Bernart Etxepareren bertso eta poesiarekin hasten da, duela ia bostehun urte, 1545ean, eta bide batez esan behar da euskal literatura bera ere hortxe hasten dela, bere Linguae Vasconum Primitiae liburuarekin. Nork ez ditu entzun haren “Kontrapas” eta “Sautrela”? Euskararen aldarria egiten zuen Etxeparek.

Eta maitasunarena egiten zuen Iztuetak. Zenbaiten ustez euskarazko maitasun bertso ederrenak omen direnak Logroñoko espetxean idatzi zituen Juan Inazio Iztuetak 1806an. “Kontxesirenak” izenburuarekin idatzi zizkion bertso horiek bere maiteari, eta “Ogeita lau leguaz nago aparte, Bitartean ba dauzkat milloi bat ate”, zioen bertso batean. “Esperantzetan bizi, maite gozoa, noizbait kunplituko da gure plazoa” idazten zuen hurrengoan. Urruntasuna, herrimina, itxaropena eta maitearekiko ametsa… ez dira gaurko kontuak.

1936-39ko gerrako preso batzuek ere bertsoak idatzi zituzten espetxetik, El Duesotik, Puerto de Santa Mariatik… Ezinezkoa da guztien aipamena egitea, baina garai honetako Luis Rezola Tximela tolosarra aipatu nahi nuke. Duesoko espetxearen aipamenak, eta Puerto de Santa Mariarenak, ugariak, xehetasunetan aberatsak eta benetan ederrak dira haren bertsoetan:

Astera nua kantuan
Santa Mariko Puertuan,
onela ditut penak aztutzen
etxe giltzatuan.
Gordetzen badet buruan,
ezta jakingo munduan
ogei ta iru urte ederrekin
gaur nola naguan.

Garai haietako espetxeak nolakoak ziren, presoak nola bizi ziren, zer sentipen, beldur eta lazeria zituzten erakusten digute bertso hauek. Kronika bikaina dira alde horretatik.

Kartzelak sormen leku izan dira eta dira, lehen eta orain, eta presoek, euskal preso politikoek, sormen lan oparoa egin dute. 1970ko hamarkadan Zamorako konkordatu espetxean Xabier Amurizak bertsogintzan eta bertsogintzaren teorizazioan egindako lana egundokoa izan zen. Ordutik gaur arterakoan espetxean egon izan garen askok eta askok eskuliburu gisa erabili izan dugu momentu batean edo bestean Amurizaren “Zu ere bertsolari” liburua, eta espetxean ez ezik kalean ere bertso eskoletako ikasleentzat oinarri izan dira haren lanak.

Euskal presoak talde handi samarretan egon diren espetxeetan, 1980ko hamarkadan batez ere, hainbat preso beren artean bertso paperak eginez eta trukatuz, elkarri erakutsiz eta ikasiz, praktikatuz… aritu izan dira. Bertso paper lehiaketetan sariak lortu ere bai batzuek, Jon Tapiak esaterako. Bertsolari aldizkariak atera zuen zenbaki bat duela urte mordoxka bertsolari eta bertsozale presoen lanekin; bertsoz osatutako banakako liburuak atera dituzte preso batzuek… Bertsogintza oparoa eman du espetxeak, eta gaietan ere oparoa da espetxeko bertsogintza.

Kartzela, dena dela, ez da leku ona inorentzat; sufrimendu lekua da, eta ez dut uste sufrimendua ona denik ezertarako, are gutxiago sormenerako. Espetxeak bakardadea dakar, zeure gizartearekiko urruntasuna, eta zeure etxe, herri eta komunitatearekiko oroimina, haiei maitasuna adierazi nahia, haiekin elkartuko zaren momentuarekiko ametsa, gero hobe baten itxaropena… Sentipen horiek konstanteak dira espetxean, horiekin bizi zara eta horiek bizi zaituzte, eta, galtzen badituzu, bizitzeko motiboak dira galtzen dituzunak.

Espetxetik edo erbestetik etxekoei eskutitz bat idatzi beharrean suertatzen zarenean, bertsoa izan da euskal herritar askoren komunikatzeko formatua, ez garelako izan prosa idatzian etxekoekin komunikatzeko joerakoak. Paper zuriaren aurrean mutu geratzen gara eta errazagoa-edo izan zaigu, eskutitza idazten hasita, bertso batzuk egitea.

Eskutitz arrunt bateko prosan ez bezala, bertso idatzietan komunikazioaz gain edertasuna ere bilatzen du egileak. Bertsoak ematen du “teatralizaziorako” aukera ere, gauzak ironiaz esateko, garratza denari gozotasuna emateko, prosan edo aurrez aurreko elkarrizketa batean esango ez genituzkeen gauzak esateko, esateko moduan zenbait lizentzia erabiltzeko…

Hau guztia ongi ikusten da Ibon Muñoaren bertso eta poesiagintzan, eta ongi ikusten da “Gure historia, gure memoria” liburuan. Ama-Lurra sarritan du aipagai Ibonek, eta Ama Lur horretako leku zehatzak, memoriako mapan zehatz kokatzen dituenak, Kalamua, Eibar, Arrate… izendatzen ditu, eta “Kalamua, desiren eremua…” ateratzen zaio hasperen bat bezala. Asaben kabiari kantatzen dio, utopiari… “Negu gorriaren gau luzeetan udaberria ametsa da” dio. Baina badaki non dagoen, eta Kordoba edo beste edozein espetxetako ziegan agertzen diren labezomorroei kantatzen die ironiaz.
19 urteko espetxealdiak zernahitarako denbora ematen du; ez da herrimina soilik, ez da etxemina soilik. Borroka ere bada, kide hilen oroimena, espetxean hil direnekiko urradura. Gogoan ditu adinean aurrera, zahartzaroan sartuta, espetxean jarraitzen duten kideak… Eta presente ditu gai sozial eta politikoak, hurbilekoak eta urrunekoak diruditenak, oraingoak eta etorkizunekoak. Lekuz kanpo bizi baita presoa, baina ez garaiz kanpo, eta bere garaiko kezkek kezkatzen dute, bere garaiagatik eta etorkizunagatik borrokatzen du presoak. Bere garaiak bizi du Ibon, eta etorkizuna du amets.

Espetxeko bertsogintza, espetxeko kronika ere bada, gizartetik ezkutatzen saiatzen diren mundu baten kronika. Kronikagintza ahalik eta laburrena opa diot, dena dela, Iboni, eta ahalik bizkorren itzul dadila bere lurretara, bere bidezidor zaharretara, Kalamuara, Arratera, Eibarrera… berarekin batera itzuliko delako hor zehar sakabanatua dabilen gure espirituaren zatitxo bat ere.

Jokin Urain Larrañaga

Iruzkinak