Iñaki Ojeda, “Penumbras de un ayer. Poesia bilduma”

2010, urtarrila 2

Penumbras de un ayer. Poesia bilduma
Espetxean idatzitako poemak.
Iñaki Ojeda Martin de Bruton Txapel (Portugalete, 1964 – Barakaldo 1984)
Ataramiñe, 2009.
Neurriak: 15 x 21 zm.
117 orrialde.

>> PDF fomatoan

Iñaki Ojeda Martin de Bruton Txapel

Txapel langile familia baten baitan sortu zen Portugaleten; frankismo garaian murgilduta ziren artean. Ortuellan Lanbide Heziketako ikasketak burutu zituen, eta herri langile honetan hasi zen Txapelen militante politiko sena indartzen eta bere lehenengo manifestazio zein protestetan parte hartzen. 1977ko amnistiaren aldeko astea izan zen parte hartu zuen lehenengo ekimen horietako bat. Euskal Herriko semea zela eta agintean zegoen sistemak pertsona gisa garatzen ez ziola uzten, horiek izan ziren bere ibilbide politiko osoa gidatu zuten lehen funtsezko hausnarketak. Gero, Jarrai gazte antolakundean hasi zen militatzen. Urte batzuen buruan, zerbait gehiago egin beharra zegoela eta, ETA erakundeari babesa emateko talde bat sortu zuen beste gazte batzuekin batera. Haien artean ziren Jon Piriz “Mungi” eta Jon Gonzalez “Aitite” ere, Iñaki Ojeda hil zuteneko polizia operazioan zauritu zituzten beste bi militanteak. Talde honek sabotaje ekintza ugari burutu zituen Iberduero enpresaren kontra, Lemoizko zentral nuklearraren kontrako protesta gisa. Hainbeste eta hain eraginkorrak izan ziren gazte hauen sabotajeak, non, ETA erakundeak berak gutuna bidali baitzien inguruetako laguntzaileei sabotajeen egileak nortzuk ziren galdezka. Urte hartakoa da PCE-EPK-ko kide eta EE ohiaren bozeramaileetariko Roberto Lertxundiren bahiketa. Areetako txalet huts batean utzi zuten Lertxundi.

Bi hilabeteren buruan poliziak Txapel atxilotu zuen Irunen, ETA erakundearekin zuen hitzordura zihoala. Atxiloketan torturak jasan zituen, eta epaitu ondoren, 6 urteko espetxe zigorra jaso zuen.

Espetxean literaturarekiko grina garatu zitzaion. Poesia ugari idatzi zituen, baita ipuinak ere, denek ala denek bere esperientzia -batez ere politikoa- jasotzen zutelarik. Zoritxarrez, lan hauetako asko desagertuak zaizkigu, Puerto de Santa Maria espetxeko kartzelariek erregistroetan lapurtuta. Jon Pirizek oroitzapen handiak ditu Txapeli buruz. Bere literaturarako zaletasuna nabarmentzen du batez ere: “Presondegiak bere kontzientzia nazionala eta formakuntza areagotzen lagundu zion. Giltzapean zeuden beste militanteekin harremanak izateak zerikusi handia izan zuen horretan. Literatura zen pertsona mailan izan zuen alderdirik ezagunena. Bere literatur lanak bere bizitza eta inguruaren ispiluak ziren. Preso egon zeneko garaiari buruz idazki ugari idatzi zuen. Amorruz kontatu zidan batean ordu-arte idatzitako ipuinik onena ostu ziotela funtzionarioek. Idatzi ugarirekin gertatu zitzaion hori. Literaturari zion zaletasunagatik ere behin baino gehiagotan izan zen isolatuta. Espetxeko zuzendaritzak beti aurkitzen zuen zigorrerako aitzakiaren bat bere idatzietan. Isolatua zegoela, ziegan luma edukitzea ere debekatu egin zioten behin”.

Aititek ere oso gogoan du Iñaki Ojedaren izaera, eta baita Carabanchel eta Puerto de Santa Mariako presondegietatik pasatzeak lagunari ekarri ziona ere: “Oso barnerakoia zen, buelta asko ematen zizkien gauzei. Hausnarketan denbora asko pasatzen zuen. Bakartiaren fama zuen, baina guk ongi genekien ez zela horrelakoa. Jendearekiko harremanetan oso irekia eta alaia zen, edozein gairi buruz mintzatzeko prest azaltzen zen beti. Egoerarik zailenetan ere, egoki erantzuten asmatzen zuen. Umorea galdu gabe, arduratsua jokatzen zuen horrelakoetan”.

Txapel 1983ko ekainean askatu zuten espetxetik. Hala eta guztiz ere, ez zuen hor eten bere konpromiso politikoa. Txapel Euskal Herriaren aldeko borrokalaria zen beste ezeren gainetik, eta azkar sartu zen berriz ETA erakundean. Egoera honetan, klandestinitatea ezagutu behar izan zuen. 1984ko otsailaren 16an, espainiar poliziak Txapel, Aitite eta Jon Piriz gordetzen ziren pisua lokalizatu zuen. Auzoa poliziaz josi eta GEOek eraikina setiatu zuten. Lehenengo tiroketa batean, Txapelen bi kideak larriki zaurituak izan ziren. Poliziak pisuan sartzea lortu zuen. Hirurak gela batean setiatuta, eta bi kide zaurituak zirelarik, haien entrega negoziatu behar izan zuten poliziarekin. Armarik gabe irteteko eta horma baten kontra jartzeko agindu zioten Txapeli. Ateratakoan, balaz josi zuten Txapel. Hiru militanteak, larri zauriturik, etxeko sukaldera eraman zituzten arrastaka. Kalez jantzitako polizia bat, pistola eskuan zuela, Txapelengana hurbildu eta 6 tiro eman zizkion bularrean. Autopsia egin ondoren, 19 bala aurkitu zizkioten gorputzean. Aitite eta Piriz, hasieran hiltzat eman zituzten arren, Gurutzetako ospitalean artatu eta bizirtik atera ziren, baina laguna bidean utzi behar izan zuten.

Eusko Legebiltzarreko hauteskundeen kanpainaren erdian zen EAE. Txema Monterok, Mungi eta Aititeren abokatuak, halaxe adierazi zuen: “Operazio polizial-militar honek Argentinakoa gogorarazten digu, Montoneroen disidentzia armatuaren edo Herriko Armada Iraultzailearen kontrako errepresio moduan antolatutako muntaia hura”. Estatuaren errepresio eta suntsiketa makineria lanean ari zen, hauteskundeetarako prest.

Iñaki Ojedak hogei urte zituen hil zutenean. Epitafio gisa, Puerto de Santa Marian idatziriko poema baten esaldia aukeratu zuten bere lagunek:

“Etsitzea ez beste guztia pasatu zitzaidan burutik,
baina etsitzea inondik ere ez!”

Iruzkinak