Ataramiñe’15

2015, abendua 25

Ataramiñe’15
Euskal errepresaliatu politikoen literatura koadernoak
2015
Neurriak: 15 x 21 zm.
210 orrialde.

Azaleko irudia: Itziar Moreno Martinez

>> PDF formatuan
>> ON LINE irakurtzeko
>> e-book eta beste formatu batzuk

Ataramiñe’15

Ekhiñe Eizagirre Zubiaurre Hitzaurrea
Frantziako espetxetan Instantziak
Jon Mintegiaga Oiarbide Lagunei zuzendutako hitzak eta bestea
Fernando Alonso Abad Mapa de cicatrices
Mikel Antza 337 segundo bizi eta besteak
Marixol Iparragirre Guenetxea Ce qui m’aide à tenir eta besteak
Alfontso Etxegarai Atxirika Desde la orilla eta beste bat
Ekaitz Sirvent Auzmendi Olerkiak
Ibon Muñoa Arizmendiarrieta Bertsoak
Josu Ginea Sagasti Txope izkutua eta besteak
Xabier Aranburu Muguruza Bertsoak
Kerman Urizar de Paz Zu berriz ikustean eta besteak / Marrazkiak
Aletxu Zobaran Arriola Marrazkiak
Mikel Orbegozo Etxarri Marrazkiak
Gorka Lupiañez Mintegi Marrazkiak
Itziar Moreno Martinez Marrazkiak
Joseba Galarraga Arrona Marrazkiak
Xabier Aranburu Sagarminaga Marrazkiak
Oier Andueza Antxia Marrazkiak
Ekhiñe Eizagirre Zubiaurre eta Itziar Plaza Fernandez Olerkiak-bertsoak eta marrazkiak

Hitzaurrea

Hitzaurre hau idazteko eskatu zidatenean, espetxealdiaren eta sorkuntzaren inguruan hausnartzeari ekin nion. Burura etorri zitzaidan lehen erreferentzia azken bi urte eta erdian ezagutu ditudan kideak izan ziren. Era batera edo bestera, guztiek dute -edo izan dute- sormenarekin nolabaiteko harremana, norbere beharrizanei, gustuei, baldintzei egokitutakoa.

Ezagutu ditut margolariak, bakoitza bere unibertso propio eta bakarrarekin, pintzelak eta margoak borroka tresna bilakatu dituztenak. Orri edota oihal zuriak, ideia, aldarrikarrikapen, amets, bizipen, gorputz, emozioz lehertzen direnak, pintzelak marraz marra, puntuka zein trazuka astinduz, fikziozko errealitate paraleloak sortzen dituztenak.

Gurutzatu ditut jostun abilak tela zatiak josiz, artilea pazientziaz korapilatuz, negua ez ezik, denboraren astuna epeldu eta samurtzeko moduko buruko, manta, jertse, bufanda, txapel, panpin eta beste egindakoak. Baita hitzak elkar jostea eta haiekin jolastea maite duten hainbat kide ere, hizki zopa litrotan murgilduta, ezleku garratz honen esentzia ustela azaltzen lanak hartzen dituztenak, hitz goilarakada bakoitzean, irakurleari zapore desberdin bat eskaintzeko gai direnak. Zapore gozoak batzutan, gazi edo garratzak beste askotan.

Mila ertz, erabilera, zentzu eta helburu izan ditzake sorkuntzak. Nire kasuan, bertso edo olerki bat idatzi behar dudan aldiro, buruko hizki zopetan murgiltzeak emozioak lurruntzeko aukera ematen dit. Izkiriatutako hitzen bidez kanporatzen ditut pozak, minak, amorruak, desirak, nahiak, ezintasunak, kezkak eta beste horrenbeste. Dudarik gabe, lau hormen arteko ihesbide paregabea da presoarentzat sorkuntza, hitz, hatz mami zein koloreen bidez iruditegi eta paisaia berriak amesteko ez ezik, biziarazteko gaitasuna ematen diguna; horregatik ere plazer iturri.

Plazer iturri, gure gorputzen baitan mina eta ezinak ez ezik, fantasiak, gozamenak eta desirak bizi bizirik ditugulako. Sexua zein afektua horren zigortuak, ukatuak, estigmatizatuak ditugun espazio “sakratu” honetan, gure imaginarioaren eta esperimentazioaren bidez, inposatutako mila muga gainditu ditzakegulako.

Espetxeko bizipenak eta sentipenak ez ezik, zaintza eta maitasuna partekatzeko aukera eskeintzen digute gure sorkuntzek egunerokoan fisikoki ondoan izan ez arren, espetxealdiak irauten duen denbora luzean zaintzen gaituzten senide, lagun eta maitaleei, herriari eta herritarrei, gure eskertza adierazteko modua. Dela herriko festetarako bertso batzuk idatziz, gurasoei zintzilikario batzuk oparituz, gure txikientzako igarkizunak asmatuz… Bai, guretzat ezinbesteko helduleku diren horiekiko zaintza keinu, maitasun adierazpen ere badira gure lanak eta haiek ditugu, maiz, sorkuntza iturri.

Hitza, kolorea eta gorputzak borroka tresna eta kontzientzia akuilu dira gurean. Zer nahi dugun eta zer nahi ez dugun adierazteko modua ere badelako sorkuntza. Konpromisoa ere izan badelako, gatibu egonik ere, gure borroken, herriaren, gorputz eta bizitzen nolakotasuna zizelkatzeko tresna.

Aurtengo Ateramiñe kanpora begirako leiho izango da beste urte batez. Gure herrira, senide eta lagunengana gerturatzeko bidea. Gatibu gauzkaten euskal preso politiko guztiontzat, barrutik kanpora, garena, bizi duguna, sentitzen duguna, amesten duguna, borrokatzen duguna, gure egunerokoa, barroterik gabe, kristal edo sarerik gabe, gardenki bezain gordinki oihukatzeko zirrikitua.

Dudarik ez dut aurtengoan ere edukiz aberats datorrela ale berria. Edukiz aberats eta mezuz indartsu. Barruko minak ez ezik, mingaina zorrotz ateraz. Agurtu aurretik, besarkada estu iraultzaile bana bidaltzen dizuet bahituta zauzkaten gainontzeko kide guztiei, beste horrenbeste gure senide eta lagunei, zuri ere bai irakurle fin hori, eta, nola ez, proiektu hau posible egin duzuen den-denei.

Gozatu irakurketaz, eta denok etxean izan arte, eutsi tinko borrokari!

Fresnesko espetxetik, gure herria bihotzean

Ekhiñe Eizagirre Zubiaurre



JOSU URIBETXEBARRIA BOLINAGA
Arrasate, 1955 – Arrasate, 2015.01.16

Arrasateko Josu Uribetxebarriari

Harraparia poztu da Eperra hil zaigulako,
mortuak osasuna lazki kaltetu ziolako,
gorrotoak ospatu du desiratzen zuelako,
barreiaketa horretako eratu zutelako,
kideak tristaturik gaude ondradua zelako,
duintasuna zer den garbi erakutsi zigulako,
zerbait lasaitu gara kartzelan ez zegoelako,
azken hatsa maiteen ondoan eman duelako.

Eperra ez zaitez kezkatu zainduko dugulako,
plazak lehen lez euskaraz mintzatuko direlako,
utopia herrian hedatzen ari garelako,
goizero zeure ametsak berresten ditugulako,
amnistiaren zirria sentituko duzulako,
zeure izartxoak dir-dir gidatzen gaituelako,
Ama-Lurraren altzoan zoriontsu zaudelako,
gereziondoa mardul loratzen ari delako.

Ibon Muñoa Arizmendiarrieta

/ literatura koadernoak / ataramiñe / literaturakoadernoak.org /

Iruzkinak