“Urte Ilunak”, Nelson Mandela

2015, 28 uztaila



Urte Ilunak
Nelson Mandela
Ataramiñe, 2013
Neurriak: 15 x 21 zm.
120 orrialde.

Euskaratzailea:
Ekaitz Sirvent
Azaleko irudia:
Joseba Galarraga

>> PDF formatuan
>> ON LINE irakurtzeko
>> e-book eta beste formatu batzuk


Long Walk to Freedom, 1995ean argitaratua izan zen, baina Nelson Mandela 1974ean hasi zen berau idazten. Ezkutuan, Robben Irlako espetxean preso zutelarik. Mandibaren autobiografia honetan bere gaztaroa, askatasunaren aldeko borroka eta espetxean igarotako 27 urteak aurki ditzakegu. Esku artean duzun itzulpen hau, autobiografiako “Robben Island: The Dark Years” atalari dagokio. Urte Ilunak beraz, historiak agerian utzi digun bezalaxe Argi Urte bilakatuko ziren urteak. Iluntasunaren ataltxo bat gure esku, gaur egun, Euskal Herrian, espetxean ditugun lagunek bizi dutenaren isla. (Gure) Argi Urteei begira.

Hitzaurrea

Zertaz ari gara, espetxea eta sorkuntzaz ari garenean?

Seacliffeko ospitalean eman nituen sei asteak, zoramenaren izugarrikeriaren ikasgai laburtu bat izan ziren. Inoiz izango zenik ere uste ez nuen leku hartan igarotako lehen uneetatik jakin nuen ezingo nintzela itzuli nire usuko bizitzara, ezingo nuela ahaztu ikusitakoa. Beste eraikin batzuetan bakartutako jendeak ez zuen izenik, ez iraganik, ez etorkizunik, giltzapetutako oraina besterik. Orain-lur betierekoa, ortzemugarik gabea”.

Janet Paterson Frame idazle zeelandaberritarraren hitzok, espetxeratu berritan, oso ohiko sentimenduak islatzen dituzte. “Baina zer da izugarrikeria hau?”, “Nola liteke hain jendarte garatua omen den honetan, tamainako krudelkeria instituzionalizatua existitzea?”. Kanpoan dagoenak enpatia senti dezake eta sinpatiaz jokatu, presoaren hurbilekoek espetxearen ondorioak sufritzen dituzte eta hala ere giltzaperatuaren pairamena oso esperientzia intimoa da, hain zuzen norbere intimitatea baita bertan urratzen dena.

Seacliffeko ospitalea bezainbat Robben irla izan zitekeen, La Santé edo Soto del Real, Martutene zein Basauriko espetxeak ahantzi gabe. Sufrimenduaren alimaleko monumentuak denak, hiri erdian batzuetan, jende multzoen periferian bestetan eta hala ere, gure kontzientziei pega-pega eginda beti, kaletarron sudurpean. Gaiaren inguruan dagoen ezjakintasunaz jabetuta, espetxean dagoen sortzailearen lehen bulkada izan daiteke, “Hau, min guzti hau, kontatu beharra dago”. Hain justu, edozein sorkuntza lan zer edo zer kontatzeko behar batean oinarritzen dela esan liteke, zerbait adierazteko behar gorria, erraietan dugun zera kanporatu ezean ezinegona lehenik eta itolarria gero sentitzerainokoa. Espetxea inguratzen duten murruek, beste zio esplizituez gain (itxi, hertsi, hesitu), barrutik kanporakoaz gain, kanpotik barrurako norabidean betetzen dute beren funtzioa. Murruok, ihesaldiak ekiditeko bezainbat, barruko izugarrikeria ezkutatzeko eraikiak ere baitira.

Horrela beraz, espetxe barrutik egiten den oihu bakoitza, idatzia barne, murruan arrakala bihur liteke eta berau ez da, zenbait kasutan, askok pentsa lezaketen maneran, bertatik ihes egiteko, baina kanpokoari barrukoa erakusteko.

Espetxearen inguruko hamaika liburu, idazki edo sormen lan aurki litezke (esku artean duzun hau adibide), eta azaltzen diren esperientziak bata bestearen oihartzunak dira. Elkarren artean mende beteko aldea izan arren irudi bertsuak aurki ditzakegu sarritan (absentzia, espazio txikiaren estutasuna, bakardadea,…). Baina arestian esan bezala, espetxeak oso maila intimoan urratzen du giltzapean daukana eta hala luma hartzen duen presoak, aldiro zera pentsa lezake: “Espetxeaz, beste batzuek idatzi dute baina ez nik”.

Janet Paterson aipatu dugu hasieran eta itzul gaitezen harengana, bera ez zuten espetxeratu, ospitalean ingresatu baizik. Berrogeita hamarreko hamarkada aldera izaeraren desorekak elektroshock kolpeka osatu zitezkeela uste zen. Janet Patersonen amak alaba lobotomia bidez zentzatzea espero zuen, baina buru ebakuntzaren zain zegoela, Janetek ezkutuan idatzitako Lagoon liburuak Zeelanda Berriko literatur sari nagusia, Hubert Churh Memorial Prizea, irabazi eta buru garbiketatik libratu zen. Idatzitako hitz bakoitzak heriotza mentaletik urrundu zuen, ebakuntzaren (eta amaren erabakiaren!) aurka erlojupeko lasterketan buru garbiketatik libratzeko bide bakarra: idaztea.

Espetxeko itzulpengintza

“Bizitza errepikakorra da espetxean: egun bakoitza aurrekoaren neurrikoa, besterik ezean hilabeteak eta urteak nahasten amaitzeraino. Asperdura apurtzen duen orok urduri jartzen ditu arduradunak eta, horrela, errutina horixe izaten da kartzela bat behar bezala gobernatua dagoenaren seinale hoberena”.

Errutina, Mandelak dioen bezala, instituzioan harrapatua dagoenaren menderatze teknika bezala. Patioa, ziega, patioa, ziega, bisita, patioa, ziega… Aldian aldiro familia-lagunekin izaten diren ikustaldiez gain, deus gutxi dauka presoak, denbora etengabe xehatzen dion errotarriari galga jarri ahal izateko. Nola hautsi beraz zirkulu hau? Instituzioaren errutina zapaltzaileari gainjarriko zaion errutina propio askatzailea eraikitzerik ba ote?

Ekaitz Sirventen eskutik jaso dugun itzulpen lan hau izan daiteke aukera bat. Instituzioarena baino norberarena den denbora kudeaketa propioa, beste preso batek, Nelson Mandelak kasurako, bere espetxe esperientziaz egindako hitzak euskaratuz.

Itzulpena, gainontzeko sorkuntza lan eta bideak bezalaxe, espetxearen baitan denbora kudeatzeko baliabide alternatibo bat izateaz gain, erronka potolo bat ere bada. Bobby Sands-ek ipurtzuloan ezkutatua zuen axota batekin, komuneko paperean, idatzi zuen Egun bat nire bizitzan kronika latza. Euskal presoek izarak hautsiz eraikitzen dituzte beraien mihiseak. Ikatz zatitxoekin, hatzak erabiliz, bizar labainaren aiztoarekin… eskuratu ditzaketen baliabide urriekin alegia, sortzeko ukazioari nolabait aurre egiten diote.

Ekaitzen erronka, bide horretatik joan da, itzultzaile batek ohiko kasuetan beharko lituzkeen trepetak faltan burutu du lana. Auto-ikaskuntzatik asko duen bidaia. Itzultzaile batek beharko lituzkeen bidaideekin hartu eman zuzenik izan gabe. Perpausak behar bezala idaztetik haratago, nola interpretatu beste herrialde eta garai batetatik jasotzen diren esapideak? “Preso arrunta”ri, arrunta deitzea hautu bat da, borroka armatuaren bidea hartu duen horri gudari deitu ala ez hautu bat den bezalaxe. Biak ala biak, aukera ideologikoak inondik ere. Antzeko zalantza dantzan irudika dezakegu Ekaitz, norekin partekatu baina gisa honetako galderak?

Horrelako atakatik ateratzeko bide argirik gabe, kanpoarekiko urruntasunak ezaugarritzen du kartzela. Aspaldi, olerkariak esan bezala, bi punturen arteko distantziarik laburrena, lerro zuzena, ezagun dugu. Baina bi punturen arteko distantzia luzeena zein den neurtzeko, tartean espetxe-instituzioa kokatu eta erantzunaren zantzu batzuk ikusi ahal izango ditugu. Banaketa espazio neurgaitz hori, nolabait, laburtu du Ekaitzek. Mandelaren espetxealdia gure eskuetan ezarriz, Ekaitzen beraren espetxealdia gure esku ezartzeko. Ispilu joko bat, eta ertz batean gu geu, ikusle bezain partaide.

Gu. N.Mandela 466/64 – E.Sirvent 11431

Ataramiñe. 2014ko udazkena

[Urola Kostako HITZA] Ekaitz Sirvent, elkarrizketa
Jon Benito: Preso politiko oro Nelson Mandela bat da bere hersturan

/ literatura koadernoak / ataramiñe / literaturakoadernoak.org /

Share

Iruzkinak