Jokin Urain, “Agurra eta Ohorea”

2013, abendua 2

Agurra eta Ohorea
Euskal militanteen heriotza kronika
Jokin Urain
2013
Neurriak: 15 x 21 zm.
187 orrialde.

>> PDF formatuan
>> ON LINE irakurtzeko
>> e-book eta beste formatu batzuk

Hitzaurrea

Hilei bakea, esan izan da. Horrela erakutsi ziguten. Ez da, noski, kontu berria. Antzinatetik dator hilekiko kezka, familiako edo tribuko hilei azken atsedenerako bidea egitea hileta errituen bitartez. Haitzuloetan, mendi gainetan… aurkitu dira antzinako hileten aztarnak, urrutiago joan gabe geure herrian bertan.

Hil den senide edo lagunari azken agurra eta omena egiten diogu hileten bitartez. Baina heriotza horrek inguruko biziongan uzten digun hutsunea eta eragiten digun samina osatzeko edo bideratzeko ere bada hileta errituala; bizion sentipenean hartzen du hilak atseden. Biziontzat dira hiletak.

Hil berri den senide edo lagunari hileten bitartez esaten diogu agur, edo gero arte, gure sinesteen arabera, eta beharrezkoa zaigu hiletaren erritual osoa egitea, gorpua edo errautsak aurrean direla eskuarki, elizkizun edo omenaldi zibilen batekin.

Azkenean, gorpua ehortzi edo errautsak haizetaratu eta oroitarriren bat ipiniz, hila oroitarazi eta omendu edo gurtu ahal izateko lekua zehaztuko dugu.

Diren eratakoak direla, hiletek badute euren arautegi propioa. Hiletetan, beilatik hasi eta dena amaitu arteko denbora horretan, hilaren edo haren irudiaren aurrean hedatzen den isiltasunak biltzen du, nolabait, ingurua. Gogoratu Lizardiren Bihotzean min dut hileta eresia, edo Txikiren amak esaten duena isiltasunaz eta kaleetako zapata hotsaz. Hileta omenaldietan-eta egiten diren oihu eta aldarriek, edo sarritan erabili Gernika hileta martxak edo Agur jaunak ez dute, formalki, isiltasun hori desegiten. Eta, isiltasun horrek, samina eta hilaren hurbilenekiko elkartasuna eta errespetua adierazten du batez ere.

Hilarekiko azken agurra “zuzen” egitea beharrezkoa zaigu. Hala ez egiteak nolabaiteko profanazioa suposatzen du hileta erritualean edo omenaldian, eta batik bat senideen eta tribuaren –erkideen– sentimenduetan. Hilari azken bidaiarako edo azken atsedenerako “atarikoa” egiten diogunean, modu publikoan arren intimoan ari gara, geure samina eta maitasun urratua tolesgabe azalduz, eta, horrexegatik hain zuzen, iraina irainago eta saminago bihurtzen da –suminago ere bai– hiletak debekatzen dituztenean edo hileta omenaldira elkartu den jendea zafratu eta sakabanatzen dutenean indarrez eta harrokeriaz. Ondo dakigu, gainera, legearen eta agintearen totalitarismotik politikarien zinismoak eta epaile eta polizien indarkeriak mingarriago bilakatzen dituela horrelako egitateak.

Gizaki legez geure buruarekiko kontzientzia hartzeari, eta heriotzaren kontzientziari bereziki, lotua dago, dirudienez, hileta erritualen sorrera. Eta hilobiak eta asabak gurtzea giza kulturaren ezaugarri antzinakoenetatik dator, ez da, beraz, harritzekoa tamalez, boterearen aldeak, aginteak hilekiko auzia baliatzea, hain zuzen, gatazka guneetan hilaren senide, tribu edo herriaren samina areagotzeko eta umiliaketa bilatzeko. Giza ezaugarritik urrun dauden jarrerak eta ekinbideak erabiltzea, alegia, eta gehien mindu gaitzaketenak beraz, menperatu nahi dituzten herritarrak eraisteko eta haien arima zapaltzeko.

Ondo ikasi dugu euskal militante abertzaleen hiletak eta hilobiak, oroitarriak eta omenaldiak jo puntu lehenetsiak direla espainiar agintari, polizia eta epaileentzat eta euskal kolaboratzaile suharrentzat. Hileta horiek baliatu izan dituzte sarritan senideak areago mindu eta umiliatzen saiatzeko, euren oldarrarekin euskal militante erorien inguru afektiboa zapaltzen ahalegintzeko.

Horren adibideak edozein leku eta garaitan aurki ditzakegu bila hasiz gero. Matalaz zuberotarraren historia gureganaino iritsi da, aginteak herritar jarkiaren hilotzaren bitartez herria bera umiliatu eta zapaldu nahiaren erakusgarri… Baina beste halako zenbat geratu dira ahanzturan ez bada isilean ordutik gaur artean?

Bai geuretzat eta bai geure ondorengoei begira, tamalgarria litzateke ahanzturaren ubera horri amore ematea. Gehiegi baitira isiltasunera kondenatuak, aginteen larderiapean isilaraziak.

Madrilgo eta Pariseko aginteek, Gasteizko eta Iruñeko gobernarien esku serbitzalen laguntza zintzoarekin, beraien hilak eta oroitarriak sakratutzat dauzkaten bitartean, ahalegin sutsuan jarduten dira euskal militanteen hileta omenaldiak zafratzen, atxilotzen eta epaitegietara eramaten. Euskal militante abertzaleen oroitarriak kendu eta kendu arazten dituzte gaur ere, epaitegien mehatxupean edo beste aitzakiaren batekin. Indarrean eta agerian erauzten dituzte hilen oroitarriak, edo isilean eta ezkutuan apurtu.

Memoriaren lekuak dira hilobiak, oroitarriak, hilerriak. Oroimen guneak dira. Senideak, lagunak… hilaren oroitzan eta omenean batzen direnen lekuak. Leku horietan datza borrokan eroriaren irudi fisiko edo izpirituzkoa.

Sinestunentzat tenplua bezain kuttun eta ukiezina da, esango nuke, senide eta lagunentzat beraien hilaren hilobia eta oroitarria. Oroimenerakoak diren leku horietan elkartuta omentzen ditugu urtez urte, belaunaldiz belaunaldi, gure aurrekoak, gure tribu kideak edo burkide hilak. Gogoratze eta omenaldi bakoitzean hila berpiztu egiten dugu nolabait; hark lagatako hutsunea osatu nahi dugu ekitaldi kolektibo horren bitartez, eta samina sendatzen dugu erritualean. Oroitzen dugun eta aipatzen dugun heinean gure artera ekartzen dugu senide edo burkide hila, eta oroitza-erritual horretan batu eta sendatu egiten gara biziok.

Giza eskubideak aipatzen dituzte autoritateek politikoen agintetik, epaileen boteretik eta mota guztietako irakaspenak eman gabeko onik ez duten ahots guztietatik. Baina gero, irakaspen eta teoria horiek guztiak eguneroko errealitatera jaisten direnean –liburu honetan datozen hainbat testigantzek adierazten duten testuinguruan–, argi baino argiago uzten digute euren giza eskubideez ari direla, eta menperatu nahi gaituztenon eskubide pertsonal eta kolektiboak ez zaizkiela axola, ez direla existitzen, ez direla kontuan hartzekoak.

Militante batzuen senideen testigantzak batuz, antzinako eta ez hain antzinako hiletei buruzko gogoetak gehituz osatua da liburu modu hau. Eskerrik beroenak eman nahi dizkiet testigantza horiek bidali dizkidaten guztiei.

Aldi berean barkamena eskatu nahi diet euren testigantza bidaltzeko prest zeuden beste guztiei ez banaiz haiengana iristeko gai izan. Ez dira gainditzen errazak honelako jarduerarako kartzelak ezartzen dizkigun trabak. Egin nahi dugun apurra bigarren edo hirugarren pertsonen bitartez bideratu beharrak, erruz moteltzeaz gain, zaildu eta nahastu egiten du edozein ekimen.

Barkamena eskatu nahi nieke, halakorik balitz, nire eskuetara bidean kartzelaren ahutzetan galdutako testigantza igorleei.

Liburu, fotokopia, eta beharrezko materiala biltzen lagundu didatenei; idatzi ahala kapituluak irakurtzeko pazientzia eta aholkuak emateko animoa izan duten modulu kideoi; lana zuzendu didan irakasleari eta argitaratzeraino eraman dutenei; nire esku idatziok ordenagailura pasa, enkarguak bideratu eta nire lainezak jasan dituzten etxekoei, eskerrik asko. Eskerrik zintzoenak guztioi.

Herrera de la Manchan, 2013ko uztaila

Jokin Urain Larrañaga

>> Jose Luis Otamendi, “AGURRA ETA OHOREA. EUSKAL MILITANTEEN HERIOTZA KRONIKA” liburuaren irakurketa bat

/ literatura koadernoak / ataramiñe / literaturakoadernoak.org /

Iruzkinak