[Urola Kostako HITZA] Ekaitz Sirvent, elkarrizketa

2015, 4 otsaila

→ Urola Kostako HITZA: Ekaitz Sirvent: “Espainiara eramateak geure eskubideak are gehiago urratzea ekarriko du”

→ literaturakoadernoak.org: Jon Benito: Preso politiko oro Nelson Mandela bat da bere hersturan

Ekaitz Sirvent: “Espainiara eramateak geure eskubideak are gehiago urratzea ekarriko du”
Amaia Ventas Aldabaldetreku
2015.02.04

«Indefinizio egoeran» dago Ekaitz Sirvent zarauztarra, Frantzian epaituak izan diren gainontzeko euskal presoak bezala. Izan ere, Espainiako kartzeletara eramateko «mehatxuaren» aurrean, euskal presoen zein haien senide eta lagunen eskubideak are gehiago urratzea ekarriko duela uste du Sirventek. Besteak beste, azaldu du agian ez dizkietela kontuan hartuko Frantziako kartzeletan betetako zigorrak, eta etxetik are gehiago urrunduko dituztela.

18 urteko espetxe zigorra ari da betetzen Tarasconen. Kartzela batetik bestera lekualdatu dute urteotan, berak euskaratu berri duen autobiografia baten pasarte bateko protagonista bezala: Nelson Mandela. Urte ilunak atala euskaratu du, eta horrek nolabait kartzela batetik bestera salto eginarazi diola esan du, «La Santetik Robben irlakora zein Pollsmoorrekora». Bere burua Mandelarekin lotuta ikusten du, gainera. «Bere herriaren askatasunaren aldeko borrokak, eta bereziki, preso egon izanak» lotzen du, «eskubide urraketak nozitu eta hauei oldartzeak».

Frantzian ari zara betetzen 18 urteko espetxe zigorra. Presoak Espainiaratzeko prozesuaren barruan, zein egoeratan dago zure kasua?

Frantzian jada epaituak izan garenon kasu berean: indefinizio egoeran. Hedabideek zabaldu dute balizko Espainiaratzearen berria, baina judizialki ez dago ezer martxan oraindik. Edonola, Espainiara eramateko mehatxua egin zaigu, eta ziur gaude ez dela euskal presoon zein gure senide eta lagunen eskubideak bermatzeko mugimendua izango.

Zer dakar presoak Espainiara eramateak?

Espainiara eramateak gure eskubideen urraketan sakontzea ekarriko du: etxetik urrunduko gaituzte; isolamendu moduluetan itxiko gaituzte; agian espetxe frantsesetan egindako urteak ez zaizkigu kontuan hartuko; unibertsitate ikasketak egiteko eskubidea eragotziko zaigu; gure postak eta telefono deiek murrizpenak jasango dituzte; bisita baimenak mugatuko zaizkigu; preso dauden bikoteak, ezkonduak edota seme-alabekin, banandu egingo dituzte…

Neurri hauek guztiek gure interesak kaltetuko dituzte eta, gainera, Espainiak indarrean jarri nahi duen lege europarraren izpirituaren aurkakoak dira.

Zer dio lege horrek?

Legeak dio «bergizarteratzeari» begira gauzatu behar direla xedapenok. Horregatik guztiagatik, Frantziako Justizia ministroari gutuna bidali genion iazko azaroaren 24an gure Espainiaratzeari erabateko errefusa adieraziz. Lehenago, gainera, Euskal Herriratzeko norbanako eskaera formalak aurkeztu genituela oroitu behar da.

Frantziako eta Espainiako gobernuen jarrerak nola ikusten dituzu?

Espainiak eta Frantziak uko egiten diote gatazka politikoaren konponbideari, Aieteko Adierazpenetik eta ETAk bere jardun armatua utzi zuenetik hiru urte pasatu diren arren. Badakite jakin konpondu gabeko gatazkaren isla garela, ukatu nahi duten gatazka politikoaren gordintasunaren erakusle. Baina bi gobernuek, bereziki Espainiakoak, denbora irabaztea dute helburu. Eta ondorioen arloa erabiltzen dabiltza, hain zuzen, Euskal Herrian Kataluniakoaren pareko prozesu independentista piztea ekidin nahi dutelako. Bortizkeria beharrezko zaielako herri honi hitza eta erabakia ukatzeko.

Presoen egoera aldatzeko urratsak areagotuko direla uste al duzu? Nola ikusten duzu euskal gizartearen erantzuna horren aurrean?

Ez da nire egitekoa euskal jendartea epaitzea. Alabaina, euskal preso politikook herritarrengandik jasotzen dugun elkartasuna eta maitasuna handia dela esan dezaket. Euskal Herriak bere preso eta iheslariak ahaztu ez eta betidanik babestu ditu.

Nelson Mandelaren autobiografiako Urte ilunak atala itzuli duzu liburu baterako. Zergatik liburu hori eta, zehatzago, atal hori?

Liburu hori aukeratu nuen Madiba erreferentzia politiko indartsua eta saihestezina delako askatasunaren alde borrokatzen duten mundu osoko herri zapalduentzat. Euskal presook asko estimatzen ditugu gure heziketa politikoa eta ideologikoa aberasten duten liburuak eta, zentzu horretan, Long walk to Freedom ezinbesteko liburu horietako bat da. Ezagun da gutxiengo zuriak ezarritako erregimen arrazistaren aurka borrokatzeagatik 27 urte igaro zituela apartheid-aren kartzeletan. Presoaldi hori guztia xehetasun handiz kontatzen du liburuan, 1964an Robben irlan kartzeleratu zutenetik 1990ean askatu zuten arte. Atal horiek euskaratzea erabaki nuen, lehen eskuko testigantza politiko eta historiko interesgarria delako.

Zer esanahi zuen liburu horrek zuretzat itzultzen hasi aurretik? Itzuli eta gero, aurretiko sentsazioak areagotu al zaizkizu?

Iraultzaile peto-peto baten lekukotasuna jasotzen du liburuak, eta hori da niretzako bere esanahia: Madibaren etsenplua. Bere bizitza helburu politiko baten aldeko konpromisoari eskaini zion: justizia sozialean oinarritutako Hegoafrika demokratiko, arraza anitz eta batuaren aldeko ahaleginari. Hasi Umkhonto we Sizwe (MK Nazioaren Lantza) erakundearen gudari eta gidari izatetik eta Hegoafrikako presidente izateraino. Igaro urte ilunetatik eta mendetako argia uzteraino. Itzulpenaren lehen zirriborroa amaitu ostean gertatu zen bere heriotza, eta egia bada ere lehengo sentipenek beste oihartzun zabalago bat izan zutela nire baitan, funtsean liburuak esanahi bera izaten jarraitzen du niretzat: bere testamentu politikoa da.

Zeure burua islatuta ikusi al duzu Mandelaren testuotan?

Bere herriaren askatasunaren aldeko borrokak eta, bereziki, preso egon izanak hurbiltzen nau harengana. Eskubide urraketak nozitu eta hauei oldartzeak. Guk ere, euskal presook, badakigulako zer diren urte luzeetako zigorrak. Badakigu zer den kideak kartzelan galtzea. Ezagutzen ditugu isolamendua eta zigor ziegak. Badakigu zer diren komunikazioen murrizpena eta ikasketak egiteko eragozpenak. Kartzelazain batzuen jarrera oldarkorra ere ezagun dugu. Baina, gure aurkako eskubide urraketek baino gehiago kezkatzen gaitu gure senitarteko eta lagunekin egiten ari direnak. Ezin da ahaztu sakabanaketa mendekuzko tresna politikoa dela, gure senide eta hurkoei sufrimendu handia eragiten die, baita batzuetan heriotza ere. Zentzu horretan, preso zegoela ama hil zitzaionean Mandelak buruan bueltaka izan zuen galdera korapilatsu hark euskal preso gehienon barruan inoiz habia egin duela esatera ausartuko nintzateke: zuzen egin ote genuen gure herria familiaren kaltetan lehenesten? Baiezkoan nago, noski, baina nire kasuan, nire familiak nahi eta desiratu gabe hartu nuen konpromisoa, eta nire erabakiak eragina izan du haiengan ere.

Lehendik ezagutuko zenuen autografia liburua, baina nola sortu zen itzulpen lanari heltzeko borondatea, gogoa?

Etxekoek sartu zidaten liburua La Santeko bisita batean. Maritxu Muruak argitaratua zuen Mandelaren biografia euskaraz, baina ez zegoen Mandelaren beraren lanik itzulita. Liburua irakurtzen amaitu aurretik erabaki nuen lan horretara jarriko nintzela.

Bulkada batetik abiatu nintzen, bada: kartzelako ordu grisen erdian Hegoafrikako ortzadarra nola sortu zen euskaratu nahi izatetik.

Itzulpen prozesua nola joan da? Oro har, zer baliabide izan dituzu?

Nire lanabesak ordenagailua eta hiztegi bat izan dira. Gaztelaniazko ediziotik itzultzen hasi eta bost hilabeteren buruan, 2012ko abendutik 2013ko apirilera, lehen zirriborroa amaitu nuen. Gainbegiratzeko hainbat kideri utzi nien testua. Eta haien ekarpenak jaso ostean, lagun dudan Jon Benitori atera nion. Bera arduratu da zuzenketa eta orrazketa lan nagusiez, Ataramiñeko lagunen esku utzi aurretik.
Bitartean, epaiketa izan zenuen.

La Santetik lekualdatu ninduten, Reau-ko espetxetik igaro ondoren Marseillako Les Baumettes-era berraldatu ninduten. Marseillan kideok bertatik lekualdatuak izan gintezen eskatzeko borrokaldi bati ekin genion, eta zigor ziegetan 56 eguneko egonaldia egin ostean irailean ekarri gintuzten Tarasconera. Espetxeratze baldintzotan, beraz, itzulpena aurrera atera izanak asko zor dio Joni.

Espetxealdiko egunerokotasunari ihes egiteko bidea izan al da?

Nire kasuan, paradoxikoki, ez da ihes betea izan. Kartzela batetik bestera egiten bainuen ihes, La Santetik Robben irlakora edo Pollsmoorrekora. Horrek halako herstura bat sortzen zidan. Baina, hala ere, nire ziegako egun beti berdinen monotonia eteteko modua izan da eta, era berean, borrokalari hegoafrikarren duintasun eta erabakitasun politikoaren lekuko isil izatea ohoragarria eta suspergarria izan zait.

Liburuaren hitzaurreak zera dio: “Mandelaren espetxealdia gure eskuetan ezarriz, Ekaitzen beraren espetxealdia gure esku ezartzeko. Ispilu joko bat, eta ertz batean gu geu, ikusle bezain partaide”. Ispilu joko horren ikusle bihurtu nahi al duzu irakurlea liburuarekin?

Irakurle bakoitza libre da ikusle edo partaide izan nahi duen erabakitzeko. Ez dagokit niri irakurlea ezertan «bihurtzea». Mandelak apartheid-aren kartzelen izugarrikeria azaltzeko asmoz idatzi zuen liburua, eta nik euskaratu besterik ez dut egin; nahiz eta itzulpen politiko bat den derrigorrez, euskal presook apartheid-aren kartzelak ez eta deportazio eta sakabanaketaren kartzelak ezagutzen baititugu.

/ literatura koadernoak / ataramiñe / literaturakoadernoak.org /

Share

Iruzkinak