Koldo Mitxelena “MOTIVO ESPAÑOL” [Alcalá de Henares espetxea -Madril-, 1947]

2018, urtarrila 5

→ armiarma.eus: [Literatur emailuak] Koldo Mitxelenaren ipuin kartzelakoa

Agirre lehendakariaren zerbitzu sekretuetakoa izan zen Koldo Mitxelena, Joseba Rezolaren agindupean, kide zituela Sabin Barrena, Pello Mari Irujo, Ander Arzelus “Luzear”, Bernabe Orbegozo “Otarbe”. Madrilen lan egiten zuen Mitxelenak, kontulari Jose Urangaren Maderas Decorativas enpresan, eta bitartean Clasicas ikasten zuen unibertsitatean; baina atxilotu egin zuten 1946ko apirilaren 10ean, eta preso eduki zuten 1948ko urtarrilaren 30a arte. Alcala de Henaresko kartzelan ipuin bat idatzi zuen 1947an, Motivo español izenburua ipini ziona; 1977ra arte gordeta eduki zuen, eta Elizalde sinadurarekin orain 40 urte argitaratu zuen Egan aldizkarian. Preso egondako bat du narratzailea, oso gaixorik zegoen beste preso batez gogoratzen dena.

→ armiarma.eus: MOTIVO ESPAÑOL Koldo Mitxelena

MOTIVO ESPAÑOL
Koldo Mitxelena
Egan, 1977
armiarma.eus, 2017

Kontaketa hau, dena den, Alcalá de Henaresen idatzi nuen lehen aldiz, 1947an, ni ere juizioaren begira, beste asko bezala, nengoen bitartean. Bizkunde aroko Unibertsitate sonatutik ez urruti, bi presondegi ziren han orduan. Bitarteko paretak baizik bereizten ez bazituen ere, biziki ezberdinak ziren, elkarrekin harremanik ez zuten monada bakoitzak. Lantegi gisakoa zen bata, aspaldi ez duela, eta zenbait preso barrenean giltzatuak gelditu zirela, erre zena. Hor aipatzen dena bestea da, inoiz galera izana, hots, emakumeen presondegia eta gero, zenbait urtez, Eimar koronelaren erreinu beltza, gartzela hustu eta gartzelakook erabat Ocañara eraman gintuzten arte.
Lerro hauek zenbait ukitu pairatu behar izan dute. Argitaratzekotan nintzen beti, Espainiarik aipatu gabe edo, eta beti gerorako uzten nuen, azken orrazketa eman gabe. Izan ditzakeen aldaketak, nolanahi ere, hizkerari bakarrik dagozkio, zegoen zegoenean gelditzen delarik gainerakoa. Alde horretarik ere, ez dut gehiegi aldatu. Zahar kutsu horri, nik uste, errazki antzemango diote gure idazle gazte beldurgabeek.
Aitzakia bila banenbil, esango nuke, gezurretan hasi gabe, ez dudala euskaraz honetaz kanpora deus kontatu, zerbait idatzi badut ere, eta erdaraz deus gutxi. Barkakizun izan bekit, beraz, behar nuen bidea hartu ez badut.
Hemen agertzen diren dramatis personae bakanez hitz bi esan nahi nituzke. Hizlaria eta idazlea ez dira berbera, hark nora ezean honen kutsua hartu badu ere. Mintzatzen dena ez da, euskalduna ez ezik, ezta euskotarra ere. Dakidanez, Madrilen bizi zen, bestetan jaioa —Gaztelako herri larri xamarren batean— izanik ere. Bestea, eria, ez da asmatua inondik ere. Eta honek, Madrilen bizi bazen ere, bazuen loturaren bat Euskal Herriarekin, hemen inoiz bizi izan zelako bederen eta, oker ez banago, hemengo batekin ezkondua zegoelako. Zorigaiztoz, eta negargarria ere bada, ez naiz bere izenaz oroitzen.
Aberats gara historialaritzan (magnum prouentum historicorum saeculum hoc attulit, esan dezakegu, Plinio Gaztearen hitzak pixka bat aldaturik), beltzak eta zuriak, zeruak eta lurrak ditugula arteko, eta ez nuke inor mindu nahi aski eta gehiegi dakizkien gauzak esplikatzen hasten banatzaio. Badakizue, beraz, zer zen “Unión Nacional” eta zeren bila zebilen; badakizue ere nor zen Monzon (Jesus) nafarra eta iruinsemea eta zenbatetaraino izan zen elkarte horren sortzaile eta eragile, eta zenbatetaraino ez zen izan. Orduko zenbait izen, Simón Sánchez Monterorena, esate baterako, hagitz ezagunak baitira egungo egunean. Beste zenbait, berriz (hala nola Ocañan afusilatu zuten Zoroarena), ez hainbeste. Inoiz pentsa daiteke damnatio memoriae baten zigorpean gelditu direla hau, hori eta bestea.
Lerro hauek guztien, hilen eta bizien, goretsien eta gaitzetsien, oroitzapenetan doaz argitara. Borrokalekua elkarren aldamenean izan genuenok, hango nahiz hemengook, ez gara elkarren adiskide agertu beti. Adiskide ez, beharbada, baina bai, nahi eta ez, elkarren lagun, ahaide eta are senide. Senide haserre eta sumindu, nahi baduzue.
Idazleak gorrotozko uzta joriaz orduan pentsatzen zuena ez zegoen agian orain axaletik begiraturik dirudien bezain oker. Lekuari dagokionez egin zuen kolpe huts. Hark inorengan ikusten zuen sua etxean biztu zaio, orduko amesgilea bera ere irentsiko lukeen neurrian. Barka bekio, arren, idazlea baitzen bere kaxkarrean eta ez profeta. Nola asma zezakeen sekula tirorik entzun ez duten olerkaririk bakezaleenak ere gudari bipil bihurturik aurkitu behar zituela gurean?

———

Egunaren hurren eguna berriz ere. Eta badirudi, halaz guztiz, arestian ohera naizela. Denboraren lasterra!
Egunerokoari ekin beharko orain. Errejimeneko bulegoan nago eta ez dut lanari buruz kexakizunik: ez da ez neketsua ez aspergarriegia. Gaur, nola sarrera nahiz irteera berririk ez omen dugun, ez dut agertzeko presarik ere. Ez da egiteko astunik izango. Gero, beti bezala, hor etorriko zaigu gure don Pedro. Bizkor horietakoa ez da, beharbada, baina bai aski prestua. Hori, eta ez da hutsaren hurrena, ez dago ukatzerik. Ezta gaztetango beroaldiak, neronen gisan, epelduxe dituenarentzat ere.
Benetako adiskidetasunik ez da, egia esan, gure artean. Nekez izango ere, gainera, daramatzagun uniformeek, grisa bata eta berdexka bestea, bereizten gaituzteino. Kalean bageunde, oraindik, ez dakit. Nolanahi ere, nere gauzen berri jakin nahi izaten du, lehia gogaikarririk gabe. Horren truk, eta hona non dagoen ajea, bereak ematen dizkit aditzera. Kezkatzen duten buruhausteak kontatzeaz gainera, burubide bila ere jo du neregana behin baino gehiagotan.
Urrikarri dudanik ez nuke esango. Gehiegixko ere balitzateke horrelakorik niri, neure buruarenganako gupida azkenik hastandu dudan honi, eskatzea. Daitekeena da, ordea, nik esanak horrexegatik beragatik probetxuzkoago izatea, inoiz edo behin bederen.
Barregarri ere bada, harrigarri ez ezik, hura ibiltzea nere ondotik bere ezbehar eta larrialdietan. Arrazoizko da, haatik, ongi begiratuz gero. Burua urdinduxe duenean lau seme-alaba eta emazte erixka baten jabe gertatzen den gizon helduarentzat bizia ez da maiz aski ihespiderik gabeko zoko galdua baizik. Nik, berriz, ez dut kezkarik. Zorioneko ere banaizela —gizakumeari dagokion neurri murritzean, jakina— esango nuke, antzinatik datorren goganbehar beltz hura somatzen ez banu neure baitan: horrelako hitz harroak direla medio norbaiten, ez dakit noren, ezinikusia neureganatzeko ikara, alegia.
Ez da beti horrela gertatu, ezta alderatzeko ere. DGS-eko kalabozoetan, poliziaren kontrako borrokak artegatzen ninduen batik bat, eramanaren poderioz eta maltzurkeria bitarteko, beti zapaldua neunkatelarik, ari nuen borrokak. Galdaketaz galdaketa nerabiltenean, eta are gehiago gelazuloan ahazturik bezala nengoen bitarte luzeetan, neureari eusten nion, ernai eta gogor. Hormak eta errajak gorabehera, besteri lotua nengoen, kaleko lagunei, eta odol nahiz amoriozkoak ez bezalako lokarriz lotua, gainera. Gau batez, azkeneko saioa bukaturik, alai nenkarten neure zulora, gailen ikusten bainuen neure burua aitortuak izenpetu ondoan. Garaipen honek, jakina, ez zuen inolazko zer ikusirik espero nezakeen etorkizunarekin, ez bainintzen artean etorkizun horretaz arduratu. Preso hartu nindutenetako bat nuen aldamenean: gazte, ile-horixka, itxurazkoa, gorbata urdina zeraman, ongi gogoan dut, gorriz barratua, ezarian begiak lotzen zizkidana. Hizketan zetorkidan, irrimurritza ezpainetan, kontent hura ere bukatu genuelako. Ez zen, noski, lagun arteko berriketarik, niganako agertzen zuen halako urriki hotza baizik. Eta berriz giltzapean uzteko puntuan, honelako zerbait esan zidan:
— Beno, beste bat arte. Ez zekiat ze arraiogatik sartzen zareten horrelako istiluetan. Ea jasoko duan urte mordoxka hori ez den gehiegizkoa gertatzen. A, lehengoa ahaztu zaidak, jakina, eta haren kondizionala…
Eta hitz biluzi hauek gelditu zitzaizkidan, egun haietako irain eta zakarkeria guztien ondoren, gogoan josiak. Loak alde egin zuen. Hitzok belarrietan nituen behin eta berriro, gau eta egun, gupida aire harexekin berarekin. Eta haien oihartzunak ikuskari bat, ustez atzendua, zekarkidan gogora, begien aurrean balego bezain argi. Bost urteren buruan, izan ere, izan zuen asti begi-muinetan ongi itsatsirik geratzeko. Aldatu arren, beti bateko irudia: patio zabala, lau aldeetarik adreilu gorrizko etxez inguratua. Kolore miragarriz janzten du eguzki berriak, distira haserrea dario eguerdian eta bake osinean murgiltzen da ilunabarreko ordu arrean. Bakartasun-ugartea, pareta altuz hesia, jendetza izengabearen kolkoan. Isiltasunezko ur geldi hartan denbora badoa eta, halaz guztiz, egonean dago. Urtaroak ez dabiltza, ibili, elkarren segidan: betiko leloa dute berritzen, aspertu gabe, negua neguaren pare, uda udaren…
Bi urte eta joan dira geroztik. Baldin aipatu dudan sosegu horretaz hasiera-hasieratik jabetu nintzela banio, gezurra nioke. Hasi berri hartan, baita geroago ere, neure erorikoaren ingurumari guztiak aztertzen nituen etengabe. Ezinbestean niharduen horrela, ezin bentzutuzko indar baten morroi, gogoetaren gogoetaz gertatua desgerrarazteko modurik balego bezala. Egin dezagun kontu egun hartan, bezperan nahiz hamabost egun lehenago agitu zen zerbait apur bat —pittin-pittin bat— aldatzen dugula. Eta hona non, aldaketa huts hori dela bide, beste gertakari andana sortzen den, bata besteari lotura estuz lotua… eta, halere, preso hartzen ez nautelarik. Eta bestelakatze hori, nola edo hala, hogei, ehun, mila bider lortu nuen. Joko horrek, gauez batik bat, etsai gaiztoa bailitzan menderatzen ninduen eta ez zen eskapatzerik.
Gero, urteen joana dago beti gogoan nahiz gogapean. Bai, badakit esana dudala, behin baino gehiagotan, denbora ez dela mugitzen leku hauetan, eta ez diot neronen esanari ukorik egingo. Ez du oinik higitzen, baina oinatza uzten du ondotik. Guztia erretzen eta suntsitzen duen erregaia da: ilea, hortz-haginak, azala… Eta hori guztiori, sentikoitasun zorrotzago baten bitartez, nabari duzu zerorrek, den ttikiena dela. Erretzen ari den kandela zara, erretzen ari zarela dakizuna. Garrak ez dizu minik ematen, baina, zeure burua deuseztatzen ari dela dakizularik, sudurretan duzu beti urtzen ari den argizagiaren kiratsa.
Gero, poliki-poliki, bakeak egin nituen neure buruarekin. Berez nagusitu zitzaidan aldarte hori, ez saiatu nintzelako, segur aski, eginahalak egin arren baizik. Arian-arian ulertu nuen, argi baino argiago, ez nuela nik nengoen egoeraren kulparik: ez nik, ez don Pedrok, ez beste edozein goardiakok, ezta azkenik juzgatu ninduten militarrek ere. Ez zegoen inoren bizkar egotz zitekeen erantzukizunik. Are gehiago, eta hau da gehien zihoakidana, behar bezalakoa zen nere egoera. Ez zen, zeru garbitik behera amiltzen den oinaztarriaren pare, ustekabean jo ninduen erauntsi miresgarria. Ez. Neronen zoria zen, neure herriarena, neure belaunaldiarena. Saihestu nuen, bada, anartean suminez bezainbat saminez oinazetzen ninduen neure buruarenganako gupida. Bestelakoa zen, egia, zenbait kidekoren zoria eta, hagitz bestelakoa izateaz gainera, baita hobea ere, itxuraz behintzat. Besterena zen, ordea, ez neurea eta azkenik heldu nintzen, egiaz ari naiz, hori bekaitzik gabe aitortzera.

Aldi joana isila dut eta ez nau ustekabean asaldatzen. Haurtzaro eta gaztarokoa suntsitu zen: beste mundu batekoa da eta ez dut aspaldian mundu horrekin lot nazakeen elkarbiderik. Bestea, arestikoa, hain izan zen laburra… Urtebete iraun zuen, doi-doi. Orain gogora dezaket larritu gabe, baina ez naiz hartaz gehiegi arduratzen. Gibelaldean, urruti, dagoen oihala da, erdi argi erdi ilun, eta lehenak zauri ez nazan, kristala dut bitarteko.
Lanean ari nintzen, gau eta egun. Hala behar ere, gogorra baitzen bizitza, batez ere urte hilen pisua arrastaka generamanentzat. Berandu agertu nintzen, gainera, leku hutsik gelditzen ez zen mundura. Lehian atertu gabe, berriz eta berriz. Eta han nonbait, zoko ezkutuan, ehiztarien ihesi dabilen piztiaren sena, zelatan dauzkan arriskuen begira.
Orduan ezagutu nuen. Ez naiz ongi oroitzen noiz eta nola egin genuen topo lehenbizikoz. Bestela bezala gertatu zen, ez bainion nik antzeman berekin zekarren ezkutua. Hurbiltzen gindoazkion elkarri konturatu gabe eta bat-batean eguna zabaldu zen ene baitan, eta aspaldidanik ametsetan ere ahazturik neukan soinuaren lehen hotsak entzun nituen berriro.
Udaberri hatsarrean, gogoan daukat, elkarrekin gindoazen igande goiz batez, aldirietan barrena. Lanbroak, eguzkiak artean uxatu ez zuen lanbroak, bere ganduz estaltzen zituen bazterrak. Haren besoan nuen eskua eta ukitze arin horretan bizi nintzen ni oso-osorik. Hotzak zurbildua zuen aurpegia. Noizean behin, haize mehearen hotzikarak inarrosten zuen eta, batak besteari begiratzen genionean, den-dena —hura, ni, inguru lanbrotuak— gatzaturik gelditzen zen, sosegu betezko geldiune soil batetik dilindan.
Neure burua berriz ere presondegian ikusi nuenean, haren irudiari lotu nahi nintzaion eriosuar. Haren beroak inguratzen ninduen ametsetan eta eguargiz. Elkarri idazten genion. Gero, ez dakit ongi zer gertatu zen. Bitarteko genituen kartek eskaintzen ziguten gaia idorregia zen, agian, eta alferrik egiten genituen leherrenek asperturik eta gogaiturik utzi gintuzten azkenean. Dena den, gero eta bakanago agertzen ziren eskutitzak; azkenik, mututu ziren. Ez diot sekula txartzat hartu. Horrelaxe garabiltza bizitzak. Hura urrundu zuen eta azken batean nerau naiz, segur asko, urrutien saihestu nauena.

Neurean naiz berriro. Beharrik (hola aitortu behar orain), ez nintzen luzaroan libre egon, gero mira egiteko adina ez, bederen. Aspaldiko bazterrak ezagutzen ditut eta haien neurriei egokitzen saiatzen naiz, debeku larririk gabe. Kondenatu berri hartan, mingarri zitzaidan penatuen uniformea jantzi beharra. Orain ikusten dut zein oker nengoen. Hori zen, izan ere, niri zegokidan janzkera, beste edozein jantzi-erantzikoa bailitzateke neretzat. Grisa da kolorez, apala, eta soinean dudanean naiz naizena: itzal-herriko itzal ilauna.
Ezinbizirik ez dudala esana dago. Edozein aldetarik begiratuta, pasamodu moldatzen naiz. Gainean dudan zigorra, zortzi urte, ez da gehiegizkoa. Horretaz gainera, bai, bestea dago, gerratekoa. Lintzura lintzuraren hurren, eta zenbatenaz ere lehiatzen zaren oinak lehorrean landatu beharrez, hainbatenaz murgiltzenago zara lokazpean. Zorionez, ordea, hemen pasa beharko dudan epea luzeegia da, onenean ere, hainbeste lagun atzipetu dituen kontaketa likits horretan neure burua iraultzeko, falta diren egun, aste eta hilabeteen kontaketa, gehigarriak eta ken-beharrak barne. Eguneroko kontaketa aspergarriaz ari naiz, azken ekoizpena aldez aurretik dakiguna izango ez delako irudipen zoroz behin eta berriro hasten dugunaz.
Bizitzeko adina badu gorputzak. Badut anaia, anaiak laguntzen dit eta laguntza hori, hemengo lanbideak ematen didanaz gain, aski eta sobera dut. Haren laguntza ez da beste mundukoa, egia, baina nola eska gehiagorik? Gehiegi ere egiten duela iruditzen zait, zenbaitetan.
Haren bisitek, lehenbiziko hartan, nahigabetzen ninduten. Ezin konpreni hark, etxea oinarri sendoen gainean eraiki uste zuen guraso hark, nere jokabidea: erokeria, bere iritzi zentzudunen arabera. Ni, berriz, zaurietan zirika somatzen nueneko, hitza ezpainetarik jaulki baino lehen sumintzen nintzaion. Izan ere, neuri zegokidan, ez besteri, neure bizkar eroria nuen zorigaiztoaren erantzun-beharra eta, hori zela bide, maiz azkendu genituen geure ikustaldiak haserre bizitan. Orain, besterik da. Ez dut uste ene jokaera ulertu duenik, baina badirudi behintzat nitaz eta neure zoriaz etsi duela. Nik, aldiz, bere buruagan eta zimendutzat hartu duen lurrean hain dut aurkitzen fidatua, non inoiz edo behin beldur bainaiz ez ote dion lur horrek huts emango egun edo bihar, haurtxo bat bezain ahul eta zurtz gelditzen delarik. Ez dakit, gainera, beldur naizen ala gogo dudan.
Orain ez dut deusetan larregi sinesten. Denbora batean, ordea… Orduan neure buruarenganako adina neure oinaze-lagunenganako sentitzen nuen urrikiak zapaldua nendukan. Zuri eta beltz ikusten nuen zuzentasun eta bidegabekeria hitzen erabateko balioa. Munduak ezin zezakeen eraman eta ontzat har hemen barrena ikusten genuenik eta, goiz edo berandu, saiatu beharko zuen makurrak zuzentzen, zauri gaizkoatuak gorputz osoa ustel ez zezan. Ez jakin nik artean gorrotoa eta indarkeria munduaren errai-erraietan kokatuak ditugula. Ene xinplekerian, borroka, nolabait esan, on eta gaizkiaren artekoa zelakoan nengoen. Geroago ikasi dut gizonen hitz sutsuek, gora-goraka garraren irudiko dabiltzanek, ez dutela zer ikusi askorik gertakizunekin. Doinu ederra darie, baina ez dator bat gauzen marmar traketsarekin.
Kaleko lagunak joan zaizkit gogotik. Halako batean, hemen topatu dut bat edo beste, gure artean. Aldatu egin gara, ordea, bai haiek eta bai ni. Etena da antzinako lokarria eta oroitzapena bera ere ezabatuz doa.
Ez dut adiskiderik. Ezta premiarik ere, neure buruarekin ongi konpontzen naiz eta. Patioratzen naizenean, gogoz egoten naiz lur-koloreko nekazari talde bati edo besteri begira. Ez dakite beharbada zer-nolatan jo duten hona, baina ez dute haatik ez auhenik ez arrenkurarik isurtzen. Ez diete, gainera, kasu gehiegirik egiten esplikatu nahiz etengabe ari zaizkienei.

Adiskide bat izan dut, egia esan; ez, haatik, bila ibili nintzelako. Herritarra nuen, eritegian zeukaten gizon heldua. Halako handitsu gisakoak sortzen zitzaizkion iztarte-galtzarbeetan, hemen desagertu ahala han agertzen zitzaizkionak. Hauek ziren, behinik behin, gogoan ditudan gaitzaren ezaugarriak. Gaitza zein izan zitekeen ez dakit nik, ez zekien berak eta ikusi zuten medikuek ere ez bide zuten ezagutzen. Guztiok genekiena, eta berak ere bai apika, axalean besterik sinetsi nahi bazuen ere, hauxe zen: ez zuela sendabiderik. Ez dakit zerk neuregana zuen hain bortizki. Aldi joanak, noski: ezinarekin borroka berriz, bederik behin, ikusi behar zuen aldiak. Nigan jaioterria somatzen zuen nonbait, igande arratsaldeetako bake eguzkitsuan emazte-alabekin egiten zituen ibilaldiak, plazan gazte jendea dantzan ari zen bitartean. Erregaliaz betetzen ninduen eta emazteak, Jainkoak daki nola, sortzen zizkion huskeriak niri harrarazi beharrean zebilen beti. Eta kontu gero, nik inoiz neure aldetik zerbait eskaini nahi banion! Aldamenean behar ninduen, eritegia zabalik zegoeino. Lozorroan aurkitzen nuen zenbait aldiz, sukarraren mende; ernai, berriz, beste zenbaitetan, hobeki zegoelako pozez. Honelakoetan, patxada ederrean mintzatzen zitzaidan familiaz, denda-mutil gisa pasa zituen urte luzeez, gero, lanaren poderioz, denda-jabe bihurtu arte.
Noizean behin, bere hondamendia eta etxekoen eramankizunak gogora zetozkionean, haserre kiskalgarriak hartzen zuen bat-batean. Izan ere, bazuen haserrabiderik, gauzak harako zenbaiten ahotan oraindik “normaltasun” deritzan haren neurriz neurtzen badira, behinik behin. “Unión Nacional” zela eta, juez-agiriak zioenez, diru pixkaren bat eman zuela, zenbait paper irakurri eta zabaldu, eta kito: hamabi urte eta eguna lepora zizkioten. Bera, ordea, nahiz holakorik franko gertatu bazterretan, etsi-etsia zegoen berari egin zioten bidegabekeriak mundu osoaren izaera eta egoera nolaerebait bere onetarik atera zuela eta destokitze horrek ekarri beharko zuela, nahi eta ez eta luzarora gabe, zegokien eraso ikaragarria bere borreroen gainera. Nik, jakina, ezin nezakeen horrelakorik sinets. Pertsona gehiegi ikusi baititut heriotzara zeramatzatenean, egungo egunean nik eta bestek ahazturik dauzkagunak, eta haien hitzak entzun, esperantza horrek, zuzen-egarri horrek berberak sutan zeuzkanak. Ez nion, ordea, ezer esaten. Irudipen hori zuen, segur aski, gorputz ustelduxeari osorik eusten zion lokarri bakarra.
Ahulago zegoenetan, kartak idaztarazten zizkidan, eta ez zen atsegin izaten ahotik zerion nahaste urrikalgarri hura entzutea. Emazte-alabak, berak urrea bezala bizitzea nahi, merezi zuten gisan, eta mixerian ikusteak kupitzen zuen. Neskametzan zebilen emaztea, alaba berriz haurtzain edo zeukan nonbait eta ezin eraman zezakeen haiek horrela ikustea, premiazkoenari ere uko eginez, berari hain janari garestiak bidal ziezazkioten. Eta halako batean, besterik gabe, sumintzen zitzaien eskatua zeukan hau edo hori pardelean etorri ez zelako. Eta hori noiz gertatuko eta orain gertatzen, hain zuzen, medikuak hitzeman zionean ez zeukala gaitzik egonak eta ongi janak sendatuko ez zionik. Nahigabe oihuaz bukatzeko: “Ez dakizu, ezin jakin dezakezu, kuttun horrek, zenbatetaraino mintzen nauten nere erruz, nere erruz bakar-bakarrik, ikusi behar dituzunak. Inoiz edo behin, behinik behin, paga albanitza nik nolazpait ere ni naizela medio sofritu dituzuen nekeak!”. Horixe zeukan gogoan josia, eta behin eta berriro, aterraldirik gabe, agertzen zen lelo hori jasotzen zuen, haren ahotik jaulki ahala, nere luma hotzegiak, ikararik gabe.
Emaztearenak ere erakusten zizkidan. Ez zuen letra batere itsusia, astiro eta nekez idazten duen pertsona batena izan arren: “Nola pentsa dezakezu, Antonio bihotzekoa, zutaz ahaztu naizenik? Joan den astean ez nuen eskatzen zenidana bidaltzeko modurik izan. Ez berandets, ezinbestekoa izan baita atzerapena: hurrengo aldian hartuko duzu. Diozun botika hori ere sortuko dizut, luzatu gabe. Eta, batez ere, zaude trankil, larritzeak beste edozerk baino kalte gehiago egiten dizu eta. Ez duzu gutaz arduratu beharrik. Ongi konpontzen gara”. Eta azken aldera nexkaren eskutikako lerro pare bat, zuzen baino okerrago amaren esanera eginak. Iluntze oro, han uzten nuen eritegiko ohean, karta eta oroitzapen. Iratxoak ere, gau isilean lapur antzera barrentzen diren aurpegi nahigabetuak, ez zebilzkion urruti.
Kemenak ahitzen ari zitzaizkion, nolanahi ere, eta ezin gorde bere buruari gaitza gaizkitzen zihoakionik. Halaz guztiz, medikuen zabarkeriak eta sendagairik ezak zuen errua, ez bestek. Ai, behar bezala zainduko balute!… Eginahalak eginak ziren eri-presondegi batera eraman zezaten, baina horretarako behar zen agindua, hila joan eta hila etorri, ez zen oraindik ageri. Horrek erretzen zuen gizona, ikusten baitzuen, ikusi, egunak igaro ahala, esperantza ere urritzen zihoala.
Agindua etorri zen azkenik eta eramaileak ere bai, aginduarekin batera. Berri honek, ordea, hainbeste hilabetez gogoan eta ahoan itsatsia zeukan berriak, poztu beharrean, beztiduraren irudiko isiltasun beltz batez estali zuen. Igarri zion, nonbait, tokialdatze hori ez zela itxaropidearen hasiera, azkena baizik. Mutu eta uzkur, arretaz bildu zituen bere puskak, eta ez zion inori laguntzen utzi. Nere besoaren arrimuan ibili zen azkeneraino. Aldendu beharra ailegatu zenean, estu eta larri lotu zitzaidan besarka, niri eta bizitzari batean agur egiten bailigukeen. Kezkatan nengoen ez ote zitzaidan erantzunaren motelaz ohartuko, baina ez zen konturatu, gainezka zeraman oinazean igeri baitzebilen.
Egun gutxi barru jaso nuen agindu zidan eskutitza. Bizpahiru karta joan eta etorri ziren, presondegitik presondegira ibili ohi diren kontrabandokoak, hutsaren hurrengo huskeriak itzulingururik nahasienen bidez adierazten dituzten horietakoak, alegia. Gero, hilabete batzuen buruan, hilberria etorri zitzaidan, soil-soilik. Ez ninduen ustekabeko saminez jo. Ez zen ordurako errainu hits bat besterik. Ondotik pasatzen zaizkigu horrelakoak, hurbilxeago nahiz urrutixeago, biziak edo eraginik, eta ezerezean murgiltzen dira gero, gartzelaren lau paretak inguratzen dituen ezerezean, harria itsas hondargabean hondora doan moduan.

Bada beti hemen juizio-zain dagoen jende berririk. Iturria ez da agortzen, eta hala behar ere. Eskarmenturik gabeak dira batzuk, ezina egin nahian penagarrizko estiran luzaro urratzen direnak, hemen bizi behar baitute gorputzez gogoa kanpokoei lotua dagoen bitartean. Beste batzuek, berriz, ia Espainiako presondegi guztiak ezagunak dituzte. Maiz jotzen dute neregana bere arazoekin, dudan karguak bai baitu nahikoa zer ikusi hemengo bizimoduarekin. Hori dela bide jakin ohi dut besteren iritzi, asmo eta ametsen berri. Eta, nahiz hauek aski ergelak izan frankotan, zuzen ateratzea ere gertatzen da, eta ihes egiten didate orduan neure eremuetarik. Nolanahi ere, etsirik ez diot inori ematen. Ez nabil horien gezur-ametsen premian, baina ederki ikasia dut, neure bizkar, ikastaldi neketsu batek bakarrik eraman gaitzakeela geure buruaren jabe, ez irudipenen eskuko, izatera.
Gau batzuetan, ohi baino alaiago etzaten naiz. Halako ezinegon beroa nabari dut gogo barrunbean. Ongi ikasia naiz egiaz mantentzen eta izen kontsolagarriak zokoratuz izanari atxikitzen. Badakit, ordea, gorrotoa ez dela izen soila, gaur ezer baldin bada. Eta pozik nago, bai baitakit ongi baino hobeki, burukipean gogor eta biribil baneuka bezain ongi, ereindako hazi ugaria hazten eta mardultzen ari dela ni lo nagoeino. Eta amets bat egiten dut, berbera beti: garrak, zentzuz beterikako gar ederrak, dantza eta jauzi dabiltza gau-zerua gorrituz, eta haizeak sakabanatzen ditu lurraren gainean milioika txinparta bihurturik.
Holaxe dihoakit bizia, soseguz, isilik. Badut, haatik, goganbehar bat, ezin menderatuzkoa. Badakit, somatzen dut, hor nonbait gelditzen zaidala zain-mutur minberaren bat. Haren pilpira sorra nabari dut aldizka. Eta beldur naiz beti edozein huskeriak —zuhaitz, bazter ezagun nahiz gorroto ditugun begi maiteen oroitzapenak— ez ote didan, egun edo bihar, agerian utziko, taupaka, ikaragarri…

Iruzkinak