[bertsolari.eus] ZIEGATIK BERTSOTAN I • Ibon Muñoa

2020, 22 iraila


[ZIEGATIK BERTSOTAN I] Ibon Muñoa
Ibon Muñoa
bertsolari.eus

FERMIN ETA FERMINA

Auzitegi omen den
Nazional horretan,
Fermin eta Fermina
adi leotzetan,
urrundu dituztenez
azken urteetan,
desioa dirdirka
dute ninietan.

Estuki zeneuzkaten
lotuta bilurrak,
polizien erdian
keinuak zuhurrak,
bat egin zuten zuen
begien agurrak,
gogotsu zeuden ezpain
hezetsu samurrak.

Musu xume harekin
izan zen nahikoa,
segundo bat bakarrik
baina magikoa,
unerik ederrena
berebizikoa,
xalo adierazteko
euren artekoa.

Kartzelan zitzaizuen
piztu maitasuna,
agerian zegoen
atsegintasuna,
sentitu zenuten zirt
zoriontasuna,
zirriekin aurkitu
larruen tasuna.

Haginka etorri zen
sakabanaketa,
gertatuko zen zital
beren banaketa,
ordutik eurentzat da
amets hurbilketa,
bikote batek behar
duen arnasketa.

Sailburuak agintzen
ditu mendekuak,
berehala zintuzten
bereizi kaikuak,
gure Euskal Herrian
badira lekuak,
goxo helduta bizi
daitezen eskuak.

Orain urritu dira
euren harremanak,
oroimenean daude
atzoko laztanak,
gutunekin dituzte
trukatzen esanak,
telefonoz hitzartzen
gerorako planak.

Eguzkiak zelaia
janzten duenean,
dena da zoragarri
lilien soinean,
zuen zain daukazue
askatasunean,
gerezien lurrina
ohe apainean.

2011ko otsailaren 7an


Eguneroko patatari

Patata, lursagarra
gure berriketan,
dakusagu otordu
ugarietan,
frijituta dakarte
aldi batzuetan,
nolanahi egosita
gordin gehienetan,
egun horietan
nabil zalantzetan,
beha azpiletan
ehiztari lanetan,
baldar zuritzen dute
zulo honetan.

Patataren mamia
berriro belztuta,
eseri naiz mahaian
aztoratuta,
sendagileak dauka
bista urrituta,
sukaldeko zikinek
gauzkate sututa,
horrela ohituta
txar elikatuta,
gaude nazkatuta
eta aspertuta,
sukaldaria dago potolotuta.

Patata asetzeko
duzu gaitasuna,
munduan zor dizugu
adeitasuna,
espetxean joan zaizu
azkar ontasuna,
lurrak eskainitako
oparotasuna,
erantzukizuna
du, mardultasuna
gaitz utzi dizuna
erabat lizuna,
itzul diezazutela bikaintasuna.

Nekez ahal zaitugu
gogoz ahoratu,
zure izena ezin
dugu goratu,
sukaldean zaituzte
mailaz beheratu,
jantokian irainez
zakar azpiratu,
patata artatu
leunki haztatu,
nahi zaitut sustatu
ganoraz prestatu,
arrautzopil batean urtsu dastatu.

2011ko otsailaren 14an


Joan zizkigun kide gaixoei maitasunez

Kartzelak utzi zaitu
zurbil, hebaindua,
larri gaixotu zara
zabiltza hildua,
maite duzu bizitza
herri zapaldua,
uxatu nahi zenuke
gogotik gandua,
onduta ikusteko
aberri mindua.

Lurrari eskainita
tinko gaztaroa,
urrun izan zenuen
goxo abaroa,
sarean jausi zinen
kaltetu geroa,
pairatzen ari zara
mendeku eroa,
sentitu nahi zenuke
etxeko beroa

Kartzelak zurekiko
arreta eskasa,
mina arindu duzu
sarri zure kasa,
gaixoen egoera
makur eta basa,
sendagile batzuen
jarrera jolasa,
osasun arloa da
erabat narrasa.

Espetxean gaixorik
bikoitza zigorra,
gaua minez igaro
zinez da gogorra,
zure hitz jarioa
dago lar agorra,
justizia zurekin
itsu eta gorra,
esperantzen zelaian
dihardu txingorra.

Aske utzi zaituzte
hutsak estaltzeko,
herritarren oihuak
zerbait isiltzeko,
aurkitzen zaren arren
herren ibiltzeko,
iritsi zara garaiz
sendia gurtzeko,
presoen lagunei
maitez eskertzeko.

Zirimiriak gaitu
busti barra-barra,
zure ilunaldean
ari du negarra,
etorriko da galant
gure ostadarra,
histura bihur dadin
bihar irrifarra,
amnistiarantz zoaz
aupaden iparra.

2011ko apirilaren 23an

Iruzkinak

Bilatu blog honetan:

txio-txio


Kartzela kontuak


→ #EspetxeanIdatziak ←

→ Galtzetan gordetzeko ←

→ "Txabolotik" bloga ←

→ @ManexZubiaga ←











Euskal Preso Politikoen Kolektiboa

kalerainfo aldizkaria [kalerakalera.eus]

  • kalerainfo 11 → PDF
  • kalerainfo 10 → PDF
  • kalerainfo 9 → PDF
  • kalerainfo 8 → PDF
  • kalerainfo 7 → PDF
  • kalerainfo 6 → PDF
  • kalerainfo 5 → PDF
  • kalerainfo 4 → PDF
  • kalerainfo 3 → PDF
  • kalerainfo 2 → PDF

Presoen egoera



Jarraitu

Kontaktua

Atalak

Admin








Creative Commons
lizentzia baten menpe




Software librea
erabiltzen dugu



TOR projektua