[bertsolari.eus] ZIEGATIK BERTSOTAN III • JOAKIN ARREGI

2020, 23 iraila


[ZIEGATIK BERTSOTAN III] Joakin Arregi
bertsolari.eus

Zalantza batzuk izan dizkiat bertso sorta hautatzeko unean. Azkenean txoko batean gordeta neukan koaderno batean hauek topatu ditut. Nahiko intimoak dira, eta une oso berezian idatzitakoak. Euskal Herrira itzultzeko erabakia hartu ondoren eta zalantzez beteta nengoela osatutakoak. Avila mendikatera ematen nituen itzulietan inspiratutako bertsoak dira. Venezuelan idatzitako azkenak hain zuzen, 2005an.

KARIBEN ETA KANTAURIN AMETS BAT DABIL ITZULIKA

Doinua: Habanera

1
pentsamenduak askatuz
ametsetan nire kabuz
izan nahiko nuken hori
hemendik dezaket ikus
ez nadin gelditu behintzat
ez amestearen damuz
zergatik gaude lotuta
ezartzen diguten arauz?
burura berez datorren
ametsa ezin da inaus
ametsa bideratuta
ibili gintezke taxuz
ta nahiz egunerokoan
partekatu hainbat lapsus
amesten jarraituko dut
bizi naizela pentsatuz

2
egunsentia sentituz
biziki egin dut Uuupa!
ohartuz bart egindako
ametsa ez dela buka
sarri etortzen zaidana
ezin dezaket izkuta
horrela entzun dut Avila
mendikateko turuta
sormenaren zukutik
ai! zer nolako zurrupa
desioa ta aukera
biak batera batuta
irlatik irlara doa
fantasiaren txalupa
libre dabilen ametsak
berezko indarra du ta

3
irudikatuz Kantauri
partekatzen dut Karibe
bizi naizen prozesuan
biak ditut parekide
ziaboga bakoitzean
olatuak nahasten dire
eta joan-etorri horrek
ditu hainbat zehar-bide
biak gertu biak urrun
ametsaren ibilbide
guneak eta uneak
gogoetaren partaide
fantasiaren mugetan
dena delako posible
itsasotik itsasora
ametsa hor dabil libre

4
helduleku dut ametsa
nire inguru txikian
nire baitan jarduteko
bakartien lubakian
egon ninteke_ilargian
egon ninteke ekian
hertz guztiak arakatuz
sormenaren aitzakian
bizitza irudikatuz
ametsaren antzokian
aztarnak egon daitezen
bidegurutze_egokian
bertsoak ez du mugarik
unibertso irekian
ametsa dabilelako
berak nahi duen tokian

5
Karibe eta Kantauri
bertsotan ditut uztartu
denbora pasatu ala
egin direnak zuztartu
iheskorra den ametsak
bizi grina dit indartu
bideko nekeak ez du
itxaropena lokartu
nahiz batzuetan hodeitsu
egoten dela ohartu
eta agian denborak
pentsamendua zahartu
bizipenen arabera
zintzo behar dut hitzartu
nire zuhaitz bikoitza
Jada_ezin dela bakartu

6
desiorik isilenak
hitza hartuko balute
sumendiaren ahoan
zenbat txinparta ta sute
agertzen diren figurak
biko forma hartzen dute
dosi txikian ttanttaka
jakinik denak daukala
gabezi hainbat bertute
planetan ez dago ezer
amets librearen truke
Ta_ortzadarraren zubiak
lorratza sortuko luke
ametsaren gorenean
ikustea nahiko nuke

7
Kantauri zai egon arren
Karibe ezin dut utzi
jartzen didate biluzi
bi hamarkada ta erdi
ez da ta denbora gutxi
punttuz punttu josi dena
orain ba nik nola hautsi
behar izan dutenean
zenbat maitasun igurtzi
jakinmina duenari
nahi nioke erakutsi
gelditzen zaiten bidean
baietz ametsari eutsi
bizitzari bezalaxe
nire oroimin ta guzi

8
ta nola biluztu naizen
sentitzen nuen bezela
Chavez aipatzea ere
uste dut zilegi dela
bizitza markatu didan
erreferentzi itzela
bera defenditzen inoiz
ez naiz izango epela
sinesgarritasuna du
idatziko dut honela
eta iraungitze data
ez da iritsiko bela
han dago Euskal Herria
ta hemen Venezuela
berdin zait, bakarrik dakit
“chavista” izango naizela

9
metaforaz metafora
burua nola kokatu
nahiz ulertuko dutenak
izanagatik lau katu
bihotzari mintzatzea
ezin zaio debekatu
berdinketa ezin hautsi
nahiz ta partida jokatu
zalantzak hor segitzen du
ametsa ez da bukatu
ametsa ez da bukatu
bertsoak dit orekatu
Karibe eta Kantauri
unez une partekatu
bitatik edan nahi nuke
ametsetan biak batu

Joakin Arregi Goenaga “Txe”
Caracasen, 2005

Iruzkinak

Bilatu blog honetan:

txio-txio


Kartzela kontuak


→ #EspetxeanIdatziak ←

→ Galtzetan gordetzeko ←

→ "Txabolotik" bloga ←

→ @ManexZubiaga ←











Euskal Preso Politikoen Kolektiboa

kalerainfo aldizkaria [kalerakalera.eus]

  • kalerainfo 11 → PDF
  • kalerainfo 10 → PDF
  • kalerainfo 9 → PDF
  • kalerainfo 8 → PDF
  • kalerainfo 7 → PDF
  • kalerainfo 6 → PDF
  • kalerainfo 5 → PDF
  • kalerainfo 4 → PDF
  • kalerainfo 3 → PDF
  • kalerainfo 2 → PDF

Presoen egoera



Jarraitu

Kontaktua

Atalak

Admin








Creative Commons
lizentzia baten menpe




Software librea
erabiltzen dugu



TOR projektua