Euskal presoen historia. Iñaki Egaña

2012, 9 urtarrila

Euskal herritar ugari igaro ziren Burgosko espetxetik 1936ko gerraren ondotik.

ESPETXEAK ETA EUSKAL HERRITARRAK

>> Igandea. Berria 2012.01.08: Euskal presoen historia. Iñaki Egaña. PDF

Gatazkak egon dira gizartearen hasieratik, nonahi. Borrokaldiekin batera, atxiloketak. Preso hartzen zituztenak esklaboak bailiran saltzen zituzten garaileek. Eta, horretarako, kartzelan sartu behar zituzten atxilotuak. Haien zaindariak sortu ziren. Kartzelariak. Lehen lanbidea.

Aspaldiko esaera batek dioenez, munduko lanbiderik zaharrena sexuarekin lotutako kontua omen da. Denok ezagutzen duguna. Baina, ene aburuz, ez da horrela. Gatazkak egon dira gizartearen hasieratik, nonahi. Borrokaldiekin batera, atxiloketak. Adituen arabera, preso hartzen zituztenak esklaboak bailiran saltzen zituzten garaileek. Euskaldunak egon omen ziren Erromako armadan, esklabo. Eta, horretarako, espetxe batean sartu behar zituzten atxilotuak, salgai jarri baino lehenago. Atxilotuen zaindariak sortu ziren. Kartzelariak. Lehenengo lanbidea. Harluxet hiztegiak kartzelaren definizioa ematen du: «Presoak giltzapean edukitzeko eratutako eraikina edo lekua». Ez du askorik zehazten. Gaztelaniazko Wikipedian ez da kartzelaren sorrerari buruzko aipamenik agertzen. Euskarazkoan batere ez, gezurra dirudien arren. Artikulua egiteko dago. Frantsesez idatzitzako Wikipediaren sarrera, aldez aurretik uste nuen bezala, gai honen historiaren abiapuntu hartzen ditu Michel Foucaulten lanak. Hori baino lehenagokoari buruz ez dago ezer. Ingelesezko bertsioan, baita katalanera egindako itzulpenean ere, agertzen dira kartzelari buruzko lehenengo aztarnak. Nola ez, katolikoen Itun Zaharrean. Bertan, presoak eta esklaboak nahasten dira Jerusalem hiri sakratuan. Galeretara bidaltzen zituzten preso gehienak orain dela bi mila urte inguru, lehenago hiltzen ez bazituzten. Eta galeretan oso gutxi irauten zuten. Gure etxean, foruek eta Nafarroako Erresumaren arauek ondo baino hobeto zehazten zuten kartzelaren azalpena. XV. mendean, esaterako, Bizkaiko Foruak bi kartzelari buruzko aipamena egiten zuen. Lehengoan, herrialdearen kartzela Gernikan kokatuz, eta, bigarrenean, korrejidorearena onartuz. Espainiako gobernadorea zen korrejidorea, eta haren izateak bi justizia elkarrekin bizitzea aldarrikatzen zuen, espainolarena eta euskaldunarena, hain zuzen ere.
Gure historiak pasarte ugari ditu espetxeaz. Sarraskiak, ihesaldiak, jazarpenak, sakabanaketak… Matxinatuekin lotuak. Josean Agirrek idatzi zuen moduan: «Kartzela espetxeratzearen arkitektura baino gehiago da Euskal Herriarentzat. Duela mende bat baino gehiago, ia etenaldirik gabe, euskal preso politikoak izan dira Espainiako eta Frantziako estatuetan, baita munduko beste leku askotan ere». XVI. mendeko konkista borrokaldian preso hartutako Nafarroako mariskala ezagutzen den lehenengoetariko euskal preso politikoa izan daiteke. Duela 500 urte kateatu egin zuten, eta Nafarroatik Espainiara eraman zuten.

Urruntzearen tresna politikoaren abiapuntua? Baietz erantzungo nuke. Errepresioaren haria luzea da, eta bertan belaunaldi askotako emakume zein gizon izenak aurkitzen ditugu. Zenbat emakume oinaztatu zituzten sorginak zirela aldarrikatuz? Zugarramurdin, Durangon, Lapurdin, ia nonahi. Sorginak, Frantziako erregeren
zerbitzariak, lapurrak, zelatariak…

XIX. mendean milaka euskaldun preso sartu zituzten. Espainiako historia ofizialak liberalen eta karlisten arteko gerlak aipatzen ditu. Gure historiaren ikuspegitik korapilatsuagoa da dena, eta, orduan, dinastia, erlijio eta estatu eredu lehien gainetik, matxinatutako herria eta okupazio armada zeuden. Galtzaileek garesti ordaindu zuten. Zenbat erbesteratu, zenbat preso! Afrikara eta Kubara eramaten zituzten presoak.
XX. mendearekin, euskal abertzaletasun modernoa ez ezik, langile mugimendua eta ezkerra iritsi ziren. Bizkaiko meategietako grebak eta errepresioak gure historiaren pasarte mitikoenak dira. Eta, bide batez, errepresioaren aztarnak. Kartzeletan. Oso ezezaguna den pasarte batean aurki daiteke mamia. Espainiako Bigarren Errepublikaren lehenengo urteetan Bizkaian izandako atxilotu komunistek Afrikako Gineako espetxean amaitu zuten. 1936ko gerra izan zen hurrengo pasarte gogorrena. Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, 1937. urteko amaieran, euskal kartzelek gerrako 17.900 preso biltzen zituzten beren barnean. Horietatik 3.500 Nafarroan, 1.600 Gipuzkoan eta 12.000 Bizkaian.

1938. urte hasieran errepresioaren arduradun frankistek sakabanaketa politikari ekin zioten, aurrez erabilia bazuten ere, orduko hartan izaera orokorrekoa izan zena. Euskal kartzelak estatu osoko presoz betetzen hasi ziren, asturiarrak nagusiki; euskal presoak Euskal Herritik urrun bidaltzen zituzten artean. Lehen lekualdaketek Larrinagako presoei eragin zieten; Burgosko eta Cuellarko (Segovia) kartzeletara eraman zituzten. Bizkaiko gainontzeko kartzeletakoak Puerto de Santa Mariara (Cadiz) eta Carmonara (Sevilla) bidali zituzten. Kontzentrazio esparruetan zeudenak San Pedro de Cardeñara, Mirandara eta Aranda de Duerora (Burgos), San Juan de Mozarrifarrera (Zaragoza) eta Rios Calientesera (Asturias) bidali zituzten.
Frankismoan eta Franco hil ostean kartzelek euskal presoz beteta segitzen zuten.

Euskal Herrian, Txilen bezala

1973ko apirilean, 2.000 lagun inguru preso sartu zituzten Iruñeko zezen plazan, eta, 1975eko maiatzean, diktadorea hil baino hilabete batzuk lehenago, 400 sartu zituzten Bilboko zezen plazan. 1973ko Iruñekoa XX. mendeko polizia pilaketa handiena izan zen. Aragoitik eta Kataluniatik iritsitako indarrek Iruñeko sarreran utzi zituzten autoak, Zaragozako errepidean, eta zenbait kilometrotako ilara osatu zuten.

>> Artikulu honekin lotuta: Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren historia jasotzen duen BURDINEN ARTEKO HERRIA

Share

Iruzkinak