Jokin Urain, “Zain gaudenon denbora”

2013, 5 martxoa

Jokin Urain Larrañaga (1959)
Mendaro
1986tik daukate espetxean.

> Wikipedia
> Armiarma

ZAIN GAUDENON DENBORA
Jokin Urain
Ataramiñe 12

ZAIN GAUDENON DENBORA

Muskerra horman

Ilunabarrak lekarkeen freskuraren egarri irten naiz leihora, gortinei albora eraginda; uztail honek itoko gaitu neurriz gainera luzatzen bada. Txolarreak, araba-zozokak, enarak dabiltza kantu eta txilio… Hala ere oraintxe itzartu direla esango nukeen, hegalari jendearen erretira ordua ez balitz.
Musker azaldu da aurreko bat azaldu da aurreko horman; teilatuaren hegalpean aurrera dator, bizkor etorri ere, segika duen txolarrearengandik ihesi.
– Pakito, Pakito! Egin diot deiadar alboko txabolora-. Ikusten al duk aurrean muskertxo hori?
Gure leihoetan zalaparta sumatzean ospa egin du txolarreak, eta hortxe geratu da muskerra, gure aurrean bosten bat metrora dagoen eraikuntzaren horman, teilatuaren hegalpean. Horizta da; ez gure sugandila eta muskerren ohiko kolorekoa.
– Gekoa duk hori; salamankesa. Sasoi honetan, ilunabarrean eta gauean, ateratzen dituk teilape eta gordelekuetatik. Mordoa zagok – diost Pakitok.
Ez dira, noski, berriak patariok leku hauetan; hemen ibiliko ziren geko hauek edo euren aurrekoak lehen ere, duela hogei-hogeita bost urte alegia, eta agian ikusi nituen noizbait, baina nire oroimenak ez du gorde hauen akordiorik. Gogoratzen eta ahazteko adina kiribil badu beti zain gaudenon denborak.
Egunen joanean neurez ikasi dut egia dela Pakitok dioena. Ilun-abarrean hasten dira salamankesok teilape eta beste ezkutalekuetatik irtenda horman zehar agertzen. Ilundu ahala ugaldu egiten dira; txiki samarrak batzuk, handixeagoak besteak. Gaueko jendea agi denez.
Gure galeriako ziega hauen leihoen aurrean lau-bost metrora paraleloan daukagu okindegia edo ez dakit zer lantegitzat darabilten erakina. Ezker-eskuin beste bi eraikuntza daudenez, etxe-bitarte itxia da gure moduluaren eta aurreko eraikin horren artean dagoena. Etxe-bitarte itxia bai, baina ez erabat iluna; Pakitoren leihoaren aurrean ezkerretara, etxe-bitartea ixten duen horman dago farola, isiotuta egoten dena ilunabarretik goizera. Gauez argi horretara inguratzen direnez eltxo, gau tximeleta, kakalardo eta genero guztietako inkontzienteak, pagotxaren jakitun dira gekoak eta ez dute hutsik egiten. Baina farolaren ingurura ez ezik, horman alde batera eta bestera ibiltzen dira, gora eta behera, eta lurrera jaitsita ere bai harantz eta honantz.
Horman gora edo joatean, edo harantz eta honantz dabiltzanean, ez dute bide-sail luzerik egiten abialdi batean. Joanaldi labur bat abiada bizian egin, eta geratu egiten dira, berriro beste joanaldi bizkor bat, eta geratu. Denbora luzean geldi egoten dira askotan, zirkinik txikiena ere egin gabe, ehizakiren baten zain, eta, eltxo, kakalardo edo antzekoen bat ikusten dutenean, mugimendu elektrikoan harrapatzen dute.

Euli-urte

Ilunabarretan ohiko entretenimendu bilakatu zait aurreko horman edo ezker aldera dagoen farolaren ingura begira jarri eta patari hauei erreparatzea.
Egun asko igaro baino lehen ohartu naiz beti ezkutaleku bertsuetatik irteten direla gekoak. Eguna beti txoko berean, bakoitzak aukeratuta daukan zuloan alegia, igarotzen dute dirudienez. Lurraldekoiak dira nonbait. Baina lurraldekoiak izateaz gain, ematen du euren ibili eta ehizaldietarako ere ohiko bideak eta inguruak dituztela.
Teilape eta hormetako txoko batzuk zaintzen ditut ilunabarrero; gordeleku horietatik irteten dira begiz jota dauzkadan lau-bost salamankesa, eta horman behera jaisten dira ia elkarri segika, gure aurreko eta ezkerreko eraikinen hormek lurrean hiruangelua egiten duten bazterrera. Hain zuzen hortxe jariatzen ditu ur tanta batzuk aurreko eraikin horretatik datorren hodi batek, eta esango nuke mamorro bazka oparoa aurkitzen dutela bertan. Litekeena da ehizara ordez hezetasun edo ur bila jaistea ere txoko horretara, asko edo gutxi edan beharko baitute dinosauro ttattarrok.
Gaueko hamarrak, hamaikak, hamabiak… Bost, sei, zazpi geko konta ditzaket horman, batzuk harantzago, besteak honantzago, teilapetik hurbilago edo urrutiago. Oraintxe batek egiten du eltxo edo mamarroa atzemateko tximista mugimendua; oraintxe egiten du beste batek metro eta erdi inguruko joanaldi bizkorra. Harrigarria iruditzen zait zein eroso dabiltzan koskarik gabeko horma leun horretan, edo zenbat denbora egoten diren geldi, laprast eginda erortzeko arriskurik eta beldurrik gabe, itxura batera. Badira horman gora teilatura igarotzen direnak ere; teila-lerrotik teila-lerrora jauzitxoak eginez joaten dira alde batetik bestera.
Zain egoten ohitutako harrapariak dirudite, eta pazientzia agortezina dutenak. Hamaiketan neure leihoaren parean aurreko horman ikusi dudan gekoa, leku eta postura berean egon liteke ordu erdi geroago; eta, mugitzen hasita, bi abialdi bizkorretan, egin ditzake horman hamar metro, eta leiho batetik desagertu eraikin barrura.
2010eko urte hau, nik besterik ezagutu ez dudan modukoa da euli-urtea. Patio-orduetan egoteko daukagun lekuan, zinez amorragarria eta ia erabat ezinezkoa izaten da apur batean irakurtzen edo idazten aritzea. Zer esanik ez soseguz gosaltzea; lanak izaten ditugu baso eta katilukada zaindu eta koilara edo zurrupada eulirik gabe ahoratzen… Telefonoz deitzera joaten garenetan, jasan ezina izaten da eulitea, zinez ernegarria, eta ez nintzateke harrituko haserre gaudela pentsatuko balute telefonoaren bestaldetik gurekin dihardutenek.
Bisita kabinetan bero sapa gehitzen zaio eulien izurriteari, bai bisitariak eta bai geu ez elkarrekin baina egoerarekin amorrarazteraino.
Ez da, nonbait, hemengoa bakarrik aurtengo euli izurrite hau. Telebistak esan du Euskal Herriko herriren batean ere antzera dabiltzala, eta sukaldeko mahai gaineko platerak euliz beteta erakutsi ditu pantailak.
Berez amorragarri eta nazkagarria den eulia, are jasangaitzago bihurtzen da mahaian, janari artean. Eta, hain ugaria eta ugalkorra ematen duenez, ez dakit zela uxa daitezkeen, edo zela ezabatu edo bakandu, negua bitartean zeharo petraldu eta zoratuko ez bagara.
– Geko horietako batzuk harrapatu eta lotu behar genizkikek, geuk egon behar dugun lekuetan euli amorragarriok ehizatu ditzaten – esan diot Pakitori.
– Baina, traila ipinita, egingo ote lukete eulitan?

Gekoa lanbrotan

Gaztelako uda bero eta eulitsua, amorragarria zinez, ustekabean joan da, urtaroek ohi dutenez. Ez digu astirik eman gekoak eulitan ipintzeko, trailan lotuta. Udazkeneko hego-haizeekin bakandu egin dira salamankesak, eta negua baino lehen guztiz desagertu. Eulirik ere ez da ageri eta gaitzerdi.
Alde bakoitzean hamar-hamaika metro dituen karratua da gure patioa. Hortxe ibiltzen gara pasioan, hortxe egiten dugu kirola, pilotan aritzen gara eskuz edo palaz… Eta horrelaxe ari ginen negu honetako arratsalde hotz lanbrotsuan Pakito eta biok, palekin pilotari eman eta eman, hezurrak mugitu eta soina berotu nahian, pilotakadaren batek mugiarazi eta bere zulotik irtenda horman gora doala ikusi dugunean gekoa, eskuz harrapatzeko baino goraxeago.
Negu hotzak gogortuta dago bera ere, eta hibernaziotik esnatu ezinean; udan ikusten ziren haien bizkortasunik eta mugimendu elektrikorik gabe, mantso doa horman gora, baina geratzeko asmorik gabe. Pakito erratzen baten bila doan bitartean, buruan daramadan txanoa jaurti diot. Huts egin du ordea, eta gekoak aurrera darrai, gorago ikusi duen zuloan ostendu nahian seguru asko,eta Pakitok ezin du atzeman erratzarekin.
Hartu lurretik eta berriro jaurti diot txanoa, eta berriz eta berriz, ez dakit zenbat aldiz. Batzuetan huts egin dut, beste batzuetan bete-betean jo, baina lapak haitzari bezala eusten dio hormari itsatsita… Halako batean, baina, txanoarekin batera jaitsi da geko horizta, eta atzaparkada bizkorrean atzitu du Pakitok.
Ur botilekin-eta prestatu diogu gekoari ahalik eta lekurik txukunena, eta planak egin ditugu: datorren udan, euliak hasten direnean, geu egoten garen mahai honen inguruan lotu behar dugu pataria. Janaririk ez zaio faltako euliak harrapatuz… Baina, geko bakarrarekin egongo ote dugu euliak bakan samar mantentzeko modurik?
Kanpoko eguraldi hotz eta bustitik barruko apur bat epelago honetara aldatuta, laster berpiztu da gure etxe-abere berria, baina ez du ematen asko mugituzale; kaiolaren txoko batean geldi egoten da denbora gehienean. Uda-udazkenean amaraun sareetan geratu ziren euliren batzuk, patioan aurkitu dugun mamorroren bat edo beste… ema dizkiogu, baina ez bat bera ere jan.
Alabaina, udaberriaren lehen zantzuak hasteaz batera sumatu diogu beste bizitasun bat, beste mugimendu batzuk. Urteko lehen euli bakanak azaldu dira goizerdi eguzkitsuan, eta horietako bat edo beste ematen dizkiogu patio orduan.
Aztarrenik utzi gabe jan ditu euliak biharamun goizerako. Neguko lozorro, hibernazio edo dena delakotik guztiz esnatuta eta bizitua dirudi gure gekoak. Ematen dizkiogun eltxo eta mamorroetatik batzuk jaten ditu… Euliak bakan batzuk baizik ez dabiltza oraindik, eta ez daude harrapatzen errazak. Mamorroak, berriz, urri samar egotez gain, ez dakigu zeintzuk izan daitezkeen egokiak, jangarriak. Bai baitirudi mizkin antxa dugula dinosauroa, ez duela jan nahi edozein mamorro mota. Kakalardoak, mota ezberdinetako koleopteroak, errefusatzen ditu batez ere, handiak nahiz txikiak, eta ez da izango oskol gogortxoa dutelako soilik. Mamorro txikienetako asko pozoitsuak direla ematen du, eta horregatik muzin egiten diela esango nuke. Uste genuena baino zailagoa gertatzen ari da gure salamankesa gobernatzea.

Gekoa trailan

Pentsatu dugu badela garaia gure pataria hezten hasteko. Izatez gure asmoa ez da gekoa heztea, geu egoten garen lekuko euliak janaraztea baizik, eta horretarako lotuta eduki behar, bere ehiza-barrutia sail horretara mugatuko bada alegia. Nola edo hala eutsi ezean laster joango litzateke beste nonbaitera, euliak gure ernegurako lagata. Baina gekoa, berez, bezatu gabea, ahalik eta basatiena eta barrabastuena izatea ez genuke txartzat joko inola ere. Aitzitik, komenigarria dateke, seguruenera, bere sena primarioena ez galtzea, mamarroak eta batez ere euliak elikagaitzat ez ezik ehizatu eta jan edo birrindu beharreko etsaitzat har ditzan. Suhartasun ahalik eta goriena izan dezala, alegia, eulitan, eta goseak ez ezik euliekiko etsaigo apelaezinak eraman dezala hegalari amorragarri horiek harrapatzera. Lau hilabete inguruko eulitea daukagu aurrean, eta, iazko euli jasa ernegarria gogoratuta, beroa baino erruz jasangaitzagoa iruditzen zait hegalarien izurritea.
Darabiltzagun asmoak zuzen ateraz gero, geu egoten garen leku honetan lau-bost geko ipintzea izan daiteke konponbidea. Bada, gainera, gure artean, burubide hori aurkikuntza mirarizkotzat duenik.
– Dozena erdi bat harrapatu eta hemen, mahai inguruan, lotzen baditiagu, ederki egingo ditiate eulien kontuak –bota du Xamarrok.
– Dozena erdi? Bakarra harrapatzeak ez ziguan lan makala eman negu gorrian. Orain, eguraldia epeltzen hasita, aisa bizkorragoak zaudek, eta atzematen zailagoak…
Dena dela, listari luzexka batekin lotu gerritik, eta patioko leihoan utzi dugu salamankesa afalorduan txabolora joan garenean.
Biharamun goizean patiora jaistean, leihoaren ezpiko malba, perrexil eta lore artera jaitsi eta ezkutatuta dago, gerritik lotzen duen listariak ematen dioneraino joanda, eta hortik argitara irteteko asmorik gabe itxura denez. Listaritik tira egin arren, temati eusten dio bere babesguneari, “agerira gabe eusten badiot, salbu naiz” esanez bezala.
Gekoek ez dute beste muskerrek edo sugandilek bezalako erperik; edozein horma edo lekutan itsasten diren ile fin niniñoak dituzte hanka bakoitzeko bosna atzamarretan. Horma leunean bezala ibil daitezke lurrean edo teilatuaren hegalpean, edo inolako koskarik edo heldulekurik ez duen botilan buruz behera. Gekoen hankapeok ukimen latz antxa dutela nabaritzen da atzamarra pasatzen badiezu.
Helduen tamaina bataz beste hamar-hamabi zentimetrokoa bazik ez bada ere, euren txikian abere gogorrak direla argi dago. Gure honek tinko eusten dio malba eta lore artean. Listariari egiten dizkiogun tiraldiak gorabehera, esan liteke nahiago duela bere setan lehertu eta gure artera gehiago ez agertu.

Ostera kaiolara

Lotuta eduki dugun bi-hiru egunetan ez diogu aurrerapenik sumatu guk nahi genukeen zentzuan; ez da, nonbait, trailan erabiltzeko aberea. Botilarekin-eta eginda daukagun kaiolan sartu dugu atzera, lokarria kenduta, eta mamorro, eltxo, euli eta gisako ibiltari arinen bila ekin diogu jakin emateko.
Batzuetan ez da gauza handirik behar izaten patio-denboran aski entretenimendu eta zeregin edukitzeko. Kirola, eskulanak, irakurketa edo ikasketak, paseatzea… eguneroko jardunak dira gehienontzat. Mundua konpontzeak ere denbora kentzen digu, eta hala ere goizero atzera dena deseginda eta nahastuta aurkitzen dugu. Bere jaidura izaki, gure mundu petral honek, gaur konpondu ustean lagatakoa biharko anabasa bilakatzea, birrintzea, hondarrezko gaztelua legez.
Eta orain, ohiko lan horiek guztiak ez ezik, huts egin ezineko beharra daukagu salamankesarentzat euli eta mamorro batzuk harrapatzea. Baina ez nolanahi harrapatzea laster ohartu baikara bizirik ematen dizkigunak jaten dituela bakarrik, hilda daudenak bertan utziz.
Kakalardo mota zehatz bat da, lepagain gorrizta duen beltx txikia, udaberria lehenengo azaldu den mamorro ugaria. Egunetan ez da ia beste mamorro motarik azaldu patiora eta, gure gekoak batzuk jaten dituen arren, nabarmena da horiek ez direla gustukoen dituen modukoak.
Udaberriak aurrera egin ahala bakandu eta desagertu dira lepagain gorridun mamorro batzuk, eta beste batzuk hasi dira azaltzen.
Egunez egun patioan azaltzen diren mamorroei erreparatuta, mota bakoizak bere denboraldia duela esan liteke. Batzuek desagertzera egin ahala agertzen dira beste batzuk, eta gero eta ugariagoak dira, eguraldia berotzen doan heinean, mamorroak eta mamorro motak. Goizeko lehen ordu fresko antxean batere mamorrorik gabe egon daiteke patioa, baina eguzkia kartzelaren hormen gainetik azaltzen denean, haize firrindaren baten edo ez dakit zeren eraginez, hainbat koleoptero txiki eta handixeago jausten dira. Hegalariak dira, noski, gehienak edo guztiak, non lurreratu aukeratzerakoan erakusten duten gaitasunak ez du miresgarria ematen baina.
Patiora erortzen edo jaisten diren mamorro horietatik –tarteka matxinsaltoren bat ere bai- ematen dizkiogu gekoari, oraindik bakan samar dabiltzan euliak baino harrapatzen errazagoak direlako besteak beste.

Gekoen akelarrea

Eguraldiak epeletik berora egin duenean, nabarmen ugaldu dira euliak ez ezik gekoak ere. Ilunabarretan, egun batzuetan goizago, besteetan beranduago, teilatupetik, argi-farolaren ostetik, aurreko eraikineko leihoetatik agertu dira, txiki-txikiak batzuk, handiak beste batzuk. Farolaren argitara inguratzen dira handik eta hemendik, edo lurreraino jaisten, eltxo eta mamorren ehizan bakoitzak bere gunea, bere lurraldea ikuskatuz. Beti teilape edo zulo beretik irten eta, batzuetan presaka bezala ziztu bizian, bestetan egonaldi luzeak eginez, egunero oso antzeko ibilbidea egiten dute, baina ohikoaz gain bide berrietara ere saiatzen dira dirudienez.
Inoiz geko handiren batek bere bidean txikiren bat ikusiz gero, eraso egingo dio, eta halakoetan ikusten dut txikia izan arren zein bizkor joan daitekeen horman zehar ihesean. Baina ez da beti handiena izaten besteari ihes eginarazten diona.
Beste batzuetan, bi gekok bidean topo egiten dutenean, bata bestearen zelatan bezala geratzen dira, harik eta bietako bat, nire ustez arra dena, mugimendu bitxiak egiten hasten den arte. Emea geldi dagoen bitartean, arra, alboka jarri eta gorputza okertuz, bere isats mehe eta emearen baino luzeagoa mugituz eta zigorra bailuen astinduz, poliki-poliki hurbildu zaio. Emearengana iristean, usainka ari zaiola ematen du arrak; zirkinik egin gabe jarraitzen duen emeari gainera igotzen zaio albo batetik, mantso-mantso jaisten da bestetik, eta bere bidean aurrera jarraitzen du bakoitzak.
Behin eta bitan baino gehiagotan ikusi ditut ar eta emeen arteko hurbilketa moduak, eta esango nuke bero handia den gauetan egiten dituztela batik bat.
Gaua ehizan eta gainerako zereginetan eman ondoren, egunsentia baino lehen ezkutatzen dira euren txokoetara. Baina hauen artean ere badira nonbait beti argi ibiltzen ez direnak, eta goiztiriak ustekabean harrapatzen ditu edonon. Nabari da ahal duten tokian, gertuen daukaten zuloan ezkutatzen direla halakoetan. Goizetan behera jaisten garenean, patioko leihoan dauzkagun kaxa eta trasteen artean aurkitu dezakegu bakarren bat; patioko zoruaren eta hormaren arteko pitzaduretatik hazten diren perrexil eta malben artean egongo da beste egunen batean besteren bat; patio ertzeko zokogunean atzemango dugu besteren bat hurrengoan… Eta baita barruan ere, gure mahaipeetan kaxen artean ezkutatuta, gauean euliak harrapatzen ibili ondoren agian. Txiki-txikiak, ertainak, handiak… horizta gardenak dirudite batzuek, ilunagoak dira besteak. Zalaparta bizkorrean abiatzen dira horman gora ihesi, baldekada urarekin landaredia bustitzen hasten denean Pablo.
Xamorrok, eskuetan duen liburutik burua jasota, euliekin zapuztuta eta ernegu airearekin bota du ea al ginen geratu gekoak eulitan ipintzekotan; patio bazterretik edo leihotik uxatzea ez dela hori lortzeko modurik egokiena…
-Uztaila diagu laster eta gero eta euli gehiago zagok hemen; eulien inbasioa baino nahiago nikek salamankesena.
-Txaboloan ipiniko nikek neuk ere bat –dio Josebak-, baina jatuna izan dadila; leihoa zabaldu orduko betetzen duk…

Eulitan

-Aurretik errazago harrapatzen dira euliak –dio Tinok-; atzetik saiatzen bazara, sarriago egingo duzu huts.
Ur botila darabil galtzarbean, eta hamarren bat euli bertan. Tximista bezain bizkor jaurtitzen dio eskua euliari, eta bat gehiago botilaratzen du…
-Kolpea botatzean esku-ahur zabalak sortzen duen haize zurrunbiloan zagok misterio guzia –hasi du azalpena Josebak-. Atzetik tiratzen badiok kolpea, esku zabalak sortzen duen aire zurrunbilo horrek berorrek haizatzen zizkiok hegoak, ihes egiteko abantaila handia eskainiz. Horretaz ohartu nauk hamaika saioren ondoren; zigarroaren keari eskua zabalik kolpe bat emanez ikusten duk ederki zelako zurrunbiloak sortzen diren eta aireak zer mugimendu egiten dituen. Hori guztia kontuan izan beharra zagok euliak harrapatzerakoan.
Goizeko kirola egin ohi du Josebak ere; soinketa bihurri batzuk aurrea eta korrika saioa ondoren. Azken bolada honetan presaka ibiltzen da hala ere, eta, lehen hiru ordu laurdenetan egiten zuen korrikaldia, ordu erdian burutzen du orain, Tinori jarraika beti ere. Lehen kirolean luzatzen zuten denbora eulitan ematen dute orain hauek biek eta Artzaik, eta ikusgarria da zelako trebezia lortu duten, hirurek hiruretara, egun batetik bestera erruz ugaldu diren euliak harrapatzen.
Baina kontua ez da euliak edozein moduz harrapatzea, bizirik atzematea baizik.
-Akatuta daudenak ere jaten dituzte –dio Artzaik, iruñear gazteak.
-Horixe! Beharko jan, besterik ematen ez badiek –erantzun dio zorrotz Josebak-. Edukitzekotan, ahal den ondoen zaindu eta gobernatuta eduki behar duk pataria. Euli hilak jangarri direnik iruditu ere ez zaiok egingo, nahiz eta goseak estututakoan denak jan. Geuk ere zernahi txerrikeria jango genikek gose greban gaudenean esate baterako –amaitu du errieta, mahai ertzean zegoen eulia esku kolpe elektrikoan atzematearekin batera.
Egonlekuaren beste bazterrean ikusten dut Tino, euliak harrapatzen bera ere. Eguraldia berotzen hastean erruz ugaldu ziren arren, Artzaik, Tinok eta Josebak egiten duten ehizarekin ederki bakandu dira dagoeneko. Esango nuke lehian dabiltzala hirurok, azaltzen diren euliak zeinek lehenago harrapatu, beharra ere izango dute eta. Izan ere Tinok badauzka bi geko, Josebak beste bi, Artzaik bat, eta neuk beste bat. Sei geko, beraz, eta eman ahala jaten dutenak guztiak ere, ondoezik ez daukatenean behintzat. Egun batzuk ia batere jan gabe egin baititu nireak,harik eta azal zaharra bota duen arte. Orain berpiztu egin dela ematen du, eta gosea ere berpiztu egin zaio; zalaparta bortitzean atzeman eta irensten ditu ematen dizkiodan euliak eta, zenbait egunetan, haize eta euri egun ohi baino freskoagoren bat gertatzen denean, ondo kostata harrapatu ondoren eman dizkiodan hiru-lau euliek gosea baretu baino areagotu egin diotela dirudi.
Hau idazten ari naizen bitartean, ur botila galtzarbean hartuta eulitan dabiltza Tino eta Joseba. Esku ezberdinarekin ireki edo ixten dute botilaren tapoia; eskuinekoarekin eulia atzeman eta botila barrura bidali. Hori da prozesua. Baina bere zailtasunak ditu. Lehenik, bizirik harrapatu behar dute eulia; gero, tapoia kendu botilari, eskuan daukaten eulia barrura sartu, eta tapa itxi azkenik. Baina botilan dauzkaten euliek ihes egin gabe sartu behar dute atzeman berria. Eta egin kontu bost, hamar, hamabost euli egon daitezkeela botila horretan. Esan daiteke, beraz, teknikoki lan konplikatua dela, lan delikatua, euli kontuan izan arren…
Eulia hegalari iheskorra ea atzeman zaila da berez, eulitan aritu ez denak pentsa lezakeena baino areago. Zeldara bat sartzen zaizunean hasten bazara harrapatzen eta hiru-lau kolpe jaurtikita ihes egiten badizu, gero ea zailagoa izango zaizu non geratu den ikustea. Ezkutatzen eta inguruarekin mimetizatzen ikasten du berehala, ondoan pasa eta ez da mugituko, kamuflatuta geratuko da ohepean, edo zapatilan, edo telebistan, edo… eta etsi egingo duzu eta hor konpon esanda utzi dezakezu gauean oheratzean. Goizeko lehen argiarekin aurpegian jarriko zaizu ordea; eskutada batekin uxatu eta lotan jarraitu nahiko duzu, baina eulia berriro etorriko zaizu aurpegira, eta berriro eta berriro, guztiz ernegatuta jaikiarazten zaituen arte.

Arrautza txiki zuria

-Ez zekiat zer gertatzen den hemen; botilak ez zaukak zulorik, baina euliek ihes egiten zidatek nonbaitetik –dio Josebak marmarra dariola, eta Tino ere arrazoi berdinagatik zapuztuta dabilela dirudi-. Hik zer ematen diok patariari? Ez haut eulitan ikusten –bota dit, susmoren bat egosten ari denaren doinuan.
Berez euli gutxi dabil hemen, etortzen diren guztiak edo gehienak bi hauek harrapatzen dituztelako. Artzai ere aritzen da eulitan, baina azken aldian bi hauek botiletatik batik bat, patiora paseatzera ateratzen diren abaguneetan, bere begi handiekin hara eta hona begiratu eta barre txikia eginez.
Hauekin lehian galtzaile aterako naizela etsita, moduluko preso arrunt batekin egin behar izan dut tratua: zigarroa dozena euliren truke. Pakete erdia lortzeko adina harrapatuko luke mugatuko ez banio.
Zabor organikoarekin konposa egiteari ekin dio, azkenik, Josebak, patio bazterrean kaxa ipinita. Horra bota ditu azken bi asteotan patioko landareen hosto zimel eta ihartuak, lore eroriak, afaritako hanburgesak, Argentinatik ekarria bide den ardikiaren zati janezinak eta bildu ahal izan duen guztia. Badira egun batzuk kaxa horretan sortzen diren harrak biltzen hasia dela, eulien urrialdian gekoak bazkatzeko.
Miresgarria egiten zait antzuolarraren irudia, ehun kiloko gizonarena, botila galtzarbean, euliak harrapatzen ari denean, edo konpost kaxatik harrak batzen.
Ez dakit zenbateko hutsegite maila daukaten eulitan, ehuneko zenbat keinaldi huts egiten dituzten eta ehuneko zenbaten atzematen. Esango nuke eguraldiaren arabera makalago edo bizkorrago dabiltzala euliak eta, beraz, errazago edo nekezago harrapatzen dituztela egun batzuetan edo besteetan. Bestalde, euliak harrapatzeko ez ezik erreflexuak zorrozteko ere ariketa bikaina da seguru asko egiten dutena.
Uda badoa, eta udarekin batera joan da Artzai askatasunean, bere hutsunea gure artean lagata. Agurrak, besarkadak… Ea laster ikusten dugun elkar Iruñean edo Txindokin.
Udazkeneko hego-haizeak etorri dira beste behin, beste behin etxe-minez enpo, eta goizalde freskoak… Amaitu da aurtengo euliaroa. Gekoak askatu egin behar dituztela esaten ari dira Joseba eta Tino.
Gaur, zigarro batentzat adina euli ez dit batu hornitzaileak, baina salamankesak berak eman dit ustekabea, txepetxarena baino zerbait txikiagoa datekeen arrautza errunez. Arrautza txiki zuria.
Ez dakit zehatz zenbat, baina hilabeteetako inkubazioaldia omen dute gekoen arrautzek. Oraingoz presarik ez daukagunez, gekoa leihoan askatu eta arrautzari begira geratu natzaio, zain.

Herrera de la Manchan, 2011ko udazkenean.

/ literatura koadernoak / ataramiñe / literaturakoadernoak.org /

Share

Iruzkinak