Mikel Antzak aurreneko nobela kaleratuko du

2010, 24 martxoa

berria

Egilea: Mikel Antza
Izenburua: ‘Ospitalekoak’.
Generoa: nobela.
Argitaletxea: Susa 2010

Espetxean idatzi du, eta kartzela-ospitale batean dagoen preso bati gertatutakoak ditu kontagai nagusi

Odolaren usaina ipuin liburua argitaratu zuenetik 23 urtera, euskal letren plazara itzuliko da hilabete barru Mikel Antza idazlea (Donostia, 1961), Susa argitaletxeak apirilaren 22an aurkeztuko duen Ospitalekoak nobelarekin. Fresnesko espetxean dago, Parisen, egun preso Antza -sortzez, Mikel Albisu-, ETAko kide izateagatik, eta han idatzi du Ospitalekoak, aurreneko nobela, 2007ko uztaila eta 2010eko otsaila bitartean.

Egilea bezala, preso dago nobelako pertsonaia nagusia. Neska-lagunari idazten ari zaio kartzela-ospitaletik, hain egoera makurrera nola iritsi den azaltzeko asmoz. Eskuko hezur baten hausturaren ondorengo berreziketa egiteko besterik ez zuten eraman kartzelatik ospitalera, baina elbarri dago, gurpil aulkiari lotuta.

Aurrera egin ahala, gertakari bitxi eta ezustekoen katea bihurtuko da narrazioa. Presoa tinko lotuko zaio idazteari; horixe izango du bizirik irauteko arrazoi bakar.

Susa aldizkariaren eta izen bereko argitaletxearen sorreran parte hartu zuen 80ko hamarkadaren hasieran, Josu Landa, Iñaki Uria, Xabier Montoia, Mikel Hernandez Abaitua, Eneko Olasagasti, Pablo Sastre, Maripi Solbes, Joxerra Utretx eta beste hainbatekin batera.

Hainbat ipuin sariketa garrantzitsu irabazi zituen garai hartan, eta bi ipuin liburu kaleratu zituen: Lehen bilduma 82-84 (Susa, 1985) eta Odolaren usaina (Susa, 1987). Antzerki lan bat ere argitaratu zuen: Beteluko balnearioko mirakulua (Iñaki Uriarekin elkarlanean idatzia eta Susak 1985ean argitaratua).

Jean Geneten itzultzaile

Horretaz gain, Jean Geneten Zaindaritza zorrotza antzerki lana eta Lau orduz Xatilan kronika liburua euskaratu zituen Antzak; biak Susak kaleratu zituen, 1991n. Peter Handke, Daniil Kharms eta Paul Eluard-en hainbat lan ere euskaratu zituen Susa aldizkarirako.

1985eko uztailean Joseba Sarrionandiari Martuteneko espetxetik (Donostia) ihes egiten lagundu zion, eta harrezkero sasian bizi izan zen, harik eta 2004ko urrian Saliesen (Frantzia) atxilotu zuten arte.

Share

Iruzkinak