Mikel Antza, “AMETSAK ERE ZAIN”

2015, 30 apirila

Mikel Antza
Ametsak ere zain

Poesia
Susa, 2015

Hilabete batzuk neramatzan kartzela aldi luze honetako hamar urteotan idatzitako hainbat poemekin bueltaka. Iazko Durangorako prestatu nahi izan nuen bilduma bat, Iosu Uribetxeberria zenarentzat, hil hurren baitzegoen, eta ondorenean baino, beraganako sentimenduak aurrez helaraztea egokiagoa neritzon. Azkenean, poema bildumaren proiektua alde batera utzi eta ATARAMIÑE aldizkarian argitara eman nituen poema batzuk, berari igorriz INVICTUS izenburua ipini nion poema kaiera.
Garai bertsuan, tarteka liburuak igortzen dizkidan lagun anonimo batek, Aime Cesaire-ren Cahier d’un retour au pays natal helarazi zidan. Abendu amaiera aldean, bazkal ostean, ohean etzanda irakurtzen ari nintzela, eztanda egin zuen nire baitan. Ez nuen dena ulertzen, ulertzen nuen ordea Cesaire zer ari zitzaidan esaten. Nire baitan lozorroan lotsatuta zegoen ahotsa esnatu zitzaidan.
Askatasuna sentitu nuen. “Horrela ere idatz daiteke poesia” sentitu nuen. Zuzenagoa da “horrela idatzi behar da poesia” sentitu nuela esatea.
Eta hurrengo egun eta asteetan, oheratu aurretik gauero bezala, musika ipini, polarra jantzi, ziegako leihoa zabaldu, bertan bermatuta, izarrak antzematen saiatuz, burdina barrak aski ez eta gaineratu dizkiguten sareko laukitxoetan jolasean zebilen armiarmari beha, hegoaldeko haizeari zelatan, nire barneko ahotsari bide eman nion.
Susaren Munduko Poesia Kaierak ere lagun izan ditut, Aime Cesaire (berriro!), Georg Trakl, Emily Dickinson… Gaztarokoak etorri zitzaizkidan gogora, alemaniar erromantikoak, Oscar Wilde ere bai, eta Walt Whitman… eta izenez oroitzen ez ditudanak, eta kantak, eta erritmoak eta errimak, gaueko dantzarekin hamar urteotan bildutako poemekin josi eta nahasi ditudanak.

Poema gordinak dira, gogorrak, heriotza eta kartzela eta gerra dute gai. Mina eta samina. Garratzak ere badira pasarte batzuk, ez oso “poetikoak” beharbada.
Baina maitasunezko poemak ere dira, norbanakoa baitute gai eta helburu. Eta aurrenik neroni; liburu honen idazketa bitartean nigan eragindako aldaketa sentitu baitut. Eta maitasunezko poemak ere dira, askatasuna dutelako amets, askatasunez idatziak direlako.

Ulertzen den poesia idatzi nahi izan dut. Ez dut dena murtxikatuta eman ordea. Eta, seguruenera, hainbat pasarte ilun edo ulertezin gertatuko zaizkio irakurleari. Hemen barruan sentitzen den desolazioa bere sakontasunean behar bezala azaltzeko trebezia handia behar da. Bart, ohean etzanda, “sabai zurian pentagrama zurtzak” ikusi ditut. Gure zerua infernu arin bat da.

Liburuaren osaketa ez da erraza izan, hemengo lubakietan ez dago tiro hotsik, ez granada eztandarik, ezta lokatzik. Isilagoa da bizi dugun suntsipena. Liburua bukatzear nuela, martxo hasieran, miaketa orokorra deritzoten bat egin ziguten. Goizeko zazpietan sartu zitzaizkigun kaskodun mozorrotuak, ezkutuak aurretik zituztela. Eskuburdinak atzean lotu eta atxilo hartu gintuzten, ziega huts batera eraman eta bi mozorrotuk gure burua biluztera behartu gintuzten, eskuargi batekin uzkia arakatzeko, hirugarren batek dena filmatzen zuen artean.
Zigor-ziegako bi egonaldiren artean amaitu dut AMETSAK ERE ZAIN, doi-doi. Beste haren duela hogeita hamar urte baino gehiagoko koplak bezala atera dira liburuko azken poemak ere praketan gordeta.
Generoz aldatuta ere ez dut lortzen kartzelatik irtetea. Iheserako nahi nukeen literaturak bertara nakar behin eta berriro.

Eskerrak eman nahi dizkiet aldez edo moldez poema liburu hau idazten lagundu didaten guztiei. Ez ditut hemen aipatuko, ez dakien eror legedi antiterroristaren zama. Presoon senideak Intxaurrondora deklaratzera deitzen dituzten garaiotan, galdera hura datorkit azkenaldian gogora: “zer behar du gure odolak irakiteko?”.

MIKEL ANTZA
2015eko apirilaren 17an
Réau-ko kartzelako zaindaritza zorrotzeko moduluan


Eneko Olasagasti zinemagile eta Antzaren adiskideak irakurri du autoreak Réauko espetxetik bidalitako gutuna

AMETSAK ERE ZAIN liburua osorik.html
→ literaturaren zubitegia: Mikel Antza
Susa etxea
Mikel Antzak espetxetik bidalitako gutuna.pdf
→ literatur emailuak: Ametsak ere zain, Mikel Antza
→ berria.eus: Heriotzaz, kartzelaz eta gerraz idatzi du Mikel Antzak bere lehen poema liburuan
→ naiz.eus: Lehen poema liburua kaleratu du Mikel Antzak, espetxean ondutakoa: ‘Ametsak ere zain’
→ naiz.eus: Espetxearen garraztasunak ere badu maitasunetik

→ berria.eus: «Kartzelan sentitzen den desolazioa azaltzeko trebezia handia behar da»

/ literatura koadernoak / ataramiñe / literaturakoadernoak.org /

Share

Iruzkinak