“BOBBY SANDS Martxa baten lehen notak” liburuaren aurkezpena
2015, 12 maiatza
Bobby Sands. Martxa baten lehen notak
Denis O’Hearn
Euskaratzaileak: Aitzol Iriondo eta Jurgi Garitagoitia
Txalaparta, 2015
Aitzol Iriondo eta Jurgi Garitagoitiaren gutuna
Liburuaren lema egokia zein litzatekeen pentsatzen hasi ginenean, ez genuen denbora askorik eman martxa baten lehen notak aukeratzeko. Gure baitan datzalako eguzkiak, laiotzean ere. Nazim Hikmet turkiarrak bere poemarekin esan zuen ez zutela lurperatuko abesten hasi gabe, kanta bukatu gabea izanen zela jakin arren. Espetxean idatzitako poema da turkiarrarena, tristezia bat azpimarratzen duena. Bobby Sands eta bere burkideak espetxean hasi ziren kantuan, beren buruei eta baita herritarrei ere. Egoerarik makurrenean, borrokatzen segitzeko arrazoiak bazeudela argi utzi zuten eta borroka horretan, moldeak ez zutela zertan beti berdinak izan behar. Norberaren iniziatiba eta indarretik sortzen direla borrokarik ederrenak, zailenak, arrakastatsuenak. Laiotzaren itzalean antolatutako protesta bat, tamaina horretara eramatea bera bakarrik, arrakasta izan zelako. Irabazi zutelako. Gizabanakoaren mailarik gorenera iristea lortu zutelako.
Laiotzetik dator itzulpen hau ere. Ez borroka faltan gaudelako eta irakaspenik behar dugulako. Euskaldunok sufritu dugu itzalean, latzak izan dira hamaika protesta. Historia luzea da euskaldunarena eta kartzelarena. Kartzelari, egunero, aurre egitearen borroka gogorra izanik, beste irtenbiderik ez dagoela iritzita, gorputza armatzat hartuta odolez gure mezuak idatzi ditugu ziegaren paretetan. Ez dago irakaspenik, ez dago leziorik liburu honetan. Dago elkartasuna dago konplizitatea dago maitasuna… eta dago bizitza. Bere latzean, bizitza. Bere latzean, bizitza. Barrote artetik oihu egiteko beharra ikaragarria delako, ametsak sobera daudelako, barroteak beste eta giltzak falta direlako. Geure oihu bihurtu dugu itzulpena, garrasi antzeko bat. Irlandarrekin batera sentitu gara biluzik, zikin, goseturik, malkotan eta irribarrearekin. Hor dagoelako edertasuna… irribarrean. Determinazioan, insistentzian, pazientzian… taldean. Hortik erne da askatasuna.
Lan honek gure egunak bete zituen. Bete beharretako bat baliatu eta gure martxa markatu. Nekatzeraino… gozatzeraino! Halako liburu formatuan amaituko zuenik imajinatu ere egin gabe ekin genion lanari. Geure buruari ekarpena egiten hasi eta Euskal Herriari, behar zuen bezala, euskaraz, ekarpentxoa egiten amaitu dugu. Ez da gutxi, gero! Baina geurea zen eguneko zereginetik puntu honetaraino iritsi ahal izateko, ez gara gu izan bakarrik. Taldea izan da.
Horregatik, mila esker bihotzez, Mitxel, Arkaitz, Patri eta beraiekin batera gure proiektutxo hau egikaritzera eraman dutenei. Julieren indar dosiak bete gintuen. Eta Denisen ekimenak piztu du hau dena. Ez garelako gu bakarrik.
Tiocfiadh ar la!
Aitzol Iriondo Yarza / Jurgi Garitagoitia Salegi
2015eko apirilean, askatasuna bihotzean
→ txalaparta: BOBBY SANDS: Martxa baten lehen notak
→ Aitzol Iriondo eta Jurgi Garitagoitiaren gutuna
→ gara: «Bobby Sands», laiotzetik itzulitako biografia gordin bezain gizatiarra
→ naiz.eus: Bobby Sands-en biografia argitaratu du Txalapartak
→ uriola.eus: Bobby Sandsen biografia euskaratu dute Jurgi Garitagoitia eta Aitzol Iriondok
→ info7: Gaurkoan, Txalapartako Mikel Sotok “Bobby Sands: Martxa baten lehen notak” liburua gomendatu digu
→ txalapartatik.info: Bobby Sandsen biografia aurkeztu dugu
→ youtube.com: Mitxel Sarasketa ‘Bobby Sands. Martxa baten lehen notak’ liburuaren aurkezpena
→ youtube.com: Bobby Sandsen biografiaren aurkezpena · Eoin O’Broin (Sinn Fein)
/ literatura koadernoak / ataramiñe / literaturakoadernoak.org /