Jokin Urain “Espetxeko euskal literatura kronologia moduko bat”

2017, urtarrila 4

→ kalerakalera.eus: Kartzela eta literatura

Espetxeko euskal literatura kronologia moduko bat

Zergatik idatzi espetxean?

Erantzunak eman izan dira, era askotakoak, baina bakoitzak bereak izango ditu arrazoiak idazten aritzeko. Hala ere, esango nuke harreman nahiak, harremanen beharrak eramaten duela presoa idaztera, batzuetan behintzat, hasi eskutitzetatik eta literatura egiteraino. Presoa bere gizartetik kanpo ezarria dago, lagunarte, senitarte eta gizartetik erauzia dago presoa, eta, biziko bada, bere gune naturalaren parte izaten jarraituko badu, harremanak behar ditu gune natural horrekin: hor dagoela adierazi eta esateko daukana esan, bizi dela erakutsi, bere ahotsa entzunarazi behar du horretarako, gizartearekiko lokarriak josteko.

Noiztik idatzi da espetxean euskaraz?

– 1545ean argitaratu zen euskarazko lehen liburua, Bernart Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae alegia. Haren Kontrapas eta Sautrela gogoratuko dituzue, “Euskara da kanpora eta goazen denok dantzara…”. Ez daukagu lekukorik, jakina, baina espetxean (Bearnen) idatzi bide zuen “Mosan Bernat Etxepareren kantuia” aski argi esaten duenez:

Mosen Bernat, pensa ezak kartzel´hori gaitz bada,
Nonbait ere infernuia are gaitzago dela;
Heben hik badukek bana, haiek ez nork konsola;
Penak heben fin dik sarri, haienak ez sekulan.

Libertatia nola baita gauzetako hobena,
Gatibutan egoitea hala pena gaitzena.
Ni bezala ez dadila, otoi, ehor engana,
Ez eta´re hitz orotan fida ere gizona.
Jangoikua, zuk begira niri ere zuzena.

Amen.

– 1564an Joan Amenduxek espetxean (Lizarra eta Tuterako kartzeletan egon zen) idatzi zuen Hemen natza ehortzirik poema:

Hemen natza ehortzirik, noizbait gozo eritzirik,
Herioak uste gabe dolorezki egotzirik,
ene anima Jangoikoagana beldurrekin partiturik,
lagun gabe bide luzean peril asko pasaturik,
onak eta honrak bertan munduak edekirik,
plazerak azkeneraino atsekabe bihurturik.
Ahaideak eta adiskideak, arte gutxiz atzendurik,
ikusten ditut itsusirik, harretxe guztia deseginik,
argi gabe ilunbetan, ustel eta kirasturik.
Negar begi bat bederak bere aldiaz oroiturik,
nehork ere izanen ez du nik ez dudan partidurik,
Ene anima gomenda ezazue garitatez mobiturik,
zarraizkidate gero bertan hitz hauek ongi notaturik:
Josafaten baturen gara Judizion elkarrekin;
bitartean lo dagigun, bakea izan dadila guztiekin.

– 1806an Juan Inazio Iztuetak Kontxesirenak bertso sorta idatzi zuen, Logroñoko espetxean. Hara eraman baitzuten Azpeitikotik. Hauxe sortako azkena:

Esperantzetan bizi, maite gozoa,
noizbait kunplituko da gure plazoa.
Eta orduan,
gauza txarrik ez hartu buruan
lehengoai utzi,
ez degu pasatzen pena gutxi
preso sei urtez!
Ondoko gaituzte nere ustez.

– 1815ean Martin Larralde Bordaxurik, besteak beste idatzi zuen Galerianoaren Kantuia.

– 1827an Etxahun Barkoxek Etxahunen bizitziaren khantoria.

– 1855ean Jose Maria Iparragirre Urretxuarrak Negar egingo luke nire amak baleki bertsoak ipini zituen.

– XIX. mendea aberatsa da espetxea, urkamendia zehazkiago, motibotzat duten bertsoetan; mende horretakoak dira Hamalau heriotzarena, Estudiante kondenatuarena eta abar. Kasu hauetan ez dago argi atxilotuak berak jartzen ote zituen bertsoak, kasu gehienetan haren enkarguz besteren batek ipiniak izango ziren.

– 1936-1939 gerra eta gerraosteko presoetaraino etorriko gara. Aldi honetan ere jarraitzen du bertsoaren tradizioak. Bertso eta poesia bitartez bakarrik egin da kasik ordura arteko kontaketa, testigantza edo dena delakoa. Eta gerra honetan eta ondoren ere jarraitzen du bertsoaren tradizio horrek, salbuespen batzuekin. Badira gerraoste honetan, eta gerra denboran ere, bertso sorta benetan bikainak.

– Luis Rezola Tximela tolosarra aipatu nahi nuke. Duesoko espetxearen aipamenak, eta Puerto de Santa Maríarenak, ugariak, aberatsak xehetasunetan eta benetan ederrak dira bere bertsoetan:

Astera nua kantuan
Santa Mariko Puertuan,
onela ditut penak aztutzen
etxe giltzatuan.
Gordetzen badet buruan,
ezta jakingo munduan
ogei ta iru urte ederrekin
gaur nola naguan.

– Eta Estepan Urkiaga, “Lauaxeta”, nola ez aipatu. Gernikan atxilotu eta Gasteizko Santa Isabel hilerrian fusilatu zuten 1937ko ekainaren 25ean. Lauaxetaren poemetan aberriarekiko maitasuna, gudarien irudi kasik idilikoa eta, hori guztiaz gain, fedea eta garrasi desesperatu bat ere bada. “Azken oyua” poematik zati batzuk:

AZKEN OYUA
(Zubillaga’tar Karla’ri )
Goiz eder onetan erail bear nabe
txindor baten txintak gozotan naukela?
El naiten leyora begiok intz gabe.
Gorbei barna yatort kañoi-ots itzela:
or egazkin-egak odei-lapur doaz.
Guda-gotzon baltzak odolez dakustaz,
euren oin aurrean beredin gudari.
Gaste argi orreik, eutsi lur amari!
Bera baizen onik eztauko ludiak.

Eta poema eder honen azken zatitxoa:

Eta bake deuna sortuko danean
neure azur utsak besteenakin batu;
eresi gurenaz lagundu bidean
obi bakar-arte.
Baña, arren, bukatu
oroigailluaren maitasun itzala
Kistoren gurutzat; Beragan ditxarot.
Josu’ren fedea besterik eztaukot.
Erri zintzo-onenak zaindu dagiala
il gintzanen atsa, il gintzanen ala.

(1937 )

– Bertsotan ez ezik prosan ere egin zen aldi honetan literatura, edo kronika nahiago bada, kontzentrazio esparruetatik. Gurseko kontzentrazio barrutitik Ander Garate Gesalibarrek Euzko Deyarako idazten zituen artikuluak benetan zirraragarriak dira. Nikolas Ormaetxea Orixek ere hantxe idatzi zuen Idorreria poema.

– 1937-1941 bitartean Espetxeko lehen aldizkari kolektiboak Espetxean zuen izena eta 11 zenbaki egin zituzten, hiru espetxetan: Santoñako Dueson 2; Larrinagan 5; eta Burgosen 4. 4-6-8 orrialdekoak ziren aldizkari hauek, eta bakoitzetik bost kopia egin zituzten.

Aipatuko nituzke gerra honetan heriotza zigorrera kondenatuen azken eskutitzak, testamentu modura edo idatziak, Larrinagako kartzelan.

– 1960-1970 hamarkadetan ez zen, ez dirudi, lan kolektiborik idatzi, barne-aldizkaririk eta horrelakorik alegia. Aipatzekoak dira, dena dela, Gotzon Alemanen poemak, Julen Kaltzadaren Herriak eta gizonak historia lana, eta Xabier Amurizaren bertsogintza eta bertsolaritzaren teorizatze lanak. Zamorako Konkordatu espetxean egon ziren euskal apaizak, eta benetan ederrak dira, Amurizak han jarritako bertsoetako asko, egin zuten motinari buruzkoak eta beste hainbat. Baina bertsoez gain, prosa ere idatzi zuen Amurizak espetxean, nobela bat zehazki: Hil ala bizi, Elkar argitaletxeak atera zuena 1973an Larraun goitizenarekin. Baserri-munduaren irudi idilikoari buelta ematen dio Xabier Amurizak Hil ala bizi honetan. Baserriko bizimodu gogorra, urria, beldurpekoa eta gizarte osoaren morrontza morala eta materiala ageri da eleberrian zehar. Nobela honek Euskal Herri erruralaren tripak bistaratzen ditu, erlijioa, beldurra, politika, grinak, gorroto-maitasunak, umorea, esplotazioa…

-1980-200… 80. hamarkadatik gaur arteko espetxe urteetan literatura ugari sortu dute euskal preso politikoek. Euskarazko literaturari soilik egingo diot erreferentzia, gazteleraz ere egin den arren, eta ez gutxi.

-Lan kolektiboak: 1980. Hamarkadaren hasierak aberatsak dira kartzelako literatura ariketan: Soria, Puerto de Santa Maria eta Herreran egiten dira barne aldizkariak: Sorian eta Herreran Martxan, Kixmi eta Halankarri.

-1982an atera zuten Puertoko presoek liburu kolektiboa: Intxaur azal baten barruan, Eguberri amarauna goiburua zeramana. Sasoi hartako Puertoko egoera: “Euskal Herritik urrun, denbora hain astiro eta mingarri iragaiten den leku honetan…” dio. Kalean argitaratuko den kartzela literaturaren lehen liburu kolektiboa da hau nire ustez.

-1982an Sorian idatzi zuten Xake liburua ez nuke aipatu gabe utzi nahi. Ez da literatura liburua, baina bai espetxeko sormen kolektiboaren adierazgarri bikaina. Xakeari buruz euskaraz argitaratu zen lehen liburua da seguru asko, eta espetxeko lan kolektiboaren adierazgarri polita. Maximo Aierbe ataundarrak eta Jon Esturo debarrak idatzi zuten, eta J.K. Alberdi Krakasek egin zion hitzaurrea.

– 1989an aterako du Susak Itzalpeko ahotsak, Herreran idatzitako lanekin batipak, hurrengo liburu kolektiboa. Prosa, poesia, bertsoak… daude liburu honetan, batzuk egilearen izenez sinatuak, besteak goitizenez edo sinatu gabeak.

– Ikasketak: ikasketak baliatuz ere egiten dira batzuetan idazlanak, lan akademikoak, espetxeari edo espetxeratua izateari lotuak daudenak.

– Julen Zabalok Euskal nazionalismoa eta nazio lurraldea —1996, UEU—, Europako (zein?) Batasuna —1997, BBK—, eta Abertzaleak eta Ezkertiarrak —2000, Elkar— lanak idatzi ditu, besteak beste.

– Jose Antonio Etxebarri Aiesta, Frantzisko Jabier Martinez Apeztegieta eta Fernando Arburua Iparragirre euskal presoek espetxe instituzioari buruz lekuan lekuko ikerketa lana egin zuten 1985-1986 ikasturtean Jokin Apalategi irakaslearen esanetara.

– 1989-1993 urteetan Barrutik aldizkari kolektiboa atera zen, baina oraingoan literatura baino gehiago kronika eta salaketa izango da batez ere helburua. Urte hauetarako espetxe ugaritan sakabanatua dago euskal preso politikoen kolektiboa, eta ia ezinezko bihurtzen da barne aldizkariak lehen bezala egitea, barne literatura ariketa moduan alegia.
Baina espetxeetan ez da eteten literatura ariketa, idazketa. Itzulpen lanak egin zituzten batzuek, Mitxel Sarasketa, Iñaki Aramaio, Fernando Arburua…

– Bertso idatziak, bakarka norberarentzat, edo kideen artean trukatuz, egiten dira. Horietako batzuk geroago argitaratuko dira, Jon Tapia, Xabier Aranburu Xomorro eta beste batzuenak, baina espetxean egindako bertso asko eta asko argitaratu gabe, norberarentzat edo lagunentzat, geratuko dira.

– Poesia landuko dute beste batzuek, Xabier Izaga… Urte hauetarako kanpoan zen Joseba Sarrionandia, baina nire azalpen beharrik gabe daki edonork Sarrionandiaren lanaren berri, bai itzulpengintzan eta bai sormenean, bai bere espetxe aldian eta bai erbeste aldian. Zerrenda luze samarretik ezagunak dira Narrazioak, Izuen gordelekuetan barrena…

– Banakako liburu batzuk:

– 1996an, Giltzapeko sukaldaritza liburua argitaratu zuen Josu Urrutikoetxeak.

– 1999 urtean Haizea mindu gabe ipuin liburua argitaratu zuen Jon Gaztelumendik.

– 2004an Filipe Bidartek, Bakartasunaz bi hitz liburua argitaratu zuen.

– Badira autore gehiago ere urte hauetan bakarkako literatur lanak eginez, edo lan akademikoekin, liburuak atera dituztenak: Mario Onandia, Karlos Gorrindo, Txelis Alvarez, Karmen Gisasola… Kontuan izan, beti ere, euskarazko literaturari edo euskarazko argitalpenari erreferentzia egiten ari garela. Ez baitira gutxi erdarazko literatura egin dutenak, nola bakarkako lanetan hala kolektiboetan.

– 2002an hasita eta gaur arte urtero atera da Ataramiñe literatura koaderno kolektiboa. Ataramiñek askotariko lanak jasotzen ditu: marrazkiak, eskulanen argazkiak, bertsoa, poesia, prosa… Eta idazlanen artean bada itzulpena, sormena, salaketa, kronika, narrazioa…

– Ataramiñen 14 urte hauetan parte hartu duten preso eta iheslari edo deportatuen zerrenda luzea litzateke, oso luzea:

– Oskar Barreras, Joxe Blanco, Argi Perurena, Olatz Caminos, German Urizar, Marixol Iparragirre, Teresa Toda, Naiara Mallabia, Markel Ormazabal…, eta aipatu nahi nuke espetxeko literaturan hainbat lagundu zuen Jon Etxeandia ere.

– Koaderno edo liburu kolektibo horrez gain, presoen lanekin banakako beste hainbat liburu atera ditu Ataramiñek urtez urte. Eta badira beste argitaletxe batzuekin liburuak argitaratu dituzten presoak ere. Hemen ere aipatzeko autore zerrenda luzea legoke:

– Mikel Antza (Ospitalekoak, Bakarmortuko kronikak, Atzerri…); Iker Morenoren irudiei testua eginez atera zuen Mikel Antzak beste libururen bat.

– Ibon Muñoa: bertsoak egin ditu batez ere, bertso ekoizpen handia du Ibon Muñoak, eta bertso liburuak atera ditun Ataramiñerekin.

– Mikel Orbegozo: komikiak egin ditu, Preso Nago, Ilargipean…

– Kepa Etxeberriak marrazkiak egin dizkie Belen Gonzalez edo Xabier Ugarteren testuei.

– Urtzi Zubizarretak Kartzelako neurriak liburua argitaratu zuen.

– Segapoto kolektiboa izen anonimoarekin idatzi zuten Gosea lagun, laguna.

– Xabier Aranburu Xomorrok, bertso liburua argitaratu zuen Aurrera nekez egiten baitu herdoildutako orratzak…

– Jon Tapiak ere bertso eta poema liburua atera zuen Gartzelatik izenburupean.

– Ekhiñe Eizagirreren Alde erantzira nabil poema liburua…

– Urtzi Zubizarretaren Kartzelako neurriak.

– Jesusmari Zalakainen Kartzelako kronikak…

– Milek Ibargurenen Hemen gauak lau ertz ditu, Deserriko karrikak…

Amaitzeko, esan beharra dut hau ez dela seguru asko lan erabat zuhurra, egile askoren izenak falta dira seguru asko, lanen izenak ere faltako dira. Espetxean euskaraz idatzi eta argitaratu denari begirada bat baino ez da hau. Espetxean zergatik idazten den, idaztera zerk bultzatzen gaituen espetxean, hamaika aldiz galdetu da, galdetu digute, hasieran esan bezala, eta erantzunak ere hamaika eratakoak eman izan ditugu. Ez dut uste erantzun errazik daukanik galdera horrek, teoria definitibo bat eskatzen bada behintzat. Erantzun teorikoa baino errazagoa da praktikoa kasu honetan, balio duen bakarra delako seguru asko, eta arrazoiez galdetu gabe ekiten diogulako idazteari horretarako premia edo gogoa sentitzen dugunean.

Iruzkinak