Nahat El Hachmi “Azken patriarka” (Eusk.: Jexuxmari Zalakain)

2017, 21 uztaila

Txalaparta etxeak 2016ko abenduan aurkeztu zuen Nahat El Hachmi-ren “Azken patriarka”, Jexuxmari Zalakainek Dueñas espetxean euskaratua.


Urakanak eta gu
Mikel Soto

Honako lerro hauek, Azken patriarka eleberrirako hitzaurre eder baten hasiera izan zitezkeen:

«Bat batean dena hankaz gora jarri zen. Hautatu ez genituen hiru urakanek dena aztoratu zuten.

Lehen urakana modernitatea izan zen, etxeetan eta gure gustuetan sartu zena eta janzteko; ilea eramateko; aspaldiko tatuajeetatik, behin-behineko hennatik edo gure amonek xehatu berria zuten khol-etik haratago gure irudia moldatzeko era berriak aurkituarazi zizkiguna.

Bigarren urakana emigrazioa izan zen, herri osoak europar lurralde ezezagunetara eraman zituena. Han, ezerezetik sortuak izan bagina bezala pentsatu beharko genuen berriz, harriak xehatu beharko genituen sustraiak ulertzeko eta libreki erabakitzeko, oraingoan ustez bai, nola nahi genituen pieza guzti hauek elkartu: tradizioa, feminitatea, erlijioa, demokrazia eta gustua eta estetika, noski.

Oraindik ez geunden horretan pentsatzen hasita hirugarren urakana heldu zenean, beldurrarena, kontrizionarena, gure aldaketa nahiak galgatzeko eskatzen ziguna. Erdipurdiko telesermoilari ilunen ahotan –nahi duzuen bizar guztiarekin, hori bai– esaten diguna gure erlijioaren biziraupenaren arriskua, guk nahi ala nahi ez, gu geu ginela eta, batez ere, gure gorputzak».

Baina lerrook ez dira inolako hitzaurreren parte. Liburuaren egile den Najat El Hachmik, Nizako hondartza batean, frantziar polizia batek emakume bat biluztera behartu zuenean idatzi zuen «El nostres cossos, nosaltres decidim» artikulutik ateratakoak dira. Hala eta guztiz ere, Sisiforen harrian zizelkatuta baleude bezala, lerro horietan eleberrian aurkituko ditugun gai guztiak presente daude: tradizioa, erlijioa, modernitatea, emakumeen gorputza, emigrazioa, matxismoa, biolentzia, patriarkatua… Idazle katalanaren idazketa-estiloa ere hortxe dago: hizkuntza urratu, umoretsu, zehatz, iradokitzaile gordin bat.

Azken patriarka eleberriak Marokotik Kataluñara emigratu duen Mimoun Driouchen istorioa bere alabaren begietatik kontatzen digu. Haren eskutik aitaren izaera tormentatua ezagutuko dugu; bere izaera autoritario eta zaharkituak sortarazten dizkion talka etengabeak. Izan ere, pertsonaia gorrotagarria da Mimoun: matxista, liskarzalea, zurruteroa, bortitza, jeloskorra… Sarritan besoak liburuan sartu eta zerri horren lepoa estutzeko gogoa ematen duen pertsonaia horietariko bat da Mimoun. «Mirarizko» pribilegioen eskutik Driouch familiaren patriarkak edan ahal izango du, ezkondu aurretik zein ondotik beste emakume batzuekin oheratu ahal izango da, maitaleak izan, nahierara jantzi, edonora joan… Eta, aldiz, patriarkatu ahalguztidun horrek berak bortizki debekatuko die haren emazte edo alabari berak posible dituen guztiak.

Azken patriarka eleberri gogorra da, latza eta garratza, irakurlea interpelatzen duen horietarikoa eta, batez ere eta… eskerrak!, barruan geratzen den horietarikoa. Ez nau harritzen, beraz, 18/98ko epaiketan bidegabeki zigortua izan ondotik, kartzelan emandako urte luzeetan, Jexusmari Zalakainek, gatibualdiak ematen duen pazientziaz hornitua, Najat El Hachmiren eleberri ederra itzuli izana. Ikusi dugunez, liburua argitaratu osteko ezusteko arrakasta apartsutik landa (Ramon Llull saria eta Prix Ulysse sariak irabazi eta hainbat hizkuntzatara itzuli zuten), idazleak ibilbide oparoa egin duen arren, errealitatea geldoagoa da, egoskorra da, tinkoa. Lurrazpiko sustraiei heltzen die, erauziko duen urakanen zain. Baina, tai gabe, urakan berriak heltzen dira, eta sustraiak aztoratzen dira, mugitzen dira, gurutzatzen dira. «El nostres cossos, nosaltres decidim» artikuluaren amaieran idazle katalanak dioen bezala: «Haiei, gizonezkoei, inork ez die arropa kenduko, ezta ere nola jantzi behar duten esango. Odolak irakiten digu eta hain solidoa uste genuen hori aldatzen da, berriro guztiak barne hartzen gaitu, estaliak eta desestaliak, guztiaren gainetik emakume izatearen gua da»

Najat El Hachmi (Nador, 1979), berberear jatorriko idazle katalana. Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan Filologia arabiarra ikasi zuen eta Catalunya Culturako irratian amazigeraz albistegi bat izan zuen. 2004an, Jo també sóc catalana saiakera idatzi zuen eta, lau urte geroago, 2008an, bere lehen nobelak, Azken patriarkak, Ramon Llull saria irabazi eta berebiziko arrakasta izan zuen. Geroztik, La caçadora de cossos eta La filla estrangera liburuak argitaratu ditu.

gure liburuak 51: Urakanak eta gu. Mikel Soto
→ uberan.eus: Azken patriarka argitaratu du Txalapartak
→ argia.eus: Ai, aita! Amaia Alvarez Uria
→ klito.eus: Najat el Hachmi: “Idazketa arma boteretsua dela konturatu naiz, topatu dudan modurik eraginkorrena da jendearengana iristeko”

Share

Iruzkinak