[saregernika.eus] Edorta Jimenez Ormaetxea “Duintasuna idatziz. Euskal preso eta iheslarien literaturaz”

2017, 5 abendua

→ saregernika.eus: Edorta Jimenez Ormaetxea “Duintasuna idatziz. Euskal preso eta iheslarien literaturaz”

Duintasuna idatziz. Euskal preso eta iheslarien literaturaz

EDORTA JIMENEZ ORMAETXEA

Mendi erdi bete du Durango Azokak. Euskal liburuekin eta bertoko musikarekin urtero izaten dugun hitzorduaren aurtengo edizioa abenduaren 6a eta 10a bitartean izango da. Ez gara denok izango. Gure aldetik kartzelan edo erbestean direnak hartuko ditugu gogoan, beste behin ere.

Honez gero gehienok badakizuen legez, eta ez dakizuenok oraintxe duzue jakiteko aukera, euskal preso politiko eta iheslarien literatura, komikiak eta beste sormen lan batzuk Ataramiñe argitaletxeak ekartzen dizkigu. Urtero. Behin ere huts egin barik azken urteotan. Bada, 2017koan ere hantxe izango duzue, zain.

Hasteko Ataramiñe’17 urtekaria datorkigu, hamabi preso politikoren lanekin. Horren ondoan Errezel berdeak Jexuxmari Zalakainek Dueñas espetxean idatzitako memoria eta hausnarketa liburua datorkigu. Kartzelako kronikak prosaz ez ezik bestela ere egin litezkeelako, Ibon Muñoak kartzelako kronika eta bizitza bertsotan dakarkigu bere laugarren liburua den Udaberrian biziko gara izenekoan. Koska bat estuago eginez, Axelko eta Otsoko bertsotan haurrentzako ipuina dakarkigute Xabier Ugartek (testua) eta Kepa Etxeberriak (irudiak). Ataramiñeren argitalpen berri hauek salgai izango dira Durangoko Azokan.

Liburuok presoen duintasunaren ispilua dira. Ez sinatzaile legez agertzen direnena bakarrik, guztiena baizik. Bizi duten egoeran horrelako lanak ontzeko askoren arteko auzolana behar izaten baita.

Ez gaitezen baina duintasunaren ikurraren zerarekin engaina. Ataramiñek orain arte kaleratu dituen lanetan literatur gaitasuna eta kalitatea nabarmendu dira, ezer nabarmendu bada. Beraz, bazter dezagun topikoa eta jo dezagun liburuotara literaturaren bila ere. Ez edozein literatura, jakina. Baina literatura azken batean. Ez ahaztu euskaldunek kartzeletan zein erbestetan idatzitako batzuk euskal literaturako urrezko orrialdeetan direla honez gero.

Kartzelan urteetan egondako Jokin Urainek ekarri zigun horren lekukotasuna, Ez dago etxean liburuan. Klasikoa, beti etxean eskura eduki behar direnetakoa. Susa argitaletxeak online dauka liburua, paperezkoa erosterik ez duzuenok ere irakur dezazuen.

Ez dut aukera pasatzen utzi nahi Jokin Urainen beraren Izaina eta Adlotse liburuak lan handitzat ditudala esateko. Bigarrenak -adlotse: estolda, ispiluan irakurrita- Ernesto Sabatoren nobelak ekarri zizkidan gogora. Euskarazko horren parekotzat daukat nik Jokinena. Liburu gogorrak dira biak ala biak.

Mikel Antzarenak ere gogorrak dira. Gogortasun eta guzti, ederto baten irakurtzen dira, maila handiko liburuak baitira Ospitalekoak eta Atzerri, hala hizkuntzaren aldetik nola literatur baliabideen aldetik ere.

Behin atzerria aipatuta Joseba Sarrionandiarenak berez datoz gogora. Azkena, Lapur banden etika ala politika, hemengo benetako gaizkile arriskutsuen harira idatzia da. Idatzi duen nobela luze bakarra, Lagun izoztua, eta egin duen saiakera luzeena, Moroak gara behelaino artean?, liburu handiak dira. Hitzen ondoeza, berriz, bigarren beste hori bezain ezinbestekotzat daukat nik neuk.

Asko dira kartzelako gure idazleak, ez naiz luzatuko, hortxe daukazue arestian aipatu dudan Ez dago etxean, bila hasteko. Amaitu baino lehen esan ohartzen naizela ez dudala emakumezkorik aipatu. Ataramiñeren urterokoetan badira, ostera.

Ataramiñeko erkideek urtero esaten duten legez, nahi nuke nik ere euskaldun bakar bat ere ez izatea kartzelan idazten, kartzelan euskal presorik ez dagoelako. Bitartean agur egiten diegu, idazten dituztenak irakurtzeko promes eginez.

Ataramiñerekin harremanetan jartzeko:
ataraliteratura@gmail.com
www.literaturakoadernoak.org

Share

Iruzkinak