Joseba Sarrionandia / Lierni Altube: “Idazlea zeu zara, irakurtzen duzulako” liburua

2010, 1 uztaila

Hik Hasi

“Idazlea zeu zara, irakurtzen duzulako” liburua

Hik Hasik argitaratu berria du, eta datorren astean aurkeztuko du, hausnarketa sustatzeko eta pentsamenduaren autonomia eta ikuspegi kritikoa lantzeko 130 ipuin eta 130 marrazkiz osatutako liburua + lanketarako proposamen didaktikoa.

Eskaintza berezia egingo du harpidedunentzat eta kopuru handia eskatzen dutenentzat.

Joseba Sarrionandiak idatzitako liburuan aurkezten diren ipuinak, nola ez, gozatzeko dira. Imajinazio handia agertzen dute, eta, fantasiaren munduan bidaiatzera eta protagonistaren tokian jartzera gonbidatzen gaituzte.

Idazleak erabiltzen duen hizkuntza poetikoarengatik, ipuin bakoitzean sentiarazten dituen irudi desberdinengatik eta agertzen diren metaforengatik, taldean irakurriz gero, hainbat interpretazio egiteko aukera eskaintzen ditu.

Umorea erabiliz, errealitatea eta absurdoa nahasten ditu autoreak. Ipuin bakoitzean, ezusteak sortzen duen inpaktuak, pentsarazten, eztabaidari bidea ematen eta ondorioak ateratzen lagun dezake.

Ipuin bakoitzak hainbat ikuspegitik begiratzeko aukera eskaintzen duenez, norberak interpretatzea, iritzia aurkeztea, besteak entzutea, arrazoitzea, ideiak defendatzea, adostea… ahalbidetu dezake. Horrekin guztiarekin, pentsamenduaren autonomia eta ikuspegi kritikoa lantzen lagun daitekeela irizten dugu.

Ipuinen lanketak hainbat konpetentzia orokor eta espezifiko lantzeko balio baditu ere, Elkarrekin bizitzen ikasi, Komunikatzen ikasi, eta, batez ere, Izaten ikasi garatzen laguntzeko bereziki baliagarriak direla da gure ustea.

Ipuinak adin jakin bati zuzenduta ez badaude ere, iradokizun gisa, adinka sailkatutako proposamena egiten ausartu gara, inori baliagarri suerta dakiokeelakoan.

>> argia.com: Sarrionandiaren mikroipuinak plazaratu ditu Hik Hasik

Share

Iruzkinak