Leiho mugikorrak sakelan

2010, 17 urria

Leiho mugikorrak sakelan
Bixente Serrano Izko
berria.info

Gaurko hau fintasun osoz diseinaturiko liburu bat dugu. Lehen begiradan, haur literaturako produktu baten aurrean gaudela ematen du. Mikro-ipuinetan murgiltzerakoan, haurrak ikusiko ditugu protagonista ia istorio guztietan. Haurren bihurrikeriak, ametsak, jolasak, begiak, birjintasun lainoa ikusiko ditugu, baina haurren harridurak ere, haurren galderak, ikuspuntuak… helduok sarri zer pentsatu, nola interpretatu, zer erantzun ez jakin jartzen gaituzten horiek. Leihoak ipuintxoko neskatilak, mundua ikusteko, bere pintzel lodia sakelan eraman eta leihoak nahi dituen une eta txokoetan airean margotzen dituenean, ez da bakarrik mundua zatika, bere neurriaren arabera ikusi nahi duelako, bada baita ere mundua ikusarazi nahi digulako helduoi. Helduok, hain zuzen, neskatilaren amama bezala, geure etxeko leiho bazterrean geratzen gara aurrean dugun munduari begira, geure ohiko munduari so, geure esperientzia mugatuak eta geure lepo gainean eroritako hipotekek eraiki diguten leihotik mundu jakinaren pasaeraren zain.

Haurrak protagonista, haurren leihoak gure behatoki, baina ez helduok haurren mundura itzultzeko babes inozo bila, baizik eta haurrek helduok gure mundu zurrunetik, adreiluzko mundutik mugiarazteko. Intentzioz beteriko ipuintxoak baitira Joseba Sarrionandiarenak, zeinetan gustura murgil daitezkeen haur eta gazteak -haien kezkak eta kontuak dira, azken finean, leihoaren bertzaldean agertzen direnak-, baina zeinetan ere astindu ederrak jaso ditzakegun helduok, gauzak berriro pentsatzeko, begi bistako hainbat irudi eta itzalen atzetik zer susma dezakegun ahalegintzeko. Ez dugu, hortaz, haur literaturako produktu hutsa esku artean; helduontzako ere badugu gaurko hau.

Estilo atsegina, hizkera poetikoa, irudimentsua, gozoa eta jasoa aldi berean, Sarrionandiak aspalditik ohiturik gaituen bezala. Eta irakurterraza bere horretan, baina behin baino gehiagotan irakurtzera bultzatzen gaituena. Areago, irakurleok geure kabuz ipuinak berridaztera gonbidatu nahi gaituena. Ezin argiago jarri du gonbita liburuaren tituluan bertan: Idazlea zeu zara, irakurtzen duzulako izenburu/lema horretan, alegia.

Ez gaude Sarrionandiaren lan nagusietako baten aurrean. Xumeagoa dugu hau, nik uste, barneko balio literarioaren aldetik. Baina ez, esplika dezadan nire hau, Sarrionandiak bere ohiko mailatik beherago erori delako, baizik eta bere betiko baliabideak edozein irakurleren eskura eraman nahi izan duelako, edozein irakurlerengan fantasia eta, batik bat, haren eguneroko errealitatetik haratago joateko ahalmena pizten laguntza eman nahi izan duelako. Badirudi egileak bere sormen lan honetan baino konfiantza gehiago izan duela, azken buruan, irakurlearen sormenean, baldin honek ganoraz eta bere leihotik, bere esperientziatik leitzen/ikusten baditu idazleak eta marrazkigileak eskainiriko fikzioak. Horrela, argitaletxe konbentzional baten bidez plazaratu ordez, helburu pedagogikoetako bertze baten eskuetara bidali du ipuintxo bilduma. Bai haurrei, bai nerabeei, bai gazteei, bai helduoi eskaini digu obra hau, guztiok, nork gure mailatik, gure eskarmentutik, irakurtzen, hausnartzen eta istorioak berridazten goza dezagun.

Horretaz dudarik ez izateko, liburuak aparteko kaiera ekartzen du, Liburua erabiltzeko proposamen didaktikoa, non hainbat ariketa-eredu proposatzen duen haurrei, nerabeei, gazteei eta helduoi begira, eskoletan, literatur elkarteetan eta nor gure bakardadean saia gaitezen leiho berri eta etengabe mugikorretatik ikusten eta berrikusten mundua.

Share

Iruzkinak