[GAUR8] Euskararen eta kartzelaren arteko harreman makurra, arazo zahar baten sintoma

2022, 22 otsaila

Yeseriasko kartzelan, 1983an (Javier GALLEGO | EGIN-ATARAMIÑE)

→ naiz.eus: [GAUR8] Xabier Izaga • Euskararen eta kartzelaren arteko harreman makurra, arazo zahar baten sintoma

Iragan abenduan, euskara irakasle talde batek espetxeetan egiten duen lanaren berri eman zuen, eta euskal presoen euskara ikasteko eskubidea bermatzeko eskatu zioten Lakuako Gobernuari. Laster aurkeztuko dituzte beren eskakizunak Gasteizko Legebiltzarrean ere.

Euskara aspaldiko arazotzat izan dute Espainiak eta Frantziak. Eta, horrenbestez, estatu horiek arazo izan dituzte euskaldunek. «Hizkuntza komun bat ezinbesteko baldintza da berorren gorentasunak uztarripean sartuko dituen herri barbaroek eta hizkuntza xelebreko nazioek jaso ditzaten garaileak garaituari jartzen dizkion legeak». Hala idatzi zuen Antonio de Nebrijak Espainiako erregina Isabeli eskaini zion “Gramatika”-n. Ez da atzo goizekoa, beraz, euskaldunen arazo hori, etengabeko errepresioa ekarri izan diena. Euskararen eta estatuen arteko harreman makur horrek bere horretan dirau gaur egun, eta kartzela da, hain zuzen ere, arazo horren sintoma nagusietakoa.

Hala egiaztatu dute azken urteotan zenbait euskara irakaslek. Joan den abenduan jakinarazi zuten espetxeetan egiten duten lana eta euskal presoek euskara ikasteko duten eskubidea bermatzeko eskatu zioten Lakuako Gobernuari.

Euskara ikasi beharra

Luze joko luke Bernat Etxepareren “Linguae vasconum primitiae” hartatik gaur artean espetxean euskaraz idatzi eta argitaratu diren testuak zerrendatzeak. Nebrijaren garaitsukoa zen Etxepare, baina beste erresuma batekoa. Ez bide zen erraza orduan kartzelan idaztea, gaur egun ere ez den modu berean. Edonola ere, duela bost mende euskal herritar gehienek bazekiten euskaraz, nahiz eta beren hizkuntza ez zen inon ere ofiziala. Harrezkero, gero eta euskal herritar gehiago euskara ikasi beharrean izan dira, eta dira, euskara ofiziala den lurraldeetakoak barne.

1936ko gerraren ostean, 40ko eta 50eko hamarraldietan, izan zen kartzelan euskara ikasi zuenik, baita irakatsi zuenik ere, eta hurrengo hamarkadako pizkundetik aurrera, ohikoago gertatzen zen euskal preso politikoek euskaraz idaztea eta euskara ikastea, beren kabuz nahiz, euskara eskolak ematen ibilitako lagunen bat sartzen zenean, irakaslearekin.

1977ko Amnistia Legea onartuta, urte horren amaieran irten zen azken euskal preso politikoa. Hurrengo urtearen hasieran, kolektibo horren hurrengo kartzelaldiko lehenak sartu ziren. Barruan, euskaraz ez zekitenek ikasteari ekiten zioten; bazekitenek, berriz, alfabetatzeari. Jokin Urainek kartzelako literaturaren historia modukoa argitaratu zuen 2010ean, “Ez dago etxean”; bertan, presoen lehentasuna euskaraz alfabetatzea izan zela dio, eta beren idatzietan euskara batua erabiltzen zutela.

Giltzapeko euskaltegiak: Soria

Euskara eguneroko elkarrizketa ugaritako gai izango zen zeldetan eta patioetan, eta euskara eskolak ohiko egin ziren Euskal Herriko kartzeletan.

1978aren amaieran, Soriara eraman zituzten euskal preso politikoak. Han edozer ikasteko baldintzak ez ziren egokienak, ordea, Polizia espainola kartzela barruan zegoela. Hamaika borroka egin eta hamaika sarraski jasan ondoren, Polizia kartzelaren kanpoaldera ateratzea lortu zuten.

Euskara eskolak emateko gela batean biltzen ziren taldeka. Maximo Aierbek eta Jon Esturok han idatzi zuten “Xake” liburuaren sarreran euskarak aurre egin behar dien ohiko oztopoak eta giltzapean topatzen dituenak zituzten hizpide: «Soriako espetxean daramagun eginkizun garrantzitsuenetariko bat euskara lantzea izanik, eta orain arte xakeari buruz ez dela ezer egin ikusirik, hau euskararen arlora eramatea pentsatu genuen […] Oztopo handiak izan ditugu lan hau osatzeko. Alde batetik, ez genuen inongo terminologiarik euskaraz, eta bestetik, gauden egoeran egonik ez dugu hau leku egokiena ikerketarako».

Aldi berean, 1981ean, Carabanchelen pilatzen zihoazen euskal presoak, sartu berriak nahiz epaiketara edo izapideak egitera eramanak. Han, zeldetan, lehenengo mailatik ikasten hasi ziren batzuk, alfabetatzen beste batzuk…

Puerto de Santa Maria

1981eko uztailean eskola haiek Puerto de Santa Mariako kartzela berrira lekualdatu ziren. Miaketak egunero, zigorrak, probokazioak… hango bizimoduaren ezaugarri ziren. Giro itogarri hartan ondu zituen Joseba Sarrionandiak “Galtzetan gordetzeko koblak”, Ruper Ordorikak musikatu eta abestuak: «Argi gabe ari nauzu giltzapean koblatan/ Oinazea bisitari gogoaren zainetan/ Zaindariak paper bila ari dira zeldetan/ Erdu eta to zuretzat gorde itzazu galtzetan». Eta kartzela berean eta garai bertsuan sortu zuen “Territorio librea” poema ezaguna ere. Euskara zen kartzeleroen entzumenetik ihes egiteko modu bakarra.

Egun osoa patioan ematen zuten, iluntzean telebista gelara sartu arte. Jarduera gehienak, euskara eskolak barne, beraz, patioko bazterretan egiten zituzten; zeldan liburu bi baino gehiago edukitzea debekatuta zegoen, eta gutunak astebetetsuko epean iristea nahi bazuten, gaztelaniaz idatzi beharra zegoen; bestela, itzultzera bidaltzen zituzten eta haien bidaia hainbat astez luzatzen zen, iristekotan.

Han ere euskara maila guztietako taldeak zeuden, D Titulua zelakoraino –artean ez zegoen EGArik–, baina fonetika, euskalkiak, literatura eta bestelako ikastaroak ere antolatzen zituzten.

Herrera de la Mancha

1983. urtearen amaiera aldera, Puertoko presondegian zeuden preso guztiak Herrera de la Manchako espetxera eraman zituzten. Modulu batean sartu zituzten, eta luze gabe beste bi bete zituzten Alcalatik eramandako lagunekin.

Herrerako bizi baldintzak ere ez ziren samurrak, eta debekuak nagusi. «Liburutegian» ematen zituzten eskolak, presoen liburuez betetako apalategi metaliko bat zegoen gela handian, alegia, edo jantokian. Han ere maila guztietako ikastaroak egiten zituzten, baita bestelako ikasketak ere, hala nola Ingelesa, Ekonomia, Historia, Psikologia… Izan ere, gero eta jende gehiago matrikulatzen zen EHUn. Ikasle gehien biltzen zituzten karrerak Kazetaritza eta, harritzekoa ez dena, Euskal Filologia ziren.

Herreran hainbat lagunek lortu zuen gero EGAren baliokide izan zen D Titulua eta, ondoren, B Titulua izenekoa. «Literatur zaletasuna, euskararekiko kezka eta eztabaidak, ikastaroak, eguneroko jardunean bizi-bizi zeuden sasoi hartako Herreran…», dio Urainek.

Edonola ere, ez zen erraza gutxieneko normaltasunarekin ikastea. Baldintza haietan eta ohiko borrokak –gose grebak, plantoak, egunean eguneko istiluak…– eta etengabe beteta egoten ziren zigor ziegek ez zuten ez ikasteko ez ezertarako girorik aproposena sortzen laguntzen. 1984an egin zuten txapeo luzean bakarka ikasten jarraitu zuten, eta baziren eskolak leihotik leihora ematen zituztenak ere.

Jende asko alfabetatu zen Herreran ere, eta hala gogoratzen du Urainek: «Hantxe prestatu ginen EGA azterketa egiteko; euskaraz normaltasun apur batekin idazten ere –asteroko eskutitzak eta abar– hantxe hasi ginen batzuk». Eta eskutitzak idazteak ere bazuen bere alde txarra, denak zentsuratzen baitzituzten, eta euskarazkoek, gainera, hilabete bat baino gehiagoan iristeko edo are inoiz ez iristeko arriskua zuten. Zenbait hilabetez gaztelaniaz idatzi gabe egon ziren, euskarazko eskutitzak iristeko gehienezko epe bat jartzea lortu arte.

Nonbait ere, esandako kartzelak dira euskal preso politikoak izan direnik esanguratsuenak, kolektiboaren parterik handiena izan den aldetik. Baina ez dago esan beharrik aldi berean emakumeek, Yeserias eta Carabanchelen zirela, antzeko bizi-baldintzen pean izan eta ikasteko oztopo berak zituztela. Baita Estatu frantseseko espetxeetan zeudenei dagokienez ere; horiek, gainera, beti kartzela gehiagotan barreiatuta.

Sakabanatuta, are okerrago

1987an hasita, urte bi geroago orokortu zen sakabanatzea. Hainbat kartzelatan, moduluetan barreiatuta, ziegetan bakartuta… 2002tik euskal preso askok “Ataramiñe” koadernoetan argitaratzen dituzte beren poemak, bertsoak, narrazioak, marrazkiak eta eskulanen argazkiak; horiek ikusita, hara zeri erreparatu zion Urainek: «‘Ataramiñe’ hauetan bakardadeak askoz leku handiagoa du urruntasunak baino».

XXI. mendearen hasieran, 2003an, hain zuzen, espetxe sistema aurrerakoienen pare, nonbait, euskal preso politikoei EHUn matrikulatzea debekatu zieten eta, horrenbestez, baita ikasketak euskaraz egitea ere.

Berez zaila da kartzelan ikastea, are zailago baldintza horietan, salbuespenaren oztopoen aurka. Oztopo horiek arintzeko asmoz abiatu zuen irakasle talde batek ekimen bat, presondegietako ikasleek, dagozkien eskubideak errespetatuta, beren ikas prozesua aurrera eraman dezaten.

«EUSKARAK ONGIA DEZAN ONGARRITU GAIZKIAN»

Ibon Muñoa eibartarrak 20 urte eman zituen Espainiako kartzeletan. Urrunduta, bakartuta. Bere larruan ezagutu ditu giltzapean ikasteko oztopoak. Joan den abenduan, euskal presoei eskolak ematen dizkieten irakasleekin eta beste zenbait preso ohirekin batera izan zen Durangoko Udal Euskaltegian, presoek euskaraz ikasteko eskubidearen alde, berak oztopoz beterik egin zuen bidea normaltasunez egiteko aukera izan dezaten.

Beste ikasketa batzuen artean, EGA azterketa gainditu zuen espetxean, eta zortziko zaharrean kontatu du presoen euskara irakasleen lanaren eta eskakizunen berri. Bere burua idazletzat ez duen preso ohi honek zazpi liburu idatzi ditu espetxean, poemak eta bertso jarriak, milatik gora bertso sorta. Hona 1137.a.

EGA kartzelan lortu nuen

1. Bi mila (e)ta hiruan zen kartzeletan gertatu,
EHUtik gintuen Aznarrek kanporatu,
maltzurki zigun euskaraz ikastea ukatu,
EGA proba egiteko desira deuseztatu.

2. Etxeratek EGA zigun berriz maitez opatu,
HABEgaz plana duela hiru urte gauzatu,
kide batzuek genuen aukera baliatu,
adoretsu arituta ametsa loreztatu.

3. EGA azterketa nuen Kordoban aprobatu,
Ainhoari esker zinez egokiro prestatu,
etengabe ziren gure gutunak gurutzatu,
ezina zirudiena genuen eskuratu.

4. Ainhoa izan zelako gutunekin itzala,
poliki sentitu nuen azterketan ahala,
nahiz hasieran burua sumatu lar makala,
jakintza landuz izan zen emaitza kolosala.

5. Azterketaren lekuko bi irakasle alai,
bizkaitarrak heldu ziren Puertotik zirraraz blai,
zintzo esan ziotenez konpromisoari bai,
irribarrez izan ziren ni motibatzeko gai.

6. Euskara irakasleek itua kartzeletan,
presoek goza dezaten ondarea ziegetan,
jakinduria bidaliz hamaika gutunetan,
ederki aurkeztutako mila ariketetan.

7. Argiro dut Euskararen Egunean salatu,
kartzelak beti duela altxorra mespretxatu,
Jaurlaritzari nahi diot duda barik eskatu,
presoen euskalduntzea dezala kudeatu.

8. Durangon elkartu gara Udal Euskaltegian,
gure nahi onak jartzeko kartzeletan abian,
euskarak ongia dezan ongarritu gaizkian,
presorik gabe gaitezen bizi Euskal Herrian.

Share

Iruzkinak