Burdin-barrak irribarrez

2011, 14 urtarrila

>> argia.com: Burdin-barrak irribarrez

Jon Torner

Preso nago. Mikel Orbegozo.
Ataramiñe (2010). 72 orrialde, koloretan.

Mikel Orbegozo donostiarra Mansillako espetxean dago preso, Leonen (Espainia). 2005eko otsailean atxilotu zuten, eta kartzeletako bizimodua ongi ezagutzen du, espainiarretakoa bereziki. Preso nago komikia bizimodu horren isla da. Barneko sentipenez mintzo da Orbegozo, ziega barruan beste dimentsio bat hartzen duten eguneroko kontu txikiez, presoen aurkako estrategia errepresiboaz… ironiaz eta umore puntuaz betiere, “ezkutatu nahi den errealitate gordin honen aurrean, bizitzari irrifar batekin aurre egiteak apur bat libreago bihurtzen gaituelako”, berak dioen moduan.

Katxeoak, otorduak, ziega aldaketak, denboraren joan-etorri motela, eta kapitulu mardulagoetan, funtzionarioek Madrildik jasotzen dituzten agindu “berriak”, euskal preso politikoen aurkako “fotofobia” eta euren senideek jasan beharreko ukimen bidezko miaketak dituzte ardatz Orbegozoren istorio laburrek. Hizpide dituen gaiak delikatuak dira, baina ia beti lortzen du irribarretxoa sortzea. Barre algararik ez, baina irri txikia bai. Horren adibide ditugu errepresioaz mintzo zaion Txapitas lagunari erreflexioaren aldeko mezuarekin erantzuten dioneko pasartea, eta atxilotuen argazkiak telebistan ikusi eta haserretu egin den ertzainarena, berak gogor lan egin duelako argazkiak txosna eta kale kantoietatik kentzen.

Ilustrazioak, komikiaren osagai potenteenak ez izan arren, txukunak dira, eta zertzelada politekoak: aho eta begi keinu adierazkorrak, mugimenduak, paisaiak… Presondegiak ilun imajinatzen ditugu guk, baina Orbegozoren marrazkiak alai eta koloretsuak dira; tonu beltz eta grisak apenas ikusten dira. Gainera, ez ditu pertsonaiak karikaturizatzen. Aurpegi igualak dituzte kartzeletako funtzionarioek eta presoek, borobil borobilak. Sor daitekeen tentsioa arintzen du horrek, egoera goxotu, eta hasiera batean behintzat, pertsonaia guztiak maila berean jarri.

Beste kontutxo bat. Ataramiñek copyleft lizentziarekin argitaratu du komikia: “Bere edukiak zabaldu, aipatu eta hitzez hitz kopiatu daitezke, osorik zein zatika, edozein medio erabiliz eta edozein helburu lortzeko, ohar hau mantentzen eta jatorria aipatzen den bitartean”.

Share

Iruzkinak