Askatasunetik Ziegara… Atik Zra

2011, 5 apirila

>> Nabarra hilabetekaria 118. zka. | 2011ko martxoa

Literatura Eskolak eman digu ideia. Otsailean irakurleak Donibanen batu zirenean kartzelako literaturaz hitz egin zuten eta eleberrietako, filmetako, hurbileko eta urruneko kartzelak oroitu genituen. Karmen Katodori eskatu genion bere zerrenda horietako bat osatu zezan eta telegrama bidez erantzun zigun, baietz, egingo zuela, baina denbora beharko zuela, asko baitira kartzelak STOP gorputza bera baita STOP arimaren kartzela STOP William Blake poetak STOP zioen bezala STOP. Martxoko alfabetoan, kartzelak, beraz.

Karmen Katodo

A
Historian garrantzia izan duten kartzela asko aipatuko ditugu lerrootan baina lehenengoa duela oso gutxi agertu zen mundu osoko prentsaren titularretan. 2004an eman zuten ezagutzera AEBtako telebista kateek Irakeko inbasioaren hasieratik Amnesty International eta beste erakunde batzuek salatzen zutena: ejertzito yankeea buru zuen koalizioko soldaduek torturak eta tratu txarrak erabiltzen zituzten preso irakiarren kontra. Abu Ghraib (arabieraz جن أبو غريب edo siŷn abū ġurayb) mundu osoan egin zen ezagun, bertan gertatzen zenaren irudiak han eta hemen zabaldu zirenean. Zalaparta politikoak Donald Rumsfeld defentsa idazkaria eta George W. Bush presidentea azalpenak ematera behartu zituen eta azkenean txostena eman zuen Administrazio amerikarrak gertatutakoa onartzen. Soldaduen sadismoa aitortu zuten eta ofizialen utzikeria, lehenetik hasita Washingtongo azken goi-karguraino. Txostenak, ostera, torturak ez zituela inork agintzen ere esan zuen, eta soldaduek krudelkeriak bultzatuta eta haien kabuz egiten zituztela. Egun, oraindik 300 tortura salaketa ikertzeko daude.

Kartzela batetik baino gehiagotik, erbestetik eta mila ezlekuetatik idatzita daude, bestetik, Ataramiñe argitaletxearen lanak. 2002an sortu zenetik kultur elkarte ere den Ataramiñek urtero-urtero eman ditu argitara euskal preso eta iheslari politikoen lan-bildumak. Musika bildumak, mahai-jokoak, obra laburrak, margo liburuak eta beste hainbat lan ere sustatu eta zabaldu dituzte. 2007an Ataramiñe kantuz ere atera zuten, presoen poema musikatu eta abestuak.

B
Sekretuen gotorlekua deitu zioten, justiziarik gabeko lekua eta iraultzaren lehen hitzordua. Frantziako kartzela ezagunenari buruz ari gara eta historia liburuetan leku handiena duenari buruz ere bai, ziurrenik. Bastilla, jakina, Le Bastille frantsesez. Voltaire filosofoa bera eta Sadeko markesa preso egon ziren haren hormetan eta Antzinako Erregimenaren eta monarkiaren zapalkuntza eta ustelkeriaren ikur jo zuten iraultzaileek. Horregatik hartu zuten, 1789ko uztailaren 14an, sinbolismo handia eta –aitor dezagun- meritu ez hain handia duen erasoan. Izan ere, iraultzak anaitutako matxinoak bertara sartu zirenean zazpi preso baino ez zeuden barruan, bakar bat ere ez filosofoa (dakigula). Lau faltsifikatzaile zeuden gatibu, buruko gaitza zuen gizona (Tavernier abizenekoa, zinegilea bezala), intzestuagatik zigorturiko noblea (a ze zikina) eta Damiensen izeneko seigarren bat. Iraultzak askaturiko lehenak, Aro Modernoaren lehen egunean.

C
Gaztelaniaz idatzi dutenen artean maisu jotzen dena ere, Miguel de Cervantes preso egon zen, bost urtez. Napolitik Espainiarako bidean, turkiarrek gatibu egin zituzten Miguel eta Rodrigo anaia, 1575eko irailaren 26an. Aljeriara eraman zuten, eta gizon handia zelakoan urre-gorrizko 500 ezkutu eskatu zituzten erreskate modura. Dakigula, inork ez zituen ordaindu, oraintsu bezala, orduan ere idazle aberats gutxi zegoelako, baina ez zen etsi Cervantes tematia eta bost urtetan lau aldiz saiatu zen ihes egiten. Lehen ihesaldian bidea erakutsi behar zion gizona ez zen agertu. Bigarren saiakera Cervantesen amak egin zuen, baina diru nahikorik ezin izan zuen batu bi semeen askatasuna erosteko eta Miguelek nahiago izan zuen Rodrigo kalean ikusi. Rodrigo saiatu zen anaia itsasontziz handik ateratzen baina itsasoa zakarregi zegoen eta azkenean atzeman egin zuten turkiarrek. Cervantes idazleak ardura osoa berea zela esan zien eta ihesaldia bere gain hartu zuen. Bost hilabetez kateatu zuten zigor modura. Hirugarren saiakeran hobeto aritu zen eta Oranera iristea lortu. Baina laguntza eskatzeko bidali zuen laguna preso hartu zuten eta 2.000 zigor kolpe jasatera kondenatu zuten Cervantes, nahiz eta gero zigorra barkatu. Laugarren saiakeran ere, lehenengoan bezala, gaizkideak traizionatu zuen eta Konstantinoplara eramatea erabaki zuten (nazkatuta edo). Baina azkenean fraide kristau batzuek ditxosozko 500 txanponak batu eta Cervantesen askatasuna erosi zuten. Bestela ihesean jarraituko zuen eta guk ez genuke inoiz letra honetako hurrengo ihesaldiari buruz hitz egitea lortuko.

Colditz gaztelura joan behar dugu alfabetoa jarraitzeko, Saxoniako Leipzig, Dresde eta Chemnitz artean dagoen gaztelu ederrera. Han jarri zuten naziek II. Mundu Gerran ustez Alemaniako seguruena zen kartzela, herrialde osoan goi-mailako segurtasuna zuen bakarra (sonderlager). Soldadu arriskutsuenak zein herriari traizioa egin ziotenak (volksfeindlich) preso hartzeko erabili zuten eta Hermann Göring goi-karguaren esanetan ezinezkoa zen handik ihes egitea. Göring gaixoak ez zekien halakorik ez dela sekula esan behar: 16 gizonek utzi zuten barregarri 1941 eta 1944 artean, Colditzetik ihes eginda. Ihesaldi horiek oinarri hartuta mahai-jokoa egin zuten eta baita telesaila ere, BBC One telebista katean, (Colditz, 1972-1974). Azkenik, Göring gustura gera zedin filma ere egin zen, telesailaren 24. eta 25. atalak hartuta. Horrekin gustura ez eta, bai, asmatu duzu, bigarren telesaila egin zuten 2005ean, ITV1 katean (Chancellor Colditz: The Definitive History). Aurki, horrela jarraitzen badugu, musikala eta wii-jokoa. Adi.

D
Irlandarra sortzez, Ingalaterran izen handikoa, Frantzian egin zuen kartzelaldia Oscar Wilde zenak. Ezaguna da gertatu zitzaiona: luzaroan Sir Alfred Douglas, Bosie, izen zuen lagun min eta, ustez, amorante ere bai. Sir Alfreden aitak, Quensberryko kondeak ez zuen batere gogoko harreman hura eta Wilderen kontra ekin zuen, sodomiaren erakustaldi lizunak egitearren. Auzi horrek guztiak, Ingalaterrako gizartean hautsak harrotzeaz gain, erabat suntsitu zuen Wilde. Ez zuen inoiz kartzelaldiak eragin zion galera ekonomikoa gainditu eta ariman egindako zauria ere ez zitzaion osatu. Preso zela, bizi zuen gainbehera De Profundis (Aitor Aranak euskaratua. Txalaparta, 2007) izeneko eskutitz luzean agerian utzi zuen. Eskutitza zen, Lord Alfred Douglasi zuzendua eta erresuminez betea. Ez zen orduan osorik argitaratu, Robert Ross kazetari eta lagunari utzi ziolako Wilde berak, hark kopia bat Lord Alfredi eman eta bestea gorde zezan. Zati batzuk argitara eman zirenean biziki haserretu zen Lord Alfred eta Wilderen kontrako liburua idatzi zuen. Kartzelatik atera ondoren, ostera, elkarrekin bizi izan ziren tarte batez, nahiz eta bien familiek begi txarrez ikusi harremana. Dirudik ez ziotela berriz inoiz bidaliko esan zioten azkenean Lord Alfredi eta Wilde ikusteari utzi zion. Parisen hil zen Oscar, eta hantxe dago hilobiratua. Bere hitzekin goaz hurrengo letrara: «Denok gaude bide bazterrean, batzuk, ostera, izarrei begira».

E
Tiraniak kartzela maite du eta kartzela asko egin zituen Franco jeneralak. Iruñeko Ezkaba aipatu nahi dugu, adibide gisara. San Kristobal gotorlekuan zegoen kartzela nafar, bizkaitar eta preso espainiarrez bete zen, gerra zibilaren hastapenetan, Iruñea frankisten mende geratu zenean. Baina askatasun gosez beteriko murru haietatik ihes egitea lortu zuten. Epopeiak idazteko ematen duen gauean, 1938ko maiatzaren 22an, 795 lagunek zeharkatu zuten atea eta ihes egiten saiatu ziren. 575 atzeman zituzten berriro eta horietatik berrehundik gora hil. Hiruk lortu zuten Frantziaranzko muga igarotzea.

F
Michael Scofield guapoa, adimentsua eta gaztea da. Halako batean, bankura sartu eta pistola eskuan, dirua eskuratzen saiatzen da. Inork ez du ulertzen zergatik, baina ikusleak badaki kartzelan dagoen anaia barrutik ateratzea duela buruan. Gorputzean, berriz, Fox River kartzelako planoak tatuatu ditu, hilabeteetan prestatutako egitasmo zorrotz eta zehatza aurrera eramateko. Ez zen telesail txarra hasieran, Prison Break (hirugarren denboralditik aurrerakoak hobe ahaztea), baina bazituen sinesgarritasuna kolokan jartzen zituen gauza gehiegi. Plan osoa ongi ateratzeko, Scofielden ziegako lagunak harekin alde egin behar zuen eta hilabeteak baino ez zituen falta kalera ateratzeko. Zergatik uste zuen harekin joango zela? Scofield jenioa bazen, zergatik ez zituen planoak buruz ikasi? Eta hori bainoago, benetan jenioa bazen, zergatik zegoen prest esker txarreko anaia kirtenagatik halako ahalegina egiteko? Ez, ez genuen inoiz Lincoln Burrows jasan, zer egingo diogu.

G
Gulag akronimoa da eta Lan Esparruen Zuzendaritza Orokorra esan nahi du. Edo hori uste dugu, behintzat, baina akaso laburtu egin dugu, errusieraz askoz luzeago esaten baita: Главное управление исправительно-трудовых лагерей и колоний, hau da, Glavnoye upravlyeniye ispravityel’no-trudovih lagyeryey i koloniy. Guzti horrek zer deskribatzen duen? Sobietar Batasunean kontzentrazio esparruetan zegoen zigor araubidea. Baina Alderdi Komunistari ez zitzaion kontzentrazio esparru izena deitzen, preso guztiak batera egon arren askotan despistatuta ibiltzen zirelako-edo. Horregatik, nahiago zuten jokabidea zuzentzeko esparruei buruz hitz egitea. Ez ziren konturatzen horrek are beldur handiagoa ematen duela. Maiz, Sobietar Batasuneko kartzela oro deskribatzeko erabiltzen da gulag hitza eta baita munduko bazterretan egoera negargarrietan dauden kartzelei buruz hitz egiteko ere (negargarrienetan, hobe esanda).

Horietako bat, Guantanamo. 1898an eraiki zuen AEBtako ejertzitoak izen bereko badian, Espainiaren kontrako gerra bukatu eta berehala. Ordutik mantendu du, baita iraultza castrista eta haren ondoren ere. Beste edozeinentzat desabantaila litzatekeena (lege egoera irregularra, alegia, legez kanpokoa izatea), AEBtako ejertzitoak abantaila bihurtu nahi izan zuen Afganistan eta Irak inbaditu zituenean eta Guantanamo erabili du gerra-presoak bahitzeko. Lege-defentsarako eskubiderik gabe, beraien aurkako frogarik ezagutu gabe, hantxe egon dira milaka gizaseme, preso eta torturatuak. Giza-eskubideen aldeko taldeek epelak esan dituzte eta munduko beste herrialdeek epelegi egin kritikak. Barack Obamak lekua itxiko zuela agindu zuen baina itxi eta berehala zabaldu berriz. Basea zaintzen duten ofizialak Jack Nicholsonen antzera imajinatzen ditugu. A Few Good Men filmean Tom Cruise abokatuak galdeketa egiten dio, soldadu baten kontrako tratu txarrak agindu ote dituen jakiteko eta militar harroputz, paranoiko eta obsesionatuak baietz aitortzen du azkenean. «Bizitza honetan murruak behar ditugu eta murru horiek defendatuko dituzten gizonek pistolak behar dituzte (…) neuk ematen dizudan askatasunaren berotan lo egiten duzu eta gero zalantzatan jarri nola lortzen dudan askatasun hori».

G
letrarekin bukatzeko, preso baten izena gogoratuko dugu: Jose Maria Sagardui, Gatza. Europako guztien artean kartzelan denbora gehien egin duena da. 14 espetxetan egon da eta hamar urte isolamenduan eman ditu. 1995ean bete zituen zigorraren hiru laurdenak, baina «Parot doktrina» deiturikoaren aplikazioan kartzelan jarraitu du. Apirilaren 13an askatuko dute, 31 urteko kartzelaldia egin ondoren.

H
Herrera de La Mancha edo Herrera Espainian egin ziren goi-mailako segurtasuneko lehen espetxeetako bat izan zen. Beste edozein aukera genezakeen, tamalez, alfabetoaren ia edozein letratakoa, baina hauxe aukeratu dugu, Negu Gorriak taldeak bere inguruan egin zuelako, euskal presoekiko elkartasunez, bere lehen kontzertua.

Jaiotzez Nguyễn Sinh Cung deitzen zen, baina Ho Chi Minh izena jarri zion bere buruari Vietnamgo Alderdi Komunistaren sortzaileak. Ez zuen edozein izen aukeratu, «argia ematen duena» baita Ho Chi Minh. Berari, luzaroan falta izan zitzaion argia, kartzelan egon baitzen hainbat urtez, Vietnamgo presidente izan baino lehen. Poeta ere bazen eta Susak argitaratuta dauka euskaraz bere Gartzelako egunkaria. Azken poematik, hitz batzuk, bukaerakoak: Libre, «Sartaldeko Mendien gailurrak / pasatzen ditut, / Eta ene bihotza taupadaka dago / ene lagun zaharrak gogoan».

I
Stephen King idazlearen ipuin laburrean oinarrituta Frank Darabont zuzendariak kartzelari buruz egin diren filma ederrenetakoa egin zuen, lirikoa eta itxaropentsua, biguna izan gabe. The Shawshank Redemption deitu zioten ingelesez, halaxe deitzen zelako kartzela, Shawshank. Hara bidaltzen zuten Andy Dufresne (Tim Robbins), ustez emaztea eta bere amorantea garbitzeagatik eta han ezagutzen du Red (Morgan Freeman). Krimenik egin ez duen gizon hermetiko eta burutsua zinemaren historiako heroi bitxienetakoa da, ikusleak ez baitaki bukaeraraino itxura ahula duen gizona ze mailaraino den ausarta. Hasieratik maite du, nahiz eta gure modukoa bada, filma honetatik gehien gogoratuko duena Brooks izeneko presoa den. Bizitza osoa kartzelan egin ondoren ez daki kalean bizitzen, instituzionalizatuta dagoelako, zigorrak zauri senda ezina egin diolako. Kaiola bihurtu zaion mundu itxian bere buruaz beste egin eta horman idazten du bere testamentua, filmeko sekuentziarik gogorrenean. Hiru hitz besterik ez: «Brooks was here».

Beste filma gogoangarri asko eman ditu zinemaren historiak eta ezin denak gogoratu. Baina The Great Scape (Preston Sturges, 1963) nahita ez aipatu behar dugu. Steve McQueen agertzen delako eta askatasunaren metafora sinple-sinplea –beisbol pilota- eskuan duelako. Abentura filma gihartsua delako eta aktore sorta ikusgarria duelako. Eta Roger ofizialaren ahoan esaldi ederra uzten digulako, alfabeto honetan aipatu beharrekoa. «Edozein presoren betebeharra ihes egitea da, edo ihesaldia prestatzeko ahaleginarekin arerioari lana eta buruhausteak eragitea. Zenbat eta soldadu gehiago guri begira, are gutxiago egongo dira lubakietan». Filmaren oinarrian, sinestezina dirudien arren, benetako ihesaldia dago: II. Mundu Gerran HIRUROGEHITA HAMAR lagunek lortu zuten ofizialentzat propio prestaturiko kartzelatik alde egitea. Hitler itsu haserretu omen zen, Alemaniarentzat iraina iruditu zitzaiolako eta nazioarteko gerrari buruzko hitzarmenak hautsita, iheslari gehienak fusilatzeko agindua eman zuen. Nürembergen eskatu zitzaizkien gero kontuak agindua bete zuten ofizialei.

Robben izeneko irla batean egon zen preso, bestetik, 18 urtez Nelson Mandela. 27 urte egin zituen guztira Hego Afrikako gobernu arrazistaren kartzeletan, sei hilabetean behin bisita bakarra jasota. Zuzenbidea ikasi zuen murru haietan eta apartheid sistemak eragindako preso politiko bakarra ez bazen ere, Mandela hartu zuen ikur eta aurpegi eta arima zurien pribilegioen kontrako borroka luzeak. 1990ean askatu zuten eta Hego Afrikako lehen presidente beltz bihurtu zen 1994an, beltzei eskubide politikoak aitortu zizkion prozesu demokratikoaren ondoren. 466/64 zenbakia izan zuen presoa ihes egiten saiatu zela zabaldu izan da inoiz, baina gero jakin da Hego Afrikako gobernuak benetan nahi zuena alde egiten utzi eta ihesaldian garbitzea zela. Zerbitzu sekretu britainiarrek egin zuten presio, antza, horrelakorik gerta ez zedin eta Gordon Winters agenteak kontatu zuen operazioa Inside Boss liburuan.

J
Julius eta Ethel Rosenberg ere kartzelan egon ziren, ustez sobietarrei sekretu zientifiko garrantzitsuak ematearren eta espioi zibilak izatearen akusaziopean. Kargu horiengatik herio zigorra jasaten lehenak izan ziren eta horregatik pasa dira historiara. Horregatik eta ez dagoelako argi akusazioa fundamentuzkoa ote zen. Nikita Khrushcheven memorietan Rosenberg senar-emazteen ekarpena berebizikoa zela esaten den arren, ez dirudi Ethel espioia izan zenik. Bere nebak aitortu zuen arrebari erra ziolako eta FBIak presionatuta salatu zuela. Herio zigorrak atzera bueltarik ez, tamalez.

K
Euskal literatura garaikidearen esparruan izen handiena duen eleberrietako da, baita merezimendu osoz izan ere. Agirre zaharraren kartzelaldi berriak letra honetan sartu ditugu, Koldo Izagirre egilearen omenez. Ken Zazpi taldea ere hementxe sartu nahi dugu, Joseba Sarrionandiak kartzelan idatzitako poemari musika jarri diotelako azken diskoan «maite genituen gauzengatik / erori ginen preso» dio letrak, «baina gure maitasuna oraindik / ez dago preso».

L
27 urterekin, eta 66 egun gose greban egin ondoren Long Kesh izeneko kartzelan hil zen Bobby Sands, IRAko militantea. Beste bederatzi lagun hilko ziren Britainiar inperioa belauniko jarri zuen gose greba entzutetsuan. Bere kartzelaldiaren kronika latza da Egun bat nire bizitzan (Txalaparta, 1991. Berrargitalpen eguneratua, 2006) baina bukaerara iristen den irakurleari geratuko zaion sentimendua askatasunarena da, edozein egoeratan norberak beti hautua egin dezakeela sinesten baitzuen Sandsek eta hala frogatzen dio irakurle hunkituari.

M
Duela bi urte inguru eztabaida sortu zuen Celda 211, Daniel Monzon zuzendariaren filmak, euskal presoak gatibu hartzen dituzten matxinatuen istorioak. Sinesgarritasuna falta zitzaion askoren ustez, baina inork ez zuen dudatan jarri Luis Tosar zoragarri (zinez zoragarri!) zegoela Malamadre presoaren paperean. Espainiako zinemaren orrialdeetan lekua egin zuen Tosar galiziarrak, eta kartzela-generoaren baitan ere bai. Liluragarri eta izugarri, Malamadre.

Beste preso mitiko eta fikziozkoa ere ezin ahaztu, Edmond Dantès, Montecristoko Kondea. Alejandro Dumasek benetako gizonaren istorioa hartu zuen oinarri azpijoko politikoen erruz bizitza osorako zigorrera kondenatzen duten gizonaren ipuina kontatzeko. François Picaud Parisen bizi zen, 1804an eta emakume aberats batekin ezkondu behar zen, baina Ingalaterraren espioia zela salatu zuten lau lagunek eta espetxean egin zituen zazpi urte. Bertan, ziegako lagunak Milanen gordeta altxorra zeukala esan zion eta 1814an askatu zutenean altxorra eskuratu eta beste izen batekin Parisera itzuli zen. Dirua, lau lagunen kontra mendekua hartzeko erabili zuen ofizioz zapatagilea zen gizonak, Montecristoko Kontearen doppelganger benetakoak.

Euskal Herrian, M letrarekin Matalas ere gogoratu nahi dugu. Zuberotarra Frantziarren kontra matxinatu zen, 1661ean. Nekazariak soldaduen kontra altxatzeagatik sartu zuten preso eta burua moztu zioten gure Robin Hood euskaldunari.

N
Newman ere egon zen kartzelan, gure Paul maitatu eta maitagarria. Fikziozko kartzelan, Cool Hand Luke filmean. Behingoz, gaztelaniazko titulua jarri ziotenek asmatu zuten eta itzulpen ederra egin: La leyenda del indomable. Zinez mendera ezina den gizonaren legenda kontatzen du filma zoragarriak eta asko baditu ere sekuentzia ederrak, bat gogoratuko dute inoiz ikusi duten ikusleek. Ezetz berrogeita hamar arrautza egosi jan egiten diote apustu presoek Luke menderakaitz, temati eta eskuzabalari eta berrogeita hamar jaten ditu hark, eztarria butxatu eta gaixotzen bada ere. Ai, Paul, gure Paul zoragarria.

O
Ospitalekoak deitzen da Mikel Antzak idatzitako lehen eleberria (Susa, 2010). Ustez, ETAren egitura politikoa hamabi urtez zuzentzeagatik dago Mikel Albisu Freseneseko kartzelan. Kultur sustatzaile izan zenak Joseba Sarrionandia eta Kepa Pikabearen ihesa antolatu ondoren alde egin zuen Frantziara eta errefuxiatzeko eskaera ukatu ziotenean pasa zen klandestinitatera. Kartzelatik idatzi du, Susa argitaletxearen sortzailetakoa ere badenak, neskalagunari maitasun eskutitza idazten dion presoaren istorioa.

P
Panoptikoak dira kartzela borobilak, erdian dagoen begi bakarrarekin edozein mugimendu ikusteko aukera ematen dutenak. Puerto, berriz, (berez Puerto de Santa Maria) Espainiako kartzela ezaguna da, hainbat euskal preso urrutiratu dituena, tartean Joseba Sarrionandia. Han idatzi baitzuen iurretarrak, besteak beste, Ni ez naiz hemengoa. Martuteneko espetxetik egin zuen gero ihes Sarrik, 1985ean, Iñaki Pikabearekin batera. Ezaguna da istorioa, biek alde egin baitzuten Imanol kantariaren kontzertua aprobetxatuta, bana bozgorailutan barruan sartuta. Letra honekin, azkenik, aipa dezagun Papillon (tximeleta frantsesez) Henri Charrière idazlearen eleberria da (1969koa) eta Steve McQueen protagonista zuen filma (Franklin J. Schaffner, 1973). Frantziar kolonietan preso dagoen gizonaren ihesaldi saiakerak eta kartzelako egoerara negargarriak kontatzen ditu kartzela-generoaren maisu lanak.

Q
Irlak aprobetxatuta kartzela egitea ez da ideia txarra. Sadikoa, baina ez txarra. San Quintin horien artean ezagunenetakoa, besteak beste, hainbat filma egin direlako kartzelaren inguruan. Azkenetakoa, The Rock (Michael Bay, 1996), zinemaren historiara pasatzea merezi duena casting harrigarriagatik: munduko aktore onenetakoa (Sean Connery) eta txarrenetakoa (Nicolas Cage) elkarrekin.

R
Reading deitu zen alfabeto honen hasieran aipatu dugun kartzela, Oscar Wilde zena preso hartu zuena eta handik ateratakoan idatzi zuen Reading Bahitegiko leloa (Itsaso aurrean, 2006, Bingen Ametzagaren itzulpenean). Kartzelaldia kontatzeko idatzi zuten baita ere Mauricio Rosencof eta Eleuterio Fernandez Huidobrok Memorias del Calabozo (Euskal Herrian Txalapartak argitaratua). MLN-T edo tupamaroen mugimenduaren sortzaile izan zen Rosencof eta 1973ko estatu kolpearen ondoren sartu zuten espetxean, 12 urtez. Idazle eta kazetaria Montevideoko kultur egitarauaren arduradun nagusi da egun.

S
Mariah Carey musika ekoizle batekin ezkondu zenean txutxumutxuak zioen etengabe eskatzen ziola senarrari disko berriren bat eta bikotearen etxeari Sing-Sing deitzen zion prentsa arrosa-horiak. Izen bereko kartzela hartzen zuten horrela ahotan. New York estatuan egin zen hirugarren kartzela da Sing-Sing eta bertan egon zen preso Albert Fish, Brooklyngo banpiro eta Wysteriako otso-gizon moduan ezagutzen zen hiltzaile eta kanibala. Old Sparky izeneko aulki elektrikoan hil zuten, bere hilketa eta antropofagiaren berri hitzez eta modu izugarrian idatzita utzi zituen gizona. Quid pro quo, pentsatuko zuten epaileek.

Bestetik, eta Frankismoko kartzelen artetik, Ezkabakoarekin batera bigarren bat gogoratu nahi dugu, emakumeek ere jazarpena eta askatasun-gabezia jasan zutela ahaztu gabe. Santoñako kartzelari buruz ari gara, derrigor sartu beharrekoa alfabetoan, zuzendari txit agurgarriak ez bailuke barkatuko bere birramona gogoratuko ez bagenu. Santoñan egon zen, beste milaka emakumerekin Desideria Ibinarriaga Bermeo, soldadu errepublikazaleei laguntza emateagatik. Saturrarango kartzela ere ez dugu ahaztuko, zineak gogoratu baitigu berriki han ere Frankismoak gogor zigortu zituela emakume asko eta asko. Barbara Goenaga eta Itziar Lazkanorekin aurpegitan betikotu ditu zinemak, Izarren argia filmean (Mikel Rueda, 2010).

T
Amnistiaren Aldeko Batzordeek Eduardo Txillida eskultoreak diseinatutako irudia erabili izan dute beti, 1976an sortu zirenetik, 2001ean Baltasar Garzon epaileak legez kanpoko jo zituen arte, ETAren parte zirelakoan.

U
Jokin Urainek kartzelan idatzi zuen Izaina (Amnistiaren Aldeko Batzordeak, 1990) eta kartzelan Adlotse (Txalaparta, 1992) eta kartzelan Gatibu sortu nintzen (Susa, 2000) eta kartzelan Errotarria (Susa, 2006) eta kartzelan egin du azken saiakera, Ez dago etxean (Susa, 2010).

V
«Bizitza ateak zabalik dituen kartzela da». Horixe idazten du Veronicak horman, Andres Calamaroren izen bereko abestian. Abesti ederra, dudarik ez, izan gaitezkeen bezain aske ez garela oroitu arazten diguna eta libreago izatera deitzen, bide batez.

V letrarekin leku bat, Valladolid aipatu nahi dugu. Fray Luis de Leon izeneko bertako kartzelan ezetz asmatu nor egon zen preso. Justu, Fray Luis de Leon. Biblia baimenik gabe itzultzeagatik egin zuen preso gauza horietarako SGAE baino zorrotzagoa zen Inkisizioak. Eta hantxe egon zen pare bat urtez (1572-1574 artean) sasoi hartan eskolak ematen zituen katedraduna. Kontatzen dutenez, klaseak ematera itzuli zenean utzitako lekutik jarraitu zuen, eta etenik izan ez balitz bezala hasi zen, «atzo genion bezala» batekin. Muchachada Nui programako fraide mozkorra irudituko zaizue baina egia da.

W
Baleen berbaroa eleberriarekin hasi zen Edorta Jimenez idazlea Sebastian Zubilletakoaren bizitza kontatzen eta Azeria eta Lehoiarekin bukatu, momentuz bederen. Ibilbide horretan denetarik gertatuko zaio Sebastian Zubilletakoari, tartean, baita kartzelaldia ere, Weymouth urruneko presondegi britainiarrean.

X
Kartzelaldia sufritu duten asko aipatu ditugu letrotan eta oraindik besteren bat badugu aipatzeko. Ekarpen handia egin zien AEBtako afroamerikarrei, besteak beste, afroamerikar hitza bera boladan jartzea. «Ez gara amerikarrak», esan zuen, «mahaian esertzen dena baina jateko baimenik ez duena ez baita gonbidatua. Afroamerikarrak gara, Afrikatik datozen amerikarrak». Malcolm X, eskubide zibil eta politikoen aldeko militanteari buruz ari gara. Berebiziko garrantzia izan zuen kartzelak bere ibilbidean. Alkohola eta drogak hartzen zituen gizona sartu zen ziegara, ilea zurien antzera lixatzen zuena, lapurra. Kontzientzia sakona zuen lider politikoa atera zen kartzelatik, ostera, islamaren eraginpean bere burua erabat itxuraldatu zuena. Kartzelan bihurtu zen musulman eta kartzelan egin zuen, bere hitzetan, inoiz gehien kostatu zitzaiona: belauniko jartzea. Jainkoaren aurrean, apaltasuna erakusteko.

Y
Emakume asko egon ziren Madrilgo Yeserias kartzelan. Bat gogoratu nahi dugu, Eva Forest, ETAri laguntza izana leporatuta hiru urte egin zituen bertan espetxeratze prebentiboan. Berak kontatu zituen kartzela barrukoak Testimonios de lucha y resistencia (Lur, 1979) liburuan. Kultur sustatzaile eta militante politiko sutsua izan zen Forest, emakumeen askatasuna eta hiritarren askatasun politikoen alde eta torturaren kontra, besteak beste. Bartzelonan jaioa, Hondarribian hil zen, 2007an.

Z
1610ean Inkisizioak Zugarramurdiko 40 auzokide atxilotu zituen, Logroñon emandako fede autoan oinarrituta. Berrogei haietatik 12 erre zituzten, sorginak zirelakoan. Gutxitan izan da fede-gizonen fede txarra hain ageriko Nafarroako emakumeen kontrako prozesuan bezala.

Kartzelaren alfabetoa bukatzeko, kartzelaldi baten kronika, euskal literaturara heldu den azkena: Mikel Etxabururen Zu zara orain txoria (Elkar, 2011). Harkaitz Canok hitzaurrean idatzitakoarekin bukatu nahi dugu, kartzela barruan zein kanpo balio digulako: «Kartzelan konturatzen da presoa zein aske zen kanpoan, eta zein ezaske ere bai». Beraz, kantu hartan bezala… maitia, lehen baino lehen aska gaitezen.

Share

Iruzkinak