Kartzelan bizi den errealiteatearen gordintasuna helarazi gura dugu

2012, 15 ekaina

>> anboto 463.pdf

I.Esteban

Bortxa Urberuaga eta Oier Gonzalezek proiektu bat abiatu dute, kartzelako sorkuntzak kaleratzeko helburuagaz; Elorrioko Portalekuan, ekainaren 21ean, errezitaldi bat eskainiko dute, musikak eta margolanek lagunduta

Zer da eguenean Elorrioko Portalekuan eskainiko duzuena?
Bortxa Urberuaga: Ataramiñe bildumako presoen materiala kaleratzea da helburua. Poema batzuk aukeratu ditugu, eta formatu berrian eskainiko ditugu. Margoak eta musika ere hartuko ditugu, ez gara literaturara mugatuko.

Aurretik beste leku batzuetan ere aurkeztu duzue ikuskizuna?
B.U.: Bai. Santurtziko La Kelo gaztetxean egin genuen lehenengoz. Ataramiñe liburuaren aurkezpena egin genuen han. Gero, Herrira plataformak deitu zuen Kartzelak hustu plazan bete ekimenaren barruan, Durangon egin genuen maiatzean, eta Larrabetzuko Literaturian ere eskaini dugu.

Zer esan dizuete entzuleek?
Oier Gonzalez: Hunkigarria dela, askok.

Zeren arabera egin duzue testuen eta margoen hautaketa?
B.U.: Margoak olerkiaren arabera egiten ditut. Olerkiak kontatzen duena marrazki bidez adierazten saiatzen naiz. Musikaren konpasean ere sartu gura izaten ditut margoak. Naturaltasuna ez galtzen saiatzen gara emanaldietan.
O.G.: Errezitatzen denaren, musikak adierazten duenaren eta margolanaren arteko elkarrizketa bat bezalakoa da ikuskizuna. Badago entsaiatutako zati bat, baina elkarri begiratu eta bestearen erritmoak kontuan hartuta moldaturiko beste parte bat ere badago. Ataramiñe bildumatik oso hautaketa subjetiboa egin dugu. Lehenengo olerkia, esaterako, Eñaut Aiartzaguena iurretarrarena da.

Oier Gonzalezek ere idazten du. Zergatik besteena errezitatu?
O.G.: Momentu honetan ikusten dut besteen hitzek nireek baino garrantzia handiagoa dutela. Kartzelako kideen lanak kaleratzeko beste era bat bezala ulertzen ditugu emanaldi hauek, bitartekariak baino ez gara gu. Kartzela sozializatzeko manera bat da.

Zelan sortu zen proiektua?
O.G.: Bortxaeta biok aspalditik ezagutzen dugu elkar, eta kartzelan ere elkarrekin egon ginen. Sorkuntza lan batzuk egin genituen biok kartzelan. Kartzela barruko gure egunerokoa eramangarriagoa egiteko modua izan da sorkuntza. Sorkuntzaren bitartez kartzelako gauzak kanpora ekartzea da ekimen honegaz bilatzen duguna.
B.U.: Espetxeko errealitatea azaleratzeko dauden mugak apurtzen ere saiatzen gara. Jendea barruan bizi den errealiateaz jabetu dadin gura dugu lortu. Kartzelan bizi den errealitatearen gordintasuna beste era batean adierazi gura dugu ikuskizun honegaz.

Preso zaudenean bezala idazten da kalean zaudela?
O.G.: Ez, kartzelan askoz gehiago idatzi nuen. Komunikatzeko daukazun era bakarra da idaztea han. Kartzelan zer zegoen kanporatzeko idazten nuen. Konturatu nintzen kartzela zer den presoak bakarrik dakiela. Sorkuntza hortik bideratu nuen, kronikaren bidetik.
B.U.: Kartzelako bakardadeak barruan sortzen dizun barruko korapiloa apur bat askatzen laguntzen du sorkuntzak.

Noiztik margotzen duzu,Bortxa?
B.U.: Txikitatik margotu izan dut, eta nire ogibidea da. Gaia tatuaje estudioan dihardut Gernikan.

Zeozer gehitu nahi?
O.G.: Maitasun besarkada bat bidali nahi genieke kartzelako lagun guztiei.

atara_anbototik

Deserosoa egin daitekeen lekuetara ere, ikuskizuna zabaldu gura dute

Lau partaidek jardungo dute Elorrioko Portaleku tabernako ekainaren 21eko emanaldian: Oier Gonzalez durangarragaz eta Bortxa Urberuaga gernikarragaz batera, beste bi gernikarrek jardungo dute txalapartagaz eta gitarragaz. Azaldu dutenez, “aurrera begira eboluzionatuko duen proiektua izango da, baina, irekia”.

Kartzelatik ateratzerakoan, proiektu hau harremana berreskuratzeko modua izan dela azaldu digu Oier Gonzalezek. Urberuagaren berbetan, “espetxean bizi izan duzuna kanpoan konpartitu ahal izatea kristona da”. Partekatze hori gizarte osora hedatu gura dute. Zabaltzeko asmoa Kartzelaren errealitateari loturiko sorkuntzan oinarrituriko ikuskizun hau “gaiarekiko sentsibilitatea daukan jende artean eskaini izan dugu orainarte”, Urbureruagak dioenez. Baina emanaldia ahal beste zabaldu gura dutela diote bi kideek: “Ikuskizuna deserosoa izan daitekeen lekuetara ere ailegatzen saiatzea gura dugu; esate baterako, emanaldia edozein egunetan kalean bertan eskaintzeko ideia darabilgu buruan”.

Share

Iruzkinak