Kartzelatik, fikzioarekiko pasioz

2010, 23 apirila

berria

Mikel Antzak ‘Ospitalekoak’ kaleratu du, bere lehen nobela, azken hiru urteetan espetxean idatzia

Juan Luis Zabala.

Idazle gisa 80ko hamarkadan erakutsi zituen dohain guztiei sendo eusteaz gain -«irudimena, pertsonaiak eraikitzeko abilidadea, argumentuak korapilatzeko maisutasuna eta fikzio hutsa traszenditzeko gaitasuna»-, «eboluzioa izan du Mikel Antzak» -sortzez, Mikel Albisu-, eta «idazkera helduagoa» erakutsi du, «estilo umotua», Ospitalekoak «eleberri ederrean», Josu Landaren iritziz.

Susa argitaletxeak kaleratu du Ospitalekoak, Antzaren aurreneko eleberria, eta Josu Landa eta Gorka Arrese editoreek egin zuten atzo liburuaren aurkezpena, Donostiako Udal Liburutegiko sotoan. Egilea Fresnesko kartzelan dago preso, Frantzian, eta han idatzi du nobela, 2007ko uztailetik 2010eko otsailaren bitartean. Antzaren senitartekoekin batera, idazle eta itzultzaile ezagunak bildu zituen ekitaldiak; Iñigo Aranbarri, Eneko Olasagasti, Mikel Elorza, Eduardo Matauko eta Petra Elser, beste batzuen artean.

«Mikel Antza, idazle gisa, fikzioaren maitalea da, gauza guztien gainetik», Landaren iritziz. «Fikzioarekiko pasioa du, eta pasio hori irakurleak ere goza dezan ahalegintzen da».

Egileak bezala, Mikel izena du liburuko pertsonaia nagusiak, eta Donostian, 1961eko ekainean, jaioa da; egilea bezala, Frantziako kartzela batean preso dago. Beste xehetasun askotan ere bat datoz egilea eta pertsonaia nagusia, baina bada biak bereizten dituen ezaugarri garrantzitsu bat: liburuko Mikel, Mikel Antza ez bezala, kartzelako ospitalean dago, gerritik behera ezindua, eta maiteari idatziz azaltzen dio egoera makur horretara nola iritsi den. Kartzelako bizimoduaren berri ematen du nobelak, zehaztasun handiz eta ikuspegi kitikoz, baina beste gai askoren inguruko gogoetarik ere bada liburuan: gizarte harremanak, adiskidetasuna, maitasuna, familia, osasuna, literatura bera…

Tipularen antzekoa

«Nobelaren hari nagusia zein den ikusita, Ospitalekoak errealismo gordineko nobela dela pentsa badaiteke ere, ez da inondik ere hala», Landaren ustez. «Fikzioaren eraginez edo fikzioari esker».

Literatura onak tipularen antza duela diotenekin ados dago Landa. «Tipulak azala du, eta azalaren azpian geruza bat; geruza horren azpian, beste geruza bat, eta gero beste bat… Irakurketak aukera ematen du geruza horiek pixkanaka kendu eta dimentsio berriak deskubritzen joateko, gauzak traszenditzeko modu berriak deskubritzen joateko. Fikzioaren baliabide zoragarri hori erabiltzen, Antza maisua da».

Alor ugaritan aplikatzen du Antzak baliabide hori. «Hasteko, bere buruarekin. Argi dago liburuan Mikel protagonistak kontatzen dituen hainbat bizipen eta oroitzapen Mikel Antzari berari gertatutakoak direla. Baina hasieratik esaten da liburuko Mikel -Mikel Antza ez bezala, zorionez- gurpil aulki bati lotuta bizi dela, gerritik behera ezinduta dagoelako. Zertarako? Pena emateko? Errukia sortzeko? Berez gogorra den egoera gogorrago bihurtzeko? Ez. Hori egiten du, nire ustez, fikzioari bide emateko. Pertsonaia gurpil aulkian ezarri ez balu, ezin izango zituzkeelako modu sinesgarrian kontatu gero kontatzen dituen hainbat istorio, korapilo eta amarru».

Mikel Antzak nobelako bigarren mailako pertsonaiei emandako tratamendua ere oso gustuko du Landak. «Nik maite ditudan nobeletan bigarren mailako pertsonaiak ez dira gehigarri edo atrezzo hutsak, eta pisu erabakigarria dute nobelaren barruan. Ospitalekoak nobelan badira lau edo bost pertsonaia, protagonistaz aparte, funtsezkoak direnak nobela ulertzeko, edo gozatzeko gutxienez. Nik horri meritu handia ematen diot».

Inoiz gertatu gabekoari eta are ezinekoari «egiantzekotasuna ematea» da fikzioaren erronkarik zailenetakoa. «Horretan Mikel Antzak mago baten antzera jokatzen du, trebe eta arrakastaz». Xabier izeneko pertsonaia da horren adibidea: 36ko gerran gudari ibilitakoa da, eta kartzela-ospitaleko ziega batean agertzen da XXI. mendeko lehen hamarkadako azken urteetan, 70 bat urte geroago. «Garbi dago hori ezinezkoa dela, baina nobelan horrela ageri da irakurleari inolako hots kirrinkaririk sortu gabe».

«Intriga kate bat»

Thriller-a ez izan arren, «intriga kate bat» du Ospitalekoak nobelak, Landaren ustez. «Zati batzuetan hariak berak eraman nau».

Izenburuak, liburuaren azaleko irudiak -gizonezko bat ageri da, gurpil aulki batean eserita, eskailera batzuen aurrean- eta gertakarien kokapen nagusi eta ia bakarra kartzela-ospitalea izateak hala uste izatera bultza badezake ere, «Ospitalekoak ez da inondik ere nobela tristea», Landaren iritziz. «Umore zipriztinez josita dago. Ez da umore irrigilea, ez da komedia. Baina umore irribera du. Ez du malkorik sortzen; sortzekotan, samurtasunez, maitagarritasunez sortzen du malkoa; ez errukiz, penaz edo gauza gogorren salaketaren ondorioz».

Bere aurreneko eleberrian erakutsi duen estilo umotua aintzat hartuta, Antza azkeneko 23 urteetan «idatzi eta idatzi» aritu delakoan dago Landa, nahiz eta tarte horretan libururik ez argitaratu. «Zaila egiten zait beste hipotesirik bururatzea».

«Niretzat plazer handia da Mikel Antza oraindik ere literaturaren plaza honetan aritzea eta hain sasoitsu dagoela ikustea», esan zuen Landak bere agerraldiaren amaieran.

Aurreko liburuak

NARRAZIOAK

Lehen bilduma 82-84‘ (Susa, 1985).
Odolaren usaina‘ (Susa, 1987).

ANTZERKIA

Beteluko balnearioko mirakulua‘ (Susa, 1985).

ITZULPENAK

Jean Geneten ‘Zaindaritza zorrotza / Lau orduz Xatila-n’ (Susa, 1991).

Share

Iruzkinak