Joxemari Carrere ~ Mikel Orbegozo “Maritxipi eta amatxo”

2018, abendua 2

→ sare.eus: “Maritixipi eta amatxo” ipuinaren aurkezpena Donostiako TABA tabernan

“Maritixipi eta amatxo” ipuinaren aurkezpena Donostiako TABA tabernan

Dakizuen bezala badira hainbat hilabete motxiladun haur gisa izendatu ditugun, ama, aita edo bi gurasoak espetxean dituzten umeek bizi duten errealitate gordina lau haizetara zabaltzen gabiltzala. Ama-aita espetxean duten haur-nerabeek zigor hirukoitza pairatzen dute; egunerokoan ama-aita presoarekin egon ezina, guraso presoei aplikatzen zaien ez ohiko legedi eta araudia dela eta etxera etorriko direnaren esperantzaren ukazioa eta eurak ikusteko egin beharreko milaka kilometroak.

Iaztik hona, hamaika izan dira burututako ekimenak; Sara eta Izar elkarrekin egon zitezen dinamika, motxiladun haur zein nerabeei ahotsa eman eta euren bizipenak entzutea, Motxilak gora abestia eta bideoklika, gurasoak espetxean izateak nola eragiten dien azaltzen duen dossierraren aurkezpena, herriz herri dabilen “Motxilak gora” erakusketa… Egin dugun eta egiten ari garen lanketa honetan guztian, inolako ardurarik ez duten haur hauek jasaten duten zigor eta sufrimendu egoerarekin amaitzeko ordua dela aldarrikatu dugu behin eta berriz.

Orain artean ezkutuan egon den errealitate hau argitara ateratzea lortu dugu hainbat tresna eta medioz baliatuz. Oraingo honetan, haurrei eskainitako bitarteko bat sortu dugu; “Maritxipi eta amatxo” izeneko ipuina (ondoren Sara eta Joxemarik azalduko dizkizuete ipuinaren nondik norakoak). Txikienentzat idatzia egonagatik ere, guraso, hezitzaile edota irakasleek baliatu dezaketen tresna dela uste dugu.

Umeak protagonista dituen errealitate hau eurekin lantzeko tresna baten beharraz jabetuta, Sarak bere espetxealdian Mikel Orbegozo preso donostiarraren laguntzaz sortutako ideiari jarraiki, Joxemarirekin harremanetan jarri eta gaur hemen eskuartean dugun liburuxka hau osatzera iritsi gara. Izatez konplexua den gai hau, gure txikiekin lantzeko lagungarria izan asmo duen ipuina da hau.

Gaurko tarte hau, abenduaren 5ean Durangon arratsaldeko 19:00etan egingo dugun ipuinaren aurkezpenerako gonbita luzatzeko ere baliatu nahi dugu, eta baita, motxiladun haurren errealitatea plazara ekartzen eta lantzen jarraituko dugula adierazteko ere. Izan ere, konponbiderako eta elkarbizitzarako urratsak emate bidean, sufrimendu ororekin amaitzea behar beharrezkoa da. Gu prest gaude bide horretan urratsak emateko eta ezinbestean sufrimendu egoera hau pairatzen duten 103 haur hauen errealitatea aldatzea beharrezkoa da. Jendarte osoarentzat izango baita onuragarria Maritxipi eta bere ama elkartu diren moduan beste guztiak ere euren gurasoekin egotea.

Datorren abenduaren 5etik aurrera ipuina eskuratu nahi duen ororentzat salgai izango da Durangoko Azokan eta baita Sare Herritarraren web orrialdean ere.

Guztion gustukoa izatea espero dugu. Eta noski, Sareren izenean eskerrak eman nahi dizkiegu Mikel Orbegozo, Sara Majarenas eta Joxemari Carrereri egindako lan bikainagatik. Besterik gabe, ipuin hau, Mikelen ilustrazioekin batera, posible egin duten Sara eta Joxemariri emango diet hitza.

→ naiz.eus: ‘Maritxipi eta Amatxo’: nola azaldu haur bati kartzela zer den eta ama utzi behar duela?

Iruzkinak