Kartzelako literaturaz

2010, 13 ekaina

berria.info



Kartzelako literaturaz

Leire Lopez Ziluaga

Jokin Urain ez dago etxean irakurtzen dugu liburuaren azalean. Errealitatea azalean. Jokin Urainek hogei urtetik gora daramatza preso, eta, beraz, ezin da etxean egon. Kartzelan bertan idatzi ditu orain arteko lan guztiak. Bi nobela argitaratu zituen aurrena -Izaina eta Adlotse-, eta kronika nahiz saiakera landu ditu azkeneko hiru liburuetan –Gatibu sortu nintzen, Errotarria eta Ez dago etxean hau-. Hain zuzen ere, 1937 eta 2009. urteen bitarteko kartzelako literaturaz idatzi du aurten kaleratutako liburuan. Horrekin batera, garai berean izandako zenbait ihesaldi eta ihes-saioren kontakizuna ere egin du, kartzelaren egunerokotasunari buruzko oharrekin batera. Baina dena lotuta dago; azken batean, noizbait gauza daitekeen fikzioa da ihesa, eta kartzelako literaturak errealitatearen zati bat erakusten digu, haien egoeraren berri ematen baitute liburuan aztertutako testuen egile gehienek. Fikzioa beharrezkoa dugu edozein errealitate bizitzeko, lau ertzen arteko errealitatea bizitzeko are beharrezkoago izango da.

Bizi duten egoeraren testimonioa ematen dute liburuan aztertzen dituen idazlan gehientsuenek: presoaren bakardadea, urruntasuna, mina, kartzelan bizitako hainbat egoeraren kronika, salaketa… Egileak ez du idazlanon balio literarioa aztertu. Espetxean idatzi diren testuen berri eman digu, testuak sortzeko prozesuari eta testuinguruari buruzko zenbait datu ere, baina ez du epairik eman. Berak oharkabean pasa daitezkeen zenbait lan jarri dizkigu begien aurrean. Ez dakit lan horien maila literarioaz aritzea dagokigun guri. Esango nuke liburura ekarritako testu gehienek balio handiagoa dutela errealitate baten berri ematen dutelako literaturari egiten dioten ekarpenagatik baino. Dena dela, ez da asko esatea, ez baitut uste egile gehienen asmoa maila jasoko literatura egitea zenik. Sarrionandiaren Literatura eta iraultza irakurtzea baino ez dago.

Behin baino gehiagotan agertzen du Urainek kartzelako zenbait bizipen galduko direnaren ardura; inork kontatu ez dituenez, ahaztu eta errealitatetik kanpo geratuko direnaren ardura. Izan ere, fikzioa beharrezkoa baita bizitzeko, baina bizitakoak ere fikzioa behar du batzuetan, han izan ez zirenen gogoan iraungo badu, modu osatu gabean izango bada ere. Kezka hori ere badago liburuan: bizitakoa kontatu arren, idatzitakoaren bidez errealitate osoa esan ezinaren kezka. Transmititzeko zailtasun horri, galdu daitekeen historiari lekua egiteko ahalegina da liburua bera. Ahalegin osatugabea, ezin bestela izan, besteak beste, testuetako asko galdu egin direlako, edo ezin izan dituelako eskuratu.

Ihesen eta ihes-saioen kronikak tartekatu dituela esan dut hasieran. Ihesa ametsa da, literatura da, eta fikzioaren beharra azaltzen digu egileak liburuan ihesari tarte bat egiten dion bakoitzean. Paradoxikoa da errealitate bat gorde nahi izatea etengabe adierazten duen saiakera batean literaturaren behar hori azaltzea behin eta berriro. Edo ez. Ez.

Liburua erreferentzia ona izango da hemendik aurrera kartzelan idatzitako lanen berri izan nahi duenarentzat. Idazlanon kritika nahi duenak bere aldetik egin beharko du lana, liburuak ez baitu horrelakorik eskaintzen, lehenago esan bezala. Pena da aipatzen dituen testu asko galdu izana, edo elkarrekin bilduta ez egotea.

Liburua euskal preso politiko batek idatzitakoa da eta, beraz, ikuspegi jakin bat du kontatzen duena kontatzerakoan. Bati baino gehiagori trabatuko zaizkio esaten dituenetako asko, Uraini berari aztertu dituen zenbait testu trabatu zaizkion bezala. Liburua hartzen duenak badaki nondik idatzita dagoen.

Share

Iruzkinak