[Ortzadar] Ziegako arrakalak

2018, abendua 13

→ ortzadar: Ziegako arrakalak

Ziegako arrakalak

Urtero bezala, euskal preso politikoen sorkuntza lanak aurkeztu ditu Ataramiñek. Oier Goitia, Joseba Erostegi eta Ibon Muñoaren liburuak dira aurtengo nobedadeak

JULENE LARRAÑAGA

Urtero sasoi honetan egin ohi duen bezala, Ataramiñe kultur elkarteak euskal presoek espetxeetan ondutako lanak kaleratu ditu. Hiru euskal presoren lanak dakar-tza Ataramiñek aurten. Batetik, Joseba Erostegi eta haren ilobaren artean osatutako Txori mezulariak haurrei zuzendutako ipuina;bestetik, Oier Goitia gernikarraren bigarren olerki bilduma, Egia baten egunerokoa;eta, azkenik, Ibon Muñoa eibartarraren Hamaika desio utopiarako bertso-olerki bilduma.

Ibon Muñoaren bosgarren liburua da Hamaika desio utopiarako. Kordobako espetxean sortutako eta ordena kronologikoan antolatutako 141 bertsoz osatzen da liburua. Leire Narbaizak osatu du liburuaren hizaurrea. Oier Gonzalez Ataramiñe elkarteko kideak azaldu duenez, “eguneroko antzeko bat” osatu du Muñoak bere azken lanean: “Eguneroko bat bailitzan, gaur egungo gaiak lantzen ditu liburuan Muñoak. Kartzelan dagoena eta kalean dagoena etengabe konektatzeko saiakera nabari da liburuan”.

Espetxeko euskal literaturaren uztaren bigarren nobedadea Joseba Erostegi ‘Eltzikorta’ preso antzuolarrak idatzitako Txori mezulariak ipuina da. Telefono deien elkartruke batetik sortutako lana da honakoa. Hain zuzen, espetxean dagoen Joseba osabaren eta kalean dagoen Lorea ilobaren mezuek mimo handiz eraikitako kontakizuna da: “Telefono deiak egiten zizkidan osabak astero, eta liburu honi buruz hitz egin eta eztabaidatzen genuen biok”, kontatu du Lorea Erostegi Josebaren bilobak, zeinak libururako marrazkiak ere egin dizkion. Umeei eskainitako ipuina dela eta haur irakurleak protagonista izateko istorioa dela jakinarazi dute egileek. Hasiera batean, “etxekoen” artean geratzeko sortu zuten ipuina, baina Ataramiñe argitaletxearekin kaleratzea adostu dute azkenean. “Osabak nahi zuen ume bakoitza bere liburuaren protagonista izatea, eta liburu interaktiboa sortu dugu horregatik”, kontatu du Lorea Erostegik.

ELKARLANEAN

Oier Goitia gernikarraren Egia baten egunerokoa dugu Ataramiñeren aurtengo azken nobedadea. Goitiaren bigarren lana da honakoa, aurretik Fakin Xokona plazaratu baitzuen. Antzeko diseinuarekin, eguneroko itxura du Goitiaren poema multzoak. Lanaren hitzaurrea Ion Telleria kazetariak idatzi du. Hain zuzen, Telleriak ziegakide izan zuen Goitia kartzelan izan zenean, eta harreman horretatik abiatu dute orain elkarlana.

Telleriak presoa lagundu du olerki bildumaren sorkuntzan: “Oierrek ohitura du, egunero, olerki solteen bidez, egun horretan bizitakoak idatzita uzteko. Lan solte horiek eman zizkidan niri, eta ikusi genuen hari bat bazutela bere sorkuntzek. Egunerokoa da, eta egia bat du oinarrian: preso dagoenaren egia edo sentipenak dituzte olerki guztiek oinarrian”. Telleriaren hitzetan, “Goitiak espetxetik ihes egiteko abiatzen dituen burutazioak” bildu ditu liburuan. Gabriel Arestiren Egia bat esateagatik poema izan dute gogoan liburuari izenburua ematerakoan. Liburuko ilustrazioak, ostera, Iker Morenorenak dira.

DESAGERTZEKO SORTUA

Oier Gonzalez Ataramiñe kultur elkarteko kideak aurkeztu ditu aurtengo hiru nobedadeak, Bilboko Bira gunean egindako aurkezpenean. Ondo gogoratzen du Gonzalezek kartzela, han egondakoa eta bertan idatzitakoa baita bera ere. Berak ere Ataramiñeren bitartez plazaratu zituen bere gogoetak. Argitaletxe honen jardunean, elkarlanaren garrantzia azpimarratu du Gonzalezek, urtero moduan: “Elkarlan gabe ez da posible Ataramiñen libururik egotea”. Hain zuzen, elkarlana oinarri, euskal preso politikoen sorkuntzarako argitaletxe bezala sortu zen Ataramiñe, eta 2002. urtetik dago martxan. Bide luzea egina du argitaletxeak presoen literatura sorkuntzaren zabalkundean, baina Gonzalezek gogora ekarri du euren bokazioa zein den: “Desagertzeko sortu zen Ataramiñe, eta, lehenbailehen bada, askoz hobe. Euskal preso politikoen sorkuntza lanak inoiz gehiago plazaratu beharko ez dugun une horri begira gaude, horrek esan nahi izango baitu, presoak, kalean, gurekin batera sortzen ari direla”.

Iruzkinak