Ipuinekin leihoak irekiz

2010, 12 uztaila

berria

Argazkia: Ander Lipus, Xabier Mendiguren, Lierni Altube, Joxe Mari Auzmendi, Miren Gaztañaga eta Urko Redondo, liburua aurkezten.

Joseba Sarrionandiaren mikroipuin sorta berria kaleratu du Hik Hasik, asmo pedagogikoarekin

Kristina Encinar.

Hik Hasi egitasmoak hamabost urtez euskal hezkuntzarako baliabideak sortzeko lanari beste bat gehitu dio. Asmo pedagogiko horren ildoari jarraitzen dio argitaratu berri duen lanak: Joseba Sarrionandiaren (Iurreta, 1958) azken lana, Idazlea zeu zara, irakurtzen duzulako, 133 mikroipuinez eta 122 marrazkiz osatutako bilduma. Horri loturik, gida didaktiko bat ere egin dute, baina edonorentzat izan daitezke baliagarriak ipuin guztiak.

Ipuin bilduma bat egin nahi izan dute, betidanik ipuinek «gizakion ahozko ondarearen transmisioan izan duten pisuagatik». Eta Joseba Sarrionandia aukeratu zuten. «Beti iruditu zaigulako Sarrionandiaren literaturaren munduak, zeina metafora eta irudi paradoxikoz betea baita, parada ematen zuela ipuinak eskoletan, etxean eta aisialdian landuak izan zitezen», dio Hik Hasiko Joxe Mari Auzmendik.

Joseba Sarrionandiak Hik Hasiri adierazi zionez, «ipuin bat asmatzea errealitateari harresian leiho bat zabaltzea da, bestaldean topatuko denaz jabetu gabe oraindik, zalantzaz, beldur apur batekin».

Ipuinak etika, filosofia eta antzeko gizarte gaien eztabaida sortzeko «aproposak» dira. «Norberak duen izatea eta espiritu kritikoa garatzeko aukera ematen dute, dogmaren kontra bakoitzak errealitatea interpretatzeko askatasuna izan dezan», dio Azurmendik.

Liburuak sarrera eta hiru atal ditu. Xabier Mendiguren idazlearentzat, Leihoak egiten zituen neskatoa lehen atalean, irudimena da gehien aipatzen den gaia, «fantasia eta surrealismo puntu batekin»; bigarrenean, Biba zorrien izurritea deritzonean, eskola da ardatz, eskolak «gizartearen alegoriatzat, metaforatzat funtzionatzen duelarik»; hirugarren atalak, Unibertsoaren historia eta beste istorio batzuk izenekoak, itxura entziklopediko baten azpian, gai soziologikoagoak lantzen ditu.

Mendigurenen ustez, bi dira liburu honen ardatzak: alde batetik, «Sarrionandiaren lanetan ohikoa den umorea, ironia fina -batzuetan subertsiboa izan daitekeena-, eta paradoxa etengabe agertzea»; bestaldetik, «paradoxak gugan sorrarazitako ezustearen bitartez Sarrionandiak erakusten digula errealitateari modu askotara begira dakiokeela» .

Ilustrazioak Lierni Altube Oñatiko arkitektoak egin ditu. Lehen liburua du hauxe. Batzuetan, marrazkiak kontakizunari laguntzen dio, eta bestetan, irudiak ipuina bera dira.

Lipusen eskutik, antzezlan

Ander Lipus aktore eta zuzendaria buru dutela, Miren Gaztañaga, Ainara Gurrutxaga eta Urko Redondo aktoreek liburuko mikroipuin batzuk eskoletarako antzezlan bihurtuko dituzte. Oraindik ez dakite nolako saioak izango diren, baina udazkenean hasiko dira proiektuaz gogoeta egiten eta hurrengo urterako prest izango dute. Orduan, hainbat eskola aukeratuko dute, eta ondoren, irakaslearekin edukia adostuko. Horrela, ikasleek saioari dagokion ipuina saioaren egunaren aurretik ikasgelan landuko dute. Izan ere, aktore taldea haur eta gaztetxoekin interakzioa lortzen saiatuko da.

>> eitb.com: ‘Idazlea zeu zara, irakurtzen duzulako’, mikroipun sorta
>> AUDIOA. Euskadi Irratia. Arratsaldekoa : Joseba Sarrionandiaren mikroipuinak.mp3
>> diariovasco.com: Irakurlea idazle bihurtzen duten ipuintxoak
>> noticiasdegipuzkoa.com: Mikroipuinen liburu bat kaleratu berri du ‘Sarrik’
>> AUDIOA. HABE : Leioak.mp3

Share

Iruzkinak