[etakitto.eus] Ibon Muñoa: ‘Sormena lantzea oso garrantzitsua izan da espetxealdiari aurre egiteko’

2021, 22 urria


Ibon Muñoa, Eibarko aurkezpenean

EKHI BELAR
…eta kitto! 1202. zenbakia

Ibon Muñoa: “Sormena lantzea oso garrantzitsua izan da espetxealdiari aurre egiteko”
.

→ etakitto.eus:
Ibon Muñoa: “Sormena lantzea oso garrantzitsua izan da espetxealdiari aurre egiteko”

Ibon Muñoak ez du bere burua idazle moduan ikusten, zazpi liburu idatzi arren. Zazpi liburu eta 1018. bertso giltzapean, 20 urtez egon baita kartzelan. Azken lanak ‘Gure Ama-Lur feminista da’ du izenburua eta bertan irakurri daitezkeen bertsoek aurreko liburuen ildoari eta kronologiari jarraitzen diete. Xabier Amuriza idazleak egin du liburuaren hitzaurrea eta irudiak Mikel Zarrabek egin ditu.

Joan den eguenean zure azken liburua aurkeztu zenuen Arrate Kultur Elkartean, behingoz herrikideen aurrean. Zer moduz egon zen?

Niretzat gauza berria izan zen, aurreko liburuak Eibarren aurkeztu izan dituzte, baina ezin izan naiz egon. Bertan egon edo ez, egundoko poza sentitzen duzu zuk idatzitakoa jendeari gustatzen zaiola ikustean edo, gutxienez, zurekin bat egiten dutela elkartasuna adieraziz.

Orain, irakurleekin hartu-eman zuzena izan duzu. Nolakoa zen barruan zeudenean?

Espetxean egon arren, kanpoan zegoen jende askorekin izan dut harremana. Astero gutunak edo bestelakoak bidaltzen nizkien lagun jakin batzuei, bertso eta olerkiekin. Gainera, liburuen aurkezpenen bideoak bidaltzen zizkidaten.

Zure jaioterrian izanda, zerbait berezia prestatu zenuten egueneko aurkezpenerako?

Jone San Ildefonsok aurkezpena egin zuen eta, gero, Xabier Amurizak hartu zuen hitza. Ondoren, Arrate Gisasolak abestu egin zuen eta, nik berba egin ostean, Silvio Rodriguezen abesti bat euskaraz abestu zuen nire omenez. Noski, Mitxel Sarasketa Ataramiñe editorialeko arimak ere berba egin zuen.

Idazle moduan hasi duzun bidean, berebizikoa izango zen Ataramiñeren lana, ezta?

2001. urte inguruan sortu zen Ataramiñe eta preso ezberdinek egindako lanak batzen eta zabaltzen joan da. Oso aberasgarria izan da. Aukera handiaizan da guretzat, baina ez bakarrik idazteko orduan, baita bestelako espresio artistikoak lantzeko ere. Batzuek margotu egiten zuten, zura landu beste batzuek, eskulanak bat edo bestek… Gure sormena sustatu du moduren baten.

Sormena lantzea lagungarri izan da espetxean?

Oso garrantzitsua izan da espetxealdiari aurre egiteko. Beste batzuek ikasketak egiten dituzte, adibidez. Nik kazetaritza ikasketak hasi nituen, baina 2003an EHUtik bota egin gintuzten (Aznarren Gobernuko Acebes ministroak, esanez eurek UNED hobesten zutela). UNEDen kazetaritza ematen ez dutenez, historia egiten hasi nintzen; baina, Kordoban nengoenez, gazteleraz nahitaez. Lehen hiru azterketak gainditu egin nituen, baina euskara hobetzea erabaki eta karrera laga nuen. Puerto I espetxean ikastaro batzuk egiten hasi nintzen, aukera zegoelako, baina Kordoban ez. Bertan egon nintzen sasoi bietan tailer batean sartzeko aukera besterik ez nuen eduki.

“Gure egoeran sormena lantzeko irudimenak garrantzi handia izan du”

Nola hasi zinen olerkiak idazten?

Lehen liburua 2011. urtean argitaratu nuen, baina espetxealdiko lehen urteetan 34 olerki idatzi nituen, kartzelako usteak jasoz. Gero, ikasten hasi nintzenez, idazteari laga nion. 2007ko azaroan, bi urtetik behin Arrate Kultur Elkartean gure eskulanekin egiten den erakusketa prestatu zuten eta Irene Zarrauak esan zidan nahi banuen pare bat eskulan bidaltzeko, baina eskulanetarako batere iaioa ez naizenez, olerki bi bidali nituen.

“Egundoko poza sentitzen duzu zuk idatzitakoa jendeari gustatzen zaiola ikustean”

Horrela berrekin zenion olerkigintzari?

Sasoi hartan, bi astetik behin olerki bana idazten nuen. Gero, ziegan Herria 3000 hiztegia nuen eta, bertan bertso-sorten neurriak agertzen zirenez eta 1983an Xabier Amurizarekin ikastaro batean ikasitakoa barruan nuenez, bertsolaritzaren munduan hasi nintzen. Orduan neurriak bakarrik errespetatzen nituen, errimak ez. Gero eta olerki gehiago idazten joan nintzen, aste batean olerki bat eta hurrengoan bertso-sorta bat. Halako batean, astero olerki bat eta bertso-sorta bat idazten hasi nintzen, eta sorkuntza lana metatzen joan zen.

Liburuen argitalpen urteak ikusita, erritmo bizian idatzi duzu.

2014an, bigarren lana kaleratu nuenerako, Puerto I-etik Kordobara eraman ninduten, isolamendura zuzenean. Han idatzi ditut gainerako liburu guztiak. Ziegek modulu normalen antzeko neurriak dituzte, baina gero leiho txiki bat duzu, barra lodiekin eta lauki txikidun burdin-sarearekin, eta handik bost metrora dagoen horma ikus dezakezu. Hortaz aparte, zeru zerrenda estua besterik ez da ikusten, burdin harien artean. Eskerrak horma txoriek abestu egiten zutela, txio monotonoa bazen ere.

Kordoban ez zenuten beste ekintzarik (ikasketak, tailerrak…) egiteko aukerarik?

Egunero lau ordu irteten ginen patiora eta astean bi egunetan gela batera joaten ginen ariketa fisikoa egitera, baina baliabide urriekin. Hori zen gure bizitza: patioan kirol pixka bat egin eta ziega barruan bakoitza bere zereginetan egon.

Olerkigintza ihesbide izan da zuretzat?

Bai, horregatik deitu nion lehen liburuari ‘Ametsen txokoan bizi naiz’. Kartzelaldiari aurre egiten gune bat aurkitu behar duzu, ezin zara sabaiari begira egon.

Ibon Muñoa67-2

Nolako baliabideak zenituen idazteko, informazioa lortzeko, inspiratzeko…?

Adibidez, ‘…eta kitto!’ aldizkaria iristen zitzaidan. Gainera, Gara eta Berria egunkariak irakurtzen nituen, eta baita Aizu eta Argia aldizkariak ere. Bestetik, bisitetan hemengo gauzen berri jasotzen nuen. Irratia ere entzuten genuen, baina zoritxarrez irrati-kate guztiak Euskal Herritik kanpokoak ziren. Bitxia zen, bestalde, telebistan beste autonomia batzuetako kateak ikusten zirela, baina Euskal Herrikoak sekula ere ez. Beraz, egoera horretan sormena lantzeko irudimenak garrantzi handia izan du. Bertso eta olerki asko politikaren ingurukoak dira, baina beste batzuk kultura, maitasuna eta bestelako gaiak lantzen dituzte. Badaude, noski, kartzelako bizitza nolakoa den kontatzen dituzten poemak.

Nolako kontuak, adibidez?

Kordoban, adibidez, lau galeria zeuden. Bata motza, bost ziegakoa, eta beste hirurak hamar ziegakoak. Momentu batean gu hiru galeria horietan geuden banatuta, batean hiru kide, bestean beste hiru eta horrela. Bizimodua preso arruntekin egiten genuen eta, zoritxarrez, isolamenduan zeuden preso arruntek burua oso nahasita zuten. Eurekin izandako esperientziak jaso izan ditut. Edo bestetik, patioan ikusten nuena islatu izan dut. Adibidez, mota ezberdinetako zaintzaileak daude, batzuek gizatasuna dute eta beste batzuk zorrotzagoak dira. Gizatasuna zutenek lurra eta haziak ekarri zizkiguten, eta hormaren eta zoruaren arteko arrakalan pipermina, erromeroa eta basolibondoa landatu genituen. Hortik etorri zen ‘Gure Ama-Lur feminista da’ liburua, naturarekin izandako kontaktu horretatik eta, noski, feminismoak azken urteotan izan duen gorakadatik.

Nondik datorkizkizu ideiak?

Berez etortzen dira. Sormen dinamika batean sartzen zarenean, mendekotasun sindrome antzeko izan dezakezu, amaitu arte ez duzulako bakerik sentitzen. Olerkien zirriborroak egin eta karpeta batean sartzen nituen, eta han egoten ziren denbora batez. Hogei zirriborro edukita, lasaiago hartzen nuen, banuelako zerbait, eta lasaitasun horrekin ideiak hobeto etortzen dira.

Zer jasotzen du ‘Gure Ama-Lur feminista da’ liburuak?

Ama-Lur feministak bezain beste maite dudalako jarri diot izenburu hori. Aipatu ditudan baldintzetan bizi nintzenez, Ama-Lurrek nolako indarra duen konturatu nintzen, kanpoan pandemiarekin konturatu garen moduan. 20 urte neramatzan Ama-Lur ikusi gabe, Guardia Zibilaren autobuseko leihatilatik eta gurasoak ikustera ekarri ninduten hiru aldietan Ertzaintzaren autotik bakarrik ikusi nuen. Errekaren bat ikusi ahal izan nuen, Anboto… Urko ez, behe-lainoa zegoelako. Eibartarrak Arraten jaiotzen gara eta berehalako lotura izaten dugu Ama-Lurrekin. Gainera, txikitan eskura genuen Ama-Lur, eta harreman estua izan dugu gaztaroan eta helduaroan ere. Kartzelan sartu aurretik, Urkulu urtegian ikusi nuen Ama-Lur azken aldiz, atxilotu baino bi egun lehenago. Bestetik, erlijio monoteistak esan digu Ama-Lur nahi genuen bezala ustiatu genezakeela, jainkoak horrela nahi zuelako, baina Ama-Lurri edertasuna murriztu egin diogu etengabe. Gizakiak Ama-Lur behar du, bizkunde, oreka, sorleku eta altxor eternala delako. Ama-Lur ez da inorena, gu gara Ama-Lurrenak. Eta bestalde, gauza bat argi dut: gaur egun dauden ideologia guztietatik feminismoa izan daiteke eraginkorrena mundu hobe bat eraikitzeko.

“Ideologia guztietatik feminismoa izan daiteke eraginkorrena mundu hobe bat eraikitzeko”

20 urte eta gero, nolako mundua aurkitu duzu?

Urte honetan Eibartik kanpo gutxi egon naiz, inguruetako herrietan bakarrik. Eibar nahiko aldatu da demografikoki eta fisikoki. Alfa ez dago, adibidez. Bestetik, orain dela 20 urte inguru mairuak nahiko errotuta zeuden herrian, baina orain jatorria beste herrialde ezberdinetan duen jende asko ikusi dut. Hala ere, eskoletan segregazioa ikusten da eta horri astindua eman beharko diogu, hurrengo belaunaldietarako arazoa izan daitekeelako, Pariseko banlieuetan (aldirietan) ikusi diren liskarrak ikusita, adibidez. Ezin dugu inor zokoratu eta transmisio-hizkuntza euskara izaten saiatu behar gara. Euskara erabili egin behar dugu, ez altxor bat bezala mantendu. Osterantzean, langabeziak ere asko kezkatzen nau. Eibar zerbitzu-hiria bihurtu da eta momentuz eskerrak jendeak hemen bizitzen jarraitzen duen, kanpoan lan egin arren.

“Argi eta garbi dut gizatasuna indartu, eskubideak gauzatu eta elkarbizitza sendotu behar direla”

Bertsolari aldizkarian zera aipatu zenuen: “Kalean aktibo izan nahi dugu, gatazka demokratizatzeko eta 2011. urtean hasi zen prozesua bermatzeko. Ni bertso-sorta eta olerkiekin hori egiten saiatzen naiz”. Nola bizi izan duzu bake-prozesua?

2011. urteko urriaren 20an Puerto I espetxeko 4. moduluan negoen. Bizipoza eta bizinahia hartu genuen berriarekin. 2016. urtean ‘Bidean gaude, aurrera goaz, joan zirenekin’ liburua argitaratu nuen, bake-prozesua hasi eta bost urtera bidea horixe zela esateko. Gatazkak jarraitu egiten du, gure askatasuna lortzeko eskubidea izan arte gatazkak jarraitzen duelako, baina beste era batera. Bortizkeria bat gelditu egin zen, baina besteak hor jarraitzen du. Xabier Amurizak pentsatzen zuen nire liburua irakurtzerakoan garraztasuna edo amorrua aurkituko zuela, baina ez. Badakit gertatutako guztia, gertatzen ari dena, eta argi eta garbi dut gizatasuna indartu, eskubideak gauzatu eta elkarbizitza sendotu behar direla. Gauzak baikortasunez eta maitasunez ikustea gustatzen zait, nahiz eta batzuetan zaila izan.

Share

Iruzkinak

Bilatu blog honetan:

txio-txio


Kartzela kontuak


→ #EspetxeanIdatziak ←

→ Galtzetan gordetzeko ←

→ "Txabolotik" bloga ←

→ @ManexZubiaga ←




irakurri / deskargatu







Euskal Preso Politikoen Kolektiboa

kalerainfo aldizkaria [kalerakalera.eus]




Presoen egoera



Jarraitu

Kontaktua

Atalak

Admin








Creative Commons
lizentzia baten menpe




Software librea
erabiltzen dugu



TOR projektua