Jon Benito: “Bost ohar txiki, Mikel Antzaren Bakarmortuko kronikak liburuaz”

2011, 3 abendua


Mikel Antzaren Bakarmortuko kronikak liburuaren aurkezpena. ARGAZKI PRESS

2011/XII/2
Mikel Antzaren Bakarmortuko kronikak
Donostiako San Jeronimo liburutegiko sotoan

Bost ohar txiki, Mikel Antzaren Bakarmortuko kronikak liburuaz:

1) Liburu asko idatzi da kartzelatik eta kartzelaz, ia preso egotearen testigantza azpigenero literarioa bilakatzeraino (eta ez Euskal Herrian bakarrik!). Izenak gogoratzen hasita, egileen zerrenda ezin amaitu zait (harritzeraino zenbat jende egon den preso), liburu asko eta onak idatzi baitira kartzela abiapuntu edo helburu hartuta; baina ez dakit hainbeste idatzi izanak, euskal iruditerian hain txertatua dagoen presondegia, eta bere errealitate makurra, gehiago gerturatu duen jendearengana, ala fikzionatu egin duen, kontatu beharraren kontatu beharraz, kartzela irakurlearen begietara errealitate gotor bat baino, mamu lanbrotsu urrun eta deshumanizatuagoa bihurtuz, edota fribolizatuz, nobela eta pelikuletarako kokaleku soil gisara irudikatuz. Baina, altuera hauetan inork zalantzarik balu ere, badaezpada: kartzela erreala da

2) Errealaren zentzu hori da ziurrenik liburu honen bereizgarria. Edertasun nahirik ez da, asmo estetiko nabarmenik ere ez Antzaren prosan: literaturarik ez dago, bere buruari isolamenduan kantatzen dizkion bertso batzuk salbu; baina ez ote du, aldi berean, bere gordinean, bere zuzentasun eta zorroztasun hunkigarrian beste edertasun bat? Askatasunaren galeraz ari da Bakarmortuko kronikak honetan. Liburu hau kartzelako garai ezberdinen deskribaketa latza baita funtsean. Kartzelan egoteak esan nahi duena larritasun guztiarekin kontatua dago: ez dago narraziorik, pertsonaiarik, garapenik: justu kontrakoa da, deskribapena da dena: egiten duenarena, ikusten duenarena, pentsatzen duenarena; pertsonaiarik ez eta inoiz baino pertsonago da protagonista; denboraren garapenik ez eta denbora guztiak bertan dira, iragana, orainaldi eta etorkizun. Pertsona bat hormen mugarekin talka egiten ikusten dugu, zentzurik sinple eta mingarrienean: eta hormak ez dira harrizkoak soilik, hormak kartzelan humanoak, zentzuzkoak eta sentimenduen ukatzaile dira. Bertan lotua dutena xehatzeko makina da, errotarria, Jokin Urainek gogorarazi zigunez, kartzela. Eta atalez atal, giza-xehetzeko makinaren funtzionamendua zein den deskribatzen du Mikel Antzak horrela: atxilo aldiko bortxa, ondorengo mehatxua, funtzionarioen gezurra, kartzelazainen xantaia, jasaten dituen umiliazioak eta mespretxuak, ukazioa, inposaketa eta bakartzea. Bere horretan kronika soziologiko eta antropologiko bikaina litzateke, esan bezala, hunkigarria eta ederra ere ez balitz aldi berean.

3) Liburua irakurtzen duena ohartuko da, testuan zehar, preso dagoenarentzat idaztearen ekintzak berak duen garrantziaz. Antza idazle talentuduna zen 80ko hamarkada hartan, eta talentu horren aztarrenik ez duela galdu erakutsi zuen Ospitalekoak lanarekin, iaz. Baina lan hau aspaldikoen eta Ospitalekoak-en aldean, ezberdina da. Antza idazlea eta pertsona ezin dira bereizi, baina esango nuke, idazleak baino pertsonak idazten duela honakoan. Idaztea, ez dela estilo ariketa bat koaderno hauetan; idaztea, biziraupena dela, duintasuna gordetzeko geratzen zaion tresna presoari. Eta, helburu bakarra, larritasunez idatzia bada ere, ez dela besteri kontatzea zer gertatzen den, nola funtzionatzen duen kartzelak. Bere buruarekin duen behar bat da: gartzelako errotarriak erabat zanpatu ez dezan, zapalkuntzaren logika zoroak irentsi ez dezan idazten du. Gehiegi kontatu izanak, errealitatearen fikzionatzea eragin dezakeela esan dut lehen: baina zer geratzen zaio bestela presoari, hitzaren ahalmena ez bada, munstroaren kate xehetzailearen aurrean?

4) Irakurlea ere jabetuko da, testuan aurrera egin ahala, egilea hiztegi bat osatzen doala, Antzak esan nahiko baligu bezala, kanpoan jendeak erabili ohi dituen hitzek ez dutela balio, barruko absurdu eta injustizia deskribatzeko. Hiztegi bat behar dela, beste hitz batzuekin, barruan gertatzen dena ulertzera gerturatu ahal izateko, jazarpenaren logika desarmatzeko

5) Logiken borroka bat azaleratzen du hiztegiak. Eta liburu hau ere, azken batean kontrajartze borroka handi baten lekuko da: presoa eta presondegiaren logika kontrajartzen ditu, bata desarmatua eta bestea bere kartzelazain, lege, jokabideekin. Libre izan nahi duenari askatasuna nola ukatzen zaion erakusten da batetik, eta horren aurreko honen asaldura bestetik. Pertsona bat, isolatuta, eskubiderik gabe, bere giza izaeraren funtsera murriztu dute, eta honek, kalean gaudenoi batzutan harrigarria izan daiteekeen xalotasunez deskribatzen ditu bertakoak. Kanpotik barrura sartu dute eta barrutik kanpora idazten du: zer da kendu ezin diotena? Hitza, sentiberatasuna, maitasuna. Kartzela presoa jazartzeko dago, jendartetik askatu eta giza-zabortegi batean abandonatzeko, babesik eta gizatasunik gabe. Kontrakoa azaleratzen digu Antzak, justuki: maitasunaren, ideia batzuen, borrokatu zuten horrekiko fideltasuna, koherentzia eta, batez ere, galdu ezin duen duintasun eta jendetasuna.

Jon Benito

Share

Iruzkinak