Mikel Antza, “Bakarmortuko kronikak”. Aurkezpena, El Diario Vascon

2011, 3 abendua


Mikel Antzaren Bakarmortuko kronikak liburuaren eskuizkribua. / GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS

>> diariovasco.com: «Isolamenduaren aurrean, idaztea izan zen nik hautatu nuen defentsa tresna», dio ETAko kideak

Mikel Antzaren kartzelako gogoetak publikatu dituzte

F. I.

Ataramiñe argitaletxeak ‘Bakarmortuko kronikak‘ liburua aurkeztu zuen atzo. Mikel Antza etakideak, atxilotua izan eta hasierako kartzelaldian (2004-2005) idatzitako gogoetak irakur daitezke bertan.

Kontrazalean antzaren testu hau irakur daiteke: «Isolamenduaren aurrean, idaztea izan zen nik hautatu nuen defentsa tresna. Hastapenetik ohartu nintzen tortura zuriaren bidez zigortu behar nindutela, eta gertatzen ari zitzaidanarekiko distantzia jartzea erabaki nuen, senez esango nuke».

Gainera, kontuan hartu behar da nobela bat ere idatzi zuela kartzelan, 2010ean plazaratua: ‘Ospitalekoak‘ (Susa).

Mitxel Sarasketa preso ohiak (eta bera ere kartzelako literatura egindakoa) azaldu zuen atzo liburuaren nondik norakoa. «2004an atxilotu zuten Mikel Antza, Biarnon. Preso hartu eta, zuzenean, isolamendu-egoera ipini zioten. Gauzak horrela, idazteko ohitura hartu zuen; isolamendu egoera horretan bizitzen ikasteko lagungarri modura», esan zuen Sarasketak.

«Espainian atxilotuak izaten direnek esaten dute komisaldegitik kartzelara pasatzea, ifernutik zerura pasatzea bezalakoa izaten dela. Mikelen kasuan, tortura kartzelara pasatzean hasi zen», jarraitu zuen.
Esan bezala, 2004 eta 2005. urteetan idatzitako materialak bildu dira liburura. Baina ez bere horretan. Zenbaitetan, «zuzenketa txiki-txiki batzuk egin zaizkio, irakurterrazagoak geldi daitezen». Eskuz idatzi ohi zuen Antzak, erdi-tamainako koaderno batzuetan.

Filipe Bidart ipartarrarekin konparatu zuen Sarasketak: «Hark liburu gogoangarria idatzi zuen, baina kartzelarik irten eta handik zenbait urtetara. Mikelen liburua zuzenean idatzita dago, eta hemen batez ere zer ikusiko den? Espetxe-sistema bat».

Ataramiñe kultur elkartea eta argitaletxea da. 2002. urtean sortu zen, «euskal errepresaliatu politikoen lanak sustatu eta zabaltzeko asmoz». Hasiera beretik, urtero, ‘Euskal errepresaliatu politikoen literatura koadernoak’ delako argitalpena plazaratzen du, non ETAko preso eta iheslarien lanekin (ez bakarrik hitzezko literatur arlokoak).

Share

Iruzkinak