Iñaki de Juana, “524. eguna”

2014, 7 otsaila

→ Iñaki de Juana: Egunak

524. eguna

Kartzela hotz bateko pasilo hotzean, lur hotzetik gertu, etzanik, ikurrinarekin estalita, hor dago gure kidearen hilotza. Agerkera baretua du ohatilan, zeregina bete duenaren lasaitasunarekin jantzia. Indartsua zirudien, gaztea zen, kirola egiten zuen eta, inork espero ez zuela, hilik datza orain. Infartua izan omen da. Hala agertuko da autopsian, hala artxibatuko du Administrazioak txostena. Baina guk ederki dakigu ez dela bihotza izan. Kartzela izan da, eta kartzelak ederki bete du gaur beste euskal preso politiko bat akabatzearen helburua.

Gau txarra pasa omen zuen, gaixorik, ondoezik, baina kartzeleroek goizeko zenbaketa egin arte itxoitea nahiago izan zuen, agidanez. Lehenago deitu arren, gaizki zegoela esan arren, ez zioten deus konponduko. Betikoa esango zioten, goizean sendagilea etorri arte zain egon behar dela, alegia. Oinazetan, mina jasatea nahiago izan zuen, kartzeleroak agertu arte.

Zortzietan, «ez nago ongi, deitu sendagileari» esan zien. Kartzeleroen erantzuna: «Sendagilea oraindik ez da etorri». Bederatzietan heldu zen sendagilea, eta erizaindegira eraman zuten gure laguna. Okerretik okerragora zihoan. Ez zuten ospitalera eraman: segurtasun-arazoak, baimenik eza, eta abar, eta abar, argudiatu zuten. Erlojua aurrera, osasuna amildegian behera. Anbulantzia medikalizatua eskatu dute, baina urruti-urrutitik dator, kartzela basamortuaren erdian baitago. Anbulantzia ez dator. Egon. Itxaron. Zain. Orain bai, orain ba omen dator, baina mutilaren bihotza etsipenak emana dago. Gelditu egin da. Anbulantzia, azkenean, iritsi da; baina bihotza ezin susper daiteke. Hilik datza. Eguartea da. Anbulantzia lehentxeago etorri balitz… Ospitalera eraman balute… Sendagilea bertan izan balitz… Zorioneko segurtasun-arazoak argudiatu ez balituzte…

Balizko errotak irinik ez.

Horrela gertatuz gero, gure laguna ez zatekeen kartzelan eta kartzelak ezin izan zukeen beste preso bat akabatu. Baina horixe du kartzelak helburua.

Azken agurra egitea baimendu digute. Banan-banan, lagun guztiok, moduluz modulu, hil osteko omenaldia egin diogu. Negarra begietan. Isiltasun erabatekoa. Kartzeleroak atezuan, begira. Badakigu zer daukaten buruan. Badakite zer daukagun buruan.

/ literatura koadernoak / ataramiñe / literaturakoadernoak.org /

Share

Iruzkinak