Euskara ialgi dadila bere entzerrutik

1996, 19 martxoa

→ Egin, 1996.03.19: Euskara ialgi dadila bere entzerrutik

Ziegaren ilunenean, presoak amets egiten du. Isolamenduaren gogorrenean, presoak ihes egiten du. Hitza asmatzen du, eta orduan literatura sortzen da.

Euskal literatura kartzelan hasi zen. Gure lehen idazlea kartzelan sortu zen. Kartzelak egin zuen Etxepare idazlea. Ilunaren ziegan, bakartasunaren ziegan, hika egiten dio bere buruari, beste ni bat sortzen du: presoak idazle bat sortzen du idatz dakion. Orduantxe sortu zen euskal literatura, Mosen Bernatek Bernat Etxepare idazlea sortu behar izan zuenean.

Mosen Barnat, iakin bahu gauza nola hinen zen,
Bearnora gabetarik egon ahal hintzaden.

Kantuia honekin amaitzen du Etxeparek bere liburua; hauxe da poema nagusien gailur bezala liburua zarratzen duen balantze mingarria. Injustizia egin zaio, bere eritzi politikoagatik sartu dute kartzelan. Bere buruarekin hizketan poemak sortzen ditu, eta behin eta berriz aditz bera datorkio gogora:

Iustizian entzun banintz, sarri ialgi ninzaten

Euskarari eskainitako bi kanta ospetsuenak, “Kontrapas” eta “Sautrela”, aditz honen inguruan sortu zituen. Ialgi, kartzelatuaren mina. Ialgi, euskararen lehen aditza. Mintzairari ere, Etxeparek hika egiten dio, bere buruaren luzapena balitz bezala, euskara bere bigarren ni-a balitz bezala. Kartzelatuak hizkuntza behar du. Kartzelan sortu ziren hizkuntzari eginiko poemarik ederrenak. Herrimina dimentsio berriak dauzka euskaldunarentzat. Herrimina bezalaxe sentitzen du kartzelatuak mintzamina. Urruntasunak dimentsio berriak dauzka euskaldunarentzat. Etxepare gure lehen sakabanatua izan genuen, dispersioaren lehen biktima izan zen gure idazle lehena. Ia bostehun urte geroago, ordukoak baino Biarno urrun eta gogorragoetan dago egun Etxepare.

Urhe unak behar dizi suian unsa purgatu

Euskal presoen inguruan gertatu eta gertatzen diren hainbat jipoi, sakabanaketa, lege-hauste eta eskubide-ukapen ugariei hizkuntza kentzea gaineratu zaie. Bere buruaren kantua egitea debekatu zaie gure Etxepare berriei. Euskal literatura kartzelan ere garatu da: Etxepare, Larralde, Etxahun, Iparragirre, Etxamendi, Iztueta eta ezin konta ahala autore anonimok literaturan aurkitu zuten bere maluren konsolagarri. Egun, Jokin Urain, Mitxel Sarasketa, Angel Rekalde, Karlos Gorrindo, Mikel Ibarguren, Xabier Izaga, Jon Tapia Irujo, eta beste askoren lanak gure kulturaren zati dira, eta idazleak diren neurrian euskal herri osoaren patrimonioa dira. Euskara debekatzen zaielarik, euskal literatura zigortzen da.

Libertatia nola baita gauzetako hobena,
gathibutan egoitia hala pena gaitzena.

Azpian sinatzen dugun idazleok, euskararen gatibutasuna salatu nahi dugu euskal literaturaren izenean, eta salatzeaz bat eskatu egiten dugu, euskara ialgi dadila bere entzerrutik, euskara ez dadila debekatua egon presoen ez harreman mintzatuetan, ez idatzietan.

Henriette Aire, Jokin Apalategi, Inigo Aranbarri, Jon Mikel Arano, Pako Aristi, Joxe Austin Arrieta, Joakin Balentzia, Garikoitz Berasaluze, Inaki Bernaola, Harkaitz Cano, Jean Louis Davant, Andolin Eguzkitza, Itxaro Borda, Juan Martin Elexpuru, Enaut Etxamendi, Luzien Etxezaharreta, Gotzon Garate, Tere Irastortza, Juan Mari Irigoien, Joxe Mari Iturralde, Koldo Izagirre, Paulo Izueta, Edorta Jimenez, Josu Landa, Emilio Lopez Adan, Laura Mintegi, Xabier Montoia, Luis Mari Mujika, Jose Luis Otamendi, Patziku Perurena, Fito Rodriguez, Pablo Sastre, Andoni Tolosa, Balentin Tramon, Mikel Urkola, Juan Luis Zabala, Patxi Zabaleta, Patxi Zubizarreta.

/ literatura koadernoak / ataramiñe / literaturakoadernoak.org /

Share

Iruzkinak