Kartzelatik bertsotan

2014, 3 apirila

Kartzelatik bertsotan
Txaber Larreategi
Bertsolari aldizkaria 70. alea, 2008

Kartzelatik bertsotan

Euskal Herrian bada dohainik emigratzeko modu bat oso garesti irteten dena: kartzela. Peru Aranburu, Tasio Erkizia eta Galder Bilbao, Txapi, dira honen adibide: eskuburdinen eta furgoi blindatuen indarrez emigratutako hiru txori. Ibilbide eta bizitza esperientzia ezberdinak izanagatik kartzelak eta bertsoak batzen ditu.

“M30 eta M40 / Txabola, etxea, txaleta / Eta gartzelak Euskal Herriko / seme-alabez beteta”. Hala dio Igor Elortzaren koplak. 2008ko maiatzeko datuek diotenez, 742 euskal preso politiko daude hiru estatutako hamaika kartzelatan sakabanatuta. 742 euskal herritar beren etxetik 636 kilometrora, batez beste, eskuburdinen eta furgoi blindatuen indarrez emigratuta. 742 laguneko hutsunea Euskal Herriko plazetako bertso saioetan, hala publikoaren artean nola tabladuan.

BAT, BI ETA HIRU

Peru Aranburu lekeitiarra OcañaI (Toledo) espetxean dago preso, bere etxe tik 500 kilometro inguru hegoaldera. 2003ko apirilaren 1ean atxilotu zuten Garzonen aginduz, Susperren balizko zerrendan oinarrituta. 2006ko azaro aren 7an aske geratu zen, sententzia itxaroten, baina handik gutxira sei urteko kartzela zigorra ezarri zioten. Hala, 2007ko azaroaren 21ean berri ro eraman zuten preso. Peru ikastolan egin zen bertsozale eta Lekeitioko bertso eskolan bertsolari.

Galder Bilbao, Txapi, 2003ko urriaren 8an kartzelaratu zuten, hau ere zerrenda famatua tarteko, eta 2006ko ekainaren 24a arte egon zen giltza pean. Egun horretatik baldintzapeko askatasunean dago, epaiketaren zain. “Nik ere abestu nahi dut, gauzak esan nahi ditut” pentsatzen zuen Fredi Paia bere laguna tabladuan ikusita. Irrika horrek bultzatuta hasi zen bertsotan 24-25 urte zituela.

1997ko otsailaren 6an kartzelaratu zuten Tasio Erkizia, Herri Batasunako Mahai Nazionalaren aurkako operazioan. 1999an irten zen kartzelatik, uztailaren 20an Epaitegi Konstituzionalak Gorenaren sententzia baliogabe tu ondoren. Tasio betidanik izan da bertsozalea, baina zaletasun hori gauzatzen 80ko hamarkadan hasi zen. Irakaslea zen ikastolan, eta 13-14 urteko neska-mutilekin bertsolaritza lantzen hasi zen, batez ere, gaztetxoengan bertsozaletasuna sortzeko helburuarekin.

IBILBIDE EZBERDINAK

Bertsoa eta ziegako isiltasuna konpartitu arren, ibilbide eta eskola ezberdina dute hirurek. Peru Aranburu, esan bezala, gazte hasi zen bertsotan, artean gaztetxo despistatu bat zela. Irakurleak bere despistearen ideia bat egin dezan, zazpi urterekin bere aitaren izena Jose Antonio beharrean Natxi (bere ezizena) zela apustu egin zuela esango dut. Kontuak kontu, Lekeitioko bertso eskolatik pasata, Lopategirekin ibili zen bertsotan, baita honen gidaritza pean antolatutako Kanpantxuko (Ajangiz) egonaldietan ere. Ondoren Lea Artibaiko bertso eskolako partaide izan zen. Eskola-arteko txapelketetan eta BBK sariketan parte hartu zuen eta saridun ere izan zen, eta 1998an eta ondorengo bi edizioetan hartu zuen parte Bizkaiko Txapelketan.

Txapi, berriz, Algortako bertso eskolako semea da: bat-batekotasunaren eskolakoa. Bertso bat egiteko gai izan orduko ekin zion plazetan kantatzeari, beldur barik, Kantauriko olatuak hartzen zituenean bezalatsu. Algortako bertso eskolatik pasatu ondoren, Santutxukoan ere ibili zen kontu kantari, besteak beste, Tasio Erkiziarekin topo eginez.

Kartzelatik irten ondorengo garaira arte Tasiok ez zuen Santutxuko Bertso Eskolan parte hartu, eta orduan ere ez gehiegi. Aurretik, gogoa bai, baina denbora falta zitzaion 80ko hamarkadan loratutako bertso eskolan parte hartzeko. Garai berean, ordea, bertsolaritza ikasleekin lantzen hasi zen. Orduan gizarte zientzien irakaslea zen Karmelo Ikastolan, eta astean ordu bete edo hartzen zuen ikasleak bertsolaritzara hurbiltzeko asmoarekin.

Gaur egun, euskal ondarea den neurrian, eskoletan bertsozaletasuna bultzatzea ondo dagoela deritzo, baina haratago joan beharra azpimarratzen du Tasiok. Bertsolaritza tresna pedagogiko garrantzitsu bihurtu behar dela uste du. Izan ere, hizkuntzan trebatzeko, komunikatzen ikasteko, imajinazioa garatzeko, logikotasun batekin arrazoitzen ikasteko eta jendaurrean hitz egiten ikasteko tresna oso egokitzat du bertsoa, gaitasun horiek modu ludikoan garatzeko aukera ematen duen heinean. “Nik beti edo aspaldidanik esan izan dut hori: katalanek izango balute horrelako ondare bat askoz gehiago erabiliko luketela eta Estatuaren aurrean edo munduaren aurrean beren ekarpen espezifiko bat bezala planteatuko luketela”, bukatzen du.

Peru Aranburu ere ibilia da Bizkaiko eskoletan bertsozaletasuna lantzen Bizkaiko Bertsozale Elkartearen eskutik. Honez gainera, bertsolaritzari lotu tako hainbat herri ekimenetan hartu du parte, besteak beste, “Txapel bete bertso” ekimenean. Hain zuzen ere, ekimenaren bigarren aldiari ekin behar zitzaion garaian ondorengoa idatzi zuen Bertsozale buletinean: “ekimen ausarta izan da, eta da; kasuon, Baizkaiko bertsolari gazteen iniziatiba eta antolakuntza gaitasuna ageriratu dituena”.

KARTZELAN ETA KALEAN

Txapi bera ere ibili zen saltsa hartan sartuta, eta Bilboko Espuela tabernan lanean zebilela hainbat bertso saio antolatzen zituzten. Jada giltzapean zegoela, tabernatik Zaharrak Berri Tour pasatu zela kontatzen du, eta saioa grabatu eta barrura pasatu ziotela. “Entzun eta negarrez hasi nintzen” . Gero grabazioa konfiskatu egin zioten; “hortik egongo da”.

Hogeita lau ordu txaboloan eguna inoiz ez da motza gainera kanpoko mendateetan ta literan dago izotza berotasunak dirudienez aurkeztu du bere lotsa ez dakit nola jasaten duten otsoek horrelako hotza.

Bertso hori Soto del Realeko espetxean egindako itxialdiaren harira idatzi zuen Txapik 2005eko otsailean. Etxetik urrun eta gainera kartzelan, hotza ez da fisikoa bakarrik. Hain zuzen ere, lagunen berotasuna sentitzeko, urte berean Bizkaiko 24 bertsolari eta bertsozalek Aranjuezeko kartzelara egin zuten bidaia Peru eta Txiplasi elkartasuna adierazteko. Autobusa hartu eta sei ordu pasatxoren buruan kartzelako kanpoko aldean egin zuten agerraldia. Tasio Erkiziak ere kontatzen du halakorik. Kartzelan zela Santutxuko herriko tabernan bertso emanaldia antolatu zuten auzoko bertso eskolakoek. Giltzapean idatzitako bertso batzuk aukeratu eta hainbat bertsolarik abestu zituzten. Bertso haien artean dago HBko Mahai Nazionalaren aurkako epaiaren harira idatzi zuen hau:

Zigorra dugu eta gainera
bakoitzari zazpi urte,
denbora luze eta astuna
nire auzotik aparte.
Kartzeletako borroka hontan
hartuko dut beti parte,
borrokalari guztiak gara
helburuetan elkarte,
oraingo ekaitz bortitza laster
bihurtuko da ostarte.

KARTZELATIK BERTSOTAN

Hiru presoek kartzelatik idatzitako bertso guztietan edo gehienetan aurki daiteke, nola edo hala, euren egoeraren isla. Baina bertsoak idazteko motibazio eta helburuak desberdinak dira momentuan momentu eta pertsonaz pertsona. Esaterako, Peru Aranburuk 2003an Aranjuezeko espetxean bertsolari izateari uztea erabaki zuen, eta ordutik idatzitako bertso gehienak enkarguzkoak dira, baina hala ere badute beren alde pertsonala. Esterako, Ocañatik idatzi duen azkeneko bertsoa (ekainaren 27an) “Aittitta Txiki”, Lekeitioko umeentzako aisialdi taldearen 25. urteurrenaren harira egindakoa da. Peru gaztetxoa zela talde honekin Gorbeiara igo zen hanka-paluetan eta hurrengo urtean, Guiness liburuan sartzeko xedearekin (ez da broma), 25 ordu egin zituzten hanka-paluen gainean Lekeition.

Marmitakoa han ta
makailaua hamen
asto ganean oin ta
hankapalutan le(he)n,
batean Gorbean ta
bestean Aiun-en…
Zure altzoak zenbat
olgeta emon daben!

Tasiok, ostera, kalean ez zeukan denbora eskaini ahal izan zion bertsoari kartzelan: “zaletasun hori lantzeko aukera izan nuen”, dio. “Idatzi egin nahi nuen eta lagunekin eta kaleko hainbat jenderekin komunikatu nahi nuen. Eta bertsolaritza gustatzen zitzaidan. Orduan bertsoa erabili nuen nire sentimenduak, pentsamenduak eta abar komunikatzeko eta, aldi berean, bertsolaritza lantzeko”. Hala, Alcala Mecotik zein Basauritik makina bat eskutitz idazten zituen bertsotan. Are gehiago, korrespondentzia gehiena bertsotan idazten zuen.

Berdin egiten zuen Txapik, eta bisita batzuk ere bertsotan egiten zituen. Bertsoak idazteko arrazoiez galdetuta, ohitura ez galtzeko eta euskararekiko lotura mantentzeko helburua zuela dio, alde batetik, eta burua esna edukitzekoa bestetik. Gainera, Algortako bertso eskolako filosofiari jarraiki, bertso paperak bat-batean idazten zituen Txapik, burura etorri ahala.

Izarrak ziren lagun
ez dute errua
sare metalikoaz
estalia zerua
Guantanamo asko daude
norena enkargua?
Suntsipen masiboko
arma ta infernua.

Bertso hau “Zuloaren zulotik” izenburupean egindako sortako alea da, isolamendura zigortu zutenekoa, 2006ko otsailean eta martxoan idatzia Texeiroko (Galizia) Kartzelatik. Dena den, “kartzelan ezin zara bizi kartzelaren egoeraren arabera, ze horrek guztiz hustu egiten zaitu. Orduan, kartzelan beti bizi gara kanpora begira eta kanpoko egoerari kasu eginaz: kanpoko egoerari buruz mintzatuz, pentsatuz, pentsamenduak azalduz…” Hori da Tasioren iritzia, eta, zentzu horretan, giltzapean idatzi zituen bertso asko kaleko kontuei buruzkoak dira: gertaera esanguratsuei buruzkoak eta jai edo ospakizunen ingurukoak.

Uztaila hasieran
ni nintzen herri min
festak ziren Lesakan
eta joan ezin.
Pena ta negarrari
egin nion muzin
ongi pasatu nahirik
ahaleginak egin
zapia lepoan dut
ta Gora San Fermin!

Hala idatzi zuen Erkiziak 1998ko uda amaieran, urtaroko bertso kronika eginez. “Hara nola barruan egonda kanpoan bizi zaitezkeen”. Dioenez, kartzelan inoiz ez beste erabili du San Ferminetan zapia.

Bestelako gaiak ere jorratzen zituen, ordea, Tasiok bere bertsoetan. Adibidez, gizarte eta politika arloko gertaera eta egun esanguratsuen inguruko hainbeste bertso egin zituen kartzelatik. Besteak beste, maiatzaren lehena edo martxoaren 8a zirela eta, Eginen itxieraren harira edo Lizarra Garaziko akordioari buruz:

Gure herrian aspaldian da zabaldua oinazea seme-alabak galduak eta kartzelako garrasia Burujabetza lortze bidean erein genuen hazia uzta heltzen da hasia? Elkarlanean zerbait bederen ote dugu ikasia? Entzuna dugu asteburuan Askatasun Irrintzia!

Hala ere, kartzela barruko kontuek toki handia dute giltzapean idatzi zituen bertsoetan. Bertso mordoa ditu presoen egoeraren inguruan eta aldarrika penei buruzkoak. Baita espetxeko bizipen eta tokien deskribapenak egiten dituzten bertsoak ere. Berdin esan daiteke Peru Aranbururen bertsoei buruz. Adibide argia topa dezakegu, 18/98 Auzolanean diskorako idatzita ko eta Berri Txarrak taldeak musikatu zituen hitz lazgarri hauetan:

Min hau neure-neurea
dudala badakit
baina zauria ez dut
topatzen inundik;
benetan al datorkit
poza erraietatik
ala ez ete nabil
neu bere atzetik?

Honezkero ikasia
nago gerizpean
itzalari azalean
eusteko bestean
aldiz uzkurtu eta
puztu saihespean
bihotza sumatzen dut
eguzki eskean

berriz min hau
luze dirau…

Gudu zelai bihurtzen
denean norbera
irabaztea zer da
eta zer galera?
Nik ez dut nahi hemendik
onik atera
baizik eta bizirik
sentitzea bera
berriz min hau
luze dirau…

Hala ere, kartzelan dena ez da mina, eta hau posible izateko bertsoa tresna egokia izan zaio Txapiri. “Kartzelan momentu oro egiten nuen bertsotan, kideekin eta. Benetako bertso saioak egiten genituen. Patiotik ziegara eta ziegatik ziegara ere kantatzen genuen”. Preso sozialei ere bertsoa zer den erakusten omen zieten, erdaraz abestuz. Espetxeko bertsokideen artean Jon Garmendia, Txuria, Aitzol Gogorza, Jagoba Terrones eta Eneko Ostolaza aipatzen ditu besteren artean. Azken bi hauekin, gainera, Sotoko bertso eskola osatu zuela gogoratzen du, irribarrez.

Kartzelako urteek bertsoez, ideiez eta burutapenez jositako dozena bat koa derno utzi dizkiote Txapiri. Bertso haietako batzuk Ataramiñen (euskal errepresaliatu politikoen literatura koadernoak) argitaratu ziren, eta GazteSarea atarian oraindik ere bertso mordoa aurki daiteke. “Nik ez nekien GazteSarean nire bertsoak irteten zirenik. Interneten kontua orain hasi naiz ezagutzen”.

Basaurin bertso kantari izenburua daraman koaderno potoloa osatu du Tasiok 1997ko abendutik 1999ko uztailaren 20ra idatzitako bertsoekin.

Gainerakoak aurkezteko, sarrera funtzioa egiten duen bertsoak hala dio:

Hogei hilabete luzez
eduki naute Basaurin,
eguzkiaren argia
aurrez begiratu ezin;
baina ilunpean ere
atera nahirik etekin,
bertsolaritza lantzen naiz
aritu ekin ta ekin.

Nahiz eta alor honetan
gehiegi ez dudan jakin,
ahalegin guzti-guztiak
nire aldetik dut egin,
sentimenduak azalduz
jolasean bertsoekin,
etorri zaitez laguna
pausoz pausoka nirekin.

Bertso asko ezkontzetarako, urtebetetzeko opari gisa… egiten zituen kartzelan Txapik, baina honez gain kartzelako eta kanpoko gertaeren kronikek, albisteen errepasoak eta burutapenek ere bertso forma hartzen zuten.

“Telebistan ematen zituzten pelikulen inguruko iruzkinak ere egiten nituen bertsotan. Pentsatu ere askotan bertsotan egiten nuen. Azkenean, kartzelan egiten duzuna sobredimentsionatu egiten da, sentimenduak azalean dituzu lako. Futbolean egiten baduzu horrekin itsutzen zara, eta bertsotan egiten baduzu bertsoekin”.

“Barne kontu asko kanporatzeko balio zidaten bertsoek”, konfesatzen du. Gainera, bere ideiak jakinarazteko ere baliatu zituen. “Kartzelan bertsoak denerako balio zuen; adierazteko era bat da azken finean. Eta aitortu deza ket bertsoak asko lagundu nauela”. Burua argi izateko eta espetxeko bakardadeari aurre egiteko tresna aparta izan da bertsoa harentzat. Ondorengo bertsoa ere bakartuta idatzitakoa da, “Zuloaren zulotik”, Igor Angulo eta Roberto Saizen heriotzen garaian.

Kaiolatik oihuka:
herria askatu!!
Arnasa eskatzea
liteke pekatu
bizipozak gogoan
zauriak sendatu
lorea ez da ximurtzen
nahiz ta ez ureztatu.

Hil-bizi kontua da
dena emanda tira
zuen malkoek dute
guretzat disdira
beti egongo gara
zerura begira
bi argi itzali baina
bi izar piztu dira.

Presondegian bertsopaperak idazteak ideiak ordenatzeko balio izan diola esaten du Tasio Erkiziak. Izan ere, haren ustez gai bat adierazten duzun neurrian lantzen duzu. Ildo horretatik, gai bati buruz bertso sorta bat idaztera doanak, ideiak agortzerik nahi ez badu behintzat, gaiaren funtsa, aurrekariak eta ondorioak aztertu beharko ditu eta, azken batean, gaiaren inguruko planteamendu logiko bat egin. “Bertsoak, beraz, zure ideiak argitzen laguntzen dizu eta balio dizu, baita ere, zure ideia horiek modu orde natuan azaltzeko”.

SENTIMENDUAK AZALEAN

Kartzelan sentimenduak azalean edukitzen direla zioen Txapik eta, beraz, gertaera lazgarriak are lazgarriagoak dira ziegako izkinan. Egoera honetan, bertsoa sentimenduak adierazteko tresna paregabea zaio presoari. Datozela adibide gisa ondorengo bertsoak. Tasiori aita hil zitzaion kartzelan zela (lehenengo biak) eta Peruren lagun min Urizek ere heriotza ezagutu zuen.

Zer garraztasuna dut
nere barrenean
aita gorpu daukagu
etzanda ohean
anai-arreba denak
hor dira etxean.
Kartzelako semea
berriz ezinean
samina latzagoa
da bakardadean.

Telefonoz heldu zait
heriotz ezkila
ziztada sentitu dut
gertu ta hurbila
aitaren oroimenak
hasia naiz bila
bizitza izan arren
xumea, umila
borborka irten zaizkit
dozenaka, mila

Bai, URIZ, zure barre gangarra igarten dogu benetan, gurera heltzen ondo dakien Saharako haize horretan eta Isuntzan deskantsua hartzen datozen olatuetan.

Hasiera batean bertsoaren izaera mezu emaileak eta jendearekiko kontaktuak erakartzen bazuen ere, ondoren, kartzelan batez ere, bertsoa jolas bilakatu zen Txapirentzat, “burua aktibo izateko ideiak lantzeko eta ordenatzeko”. Hala ere, zerbait intimo edo barnekoa bezala ere ikusten du. 2006ko maiatzean, Algortako bertso eskolak antolatutako Balendin Enbeita Bertsopaper lehiaketaren zazpigarren ediziorako “Maitaleari gutuna” bertso sorta idatzi zuen.

Mendi algara errepidea
ortzadarraren itzala
kurba batekin deskriba leike
zoramenaren atala
desiratuena izan dudana
emakumearen azala
egoera aldatu dala
jaunak anpara gaitzala (bis)
orain sarraila barrote harresi
angelu zuzen petrala
larogeitamarreko graduak
suzko patio hontan bezala.

Peru Aranburuk ere idatzi dio kartzelatik maitaleari (edo maiteari): Txapel musika taldeak 2004an kaleratutako diskorako, besteak beste, Larrosa bat kantuaren letra egin zuen.

Hitzak gorputza eta
doinuak soineko
kantu batean biltzen
diren bakoitzeko.
Onena ere gutxi da
dama bihotzeko,
argi egiten didan
portura heltzeko.

Den-dena da larrosa bat egiten duena, zu hainbeste maita-maitatzera eroan nauena, eroan nauena. Den-dena da larrosa bat egiten duena, ez dakit inoiz esan dizudan, morena.

Onena ere gutxi da
dama bihotzeko
zenbat maite zaitudan
adierazteko.
Berezkoa edo hazi
ahala osatzen dena
petaloak, arantzak, kolorea.
KALEAN ETA KARTZELAN

Bertso gutunak aipatzen ziren lehenago, bada hona hemen Galder Bilbao, Txapik, Kubara bidaian joandako lagun bati idatzitako bertso postaleko ale bat:

Bilatu behar dugu
independentzia
herria ta izakia
libratzeko zientzia
nahiz eta aztoratu
hartu pazientzia
kontraesanak daude
baita koherentzia.

Txapi 2006ko ekainean irten zen kartzelatik. Despedida gisa bertso merienda egin zuten Texeiroko kartzelan. Irten zenerako Tasiok zazpi urte zeramatzan kalean. Orain eskutitzak kaletik idazten dituzte, bertsotan zein prosan. Peru Aranburu, aldiz, Ocañan daukate preso oraindik, bere etxetik 500 kilometro inguru hegoaldera. 18/98 Auzolanean diskorako idatzitako bertsoetan ondorengoa zioen:

Nik ez dut nahi hemendik
onik atera
baizik eta bizirik
sentitzea bera.

Kartzelako bertsolaritzaz, gehiago:
Bertsolari aldizkaria 5. alea: KARTZELAKO BERTSOLARIAK. 1992
Bertsolari aldizkaria 41. alea: URRUNDIK, 2001

/ literatura koadernoak / ataramiñe / literaturakoadernoak.org /

Share

Iruzkinak