[bertsolari.eus] ZIEGATIK BERTSOTAN VII • JOKIN URAIN

2020, 5 urria


[ZIEGATIK BERTSOTAN VII] Jokin Urain
bertsolari.eus

Lasturko jaiak, San Nikolasak, irailaren 10ean izaten dira. Huraxe izaten zen guretzat, oso gaztetatik, munduko festarik onena. Hilabete edo gehiago lehenagotik hasita, Lasturko gazteok geuk prestatzen genuen plaza ingurua, taulatua, aparkatzeko lekuak, programa egin… Auzolana, elkarlana…

Gero, espetxealdian, neu ezin joanik bertsoak bidaltzen nituen, eta hauek dira urte batean egin nituenak. Eta herrimina aipatzen nuen, herriminez, oroiminez eta ezin egonez bizitzen nuelako urtero Lasturko jaien sasoia.

Espetxean bertsoak egin izan ditugun asko ez ginen berez bertsolari, baina bertsoak idazten, bertsoak nola egin ikasten, bertsoak elkarri bidaltzen aritu ohi ginen. Komunikatzeko modua ere bazen, umorea ereiteko bitartekoa ere bai…

Lasturko jaietarako, 2004an

1
Denborak badu bere joana
ta bagoaz aurrerantza;
eta denborak zorrozten digu
herriminaren arantza.
Herrimin hori izan liteke
gozua edo mikatza,
laztan bat bezain leuna edota
zaplada bat bezain latza.

2
zenbat lekutan, zenbat modutan
kantatzen da herrimina!
kantatzen duten guztiek zer dan
ez dute jakingo baina;
izan liteke barre triste bat
edo negar atsegina,
ametsen bizi beharra eta
ametsez bizi ezina.

3
Leihoetako burdin artetik
begira jarri ezkero
mendiak lehor ageri dira
eta eguzkia bero.
Elurra edo izotz gordina
etorriko dira gero;
leku hauetan gozo apurrik
ezin liteke espero.

4
Urruti daude eztiak eta
urruti daude loreak,
oroimenaren gordailu diran
soinu eta koloreak;
baina bidean galduta uzten
ez bagaitu adoreak
luze baino lehen jausi litezke
hemengo korridoreak.

5
Batzutan jardun luzeegia
bestetan ezin iritsi,
danak aspertu baino lehenago
hementxe nahi nuke utzi.
Lasturra bildu zeraten danoi
besarkada ta goraintzi,
Sanikolasak ondo pasa ta
ahal bada goiari eutsi.

Jokin Urain Larrañaga
Palenciako La Moralejan

Share

Iruzkinak