Joseba Sarrionandia, “LITERATURA ETA GOBERNUAâ€
2011 25 azaroa

LITERATURA ETA GOBERNUA
1
Aurten irakurri ditudan lau liburu eder aipatu nahi ditut: Autopsiarako frogak, Koldo Izagirrerena; Goizuetan bada gizon bat, Patziku Perurenarena, Walter Benjaminen aingerua Gernikako bonbardaketatik, Ignazio Aiestaranena; eta Darwin gurean, Kepa Altonagarena. Irakurri ahala ikusi dut nire kezka eta larritasunak haienak ere badirela, eta beste saiakera batzuk ere izango dira beharbada, sari hori nik baino gutxiago merezi ez dutenak.
Saria arraroa egiten zait, egia esan. Ohitura faltagatik, eta beste arrazoi batzuengatik ere bai.
Lau urterekin erdaraz jakin gabe sartu nintzen eskolara, baina erdaraz besterik ezin zen eskolan egin: hala bizi ginen orduan euskaldunak, arrotzak bagina bezala geure herrian. Gero, Espainiako kartzeletan ibili nintzen, eta ez estatuaren funtzionario moduan, herritar ustez normalak ibili beharko liratekeen moduan, baizik torturatua izan ondoren, eta esplikatu beharrik ez dagoen moduan, euskaldunentzat ohitura izan denez. Harrezkero, erbestean bizi izan naiz, Espainiako zelatariengandik ihesean, beste euskaldun asko bezala.
Euskaldun onak saritzen dira, euskaldun gaiztoak zigortzen, erreserban. Sari eta zigor sistema dugu orduan; carrot and stick policy deitzen diote horri Inperioan, ez?
Ezin izan diot egundo normaltasun airerik hartu ahal izan gure egoerari.
2
Normaltasun ezari buruz idatzi dut saiakera, gure historia lotsagarriari eta gure antzerki antzeko politikari begira.
Liburua amaitu eta berehala ikusi ditut gauzak aldatzen: Afrika iparraldeko jendea altxatzen, euskal politika beste agertoki batzuk estreinatzen, eta, nire liburuko galderak erantzun ahal izan orduko, beste galdera batzuk planteatzen ari direla. Ederra ere bada ukitzen dena mugitzen ikustea. Hala da pentsamenduaren eta literaturaren materia, ura hatzen artetik bezala eskapatzen dena.
Hala ere, moroak aipatu nahi ditut. Moroak Historiaurretik daude gure artean.
“Jo egin naute moroa naizela esaten dutelako†esan omen zion ume batek amari, beste ume batzuek jo zutenean.
Ez zuten jo bera “moroa zelakoâ€, baizik haiek “moroa zela esaten dutelakoâ€. Hala gertatzen baitira gauzak, nahiz eta mororik ez existitu. Zeren moroak ez dira existitzen, moroen asunto honetan esperientzia apur bat bildu dut bizitzan zehar, eta sinetsi ahal didazue.
Ez dago bere burua morotzat duen inor. Beste batzuek hartzen dute halakoa morotzat, zanpatu nahi dutenean. Eta hagatik gara edo izan gaitezke denak moroak. Musulman nahiz euskaldun, emakume nahiz homosexual, beltz nahiz pobre. Menperatuekiko mespretxu eta gorroto hori giza sentimendurik makurrenetakoa dela abisatu zuen Elias Canettik. Inor zapaltzeko, beraren izaera berez zitala aitzakiatzat erabiltzea.
Jende jakitun asko jausten dela, esaten zuen, makurkeria horretan.
3
Saria hartu ez banu, esan beharrik ez nuen izango; hartu dudanez gero, esan behar dut sari honen historia ez dela batere ohoragarria izan.
Fundatu zenetik, literaturaren balioa erakusteko eta idazleen lan eskerga aintzat hartzeko antolatu beharrean, alderantziz eratu zen: botere instituzionala laudatzeko.
Hori nahikoa ez eta, saria manipulatu egin zen urterik urte modu alderdikoi batean. Ez zuten gaur egun gobernuan dauden alderdiek asmatu jokabide hori, bide batez esanda, baina jarraitu dute. Baztertuentzat txarra izan bada, saria jaso duenarentzat ere kaltegarria izan da, zeren, sariaren zintzotasuna dudan egonda, Woody Allenen diru-harrapatzailearena besterik ezin zuten egin.
Behin baino gehiagotan eskatu dute idazleek eta editoreek ken daitezela sarirako liburuak aurkezteko baldintza eta betebeharrak. Aurreko urteko liburu argitaratuak kontuan hartzeko ez da halako eragozpenik behar.
Arazo zailak daude munduan: desigualtasun sozioekonomikoak, demokrazia eskasa, militarismoa, desinformazioa eta aberatsen kleptomania pobreen kontra, adibidez. Euskal Herrian ere baditugu arazo larri batzuk: azken hamarkadetako borrokaren kalteak eta euskaldunen autogobernu arazoak, esaterako.
Halako arazoak konpontzeko zailak dira eta luzaroan egin beharko da ahalegina. Baina sari hau erraz egin daiteke presentableagoa modu sinple batean: asmatu diren formalismo eta kondizio guztiak kenduta.
4
Bizkaiko Correoa, nire ume denborako Don Celesen periodikua, izan da sariari buruz paperean heldu zaidan bakarra. Besteren artean, Euskal Herriko Unibertsitateko Teoria Politikoko irakasle baten artikulua irakurri dut. Esaten du, gutxi gorabehera, edozein gobernuk bere hariko literatura bultzatzeko obligazioa duela. Hortik atera daiteke literaturak bere aldetik delako gobernu hori promozionatu beharko lukeelako ondorena.
Literaturak naturalago azaltzen ditu arazoak eta formulatzen ditu galderak, nik uste, egia zuzenetsiak eta instituzio finkatuak promozionatu baino.
Ataramiñe 2011 gaurko aurkezpena, BIZKAIe webgunea
2011 25 azaroa

Jon Iturriaga Omar, Amaia Urizar, Bortxa Urberuaga, Mitxel Sarasketa, Oier Gonzalez eta Zorion Zamakola, prentsaurrekoan
>> bizkaie.biz: Ataramiñe alkarteak hiru liburu aurkeztu ditu
Nagore Ferreira Zamalloa
Ataramiñe alkarteak hiru lan barri aurkeztu ditu Bilbon; Ataramiñe´11 euskal errepresaliatu politikoen literatura koadernoak, Ibon Muñoa Arizmendiarretaren Ametsen txokoan bizi naiz eta Bortxa Urberuagaren Espetxetik at komikia. Abenduaren 2an, Donostian aurkeztuko daben Mikel Antzak idatzitako Bakarmortuko kronikak liburuaren barri be emon dabe prentsaurrekoan.
Aurkezpena Bilboko Kalderapeko gunean egin dabe, eta bertan izan dira Jon Iturriaga Omar preso ohia, Ataramiñeko editore-taldeko Mitxel Sarasketa, Zorion Zamakola eta Amaia Urizar, Bortxa Urberuaga Espetxetik at komikiaren egilea eta Oier Gonzalez Atarmiñe´11 koadernoko berbaurrearen egilea.
Urtero lez, aurten be ‘Ataramiñe’ koadernoan euskal preso eta iheslari politikoen hainbat lan batu doguz, danetara 24 testu dira, esa dau Sarasketak. Prosea, poesia, bertsoak, irudiak, danetariko sormen-lanek osotzen dabe liburua. Sarakestak nabarmendu dauenez, euskal preso politikoen mundua eta testuingurua ezagutzeko erreferentea dira orain arte plazaratutako Ataramiñeren hamar aleak.
Berbaurrea Oier Gonzalez preso ohiak idatzi dau. Presoak kalera urteten danean bizi dauen prozesua dau berbagai urten barri dan presoak: Kartzelatik kalera zoazenean, kontraste handia dago; egunerokoa ez da hain distiratsua, baina eguneroko gauzak kalean egiteak badauka distira berezia berez, azaldu dau Gonzalezek.
Beste urte batzuetan lez, personaia berezi bat izan dabe gogoan Ataramiñen; oraingoan, Jose Asensio Artaraz ‘Kirruli’ preso bilbotarra, 1986an, Herrera de la Mancha kartzelan hildakoa izan da. Erramun Landa Mendibe artistearen grabaduak eta Jon Iturriagaren testua sartu ditue, biak be Asensioren lagun-minak izandakoak.
Ametsen txokoan bizi naiz Ibon Muñoa Arizmendiarreta preso eibartarrak idatzitako testuan bildumea da. 2000.- urtean atxilotu ebenetik, urterik urte, kartzelaz kartzela idatzitako poemak batu ditue, kronologikoki ordenatuta. Izenburuak berak dinoenez, Ibon Muñoaren amesak topauko doguz lan honetan, ganeratu dau Sarasketak. Liburuaren azala beste preso eibartar batek egin dau, Mitxel Zarrabe Elkoroiribek, hain zuzen. Abenduan, aurkezpen berezia egingo dabe Eibarren bertan.
Bortxa Urberuagak Espetxetik at komikian kartzelan bizi izandakoak jaso ditu, kartzela barrukoak. Kartzelan presoen adierazoteko edo sortzeko prozesuan oztopo handiak ipinten dituela gogoratu dau. Nire barruko sentsazinoak irudien bitartez azaldu dodaz. Kalera atara gura izan dodaz barruan pasetan diranak, kanpoan be jakin daien, azaldu dau. Umorea be erabili dau Urberuagak: Umore sarkastiko naturala. Jentea sensibilizetea da nire asmoa, eta barre egitea bere bai.
Durangoko Liburu eta Disko Azokan liburuok erosteko aukerea egongo dala gogoratu dau Mitxel Sarasketak. Horrezaz gan, aurkezpena egingo dabe Durangon, abenduren 5ean; eta, hilaren 6an, Ahotsenean, liburuaren pasarte batzuk irakurriko ditue egileen etxekoek.
Joseba Sarrionandia, “Eskerrik asko”
2011 25 azaroa

“Eskerrik asko, lehenengo, euskaraz bezala beste hizkuntza guztietan hain ederra den esaera, eta baztertuek laguntza eskertzeko erabiltzen dutenean are ederrago egiten dena. Eskerrik asko, beraz, epaimahaikoei, ausardiagatik, hartutako erabakiak erreakzioak izango zituela jakin arren aurrera egin zutelako. Eskerrik asko, baita ere, satanizatuaren defentsa egin dutenei, espainiar prentsan batez ere, non euskaldunok hainbat alorretan arerioen lurrean bezala ibili behar izaten dugun.
Eskerronez gogoratu nahi ditut, bestalde, aurten irakurri ditudan saiakera lau liburu eder: Autopsiarako frogak Koldo Izagirrerena, Walter Benjaminen aingerua Gernikako bonbardaketatik Ignazio Aiestaranena, Goizuetan bada gizon bat Patziku Perurenarena eta Darwin gurean Kepa Altonagarena. Irakurriala ikusi dut nire kezka eta larritasunak haienak ere badirela, eta ez dutela sari hau nik baino gutxiago merezi.
Baina ez naiz etorri eskerrak ematera bakarrik. Gauza eskergabe batzuk ere aipatu nahi ditut. Prentsan esan da ez dudala gure herriko politikari buruz idazten,neure defentsan bezala. Baina Moroak gara behelaino artean? liburuko orrialde guziak politikari buruzkoak dira. Ez kaleko edo prentsako ohiko eztabaiden terminoetan beharbada, baina, sarrera historikoaren ondoren, batez ere azken hirurehun orrialdeak geure gatazka eta aukerei buruzko hausnarketak dira.
Nire ume denboretako Don Celesen periodikua izan da sariaren iskanbilari buruz paperean heldu zaidan bakarra. Besteren artean, Euskal Herriko Unibertsitateko Teoria Politikoko irakasle baten artikulua irakurri dut. Esaten du, gutxi gora-behera, edozein gobernuk bere sokako literatura bultzatzeko obligazioa duela. Hortik atera daitekeen ondorioa da literaturak berak egiten duela sasoian sasoiko gobernuaren promozio lana, eta ez alderantziz.
Literaturak naturalago azaltzen ditu arazoak eta formulatzen ditu galdekizunak, nik uste, egia zuzenetsiak eta instituzioak promozionatzea besterik da…â€
Ataramiñeko nobedadeen aurkezpena
2011 23 azaroa
……………………………… .
Ataramiñeko aurtengo nobedadeak aurkeztuko ditu datozen egunotan:
1.- Azaroaren 25ean, ostirala, 11:00etan, Bilboko Kalderapekon (Perro kalea 1 behea) honako liburu hauek aurkeztuko ditugu:
>> Ataramiñe’11 2011ko euskal errepresalitau politikoen literatura koadernoa
>> AMETSEN TXOKOAN BIZI NAIZ. Ibon Muñoa
2.- Abenduaren 2an, ostirala, 11:00etan, Donostiako Udal Liburutegi sotoan (San Jeronimo kalea z/g) honako liburu hau aurkeztuko dugu:
>> BAKARORTUKO KRONIKAK. Mikel Antza
Aurkezpen hauek prentsari begira antolatuta badaude ere, irekiak dira eta nahi duena joan daiteke bertara liburu berrien gorabeherak zuzenean jakitera.
Batzorde Ikusezina, “Heldu da matxinada”
2011 23 azaroa

Argazkian, Oier Gonzalez eta Lander Garro —Zigor anaiaren argazkiarekin— (Andoni Canellada / Argazki Press)
Batzorde Ikusezinaren “Heldu den matxinada” aurkeztu dute Donostian. Oier Gonzalezek eta Zigor Garrok euskaratu dute, espetxean.
>> gara.net: Kartzela banatan bakartutako bi lagunek eskuz esku itzuli dute «Heldu den matxinada»
Txalapartaren «Heldu den matxinada» liburu bitxia da arrazoi batengatik baino gehiagorengatik: alde batetik, ez dakigu zeinek idatzia den, Batzorde Ikusezina izenez sinatua dagoelako. Bertzetik, bi lagunek euskaratu dute jatorri frantseseko lana, kartzela banatan, bata bertzearengandik 500 kilometrora isolatuta zeudela. Zigor Garro eta Oier Gonzalez dira itzultzaile horiek; lehendabizikoa preso dago oraindik, baina bigarrena ez, eta aurkezpenean izan zen atzo Mikel Soto editorearekin eta Lander Garro Zigorren anaiarekin batera. Kontatu zutenez, 2008an frantziar poliziak komuna autogestionatu bat eraso zuen Tarnac izeneko herrixkan, eta zortzi gazte atxilotu zituen. «Hainbat sabotaje ekintza leporatu eta inolako frogarik gabe kartzelatu zituzten, `terroristak’ zirelakoan». Horietako bati, Julien Goupati, liburu hau idaztea leporatu zioten.
Hala hurbildu zen Gonzalez lan honetara, «kuriosoa» iruditu zitzaiolako «intelektualen herrialdean liburu bat idazteagatik inor terrorismo aferetan sartzea». Atxiloketok zirela-eta, hainbat intelektual altxatu ziren horren kontra eta polemikak obra gehiago zabaltzea ekarri zuen. Sotok gaztelaniaz irakurri zuen eta adierazi zuenez, bitxiena zera da, anitzez gehiago gustatu zaiola euskarazko bertsioa. Izan ere, «frantsesek filosofia idaztean transmititzeko gai diren poesia hori baitauka».
Lander Garroren hitzetan, gizartea aldatzeko eredu erabat berriak, borroka modu guztiz aitzindariak proposatzen ditu liburuak, eta horixe du hain zuzen bertuterik handiena. «Bitxia, paradoxikoa da azalean bonba bat marraztuta dakarren liburu bat garai honetan kaleratzea, baina ez kontraesankorra», adierazi zuen.
Gaineratu zuenez, anaiak xarma ikusten dio lanari ez dakigulako zeinena den eta Batzorde Ikusezinak lan kolektiboa proposatzen duelako gizarte hau aldatzeko. Itzultzaileek ere elkarlanean lortu zuten kartzelako isolamendua haustea eta bi pertsona inkomunikaturen arteko komunikazio zubi bilakatu zen liburua.
Oinarrizko erantzuna
2007an idatzi zuten jatorrizko liburua, eta bi urte lehenago Parisko auzoetan gertatutako liskarrak ditu abiapuntu. «Oso oinarrizko krisi bati erantzun oinarrizkoa ematen dio. Oso erradikala den krisi bati, erantzun erradikala». Gaurko gizarteaz egiten duen irakurketak herri ugaritarako balio duela eta gu guztioi eragiten digula ere nabarmendu zuten.
2008an, frantziar poliziak Tarnac izeneko herrixkan zegoen komuna autogestionatu bat eraso zuen zortzi gazte atxilotuz. Hainbat sabotaje ekintza leporatu eta inolako frogarik gabe kartzelatu zituzten, «terroristak» zirelakoan. Haietako bati, Julien Coupati, eskuartean daukazun panfletoa idatzi izana egotzi zioten.
Atxiloketon bidegabekeriak Badiou, Zizek, Ranciere eta beste hainbat intelektualen manifestua ekarri zuen, eta polemika orokorrak libeloaren ohiz kanpoko zabalkundea. Hala, bada, errepresioaren garrek hauspotu dute mundu garaikidearen irakurketa filosofiko, politiko, teoriko, praktiko, ikonoklasta, heterodoxo eta erradikal hau.
>> irakurtzeko zatia. liburuaren lehen 26 orrialde, Zigor Garroren hitzaurrea barne.pdf
hitzaurrea
2005eko urrian, paris inguruetako Clichy-sous-Bois auzunean, polizia segika zuten bi gazte hil ziren elektrokutatuta. Ustekabeko heriotzak, bazter-auzoekiko politika jakin baten enegarren albo-biktimak, sutan jarri zituen frantziar bazter-auzoak –banlieu ezagunak–. Aurrekaririk gabeko oldarraldi hark sekulako zalaparta eragin zuen Frantzian.
Jarraitzen du
Mikel Ibarguren, Euskadiz eta sariez
2011 22 azaroa
>> gara.net: Euskadiz eta sariez
Mikel Ibarguren
Lege guztien gainetik eta dogma guztien azpitik, ordea, elefante zuririk nahi ez duen idazleak gure literatura literaturago bihurtu du, guztion gozagarrirako
Literatura ez dela zeru platonikoa esan zuen Ander Iturriotzek elkarrizketa batean, botere esparrua baizik. Jon Alonsok, Euskadi sariak direla medio, kritika mamitsua egin zuen bere garaian eta «Utikan Euskadi Sariak» sinatu zuen idazle taldeak sarion gardentasun eza salatu zuen agiri batez. Aurten Sarrionandiari gertatua azken katebegia baino ez da izan, eta diru saria emango dioten ala ez laster jakingo dugun arren, franchement, sariok eman duten itxura tamalgarria izan da eta batek jada ez daki zer pentsatu. Izan ere, urterik urte ez da polemikarik falta izan, eta horrelako jokabidearekin -zer nahi duzue ba esatea- behe-laino artean bezala sentitu naiz, egia esatera. Azal guztiek bere mamia duten legez, kritika hauek bere mamia badutela argi gelditu da. Lehenaz gain, orain, demokrata ere -horra hitz sortzez garbia- izan behar dela ebatzi baitute Jaurlaritzako apopilo berriek, eta idazle sarituari -horra esperpentoa- dirua ukatu diote birgizarteratzen den arte edota justiziarekin -horra eufemismoa- zorrak kitatzen dituen arte.
Jarraitzen du
Azaroak 15: Idazle presoaren aldeko nazioarteko eguna
2011 15 azaroa

>> EuskalPen Kluba: Azaroaren 15ean mundu osoan gogoratuko dira Idazle Presoak
Azaroaren 15ean urtero burutzen da Idazle Kartzelaratuaren aldeko Eguna (Day of the Imprisoned Writer – DoIW) eta munduan diren PEN talde guztiek ekitaldiak egiten dituzte. Urtero idazle batzuen kasua azpimarratzen da, idazle hauen egoera luze eta zabal emateko ezagutzera.
Aurtengoan, azalarazi nahi izan direnak hauexek dira: Reeto Alemu (Ethiopia), Susana Chávez (Mexico), Tashi Rabten (Tibet), Abdul-Jalil Alsingace (Bahrain) eta Ahmet Sik and Nedim Sener (Turkey). Informazio gehiago: PEN International.
Euskal Herrian azaroaren 24an burutuko da DoIW ekitaldia Erromon (Getxo-Bizkaia), Euskal PENek eta bertako AAMk antolatuta. Joseba Sarrionandiaren “Kartzelako poemak” irakurriko dituzte Mitxel Sarasketak eta Laura Mintegik. Ekitaldia Branka elkartean burutuko da arratsaldeko 20:00etan (kartela).
[bideoak] “Kartzelako poemak” aurkezpena Dokan
2011 11 azaroa
“Kartzelako poemak”. Edizio berriaren aurkezpena
2011 11 azaroa

Arrese, Otamendi, Iturralde, Etxaburu, Benito eta Guillan, atzoko aurkezpenean. / JON URBE / ARGAZKI PRESS
>> berria.info: Preso egon denaren gogoa
Juan Luis Zabala
Joseba Sarrionandiaren ‘Kartzelako poemak’ berrargitaratu du Susak, edizio eguneratuan eta sei poema gehiagorekin
«Preso egon denaren gogoa / kartzelara itzultzen da beti», dio Joseba Sarrionandiaren Kartzelako poemak liburuko alerik ezagunenetako batek. Sarrionandiaren poesiaren irakurleak, antzeko moduan, Kartzelako poemak liburura itzultzen dira behin eta berriz. «Ezer betiko ez dela onartuta ere, egingo nuke liburu honek guztizko gaurkotasuna duela, eta, beharbada, puska baterako biharkotasuna ere bai», dio Jose Luis Otamendik Joseba Sarrionandiaren Kartzelako poemak liburuaren berrargitalpenerako idatzi duen hitzaurrean. «Egungo jendeari esandako poemak dira», Otamendiren ustez, liburukoak. 1992an izan zuen lehen argitalpena, Susa argitaletxean —Gartzelako poemak izenburuarekin—, eta «ikur» bihurtu zen denborarekin, Gorka Arrese Susa argitaletxeko editorearen ustez. Orain edizio berritua kaleratu du argitaletxe berak, aldaketa garrantzitsu batzuekin: idazleak gaurko grafiara egokitu ditu poema guztiak, eta orain artean inon argitara eman gabeko sei gehitu dizkio.
Liburuko poemak errezitatuz aurkeztu zuten atzo edizio berritua Joxemari Iturraldek, Jon Benitok, Mikel Etxaburuk, Oier Guillanek eta Jose Luis Otamendik, Gorka Arrese aurkezle zutela, Donostiako Antigua auzoko Doka kafe antzokian.
Liburuaren jatorrizko argitalpenak bi testu zituen, Sarrionandiaren poemez gain: Ruper Ordorikaren Autobusa jatetxe batean gelditu zenean eta Joxemari Iturralderen Hunkigarriak, latzak, zailak irensten. Horietaz gain, Jose Luis Otamendik orain idatzitako hitzaurrea du edizio berrituak. Ezikusia egin ote dakioke itsasoari? du izenburu Otamendiren idazlanak.
Kartzelan idatziak gehienak
Kartzela da liburuko poemak batasun batean biltzen dituen ardatza edo gai nagusia. Kartzela derrigorrezko bizileku izan zuen garaian idatzi zituen Sarrionandiak liburua osatzen duten poema gehienak, baina ez guztiak. Bi atal nagusi ditu: Kartzelako poemak 1980-1985 eta Post-scriptum. Lehenak, luzeenak, kartzelan igarotako garaian idatzitako poemak jasotzen ditu. Bigarrena, laburragoa, Martuteneko kartzelatik ihes egitea lortu ondoren idatzitako poemekin osatua dago; poema horiek ere, haatik, kartzela dute gai nagusi eta ardatz. 1991ko data du kronologikoki azkena den poemak.
Liburua «espetxeko euskal literaturaren tradizio aspaldikoan eta berriagoan txertatzen da», Otamendik hitzaurrean dioenez; baina «munduko literaturaren ur handietan» ere «txairo» dabilelakoan dago. «Munduan barrena eta denboran zehar izan diren hamaika poesia moldek isla gardena daukate testuotan: klasizismo latinoaren ukituak sumatuko ditugu, elezahar eta tradizio arturikoaren bristadak han-hemen, Txinako poesiaren edo Japoniako haikuen lilurak joko gaitu deblauki…».
Poesia idazteko gaitzat kartzela hartzean «estereotipo zurrun eta heroikoetan jausteko» arrisku handia baldin badago ere, Sarrionandiaren liburuan «presoaren irudia eta bere sentimenduak pertsonaren neurri doietara ekartzeko ahalegin kontzientea» dagoelakoan dago Otamendi. Horretaz gain —eta neurri handi batean horrexegatik—, kartzela gai nagusi izanik ere, liburuko poemek eskaintzen duten ikuspegiak kartzelaren errealitate estua gainditzen dutela uste du. «Poema hauek zainera egiten dute artez, kartzelaren muina erakusten digute, baina kartzelako ilunbista luzaz gainditzen duten esperientzia humano askoren kriseilu itsugarri dira».
«Liburuko hainbat testu herri honen imajinarioaren parte bilakatu dira», Otamendiren ustez, eta beste bertute bat «darabiltzan gaietan eta emandako erantzunetan belaunaldi baten erretratu gardena» izatea da.
LIBURUKO POEMA BERRIAK
• ‘Ipuina’ (31. orrialdea)
• ‘El Palomar’ (33. orrialdea)
• ‘XI. galdera’ (39. orrialdea)
• ‘Alturaren neurria’ (64. orrialdea)
• ‘Vis a vis’ (96-97 orrialdeak)
LIBURUKO POEMA MUSIKATUAK
• Ruper Ordorika: ‘Galtzetan gordetzeko koblak’ eta ‘Gure begiek ez dute malko isurtzeko gogorik’.
• Mikel Laboa: ‘Itsasoaz gogoeta’ (‘Gure oroitzapenak’) eta ‘Presoen amak’ (‘Oroitzen zaitudanean, ama’).
Imanol Larzabal: ‘Oroimeneko portua’.
• Mikel Markez: ‘Preso egon denaren gogoa’.
• Deabruak Teilatuetan: ‘Hau da ene ondasun guztia’.
• Fran Lasuen: ‘Oroimeneko portua’.
• Bittor Aiape: ‘Lagun presoak’.
• Dantzut: ‘Territorio librea’.
• Naun: ‘Kaleko kronika’.
• Berri Txarrak: ‘Aspaldian utzitako zelda’.
• Ken Zazpi: ‘Hemen gaude’.
>> gara.net: Joseba Sarrionandiaren egia puskak, bihotzari edertasun urragarriz emanak
“Hitzezko txalupak†Josu Martinez – Alfonso Etxegarai
2011 9 azaroa

>> zuzeu.com: Josu Martinezek “Hitzezko txalupak†liburua aurkeztu du
Josu Martinezek eta Alfonso Etxegaraik “Hitzezko txalupak†izeneko liburua kaleratu dute. Bertan, Josu Martinezek eta Alfonso Etxagaraik elkarri gutunak idazten dizkiote, eta bide batez irakurle orori. Norbere bizimoduaz idazten diote batak besteari: eguneroko gorabeherak, pozak, ilusioak, minak… Baina, aldi berean, gure herriaren egoerak kezkatzen ditu: bere buruaren jabe izan nahi eta bizirik irauteko borrokan dabilen herria, bidegurutze historiko batean dagoena, kontraesanez eta zalantzaz josia.
“Hitzezko txalupak†liburuan biltzen diren eskutitzek, alaitasun zirikatzailez eta hausnarketa informalez, urteko gertakari nagusien kronika eskaintzen digute: su-etenaren agiria, hauteskundeak, Fukushimako zentral nuklearra, Korrika… Euskaraz egiten du batek sakea, eta erdaraz besteak errefera, egileen artean bai baina liburuetan ohikoa ez den bizikidetzan. Ezohikoa da generoa ere gure artean, diskrezioz edo lotsaz gutxitan egin baitute gutunek libururako jauzia. Alain Urrutiaren marrazki eder eta sujerikorrez jantzia, obra bitxia bezain gustagarria da esku artean duzun hau, bere xumean gure literaturan lur (uharte?) berri bat dakarkiguna.
Xabien Mendiguren editoreak Josu Martinez eta Alfonso Etxagarairi elkarrizketa egin die. Hori irakurri ahal izateko, hemen lotura.
>> gara.net: «Hitzezko txalupak», harreman estu baten paperezko euskarria
>> berria: Lerro arteko loturak
“Kartzelako poemak” liburuaren edizio berria
2011 4 azaroa

Susa argitaletxeak Joseba Sarrionandiaren “Kartzelako poemak” liburuaren edizio berria argitaratu du.
KARTZELAKO POEMAK liburua 1992an argitaratu zuen Joseba Sarrionandiak lehen aldiz, duela 19 urte. Edizio berritu honetan idazleak gaurko grafiara aldatu ditu poema guztiak, eta sei poema gehiago txertatu ditu.
Liburuaren edizio berritua aurkezteko ERREZITALDIA egingo dute bost idazlek Doka kafe antzokian: Joxemari Iturraldek, Jon Benitok, Mikel Etxaburuk, Oier Guillanek eta Jose Luis Otamendik.
KARTZELAKO POEMAK liburuak bi atal nagusi ditu:
–luzeena “Kartzelako poemak 1980-1985” da; kartzelan igarotako garaian idatzi poemak biltzen ditu.
–laburragoa da “Post-scriptum” atala, Martuteneko kartzelatik ihes egitea lortu ondoren idatzitakoak dira, bizirik zuen esperientziaren ondokoak (azken poemaren data 1991koa da).
Edizio berri honen azalaren egilea Lander Garro da.
Liburuaren hitzaurre berria Jose Luis Otamendik idatzi du. Hauxe:
EZIKUSIA EGIN OTE DAKIOKE ITSASOARI?
Ezikusia egin ote dakioke itsasoari? Haren aditzerarik ez baduzu, denik ere ez badakizu, agian; bestela nekez. Liburu honetan sartzen den irakurlea itsasoan murgilduko da. Aspaldiko itsaso berritu batean.
Zilegi bekit itsasoaren metafora hitzaurre honekin hasteko, itsasoa baita, aurrerago gogoratuko dugunez, Joseba Sarrionandiak hemen usuen darabiltzan sinbolo eta motiboetako bat.
Duela 19 urte, 1992ko urrian kaleratu zen estreina Kartzelako poemak, beste koska nabari bat ezarriz euskal poesian. Kartzelako poemak dira, ez besterik. Egilea preso egon zen aldian idatzitako poema sorta mardula du ardatza, eta ihes saioa arrakastaz burutu ondoren espetxeari buruz eta han utzitakoez idatzitako beste zenbait poemarekin osatzen da bilduma. Batasun tematiko harrigarrian.
Jarraitzen du
Sarrionandiaren gizartea
2011 29 urria

>> berria.info: Sarrionandiaren gizartea | Iñigo Aranbarri Jose Luis Otamendi
Idazleak munduak asmatzen ditu, mundu honetan bizi garenon artean leku bat izateko. Eta hitzekin asmatu beharrean da, galduko ez bada. Dena zor die banan-banan datozkion ur tantei, poza eta zaputza, xirripa gardena eta putzu urdindua, mendi-negarra eta istila, inoiz edo behin, itsaso zabala eta olatuaren indarra… dena dago hitzen hautu eta antolaketa egokian. Hiztegia mintzalekuaren, lokutorioaren sinonimoa da, eta istant bateko argialdi gardena bezala itzal tarte zitala da aski, komunikazioa naharo erne edo goitik behera birrin dadin.
Idazlea beti izango da naifa baina. Ez da hitzaren balioaz jabetuta dabilen bakarra. Hitzaren indarraz ohartuta erabakitzen dira egunkarietako lehen orrialdeak, hitz bat behin eta berriro emanda erakusten zaio ezjakinari arerioaren aurpegia. Egunotan ikusi dugu, oraintsu Espainiako errege-erreginekin irribarretsu ageri zen «Mendebaldearen laguna» hilabete gutxian pasa da «diktadore doilor» izatera. Hitza duenak boterea du. Eta kontrara, nola ez, boterea duenarena da hitza. Horregatik esan daiteke deliturik egin gabe nonahi «arratoia estoldetan harrapatu dute». Berdin da ez bada berariaz esaten noren esku dauden orain «Libia berriko» petrolio putzuen ustiatze eskubideak. Eta ezjakinari sinestea besterik ez zaio geratzen. Esan gabe doa, hitza duenak jendearen pentsaera moldatzeko dohaina du. Horrexegatik hitz egin du hitz egin duen bezala Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu den Blanca Urgellek, arriskurik gabe ustez, aukeratutako moldeak erabilera politikoaren bermea duelakoan: «Joseba Sarrionandiak bergizarteratzea erabakitzen duenean jasoko du sariaren dirua».
Jarraitzen du
Joseba Sarrionandiaren “Gartzelako poemak” Dokan azaroaren 10ean
2011 28 urria

Joseba Sarrionandiaren “Kartzelako poemak” liburuan oinarrituta, errezitaldia egingo dute Joxemari Iturraldek, Jon Benitok, Mikel Etxaburuk, Oier Guillanek eta Jose Luis Otamendik azaroaren 10ean (osteguna) 19:00etan Donostiako Doka kafe antzokian.
Jose Luis Otamendik egingo du ekitaldiaren sarrera, liburuaren hitzaurre berrian idatzi dituenak laburtuz. Ondoren bost idazlek hiruna poema irakurriko dituzte.
Zamorako apaizen kartzelari buruzko liburu berria
2011 14 urria

Argazkian: Xabier Amuriza, Josu Naberan, Julen Kalzada eta Alberto Gabikagogeaskoa; Nikola Telleria zena falta da. (argia.eus: “Abadetza tresna bat zen guretzat, inpunitatea”)
>> Berria 2011.10.16 – Igandea gehigarria: Abadeen ihesaldia.pdf
>> gara.net: Edorta Jimenez | Apaizak kartzelatik ihes egin nahian
Zamorako apaiz presondegian gertatu zirenen artean, bost euskal apaizek kartzelari su eman ziotenekoa izan zen munduan ezagunena.
Atzo bete ziren berrogei urte. Zamorako Konkordatu Kartzelan ziren sei euskal apaizek tunela zeukaten kanporaino egina. Ez zuten besterik egin behar une egokia izan arte itxaron baino. Kanpoan ere dena prest zegoen. Jendeak eta autoak bertan, eta ezkutalekuak prest. Tamalez, kartzelarietako batek, txiripaz, tunela antzeman zuen. Ihes egiteko ahalegina bertan geratu zen.
Apaiz presondegia Vatikanok eta Espainiako Estatuak sinaturik zuten Konkordatuaren mende atondu zuten, Zamorako kartzela arruntaren hegaletako batean. Hango lehenengo maizterra Alberto Gabikagojeaskoa izan zen, 1968an preso sartua. Azkenak Julen Kaltzada eta Jon Etxabe izan ziren. Bi hauek kartzelatik komentu banatara eraman zituzten, 1976ko martxoaren 24an. Kartzelaren berririk ez zen harrezkero inon aditu. Urte tarte horretan berrogei euskal apaiz eta Espainiako Estatuko beste zenbait izan ziren kartzelan, batzuk tarte laburrez eta beste batzuk urteetan. Han gertatu zirenen artean, bost euskal apaizek kartzelari su eman ziotenekoa izan zen munduan ezagunena, aldareari ere su eman ziotela-eta sortu zen eskandaluagatik. Gose grebak eta erresistentziako beste ekintza batzuk ere gauzatu zituzten bederatzi urteko tarte hartan. Aipagarriena eta beharbada ezezagunena, ostera, ihes egin nahi izan zutenekoa da.
Tunelaren zuloa egiten hasi, 1970ean hasi ziren. Esan bezala, atzoko egunez erori zen ihesaren proiektua. Satorrak lau izan ziren, alegia, Alberto Gabikagojeaskoa, Julen Kaltzada, Xabier Amuriza eta Josu Naberan. Nikola Telleria ere hantxe izan zen, baina apenas parte hartu zuen lanetan, oso gaixorik baitzegoen. Izan ere, kartzelan sei urte eman ondoren, gehienak oso gaixorik, handik irtenda laburrera hil zen.
Euskal Herriaren historian orrialde erabat berezia merezi duen kartzelaren historia Durangoko Azokarako argitaratuko da, Txalapartaren eskutik. Liburuan, orduko politika, erlijio eta gizarte giroaren berri zehatza emateaz gainera, kronologiak, izen zerrendak, dokumentu politikoak eta beste apaiz batzuen testigantzak bilduko dira, gehienak euskaraz. Liburuan galegoz, katalanez eta gaztelaniaz idatzitako lekukotasunak ere bilduko dira, han izan ziren erdaldunetako batzuek idatziak. Horiez gainera, argazkiz eta beste osagarri grafikoz horniturik etorriko da.
Liburuaren koordinazio lanak Angel Zelaietak egiten ditu eta berak adierazi digu liburua ia inprentarako prest dela. Liburuaren apailatzeak hiru bat urteko lana hartu du eta, denbora tarte horretan jakin-min handia sortu du. Etorri ere, une ezin egokiagoan dator. Hots, batzuek gure iragan hurbilaren «historia ofiziala» idatzi eta hori egiatzat kontsakratu nahi duten honetan. Historia horrek Zamorako Konkordatu Kartzela gogoan izango duen ere ez dakigularik, egiazko edozein historiak liburuan kontatzen eta azaltzen direnetan bilatu ahal izango ditu gure iragana eta oraina ulertu ahal izateko giltzetako batzuk.
[bideoa] Sarritsasoa
2011 7 urria
Sarritsasoa. Dantzaz konpainia. Lekeitio.




























































































