Jokin Urain, “Agura eta Ohorea” liburuaren aurkezpenean esandakoak

2013, abendua 28


Jokin Urain Eibarren egindako aurkezpenean

AGURRA ETA OHOREA
Euskal militanteen heriotza kronika

Gure aurrekoen bizipenez eta historiaz kezkatu ohi gara sarritan; gure aurreko denboren jakimina izaten dugu. Eta, adinean apur bat aurrera egin ahala sortzen zaigu geure historia propioa, geure bizipenak, ondorengoei transmititu nahia. Gu geu hil eta gero ere bizitzen jarraitzeko modua da, nolabait, gure historia geure ondorengoei transmititzea. Guk gure aurrekoak gogoratzen ditugun bezalaxe nahi genuke ondoren datozenek gogora gaitzaten, memoria gorde dezaten. Gure aurrekoak gurtzea, borrokan erori direnak gogoratzea, haiei ez ezik geure giza izateari ohore egitea ere bai baita.

Aspalditxo honetan asko hitz egiten da memoriaz eta halako kontzeptuez, baina badirudi memoria hori batzuena bakarrik dela gorde beharrekoa, besteona ahanzturaren leizera jaurtitzera behartuz. Halaxe gertatu zen 1936-39ko gerra ostean ere, eta hortxe gabiltza oraindik, gerra eta gerraoste hartako hilak, isiltasunera eta ahanzturara kondenatuak guztiak, memoriara eta argitara ekarri ezinez. Era berean debekatu, isilarazi eta ahantzarazi nahi dituzte gure aldiko militanteen hiletak eta haien izena.

Liburu modu honek memoriarako, oroitzapenerako txatal bat izan nahi luke. Betirako joan diren haiek eta zehazki haien hileta-omenaldietan zer gertatu zen/den gogoratu eta ondorengoei transmititzeko memoria txatala izan nahi luke.

Antzinako garai basatietan eta garai haietako gerra eta gatazketan giza legeak zer taju zuen, abagune haietan hiletak-eta nola egiten ote zituzten, orduan ere gaur bezalako estatu polizialak eta arrazoi juridiko-polizial-totalitatioak funtzionatzen ote zuen jakin nahitik sortu zen liburu honen lehen asmo-ernamuina (Literatura klasikoa, baita Biblia bera ere, josita dago heriotzaz eta hiletaz).

Lehen asmo horrek ezinbestean ekarri zuen lekukotzak bildu beharra; etxekoen hiletetan halako egoera bizi izan dutenen testigantzak jaso beharra, alegia. Haien memoria idatzia uztea zen asmoa, maila xumean bada ere, eta ez autorearen literatura ederra edo dramatikoa egitea.

Hemezortzi-hogei testigantza dira guztira; nahiago nukeen ehun edo berrehun balira, guztiek merezi dutelako memoria eta gorazarrea eta guztiek jasan behar izan dutelako, neurri batean edo bestean, boterearen larderia etxeko hilari hiletak egiteko momentu latz horretan. Ez baitago, seguru asko, une saminagorik, inpotentzia gordinago azaltzen den unerik eta zauria irekiago den momenturik etxeko bat ehorzten ari garenean baino; areago ehorztera goazen burkidea borrokan eta era bortitzean hila denean. Eta, hain zuzen, une horixe baliatu izan du etsaiak hilaren familia eta komunitate afektiboa umiliatzen eta mintzen saiatzeko.

Nahiago nukeen testigantza gehiago izan balira hemen bilduak, baina lekukotza horien emaleekin zuzenean egon ezinak, harremanak, eskaerak eta galderak eskutitzez edo hirugarren pertsonen bitartez egin beharrak, militante hilen senideengana iristeko zailtasunek… erruz trabatzen dute honelako lan bat kartzelatik egitea. Barkatuko ahal didate testigantzak emateko prest egon arren aukerarik izan ez dutenek.

Honela dio liburuaren hitzaurretik hartu ditudan pasarte batzuetan:

“Hilei bakea, esan izan da. Horrela erakutsi ziguten. Ez da, noski, kontu berria. Antzinatetik dator hilekiko kezka, familiako edo tribuko hilei azken atsedenerako bidea egitea hileta errituen bitartez. Haitzuloetan, mendi gainetan… aurkitu dira antzinateko hileten aztarnak, urrutiago joan gabe geure herrian bertan.

“Hil den senide edo lagunari azken agurra eta omena egiten diogu hileten bitartez. Baina heriotza horrek inguruko biziongan uzten digun hutsunea eta eragiten digun samina osatzeko edo bideratzeko ere bada hileta errituala; bizion sentipenean hartzen du hilak atseden. Biziontzat dira hiletak….

“Hilarekiko azken agurra “zuzen” egitea beharrezkoa zaigu. Hala ez egiteak nolabaiteko profanazioa suposatzen du hileta erritualean edo omenaldian, eta batik bat senideen eta tribuaren –erkideen- sentimenduetan. Hilari azken bidaiarako edo azken atsedenerako “atarikoa” egiten diogunean, modu publikoan arren intimoan ari gara, geure samina eta maitasun urratua tolesgabe azalduz, eta, horrexetatik hain zuzen, iraina irainago eta saminago bihurtzen da –suminago ere bai- hiletak debekatzen dituztenean edo hileta omenaldira elkartu den jendea zafratu eta sakabanatzen dutenean indarrez eta harrokeriaz. Ondo dakigu, gainera, legearen eta agintearen totalitarismotik politikarien zinismoak eta epaile eta polizien indarkeriak mingarriago bilakatzen dituela horrelako egitateak.

“Gizaki legez geure buruarekiko kontzientzia hartzeari, eta heriotzaren kontzientziari bereziki, lotua dago, dirudienez, hileta erritualen sorrera. Eta hilobiak eta asabak gurtzea giza kulturaren ezaugarri antzinakoenetatik dator; ez da, beraz, harritzekoa, tamalez, boterearen aldeak, aginteak, hilekiko auzia baliatzea, hain zuzen, gatazka guneetan hilaren senide, tribu edo herriaren samina areagotzeko eta umiliaketa bilatzeko. Giza ezaugarritik urrun dauden jarrerak eta ekinbideak erabiltzea, alegia, eta gehien mindu gaitzaketenak, beraz, menperatu nahi dituzten herritarrak eraisteko eta haien arima zapaltzeko. Ondo ikasi dugu euskal militante abertzaleen hiletak eta hilobiak, oroitarriak eta omenaldiak jo puntu lehenetsiak direla espainiar agintari, polizia eta epaileentzat eta euskal kolaboratzaile suharrentzat…

“Madrilgo eta Pariseko aginteek, Gasteizko eta Iruñeko gobernarien esku serbitzalen laguntza zintzoarekin, beraien hilak eta oroitarriak sakratutzat dauzkaten bitartean, ahalegin sutsuan jarduten dira euskal militanteen hileta omenaldiak zafratzen, atxilotzen eta epaitegietara eramaten. Euskal militante abertzaleen oroitarriak kendu eta kendu arazten dituzte gaur ere, epaitegien mehatxupean edo beste aitzakiaren batekin. Indarrean eta agerian erauzten dituzte hilen oroitarriak, edo isilean eta ezkutuan apurtu.

“Memoriaren lekuak dira hilobiak, oroitarriak, hilerriak. Oroimen guneak dira. Senideak, lagunak… hilaren oroitzan eta omenean batzen direnen lekuak. Leku horietan datza borrokan eroriaren irudi fisiko edo izpirituzkoa.

“Sinestunentzat tenplua bezain kuttun eta ukiezina da, esango nuke, senide eta lagunentzat beraien hilaren hilobia eta oroitarria. Oroimenerakoak diren leku horietan elkartuta omentzen ditugu urtez urte, belaunaldiz belaunaldi, gure aurrekoak, gure tribukideak edo burkide hilak. Gogoratze eta omenaldi bakoitzean hila berpiztu egiten dugu nolabait; hark lagatako hutsunea osatu nahi dugu ekitaldi kolektibo horren bitartez, eta samina sendatzen dugu erritualean. Oroitzen dugun eta aipatzen dugun heinean gure artera ekartzen dugu senide edo burkide hila, eta oroitza-erritual horretan batu eta sendatu egiten gara biziok.”

Literatura klasikoan sarri aurkitzen ditugu gaur-gaurkoak diren bizipen eta dramen islak. Liburu honek jasotzen edo jaso nahi lukeen gaia ere ez da berria, eta esango nuke 17. Kapituluan datorren Sofoklesen Antigonaren tragedia dela adibide ezin argiagoa.

Antigonaren anaia biak hil dira gerran, Tebasen defentsan Eteokles eta erasoan Polinices.

-Gure anaietako bati hobiratze ohorea ematea eta besteari ukatzea erabaki du Kreontek- diotso Antigonak bere ahizpa Ismenari-. Eteokles hobiratzeko agindu ei du, hilek ohorez har dezaten lurpean. Baina Polinices zorigaiztokoari dagokionean, agindu bat atera duela diote, haren gorpuari lur ematea eta harengatik negar egitea ere debekatuz. Dolurik gabe, lurrik eman gabe laga behar dela…

Antigonak, baina, ez dio men egingo hiriko agintariaren aginduari eta bere anaia eroriari lur ematera joango da, ezarriko dioten zigorra gorabehera.

Gurean ere emakumeak dira gehienetan- amak, arrebak, ahizpak, emazteak, alabak, neska-lagunak…- halako uneetan indartsuen aurrera egiten dutenak. Eta emakumeak dira liburu honetarako testigantzak eman dituztenen artean ere gehiengoa, amak kasu batzuetan, arrebak besteetan… eta kontutan darabilzkigun gertaerak jazo zirenean artean ume ziren bi alaben testigantzak ere badaude. Gaur helduak diren arren bi alaba hauek, biek ere aitak hil zizkietenean ziren haur haien begietatik eta sentimendu urratuetatik ematen dute testigantza hori.

Testigantzak eman dituztenek batipak eta irakurleek orokorrean esan beharko dute liburuaren helburua zein neurritan lortu dugun eta memoriarako aletxoa noraino den emankor.

Joki Urain
Eibar, 2012.12.20

/ literatura koadernoak / ataramiñe / literaturakoadernoak.org /

Iruzkinak