[GARA egunkaria] Euskal preso politikoek literatura lan kolektiboa kaleratu dute

2017, abendua 3


Argazkia: Monika DEL VALLE | Argazki Press

→ naiz.eus: Euskal preso politikoek literatura lan kolektiboa kaleratu dute

Euskal preso politikoek literatura lan kolektiboa kaleratu dute

Jende askoren lan kolektiboarekin sortutako emaitza da Ataramiñe. Euskal errepresaliatu politikoen literatura koadernoak eman ditu argitara 2002tik. Espetxean idatzitako lanak biltzen ditu aurtengoak.

PATXI GAZTELUMENDI|BILBO

«Egileek ezin izan dute etorri»; hori esanez aurkeztu zuen Mitxel Sarasketak aurtengo espetxeetako uzta. Lau liburu esku artean, eta urtean zehar bildutakoaren emaitza kaleratu du berriz ere Ataramiñek. «Hainbat jenderen eskuetatik, kartzelariek harrapatzea ekidin duten testuak dituzue hauek» esanez eskertu nahi izan zituen lanok argitaratzeko izan den konplizitate eta lan eskerga guztia. «Ezkutuan gordetako berbak dira hauek, eta batzuetan lanak ere galdu egiten dira bidean», ohartarazi zuen espetxean 20 urte emandako editoreak. «Kartzelan asko idazten da, eta genero nagusia gutunak dira, presoa beti dago idazten. Bizirik egoteko, komunikazioan eta idazlanetan bizi da presoa, bizitzaren borrokan», zehaztu zuen Sarasketak.

Bilboko Biba kulturgunean, preso idazleen argazkien aldamenean lau liburu eta bi berri pozgarri eman zituen: «Idazteak askatasuna ematen du, eta Ataramiñen idatzi duten beste bi preso ditugu gure artean: Ekhiñe Eizagirre eta Jexus Mari Zalakain».

Azken honek kartzelako bizipenak kontatu ditu “Errezel berdeak” lanean. “Egin” egunkariko kontseilukide izan zenak zortzi urte eman ditu espetxean, eta tarte horretan lau liburu idatzi eta plazaratu ditu: bere “Kartzelako kronikak”, katalanetik euskaratutako Nahar El Hachmiren “Azken patriarka” eta Josep Plaren “Kale estua” eta atzo aurkeztutako “Errezel berdeak”.

“Udaberrian biziko gara” Ibon Muñoaren laugarren liburua da. Orain ere bertsoak idazten eta argitaratzen jarraitzen du preso eibartarrak. 130 bertso berri argitaratu ditu aldi honetan Muñoak, 2015eko ekainaren 7tik 2017ko urtarrilaren 15era artean Kordobako espetxean sortutakoak. Bertso guztiak zenbakiz hornituak ditu presoak, eta lau liburuen artean 580ko bertso sorta osatu du dagoeneko.

Kartzela ezberdinetatik sortu dute liburua Xabier Ugartek eta Kepa Etxeberriak ere. Bertsoak batek eta marrazkiak besteak. Eta bien emaitza da Axelko eta Otsokoren fabulari buruzko haurrentzako bertso eta marrazki bildumatxoa ere.

Euskal preso politikoen lan kolektibo hau Durangoko azokan izango da. Eta Ataramiñek 2002ko negutik egin ohi duen gisan, aurkezpenak eta lagunarteko hitzaldi eta irakurraldiak ere egingo ditu aurrerantzean. «Urte hauetan guztietan batu eta kaleratu ditugun lan hauek kartzelako historia batzen dute, gure apalategietan ditugun istorio labur eta luze hauekin».

Oier Gonzalez Bilbatua Ataramiñeko kideak adierazi zuenez, liburuotan «preso politikoen kolektiboaren ibilbide afektiboak batzen dira». Ilustrazioak, kartzeletako kronikak, poemak eta marrazkiak, espetxeetako ibilerak eta ametsak libre kontatzeko. Kaleratzeko.

Iruzkinak