[Gara 2002.12.01] Laura Mintegi “Ataramiñe liburu berria”

2002, 1 abendua


Ataramiñe’02

→ gara.net: «Ataramiñe» liburu berria

«Ataramiñe» liburu berria
Laura Mintegi

Bihar liburu berri bat aurkeztuko da Bilbon. «Beste bat gehiago» pentsa lezake norbaitek, «Durangoko gerizpean loretutakoa». Liburu hau, ordea, ez da hazi Durangoko itzalpeari esker, bestelako itzalaren erruz baizik. Liburu honetako poemak eta ipuinak Espainia eta Frantzian sakabanaturik dauden kartzeletako ziegetan sortu dira, eta ez dira ariketa literario hutsa. Zapalkuntzari emandako erantzuna dira.

Kartzelan idazten den literaturak ez du, hasieran, asmo literario argirik. Idatzi, idazten da komunikatzearren, biziarekiko zilborra ez etetearren, ideiak eta sentipenak ordenatzearren, malkorik gabeko negarra arintzearren, errealitate gordinetik ihes egitearren. Literatura kartzelan, lehen instantzian, terapia da, adiskide baten belarri konfidentea, urrun daudenekiko zubiak eraikitzea, «bizirik nago» esateko beste modu bat.

Baina behin idazten hasiz gero, euskarri baino ez zen hura bizi-xede bihurtzen da apurka-apurka, esperientziak metabolizatu eta beste modu batera isurtzen dira, zigorrak eraginiko hausnarketak hazia aportatzen du, eta ordu luzetako egoteak hitzak ipintzen dizkio. Orduan, une horretan, literatura, eta soilik literatura, hasten da egiten, adjektiborik gabe, azpisailkapenik gabe. Literatura hutsa.

Iñaki Gonzalo Casal “Kitxu”k hitzaurrean dio, «liburu edo poema edo ipuin bat idatzi baino lehen esateko zerbait izan behar du kontalariak. Hain garrantzitsua den baldintza hau betetzen dugu preso gauden orok. Idazleak gara eta, aldi berean, preso. Kartzelan gatibu egon arren idazletzat jotzen dugu gure burua, esateko zerbait dugulako eta ahalmena eta baliabideak ditugulako kontatu nahi duguna nola edo hala kontatu ahal izateko».

«Hau honela izanda eta hain oinarrizkoa dirudien arren, ez dute beti hain argi ikusten askatasunean bizi direnek. Asko eta asko dira gaur egun Euskal Herrian presook preso izateagatik idazten dugula pentsatzen dutenak».

Preso izateagatik ez, Iñaki, baina bai esperientziak metatu, horien inguruan hausnarketa egin, eta gero papereratzeko aukera (oztopatua) izateagatik.

Edonola ere, literatura egiten dute. Entzun dezagun zer duten esateko, barnetik mintzo dabilkien ahotsak zer dioen, eta konturatuko gara, izuturik, kartzela ezagutu gabe guk ere ezagutzen dugula ahots hori, gutaz ari baitira, gure lurraz, gure gauzez. –

Share

Iruzkinak