Xabier Makazaga, “Sasian Barna”

2012, 3 abendua

Sasian Barna
Xabier Makazaga
Nobela. 2012
Neurriak: 15 x 21 zm.
148 orrialde.
Azaleko irudia: Oier Gonzalez Bilbatua

>> PDF formatoan
>> ON LINE irakurtzeko
>> e-book eta beste formato batzuk

Santi, Ines, Ane eta Anjel dira baina Saioa, Zigor edo Miren izan zitezkeen. Trepetak motxilan bildu eta poltsikoak ametsez lepo mugaren bestaldera joandakoak, “mugaren bestaldera joatea”k berun zaporea zuen garaiean.

Zapore mikatz bezain gozoko kontakizuna dastatuko du irakurleak, orriak pasa ahala. Mitifikatzeko helbururik gabe, urte luzez hamaika euskal gizon-emakumek parte hartu zuten borroka klandestinoaren zertzeladak. Izan zirelako baikara eta garelako izango baitira. Gu eta haiek.

‘Sasian barna’ (Berria 2012.11.28)

Errealitatea eta fikzioa uztartuz osatu du estreinako nobela Xabier Makazagak: Sasian barna. 1997an sortu zuen, baina zuhur jokatzea eta ez argitaratzea erabaki zuen. «Ez nuen esaten inor arriskuan jartzeko moduko ezer, baina tankera horretako lan bat argitaratuz gero, etor zitezkeen beste batzuk». Izan ere, sasian diren ETAko militanteen inguruan «intoxikazio ugari» egon direla iritzita, ETAko zenbait kideren bizipenak kontatu ditu. «Errealitate horren berri eman nahi nuen. Gaur egun, beste modu batera idatziko nuke, baina garai hartan gauzak bizi nituen bezala kontatu nituen», azaldu du Makazagak, bideokonferentzia bidez. Bruselan bizi da.

Hitzaurrea

Jendarmeek bigarren aldiz atxilotu eta komisariako lau egunak pasatu ondoren, lehen espetxealdian izandako toki berean sartu ninduten, La Santeko D blokean. Bertan, oso berri txarrak nituen zain: Gurutze Iantzi urnietarra hil berria zen Guardia Zibilaren kuartel batean, torturen eraginez bihotzekoak jota. Beste lagun bat hilzorian zegoen. Bertsio ofizialak zioenez, poliziek atxilotu eta Indautxuko komisarian zeukatela, bere burua leiho batetik bota omen zuen.

Gurutze ez nuen ezagutzen. Bai, ordea, Xabier Kalparsoro zumaiarra, hilzorian zen burkidea. Sasian ezagutu genuen elkar hilabete batzuk lehenago, eta halako egoerei maiz egin behar izanagatik aurre, beti bezain gogorra egin zitzaidan. Borrokaren latza!

Ondorengo urte parean, ETAk ekintza garrantzitsuak egin zituen, edo saiatu zen egiten; bereziki, 1995ean. Gregorio Ordoñez, Aznar eta erregearen kontrakoak izan ziren esanguratsuenak eta, azken bietan kale egin arren, maila operatibo ikusgarria erakutsi zuen.

Gatazka politikoa konponbidean jartzeko bere konpromiso tinkoa ere bai, bi negoziazio-marko proposatzen zituen Alternatiba Demokratikoa ezagutzera emanez. Bata, ETA erakundea eta espainiar Estatuaren artekoa, Autodeterminazio eskubidea ezagutua izan zedin. Bestea, Euskal Herriko eragileen artekoa, mugarik gabeko prozesu demokratikoari ekiteko.

Kalean giroa bero zegoen. Batzuk, lazo urdina jantzita, ETAk bahituriko Aldaia enpresaria askatzeko eskatuz. Besteak, aurrean, “Euskal Herria Askatu!” oihukatuz. Aldi berean, errepresioa nabarmen areagotu zen. Ertzaintzaren parte hartze oso garrantzitsuarekin, gainera. Tolosako hilerrian GALen lehen biktimak izandako Joxi Zabala eta Joxean Lasaren senideak egurtu ondorengo egunean, Rosa Zarra pilotakada batez hilzorian utzi zuten, adibidez.

GAL aferari zegokionez, Lasa eta Zabalarena argitzen hasi besterik ez zen egin orduan. Talde horrek bere gain harturiko lehen ekintzaren ingurukoak izan ziren urte haietan bazterrak astindu zituztenak. Etakide batekin nahasiriko Segundo Marey frantziar herritarraren bahiketan PSOEko hainbat buruzagik izandako ardura zuzena begi bistan geratu baitzen.

Eskandalu hura eta PSOEren beste trapu zikin batzuk haizatzeari esker irabazi zituen PPk 1996ko martxoko espainiar hauteskundeak, eta giroa are gehiago berotu zen, bateko zein besteko mobilizazioekin. Tartean, Donostiako Artzain Onean presoen alde txandakako gose greba mugagabea, presook gure aldetik hainbat borrokaldi burutzen genuen bitartean.

Testuinguru horretan bururatu zitzaidan nobela bat idaztea. Etakideek sasian bizi zuten errealitatea ahalik eta hobekien islatuko zuen fikziozko nobela bat, hain zuzen ere. Nazka-nazka eginda bainengoen ez hankarik ez bururik ez zuten hainbat gauza irakurtzeaz ETArekin loturiko ia liburu eta nobela guztietan. Ezjakintasunetik idatziak batzuetan, maltzurkeia hutsez gehienetan.

Bizi berri genituen urte gorabeheratsu haietan bospasei hilabeteko denbora tarte bat aukeratu, eta kapituluz kapitulu eraiki nuen eleberria, bitarte hartan benetan gertaturikoak eta fikzioa nahasiz. Hogei kapitulu behar izan nituen guztira.

Bukatu ahala eman nien irakurtzera espetxeko burkideei. ETAren tradizioa beti izan da barne funtzionamenduari buruz ezer ez kontatzearena, ezta barra-barra esaten ziren gezur galantei aurre egiteko ere, eta haiek ez zuten batere argi ikusi nire egitasmoa.

Nik neritzon garrantzitsua zela errealitate hura ezagutaraztea eta nobelan esaten nituenak soberan zekizkiela Poliziak. Burkideek horri pisu handiko arrazoi bat kontrajarri zioten. Nik nonbait ondo kontrola nezakeen zer esan eta zer ez, baina halako gauzak argitaratzeri argi berdea emanez gero, arrisku handia ikusten zuten. Azkenean, bertan behera utzi nuen argitaratzen saiatzeko asmoa.

Handik aurrera, aurreko urtetan baino are abiada biziagoan etorri ziren munta handiko gertakariak: HBko mahai nazionala kartzelaratu zuten Alternatiba Demokratikoa zabaltzeagatik, Egin egunkaria itxi, Miguel Angel Blancorena, Lizarra-Garaziko hitzarmena…

Urteak joan ziren eta 2001ean bete nuen frantziar Estatuan ezarria zidaten kondena. Ordurako, gogotik borrokatu ondoren, irabazia genuen Espainiaratuak ginenok torturatuak ez izatea, eta Portbouko mugan nire zain zeuden guardia zibilek ez ninduten ukitu ere egin. Aske geratu nintzen.

Ondorengo bi urteak ene herrian gozatu ahal izan nituen, Zarautzen, baina azkenean, hogeita bi urte lehenago bezalaxe, berriro ere torturaren ikaraz alde egiteko erabakia hartu behar izan nuen. Bruselara etorri eta hementxe bizi naiz geroztik.

Torturaren gaia jorratu dut gehienbat hemen, tartean hiru liburu idatziaz gai horri buruz, eta halako batean bururatu zitzaidan jada ez zegoela arrazoirik kartzelan aspaldi idatzitako nobela hura argitaratzen ez saiatzeko. Eguneratzea erabaki nuen eta hara emaitza: hasierako hogei kapitulutatik hamaseira laburtu eta epilogo bat gehitu.

Batasunak Anoetako belodromoan 2004ko azaroan egindako proposamenaren ondorengoan kokaturiko epilogoa, hain zuzen ere. “Orain Herria, orain bakea”k hamar urte lehenago ETAren Alternatiba Demokratikoak irekitako bidea, bi negoziazio-markorena, garatu eta zehaztea baitzuen helburu. Eta alternatiba haren aipamenarekin emana nion bukaera kartzelan duela hamabost bat urte idatzitakoari.

Anoetako proposamen hark ekarri du ezker abertzalea gaur egun bizi dugun egoerara. Lizarra-Garaziko hitzarmena bertan behera geratu zenetik hain beharrezkoa zen esperantzari leiho berri bat irekiz, apartheid politikoa gainditu eta aurrera egin baitzuen eraikuntza nazionalean.

Geroztik, hamaika gorabehera izan da Euskal Herrian, eta batzuetan etsipenak gaina hartu zion esperantzari. Guztiz alderantziz gertatu da, ordea, “Zutik Euskal Herria” txostenak ezker abertzaleko gehiengo handi baten babesa jaso zuenetik. Gero eta indar handiagoz, gainera.

Horregatik ikusten dut gero eta hurbilago Zarautza bueltatu ahalko naizen eguna. Lehenik oporretan, Bruselan ezagutu dudan neskalagun alemanak eta biok Bruselan bizitzen jarraitzeko asmoa baitugu oraingoz. Gero, Elkek euskara ikasi ondoren, betirako.

Gaur egun espetxean, sasian edo ni bezala erbestean diren aspaldiko lagun guztiekin batera, Euskal Herri askean izango ahal da!

Brusela, 2012ko iraila

/ literatura koadernoak / ataramiñe / literaturakoadernoak.org /

Share

Iruzkinak