Ataramiñe’13

2013, 2 abendua

Ataramiñe’13
Euskal errepresaliatu politikoen literatura koadernoak
2013
Neurriak: 15 x 21 zm.
202 orrialde.

Azaleko irudia: Mikel Zarrabe Elkoroiribe

>> PDF formatuan
>> ON LINE irakurtzeko
>> e-book eta beste formatu batzuk

Ataramiñe’13an parte hartu dute

Aitzol Iriondo Yarza Hitzaurrea
Ekaitz Samaniego Curiel Bertsoak
Ekaitz Sirvent Auzmendi Euskarara ekarriak
Ekhiñe Eizagirre Zubiaurre Poemak
Fernando Alonso Abad Lazos amarillos | El Extraño caso del virrey
Ibon Muñoa Arizmendiarrieta Bertsoak
Oier Andueza Antxia Marrazkiak
Jokin Urain Larrañaga Mundu honetan
Joxe Karlos Apeztegia Jaka Kronikak
Ibai Aiensa Laborda Marrazkia
Kepa Mirena Solana Arrondo Soño ou realidade | Chave
Mikel Azurmendi Peñagarikano Poemak
Patxi Zubikarai Poemak
Teresa Toda Iglesia EGIN, dentro y fuera
Xabier Aranburu Muguruza Zapalkuntzaren ikurra
Gorka Lupiañez Mintegi Marrazkiak
Iñigo Elizegi Erbiti Marrazkiak
Mikel Zarrabe Elkoroiribe Marrazkiak
Joseba Galarraga Arrona Marrazkiak
Itziar Moreno Martinez Marrazkiak
Josu Bravo Maestrojuan Arte-lanak
Jon Aingeru Otxoantezana Badiola, Kirru Marrazkiak
Txomin Troitiño Arranz Marrazkia

Anjel Figueroa Fernandez / Xabier Lopez Peña

Ataramiñe’13 honetara ekarri dugu Anjel Figueroa Fernandez (Algorta 1972.12.06 – Algorta 2013.03.14) eta Xabier Lopez Peña (Galdakao 1954.05.30 – Paris 2013.03.30) errepresioaren ankerrak eragindako gaixotasunez hildako azken euskal preso politikoen oroimena.

Hitzaurrea

Manta soinean eta ziega kakaztuaren zolako txiza-putzuen artean, oin biluziak ttiki han ttaka hemen pausatuz, hurbildu da Sean Glás leihora. Leihoa, kanpoko munduarekin, naturarekin lotune ñimiñoa, kristalik gabeko hutsunetxoa, argia eta itzala. Bi boki heldu dira zakurrekin pasieran, txarrantxadi amaigabearen hegitik. Hegatxabalak eta buztanikarak bizkor eta garaiz hegaldatu dira ilunaren babesean. Maiatzeko aire leunak zurrumurru lauso bat dakarkio Seani beste ziega kakaztu baten leihotik gauaren isiltasunaren erdian. Bobby da, ahoz gora haizeari galderak egiten, haizeari galderak erantzuten:

“Nola borrokatu honen denaren aurka? Zelata-dorreak, guardia zakurrak… Nola ihes egin honi denari?”

Pausatxo baten ostean erantzun du zurrumurru berberak: “Fisikoki gainditzerik ez baduzu, mentalki egin dezakezu”.

1978a zen, Irlandan. Urte hartan “demokrazia” espainiarraren lehen gatibu euskaldunak ariko ziren munduarekin zuten leiho barrotedunen artetik hitzak, marrazkiak, ideiak aireratzen. Irristatu dira geroztik bertsoak, margoak, eskulanak, istorioak, historia murru grisen pitzaduretatik tai gabe, sormenaren hutsunetxo sekretuetatik urtea joan eta urtea etorri.

Ataramiñe zer den. Bada, itzalpeko eskuekin saretutako amarauna dela diot nik. Monsanto, Badajoz, Puerto de Santa Maria, Algeciras, Almeria, Foncalent, Arles, Lyon, Bourg-en-Bresse, Bapaume, Belmarsh, San Martin de Ré, Monterroso, Topas. Ertzez ertz. Hitzez hitz. Armiarma sare estrainioa. Arrotza, baina…

…Ezarian ezarian, araknidoa bere mihisea biltzen ari da eta gure sormena kaiera hau ehuntzen. Ezarian ezarian, Bilbora, Baionara, Hernanira, Txantreara, Ugaora, Legutiora, Urduñara, Pasaiara, Larrabetzura, Ondarrura, Lodosara, Lasartera, Gasteizera hurbildu dituzte hitzek ertzok. Gure errekastoen soinura, gure supazter xokora.

Ez baitira hutsalak, ez direnez, murruez gaindi hegaldatzen ditugun zirrimarrak. Neure herriko esperientziatxoa ekarri nahi dut orriotara (norbait ari zait, honezkero, belarri ixkinera esaka: “Ez daukak, ez, saltzeko hire herria!”). Aurten laugarren saioa izango baita, Lasarte-Oriako artista koadrila batek dantzan jartzen dituela gure hitzak, doinuz janzten dituela, mugimendua ematen diela barru hauetatik beren beregi bidaltzen dizkiegun gure hitzei.

Lehen ekitaldi hartatik xume xume haziz eta ikasiz joan da ekimena. Herriko abesbatza, dantzari eta antzezleak, bertsolariak, teknikariak, eta beste hamaika auzogin. Hirurogeiren bat lagun, eta ikusleak, guztiak gure hitzen bueltan elkar-hartuta, neguko kearen egur-usain sarkorraren herri-mina ariman daramaten lerroak biziarazten.

Ez dira, ez, hutsalak murruoz gaindi hegaldatzen ditugun zirrimarrak.

Gehienok ez gintuzten idazle ginela sartu ukuiluotan eta asko, ziurrenik, ez gara idazle garela irtengo leotz hauetatik. Baina idatzi… zenbat mundu-bira ez ote dituzte egin gure hizkiek. Zenbat istorio eta historia ez ote daude kartzelatik eta kartzelara izkiriatu diren gutunetan. 30. hamarkadatik gaur arte… Bada materiala ikertu nahi duenarentzat.

Margolari ginela ere ez gintuzten espetxeratu gehienok, eta ez gara akaso, ziurrenik, margolari garela irtengo gehienok leotz hauetatik. Zenbatek ez ote du esan, ordea, “nork esango zidan niri isipua hartu eta gai zaingo nintzenik halako obrarik gauzatzeko?”.

Ba, bai, sortu egin dugu itzal artean, eta sortzen dihardugu. Bizi garelako, noski.

Gure leihoek badute gauza bat komunean. Izango dira estuagoak, zabalagoak, begi-mailan edota altuago daudenak, baina gauza bat badute komunean: barroteak dituzte. Gure begiradak ere izango dira luzeago edo motzagoak, argiago edo ilunagoak, baina badute zerbait komunean: gure barruetako har sortzaile eta kementsuaren isla dira.

Horixe aurkituko duzu, hain zuzen, sorkuntza-kaiera honetan: Gure begiraden espresioa. Orri bakoitza leiho bat, itzaletik argira.

Zabal ezazu eta jarri begira.

Bobby Sandsentzat ordura artekoa baino okerragoa den neurri berri bat ezarri dute espetxe agintariek: leihoak ixten hasi zaizkie. Idazten jarri da lastaira umelaren ertzean, azken eguzki-hari xinglearen argitan:

Behiala irakurritako hitzen oihartzuna datorkit gogora: “Inork ezin diezaioke inori bere kontenplaziorako gaitasuna ebats. Bota itzazue part espetxera, jar itzazue lan behartuetara, asmaezinezko eginbeharretara, inoiz ezingo diezue bizitzan poesia eta musika kausitzeko gaitasuna ostu”. Eta ohartu naiz, hemen, nire torturatzaileak aspalditik dabiltzala eta oraindik ere ahaleginean darraitela, ene arimaren leihoak itxi nahian.

2013ko irailean, Bois d’Arcyko espetxe-zulotik

Aitzol Iriondo

/ literatura koadernoak / ataramiñe / literaturakoadernoak.org /

Share

Iruzkinak