Ataramiñe 2014: Lagun, senide, kide preso maiteoi

2014, 1 uztaila

Txoriak hizpide ditu Ibon Muñoak, Eibarren aurki plazaratuko duen Ainarak herrira itzuliko dira bertso-paper bilduman. Txoriak espetxearen iruditegian sarri azaltzen diren elementuak dira. Askatasunaren, izate librearen irudikapen bizi, espetxea bera inguratzen duen burdin-elorri arantzetan pausatzen dira aldiro, preso dagoenaren begi bistan. Presoaren begi bista mugatzen duen paretaren gainean salto-hegaldaka.

Txoriak txori, zioen zilar ahotsezko poetak eta txori-hanka arinen arrastoan jarri gintuen, hitza etengabe errepikatzeko eskatuz. Hitzek etenik izan ez zezaten, hitzok gogoratuz, gurera ekarriz. Hitzen beharra azpimarratzen dugu guk geuk ere Ataramiñen, pareta eta burdinaz eraikitako paisaia mortua azaltzeko, biluzarazteko, bere izugarrikeria horretan, den bezalakoa agerrarazteko. Txorien antzera ere, salto-hegaldaka, pareten gainetik iristen dira gurera lagun-senide espetxeratuen sorkuntza lanak.

Horrela plazaratu genituen lau liburuki iragan urtean: Jokin Urainek apailatutako Agurra eta Ohorea. Euskal militanteen heriotza kronika latza, Mikel Antzaren Z2 antzerki obra, Mikel Orbegozoren Preso Nago bi komiki sorta eta Ataramiñe 2013 Bilduma. Liburuotan ageri da Infernu Zulo Enea edo Inora-Ez Etorbidea Mikel Antzaren hitzetan, baina izan zitekeen Malkoen Katedrala zein Errautsen Gaztelua aspaldi Sarrik deskribatu bezala. Hain zuzen, espetxeak ageri dira, gure senide-lagun presoen sorkuntza lanetan, pluralean, espazio fisikoak eta pertsonak talka egiten dutenean, barreiatuak gelditzen diren GIZAtiek dimentsio-zentzu ezberdinak baitituzte. Espetxea bat eta bera izan arren, pertsona preso adinako espetxeak baitaude, egon.

Askotariko ertzok jasotzen ditugu Ataramiñen, salto-hegaldaka, konplizitate lerro atzeman ezinen bitartez, elkartasun keinuz, gurera iristen diren ilustrazio, bertso-paper, olerki, ipuin zein kronikei esker. Denon artean eraikitako puzzle honek izendaezina izendatzen laguntzen digu, urrutiegi dagoena zertxobait hurbiltzen. Larrutan nozitzen dugun errealitate bat, manera sentikorrean mahai gaine- an jartzen.

Espetxean zaituzteten kide, senide, lagun maiteok. Ertzok azaleratzeko, pareta atzean ezkutatutako paisaia hits hau deskribatzen lagundu behar diguzue. Zuen lanak behar ditugu, zuen irri, malko, oihuekin. Absentzia bat ezin daiteke hitzez osa, erdia huts den ohea betetzeko zenbat pintzelkada, zenbat errima? Eta, hala ere, egin beharko dugu literatura pizar bat, sorkuntza lan zenbait. Su apur bat piztu dadin, zirrara amiñi bat, bakarmortuko porlan aleak dantzan jarriko dituena, paretan arrakalak sortu arte.

Bidali, beraz, zuen lanak, irailaren 30a baino lehen ondorengo helbide honetara: 80. Posta Kutxa. 48.200. Durango. Bizkaia. Euskal Herria.

Etenik gabe, espetxea eteten ez den heinean. Beso zabalik, orri zabalik. Zuen zain, zuen lanen zain, beti.

Ataramiñe
Mitxel Sarasketa / Oier Gonzalez

→ naiz.info: Ataramiñe 2014. Lagun, senide, kide preso maiteoi

/ literatura koadernoak / ataramiñe / literaturakoadernoak.org /

Share

Iruzkinak